Gidor Bilbao Telletxea
Duela urtebeteko Arimen Gauaren inguruan, Bernart Gazteluzarren [Dialoga] ifernuko tromenten gainean aztertu genuen blog honetan, eta erakutsi genuen bizien eta arima kondenatuen arteko elkarrizketa hura frantsesetik euskaratu zuela Gazteluzarrek, frantsesezko XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batetik hartuta. Esan genuen testuak arrakasta handia izan zuela, eta, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, behin eta berriro berrargitaratu zela XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako (eta Zuberoa herriko) kantika espiritualen bildumetan. Azkenik, aipatu genuen lan polita litzatekeela testu-aldaerak eta doinu-aldaerak aztertzea, Salvat Monhoren bertsioa barne.
Aurten ere Domu Santu egunaren inguruan suertatu zaigu 31 eskutik blogerako idaztea, eta, heriotzari buruzko kantu euskaratuen bila, berriz ere Salvat Monhoren poema-bildumara jotzea deliberatu dugu.
Piarres Lafitteri zor diogu Monhoren eskuizkribuaren argitalpena, 1972an argitaratu baitzuen, Baionako Euskal Museoaren Editions Ikas argitaletxearen zigiluarekin, Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821) liburua, eta, euskarazko itzulpenaren historiaz interesaturik dagoenaren betaurrekoekin irakurtzen baditugu Monhoren bildumako testuak, laster ikusiko dugu, iaz aipaturiko Kreatura damnatua kantikaren bidetik (eta hemen ezin azaldu ditugun Monhoren bildumako beste batzuen bidetik), Omiasaindu egunaren inguruan aipatzeko hautatu dugun Munduko gauzen ez-deustasuna euskarazko kantikaren frantsesezko jatorrizkoa ere XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batean bilatu behar dela. Monhoren eskuizkribuak ohar oso lagungarria dakar bilaketarako: “Aire huntan: Tout n’est que vanité”.
Vanité des choses du monde kantika Lyonen 1805ean argitaraturiko Recueil de cantiques spirituels avec les airs notés, a l’usage des Maisons d’Éducation Chrétienne liburuan (39.-43. or.) aurkitu dugu lehenengoz (eta gero, etengabe, XXI. mendera arte), baina ziur guk eskura ez dauzkagun bildumetan ere agertua zela lehenago, eta lehenagotik kantatzen zutela eliztarrek. Gainera, Lyongo 1805eko aipatu edizioan 11 ahapaldi daude, baina Marseillan 1806an argitaraturiko Recueil de cantiques spirituels (350.-354. or.) bilduman, ordea, 13 ahapaldi daude, Monhoren sortan bezala.
Kantikaren 13 ahapaldietako lehenengo laurak ikusiko ditugu hemen, gosegarri gisa. Ezkerreko zutabean, Monhoren bildumako testua eman dugu, Lafitteren ediziotik hartuta; baina kontsonante hasperendunak ere markatu ditugu (XIX. mendeko eskuizkribuan dauden moduan), eta puntuazioa aldatu dugu. Frantsesezko testuan, puntuazioa bakarrik aldatu dugu.
| Monhoren bilduma c. 1819-1838 | Recueil de cantiques… 1805 | |
| MUNDUKO GAUZEN EZ-DEUSTASUNA (Aire huntan: Tout n’est que vanité) | VANITÉ DES CHOSES DU MONDE. Air Nº 20. | |
| 1 Munduko gauzetan, ez hunen agintzetan, ez du nihork aurkhitzen zorion faltsorik baizen. Beti da gezurti atheratzen. Halere, bethi edireiten ditu gizonak fidatu nahi zaizkonak. | 6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d | 1 Tout n’est que vanité, mensonge, fragilité, dans tous ces objets divers qu’offre à nos regards l’univers. Tous ces brillans dehors, cette pompe, ces biens, ces trésors, tout nous trompe, tout nous éblouit; mais tout nous échappe et tout fuit. |
| 2 Kanpotan liliak nola tu iguzkiak goixtirian zabaltzen, arratsalderakotz histen; hala da gizona ganbiatzen, haren adina iragaiten: sorthu deneko, han du arrasta hiltzeko. | 6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d | 2 Telles qu’on voit les fleurs avec leurs vives couleurs, éclore, s’épanouir, se faner, tomber et périr; tel est des vains attraits le partage, tel l’éclat, les traits du bel âge: après quelques jours, perdent leur beauté pour toujours. |
| 3 Mundutar arinek, ez gazte libertinek, ez darotet ofritzen atsegin-jokorik baizen. Ordean, atsegin gozo hetan, pulunpa nadin guzietan, ene bihotza bethi gelditzen da hutsa. | 6a 7a 7b 8b 6c 4d 5c 4d 5e 8e | 3 En vain, pour être heureux, le jeune voluptueux se plonge dans les douceurs qu’offrent les mondains séducteurs. Plus il suit les plaisirs qui l’enchantent, et moins ses désirs se contentent, le bonheur le fuit à mesure qu’il le poursuit. |
| 4 Hiltzerat dohanak zertako tu izanak? Dire nekez bilduak, urhe eta zilhar multzoak. Mundu hunen jabe beher huntan izanik ere, haren tonban ez da kausitzen gorphutz ustelkor bat baizen. | 6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d | 4 Que doivent devenir, pour l’homme qui doit mourir, ces biens long-temps ramassés, cet argent, cet or entassés? Fût -il du genre humain seul le maître; pour lui, tout enfin cesse d’être; au jour de son deuil, il n’a plus à lui qu’un cercueil. |
Euskarazkoaren eta frantsesezkoaren artean silaba-kopuruak eta errimak tartekatu ditugu, erakusteko horretan ere itzulpena jatorrizkoaren zordun dela, eta horrek baldintzatzen duela, zalantzarik gabe, itzulpenaren zehaztasuna. Jean Haritxelharrek aztertu zuen Monhoren bildumako metrika, eta, Lauda Sion kantikaz ziharduelarik, hau idatzi zuen: “Salvat Monhok segitzen du latinezko kantua, bai hitzetan eta bai metrikan” (Haritxelhar 2004: 139). Ondo ikusi zuen euskarazkoa latinezko kantika ezagunaren itzulpena dela; aztertzen ari garen kantikaren kasuan, ordea, guk dakigula Monhoren bildumako kantuak aztertu dituzten guztiek bezala, euskaraz sortua balitz bezala aztertu zuen, eta ez itzulpen bezala.
