Badator, badator euskal interpreteen diagnostikoa

Claudia Torralba Rubinos

Udagoienean sartuta gaude jada, eta egunak laburtzen eta freskatzen hasiak dira. Bagoaz, apurka-apurka, urtearen azken txanpari heltzen. Baina tira, ez noa orain nostalgiko jartzera, oraindik ere ikasturtea hasi baino ez baitugu egin. Ama irakaslea dugu, eta gure etxean urteak beti bizi izan ditugu ikasturtetik ikasturtera. Blog honetan ere irailetik ekainerako denboraldian aritzen gara hitz eta pitz. Baina orain, buruak –eta hozkirriak– esaten dit urte naturalaren amaierara gerturatzen goazela eta zor batzuk kitatu behar ditugula.

Blog honetan bi sarrera idatzi ditut EIZIEren interpreteen diagnostikoaren inguruan. Lehenengoa, 2023ko abenduan, egitasmoa iragartzeko; eta, bigarrena, 2024ko maiatzean, aurrerapenen berri emateko. Ezetz asmatu zer kontatzera natorren gaur? Ba, udan lanean buru-belarri ibili eta gero, udagoienarekin eta jertseekin batera iritsiko zaizuela diagnostikoaren emaitza. Labean daukagu jada, ia prest. Azken ukituak baino ez zaizkio falta.

Dena den, plater nagusiaren esperoan, denoi gustatzen zaizkigu zizka-mizka batzuk, ezta? Batzuetan entretenimendu hutsa dira, eta beste batzuetan gehiegi asetzen gaituzte. Ea zuen interesa piztu eta oreka aurkitzea lortzen dudan. Gaurkoan, galdera zabal bezain zehatz baten inguruko lau zertzelada ematen saiatuko naiz, txosten osoa iritsi bitartean: nolakoak dira euskal interpreteak?

Hasteko, datu bat: galdetegiari 43 interpretek erantzun diote, eta erantzun horietan oinarrituta dago jarraian egingo dudan deskribapen laburra. 43 interprete horietatik 16k beren kontura egiten dute lan, eta 27k hirugarrenen kontura. Horrek ez du, bere horretan, “euskal interpreteen” errealitate osoa islatzen, eta hori hasieratik onartu behar dugu.

Esango nuke, nagusiki, bi arrazoi daudela horren atzean. Batetik, galdetegiari erantzun ez dioten interprete asko daude, noski. Hori jakina da. Ez da ikerketa exhaustiboa izan. Hala ere, lortutako erantzunen kopurua ez da txikia. Are gehiago, lehen galdetegia izateko, esango nuke oso goian jarri dugula langa. Bestetik, Euskal Herri osoko interpreteen mosaikoa osatzeko saiakera egin dugun arren, tamalez, ez dugu lortu. Sarritan entzuten dugun EAEzentrismoaren gaitzak harrapatu du gure diagnostikoa ere. Izan ere, Iparraldeko interpreteen errealitatea hain da ezberdina, non egindako galderak ez baitiren hango interpreteentzako pertinenteak izan.

Hori esanda, goazen orain interpreteak nolakoak diren ikustera: gehienak (% 70 inguru) emakumeak dira –sorpresarik ez–, eta batez bestean 45 urte pasatxo dituzte. Galdetegiari erantzun dion interpreterik gazteenak 22 urte ditu, eta nagusienak, aldiz, 68. Edonola ere, interprete gehienak (% 70 inguru) 40-68 adin-tartean kokatzen dira.

Prestakuntzari erreparatuta, denak dira unibertsitatean ikasitakoak, baina erdiek egin dituzte, gutxi gorabehera, itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko ikasketak. Ez da harritzekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko lehen promozioa 2000. urtekoa baita. Adinaren eta prestakuntzaren datuak gurutzatuta, pentsatzekoa da interprete ugarik beste ikasketa batzuk egingo zituztela hasiera batean, nahiz eta askok prestakuntza espezifikoa jaso duten gerora –graduondokoen inguruko zehaztasun gehiago aurkituko dituzue txostenean–.

Sarritan esaten da interpreteak exijenteak eta perfekzionistak garela. Ez dakit hori demostratzerik dagoen, baina, ingurura eta norberaren barren-barrenera begiratuta, iruditzen zait bi adjektibo horiek nahiko ondo deskribatzen gaituztela, oro har. Galdetegiak berak ere hori iradokitzen du; izan ere, interpreteen erdiek uste dute ez dutela prestakuntza arautu eta ez-arautu nahikoa jaso. Zergatik izango ote da?

Emaitza horrek bai, harritu egin nau pixka bat. Izan ere, galdera “tranpa” zen; hau da, “prestakuntza arautua” eta “ez-arautua” kontzeptuak apropos sartu genituen galderaren formulazioan, inork ez zedin sentitu itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko ikasketa formalik ez izateagatik ez dagoenik behar beste prestatuta. Eta, hala eta guztiz ere, galdetegiari erantzun dioten interpreteen erdiek uste dute ez dutela prestakuntza nahikoa jaso. Pertzepzio kontua da, bai, baina oso aintzat hartzekoa, nire ustez.

Gehiago jakin nahi? Txosten osoa, laster.

Utzi iruzkina