Angel Erro
Etxetik ezin irtenda dagoen itzultzaileak bat-bateko jakin-mina izan dezake, jakin-min filologiko premiatsua, euskaraz nola ematen den ipurditik, eta ahotik ere nola ematen den. Hitz horiexekin edo nola, alegia.
Testuinguru pixka bat beharrezkoa izan daiteke. Literatura konparatuan aditua izandako Claudio Guillén-en Múltiples moradas saiakera irakurtzen ari nintzen, hizkuntzatik hizkuntzara eta literatur sistema batetik bestera jauzi nola egiten zuen miretsita (tartean Axular eta Etxepare ere aipatuta), literaturan lizunkeriak izan duen tokiaz arduratzen den atalera iritsi naizenean. Bertan, Katulo poeta latindarraren olerki jakin bat aztertzen da, hamaseigarrena, darabilen hizkera gordinagatik ezaguna, Pedicabo ego vos et irrumabo esaldiarekin hasten (eta amaitzen) dena[1]. Hitz horien bidez ni poetikoak Furio eta Aurelio lagunei mehatxu egiten die ipurditik eta ahotik ematearekin, sodomizatuta makurraraztearekin (zergatik eta Katulo maitasun poemak idazteagatik belaxka eta lizuntzat jotzen dutelako; aitzitik, poetak uste du egileak izan behar duela garbia, baina ez hark idatzitakoek).
Jarraian bertso-lerroaren bi aditzen ñabardurak ekartzen ditu Guillének: pedicare aditzak uzki-sexuaren jarduera aktiboa adierazten du; irrumare aditzak aho-sexuaren jarduera orobat aktiboa (ekintza horien bertsio pasiboek ere bazituzten beren aditz bereziak). Hots, Katulok erakutsiko zien Aurelio eta Furiori bera ez zela batere biguna, antzinatean, jakina denez, maskulinitateak ez zuelako norekin oheratzen zinen markatzen, ohean zer rol hartzen zenuen baizik. Durangoko Azokako aurtengo leloari kontra eginez, Erroman behintzat ematea ez da hartzea.
George Lafayek itzulpen lotsaduna egiten du aipatu esaldiarena: “Je te donnerai des preuves de ma virilité”, Claudio Guillének esan bezala, “ausardia lizunaren xehea ezabatuta”, baina beharbada poetaren azken asmoa bai gordeta[2]. Jarraian, guztiz bestela jokatzen duen Antoni Seva itzultzaile katalanaren adibidea ekartzen digu: “Us la fotré pel cul, jo, i per la boca”. Alfred Edward Housman poetak, berriz, uste du olerki horren lehen esaldi hori ez dela hitzez hitz hartu behar, nolabaiteko lagunarteko esapide moduan baizik, “zoazte pikutara” esan nahiko balu bezala.
Adibideok, eta Guillének aipatzen ez dituen beste batzuek ere (ingelesezko bertsio zaharretan latinezko lizunkeriak, ingelesera itzuli gabe, bere horretan utzi, izartxo batez ordezkatu edo are grezieraz emateko ohitura zaharrak ere, esaterako), esaldi honek euskaraz zer zortea izan duen jakiteko gogoa piztu didate.
Etxetik ezin irtenda dagoen itzultzaileak Euskarari ekarriak webgunera jo du, Katulorena euskaraturik zer dagoen begiratzera. Poema solte asko aipatzen dira, funtsean lau itzultzailek euskaratuak. Lehenak harritu nau gehien: Iruñeko zinegotzia izateari utzi berri dion Koldo Martinezek Katuloren zortzi poema itzuli zituen 1985ean Korrok aldizkarirako. Lotura dago, baina poema lizunak saihestu ez baditu ere, bilatzen ari naizena, 16.a, ez dago haien artean.
Urte berean Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburu gogoangarrian Joseba Sarrionandiak itzulitako Katuloren lau poema ere aipatzen dira, banaka, baina ez dago haietara iristeko estekarik; haiei jarritako izenek (Amodioak, Lekukoak, Gonbida nazazula eta Heriotzaren aurka[3]) eta nire oroimenak haien artean ere hamaseigarrena ez dagoela pentsarazi didate, halere.
Katulok euskaraz izan duen itzulpen zenbateko handiena hurrengo bi urtekoak dira, 1986 eta 1987koa, nik ezagutzen ez nuen itzultzaile baten, Jon Gotzon Etxebarriaren, eskutik. Zenbait aldizkaritan agertutako 17 poema solte. Loturarik, berriz, ez dago, eta izenburuei erreparatu behar diegu berriro, eta berriro ez dirudi haien artean hamaseigarren olerki lizuna dagoenik. Ematen du, dena den, aldizkarietan barreiatutako poema hauek liburutto batera bildu zituela 1989an. Hala aipatzen da webgunean, liburuari eginiko kritika bat jasotzen baita.
Itzultzaileak etxetik irten ez, baina Interneteko bilatzaileari astindu gogorragoa ematen ahal diola iritzita, sarean aldizkari zahar horien ale digitalizatuak bilatzeari ekin dio. Federico Krutwig izena agertu zaio berehala, berak sortutako elkarte baten argitalpena da liburuxka hura. Haritik tiraka, non eta Euskerazaleak webgunean topatu ditu Etxeberriaren itzulpen lan guztiak[4], eta bestelakoak ere, bilduta. Katuloren liburuttoa (47 orrialde ditu) pdf formatuan jaisteko aukera ematen du. Eta, ez, ez dago 16.a.
Dena den, oraindik bada laugarren itzultzaile bat, dagoeneko mende honetan, Veronako poetaren pusketaren bat euskarara ekarri duena. 2006an Luigi Anselmik Bertzerenak liburuan Katuloren hiru poema bildu zituela ikusi ahal izan dut. Osorik irakurri ahal izateko estekarik gabe ere, izenburuak salatzen du haietako bat dela azkenik bila nenbilen olerkia: “Gibeletik emanen dizuet eta orobat ahotik…”.
Latindar literatura osoko poema zentsuratuenari (itzulia izateko, hizkuntza gehienetan XX. mendera arte itxaron behar izan duenari) euskarazko gordailura iristea pittin bat gehiago kostatu izanen zitzaiola argi neukan; ez nuen uste hainbeste izanen zenik. Gure artean isil estrategiak ez dira hitz gordinak leuntzea, txanda-pasa egitea baizik.
[1] “Carmen 16 probably offers more of an impediment to the translator than any other poem in the corpus. It seems also to have suffered more: coyly rendered, opaquely rendered, bowdlerized, and finally truncated through being misunderstood”. Thomas Nelson Winter, in ‘Catullus purified: a brief history of Carmen 16’.
[2] Antzeko irtenbidera jotzen du F. A. Wright ingelesak ere, XX. mende hasieran: “I’ll show you I’m a man”.
[3] Lau poema hauetako azkenaren lotura egon badago aurrerago; izan ere, 1991n Zintzhilik aldizkarian agertu zen eta digitilazituta dago: “Bizi gaitezen, ene Lesbia, eta maitatu” bertso-lerroarekin hasten den olerki ezaguna da.
[4] Katuloz gain, Plinio, Marzial, Fedro edo Zizeroren itzulpenak daude.

