Itziar Otegi Aranburu
Amaitzear da urte zaharra, eta hastear urte berria. Beste hainbat bezala, Urtezahar eta Urteberri egunak konbentzio hutsak dira. Urtea esaten diogu gure planetak eguzkiaren inguruan bira eliptiko oso bat egiteko behar duen denborari, baina elipse batek ez du, izatez, ez hasierarik ez bukaerarik. Guk bai, ordea. Horregatik behar ditugu urte berriak, denbora berriak. Biziberritze-ospakizun sinbolikoak dira.
Urte berriari buruzko poema bati tiraka aurkitu nuen Rebecca Elson astronomoa eta poeta. Maria Popovaren The Marginalian webgunearen bitartez izan nuen haren bizitza ezohikoaren berri: Kanadan jaio zen, 1960an; aita geologoa zuen eta iparraldeko laku baten ertzean hazi zen, izarrei begira. Hogeita sei urte zituela, astronomian doktoretza egin ondoren, beka bat lortu zuen Hubble teleskopioak bildutako lehen datuak lantzeko, Princetonen. Hogeita bederatzi urte zituela, sormenezko idazketa irakasten hasi zen Harvarden, ordura arte beretzat gorde zuen literaturarekiko pasioari leku eginez. Garaitsu hartan jakin zuen linfoma mota arraro bat zeukala, eta ez zuela urte berri askorik izango. Hala ere, izarrak nola jaiotzen, bizitzen eta hiltzen diren aztertzen jarraitu zuen, eta poemak idazten. Maileguan jasotako izarren hautsa itzuli zuenean, 39 urte zituela, 56 artikulu zientifiko eta poema-liburu bat utzi zituen, A Responsability to Awe. Hortik hartuak dira hiru poema hauek, argiz eta ilunez beteak, ezinbestean:
| Futura vecchia, urte berriaren bezpera Itzuliz, Lurra bezala, espazioan puntu berera, leunki goaz hondamenaren erosora, sugarretan erreta saldo bat arrain, pare bat oilo, goroldioak hartutako lertxun bat. Txinparta-ikara batek ekortzen du lurraren sorbalda iluna, ezagutzazko dardara bat, berriz abiatzeko prestaketa, eta geure burbuila arinak flotatuz doaz jakin-min mutuan argiz irakiten dagoen laku beltzerantz, hots-txistuka datorren gau zolirantz. Hiltzeko beldurraren kontrako antidotoak Batzuetan, antidoto gisa hiltzeko beldurraren kontra, izarrak jaten ditut. Gau horietan, bizkar gainean etzanda, izarrak zurrupatzen ditut ilunpe asegarritik, den-denak neure baitan hartu arte, piper min eta bizi. Beste batzuetan, neure burua irabiatu, eta sortzen dut unibertso bat oraindik gaztea, oraindik epela odola bezain: kanpo-espaziorik ez, espazioa soilik, oraindik ez diren izar guztien argia jitoan lanbro bizia nola, eta gu denok, eta den guztia, dagoeneko hor, baina formaren mugarik gabe. Inoiz, aski izaten da hemen lurrean etzatea gure arbasoen hezur luzeen ondoan, eta ibiltzea, zelai harritsuetan bezala, garezur bazter utzien artean, guztiak altxor, edo krisalida, pentsatuz: oskol horiek utzi zituenak hego argitsuetan egin zuen alde. Izan bedi argia beti (materia ilunaren bila) Honengatik irteten gara gau ilunetan, bilatzera izarrik sotilenak, ikusten ez diren gauzen seinaleak: gu moteltzeko. Unibertsoari galarazteko abaila etengabean presatu dadin bere harainditik haratago akituta eta hotz geratu arte, azken izarra aienatuta. Zernahi bihurtzen direla ere, izan daitezela elemenia bat, hilezkortasunerako beste, beti izar bat gu berotzeko. Izan bitez aski berriz bueltan ekartzeko bere ertzetatik hona, gu denok estu-estu elkartu eta sutu dezagun berpiztearen txinparta bizia. |
Urte berri on guztioi.