Hortaz, aurrekoa ikusita, esan behar dugu Salvat Monho itzultzaile-lanetan ari zela? Orain, itzulpena dastatu ondoren, filologoaren betaurrekoak janzten baditugu, esan beharko dugu erantzuna ez dela hain erraza. Uste dut Katixa Dolharek arrazoi handia zuela ondoko hau idatzi zuenean: “Lafittek eskaini edizioa tronpagarria da, ustearaz bailiezaguke Monhok obra bat sortu zuela, borobila, koherentea” (Dolhare 2023: 120).
XIX. mendeko kaiera, nonbait 1819-1838 urteen artean osatua, Lafittek edizioa apailatzeko baliatu zuena, Lafitte Funtsean dago orain (LAF-402-017) eta, haren argazkiak aztertu ondoren, Katixaren uste bereko gara: ez dago batere argi zer den Monhorena eta zer ez. Eskuizkribuko hiru kaierek (zeinetarik bi argitaratu baitzituen Lafittek) askotariko bilduma osatzen dute, jatorri bat baino gehiagotarik kopiaturiko poema eta kantuz ondua. Hau ez da toki egokia eskuizkribuan agertzen diren atal guztiak aztertzeko, baina aztertzen ari garen kantika bilatu dugu XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako eta Zuberoa herriko kantika espiritualen bildumetan, eta baita aurkitu ere. Baionako diozesakoetan, 1804ko Cantica izpiritualac bilduman (9.-14. or.) aurkitu dugu lehenengoz. Ez dugu aurkitu lehenagoko 1751, 1775, 1780, 1783 eta 1786koetan, baina XIX. mendean 1820, 1824, 1826, 1827, 1834… eta hogeigarren mendera arteko bildumetan agertu zaigu, izan duen arrakastaren seinale. Zuberoa herriko bildumetan, 1846ko Cantica espiritualac bilduman (37.-40. or.) bakarrik aurkitu dugu.
Hona hemen hiru bertsioak:
| Monhoren bilduma c. 1819-1838 | Baionako diozesako Cantica izpiritualac Baiona, 1804 | Zuberoa herriko Cantica espiritualac Baiona, 1846 | |
| MUNDUKO GAUZEN EZ-DEUSTASUNA (Aire huntan: Tout n’est que vanité) | MUNDUKO GAUZEN FUNTS-GABETASUNA (Aire huntan: Tout n’est que vanité) | MUNDUKO VANITATEZ | |
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d | 1 Munduko gauzetan, ez hunen agintzetan, ez du nihork aurkhitzen zorion faltsorik baizen. Beti da gezurti atheratzen. Halere, bethi edireiten ditu gizonak fidatu nahi zaizkonak. | 1 Ez da mundu huntan, ez hunen agintzetan, behin ere aurkhitzen zorion faltsorik baizen. Beti da gezurti atzematen. Halere, bethi edireten ditu gizonak fidatu nahi zaizkonak. | 1 Ezta mündü huntan, ez hunen xarma orotan, egiazko plazerik, inganio faltsü baizik. Bethi da gezürti suertatzen. Halere, bethi edireiten dütü gizonak fidatü nahi zaitzonak. |
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d | 2 Kanpotan liliak nola tu iguzkiak goixtirian zabaltzen, arratsalderakotz histen; hala da gizona ganbiatzen, haren adina iragaiten: sorthu deneko, han du arrasta hiltzeko. | 2 Lore eta liliak nola tu iguzkiak goiz-aldean zabaltzen, arrats berean mudatzen; hala da gizona ganbiatzen, haren adina da suntsitzen: jaio deneko, han du arrasta hiltzeko. | 2 Nula beitütü ekhiak goizan sorthü liliak goiz berartan zabaltzen, arrats bereko fanitzen; hala da gizona khanbiatzen, haren adina igareiten: sorthü deneko, han dü mezia hiltzeko. |
6a 7a 7b 8b 6c 4d 5c 4d 5e 8e | 3 Mundutar arinek, ez gazte libertinek, ez darotet ofritzen atsegin-jokorik baizen. Ordean, atsegin gozo hetan, pulunpa nadin guzietan, ene bihotza bethi gelditzen da hutsa. | 3 Mundutar arinek, ez gazte libertinek, ez darotet agintzen atsegin gozorik baizen. Bainan pulunpatu banaiz hetan, ez dut aurkhitu guzietan deus funtsezkorik, deus atsekabez bertzerik. | 3 Eztero mündütarrak, ez liberti gaztiak, ikhusten mündü huni hun, plazer, xarma baizi. Bena behin hetan bada heltzen, ez dü güzietan edireiten deuz plazer hunik, deuz phena baizik besterik. |
