Bazterrekoak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Eguberriak, neguko solstizioa, eskatzeko eta eskerrak emateko garaia direla dio adiskide batek. Argitu orduko iluna dugu abenduko egunotan, baina badakigu eguna luzatzen hasiko duela sarri. Jatorriz, eguzkiaren garaipenaz gozatzeko eta eguzkia bera gurtzeko ospakizunak dira hauek, eta sua, gurtu beharreko eguzki horren ikur bilakaturik, ezaugarri bereziz hornitzen da egunotan: ongilea da, babesgarria, magikoa. Gure arbasoek su hori ongi zaindu behar zela sinesten zuten eta, segur aski, horregatik oparitzen zioten su horri oihanetik ekarritako enbor handi bat, hurrengo hilabeteetarako suaren –eguzkiaren– babesa eskatu eta eskuratzeko. Enbor berezi hori neguko solstizioaren irudi bihurtu zen, eta hamaika izen hartu Euskal Herrian: subilaro, orantzaro, sukubela, porrondoko, baztarrako, olentzero…

Transmisioa eta tradizioa ez zaigu beti gure aurrekoengandik zuzenean heltzen. Gure etxera bi iloba txikik ekarri zituzten aurrenekoz bazterrekoak. Nonbait, herri batzuetan, Gabon gauean, familiako kide bakoitzak egur-zati bat botatzen zuen sutara. Zaharrenak jaurtitzen zuen lehena, eta txikienak, berriz, azkena. Joandakoak ere hartzen zituzten gogoan, egur-pusketa bat errez haien txanda iristean. Iruñeko Hegoalde Udal Ikastolan erritu hori biziberritzea otu zitzaien aspaldi eta, orduz geroztik, ikasle bakoitzak bere bazterrekoa prestatzen du eskolan, egur-zati bat nahieran margotuz eta apainduz, etxera eramateko gero.

Iloba haiengandik ikasitako ohitura hori buruan, behin baino gehiagotan pentsatu dut ongi asmatu zutela udal ikastolan. Xarmaz eta magiaz beteriko erritu bat ezagutarazi zieten umeei (eta umeek guri) eta, aldi berean, azalberritu egin zuten, haurrei lan artistiko bat egiteko proposatuz. Hala, tradizio eraberritu horren hartzaile ez ezik, haren sortzaile eta eragile ere bihurtu zituzten. Euskal Herrian, hamaika izan dira behialako tradizioak arnasberritzeko egindako saioak. Agian, ez da beti asmatu, edo bai, zaila baita azal berria denon gustukoa izatea –eder edo itsusi, zein begik ikusi–, baina tradizioa museotarako ondare fosildu ukiezintzat ez hartzeko gogoa eta ausardia behintzat askok izan dute, eta, seguru asko, euskarari berari halako begiez so egin ziotenei esker ez zen guztiz eten euskararen beraren transmisioa Bizkarsoron, begirada ahaldundu horri esker erabaki baitzuten batzuek haurrak euskaraz heztea eta garenaz ongi hitz egitea.

Eta egiaz nora naramaten ez dakidan gogoeta-izpi hauek idazten ari naizela, otu zait euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa ere ez genukeela goitik behera –gurasoengandik eta irakasleengandik haurrengana– doan norabidean soilik ulertu behar, badugu-eta haur eta gazteengandik zer jaso. Nik aurten, Lesakara autoz egindako hamaika joan-etorritan, Dupla taldearen Dantza gaua dantzagarria jaso dut opari alabarengandik, baita ezezaguna zitzaidan McOnak taldearen Tabernako argiak abesti ederra ere. Nik, berriz, Itoizen Hegal egiten oparitu diot, eta hari gustatu, nonbait, zeren bueltan Itoizen abesti “mitiko” guztiak entzunarazi baitizkit makina bat aldiz, eta, gainera, ez dut garbi nola (algoritmoaren ondorioz agian), Kortaturen abesti zahar andana bat itzularazi du etxera.

Eguberriak, neguko solstizioa, eskatzeko eta eskerrak emateko garaia direla dio adiskide batek. Ados nago. Dena ez da, ordea, jendaurrean esatekoa eta, hortaz, eskeak, nire kolkorako gordeko ditut, Olentzerok dena daki eta. Eskerrak, aldiz, bakoitzari bereak erakutsiko dizkiot: hitzez eta besarkadaz, hemen daudenei, eta beren bazterrekoa sutara jaurtiz, joan direnei. Egun hauek goxo igaro ditzazuela opa dizuet, eta bazterreko batek zaindu zaitzatela heldu den urte guztian.