Castillo Suarez
Ez dakit nola hasi nintzen poemak idazten, gurasoen etxean poema liburu bakarra zegoelako: Gabriel Arestiren Harri eta herri. Ez galdetu zergatik, baina Susak edizio berria plazaratu zuenean aitari oparitu nion nirea, eta han dago, ez dakit zehazki non, baina asmorik ere ez dut haren bila joateko bere tokia hura delako. Non hobeki, aitaren etxean baino.
| Nire aitaren etxea Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea. Galduko ditut aziendak, soloak, pinudiak; galduko ditut korrituak, errentak, interesak, baina nire aitaren etxea defendituko dut. Harmak kenduko dizkidate, eta eskuarekin defendituko dut nire aitaren etxea; eskuak ebakiko dizkidate, eta besoarekin defendituko dut nire aitaren etxea; besorik gabe, sorbaldik gabe, bularrik gabe utziko naute, eta arimarekin defendituko dut nire aitaren etxea. Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik. Gabriel Aresti Harri eta herri (Susa, 2000) |
Duela urte batzuk Itxaro Bordak bere poema liburu bat oparitu zidan: Zure hatzaren galtzeko. Bordak badu bertute bat, eta badaki bere liburuetatik zein gustatuko zaidan eta zein ez, eta berdin gisan oparitzen dizkit. Liburu hartatik poema bat kateatu zitzaidan buruan; hona:
| Herria non grata III Ez dakizu zergatik gutariko bakoitzak Automutilatzea duen amets Haragi puska odoltsua Bihurtzeraino Aitaren etxea zutik ……..Iraun dezan. ……..Harrizko herriko Olerkari kuttunaren Hitzak Hautematean Egoeraren ankerraz Jabetzen zara. Ez duzu etxerik Nahi Ez duzu aitarik Nahi Zer egin marrakatzen Dizuten ……..Hilotz ibiltariez Lepo zaude. ……..Euskalmeten agiria Aski duzu Goizeko seietan Haizeak nondik ……..Nora ……..Ufatuko duen ……..Jakiteko. Ez duzu etxerik Nahi Ez duzu aitarik Nahi… Itxaro Borda Zure hartzaren galtzeko (Elkar, 2014) |
Berriki Arestiren poemaren beste aldaera bat ezagutu dut, Yolanda Castaño poeta galiziarrenarena. Krakovian geunden, poesia jaialdi batean, eta aretoan zegoen euskaldun bakarra nintzenez, oparitu egin zidan irakurketa.
| Nire gurasoen etxea Ez dut nire gurasoen etxea defendatuko. Ez otsoen kontra, ez sikatearen kontra, ez lukurreriaren kontra. Izan ere, errekaldeko hiri baten zabalgunean jaio nintzen, gainera, ez zen haiena ere, eta saldu behar izan zuten. Inoiz ez nuen aziendarik izan, ez sororik, ez pinudirik, daukadan lur guztia plastikozko loreontzi batean daukat. Errentak, maileguak eta kuotak ordaindu behar izanen ditut, baina ez dut nire gurasoen etxea defendatuko. Espekulatzaileen araberako balioa izanen du, garai batean bost ginen tokian bederatzi ikasle egonen dira. Klan bat izatearen ainguraz askatuko naiz, odolaren loturaz eta jabetzaren botereaz eta ez dut nire aitaren etxea defendatuko, haien oinatzak entzunen ditut alokairuan egonen diren tokietan. Umetokiaren eta familiaren artean loturarik balego, porlanezko pareta horren kontra jaurti beharko litzateke. Denda bat irekiko dute bestearen atzetik ni joanez geroztik, mailegua kenduko digute, airetik kaleratuko gaituzte, baina gure memoriak orrialde hauetan eginen du igeri. Izan ginenetik asko ez da galduko baina ez dut jaio gineneko etxea defendatuko, egun bere zimenduak galduan saltzen dituena orduko 1,65 euroko aparkaleku baten gisara. Jatorrizkoa: Yolanda Castaño “A casa dos meus pais” Materia (Visor, 2023) Itzultzailea: Castillo Suárez |