6a 7a 7b 8b 6c 4b 5c 4b 5d 8d | 4 Hiltzerat dohanak zertako tu izanak? Dire nekez bilduak, urhe eta zilhar multzoak. Mundu hunen jabe beher huntan izanik ere, haren tonban ez da kausitzen gorphutz ustelkor bat baizen. | 4 Hil behar gizonak alfer tu ontasunak, diru nekez bilduak, urre eta zilhar multzuak. Liteken nihoren behar gabe mundu beraren balitz jabe, hil eta zaio gathabut bat geldituko. | 4 Hil behar dianak auher tü huntarzünak, ürhe eta zilharrak, eta beste müble ederrak. Mündia osorik balü ere, deuz abantaillarik hark elüke, arima gaxua sekülakoz gal baleza. |
Zuberoako herriarentzat moldaturiko bertsioan, badirudi lapurterazkoa izan dela oinarri eta zubererara aldatzean beste moldaketa batzuk ere egin direla (batzuetan errima berria bilatu beharrak eragin du moldaketa, baina beste batzuetan hautu desberdinak egin dira lexikoan, ez ezinbestean euskalkiarekin lotuak). Baina Monhoren bildumako testua eta Baionako diozesako bildumakoa konparatuta, bistan da testu beraren aldaerak direla, aldaketa txiki-txikiekin, eta ez dut ikusten ezer bat bestea baino lehenagokoa edo bat bestearen zordun dela erakusten duenik.
Hortaz, jakintzaren gaurko egoeran, bi hipotesi hauek, behintzat, posible dira:
- Salvat Monhok euskaratu zuen frantsesezko kantika, eta horregatik dago Monhoren bilduma deitu dugun eskuizkribuan. Monhoren itzulpena Baionako diozesako kantika-liburuetan bildu zen.
- Itzultzaile ezezagun batek euskaratu zuen frantsesezko kantika Baionako diozesako kantika-liburuetarako, eta horietakoren batetik kopiatu zuen Monhok edo Monhoren bilduma deitu dugun eskuizkribuaren kopiatzaileak.
Gaur-gaurkoz, kantu honi dagokionez, izen-abizenekin ezagutzen dugun itzultzaile bakarra Piarres Lafitte bera da, euskaratik frantsesera itzuli baitzituen Monhoren poematzat argitaraturiko guztiak, 1972ko libururako. Hona hemen bigarren ahapaldiaren atzeraitzulpena, frantsesezko jatorrizkoaren eta Monhoren bildumako euskal itzulpenaren ondoan:
| Monhoren bilduma c. 1819-1838 | Recueil de cantiques… 1805 | Lafitte 1972 |
| 2 Kanpotan liliak nola tu iguzkiak goixtirian zabaltzen, arratsalderakotz histen; hala da gizona ganbiatzen, haren adina iragaiten: sorthu deneko, han du arrasta hiltzeko. | 2 Telles qu’on voit les fleurs avec leurs vives couleurs, éclore, s’épanouir, se faner, tomber et périr; tel est des vains attraits le partage, tel l’éclat, les traits du bel âge: après quelques jours, perdent leur beauté pour toujours. | 2 Comme les fleurs à la campagne sous l’effet du soleil s’ouvrent le matin et sont faneés pour le soir, ainsi l’homme change, son âge passe; à peine est-il né qu’il reçoit son arrêt de mort. |
Baten bati kantatzeko gogoa biztu bazaio, hemen entzun dezake frantsesezko kantika, eta gero, horren antzera, organoaren doinuarekin kanta dezake euskarazkoa. Gabriel Lertxundi ikertzaile eta musikariak, Kantikak. Cantiques basques liburuan (1948: 22-23), berak sorturiko melodia berriaren partiturak eman zituen, baina ez dut aurkitu horren grabaziorik eta ez dakit arrakastarik izan ote zuen.

