Xabier Olarra
Duela hilabete batzuk blog honetarako idatzitako Hika nork bere buruari artikuluxkan esan nuen erabat txunditurik gelditu nintzela Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue saiakeran hitanoari buruz esandakoekin. Eta beste hiru artikulu beharko nituela hango “argudioei” erantzuteko. Hemen doa lehenbizikoa.
Dudarik gabe, oso aholku onak ematen ditu idazkera ulerterraza lortzeko: hitz arruntenak aukeratu, elkarrizketak belarrirako idatzi (irakurketa ahalik eta gozoena izan dadin), eta abar luze bat. Baina hitanoak literaturan izan behar lukeen lekuari buruz esaten dituenekin ezin naiz ados egon, ez argudioetan, ez arrazoibideetan, ez ondorioetan.
Hiru artikuluxka horiek idatzi nituenean, ez nekien bazenik hitanoa erabiltzearen zilegitasuna –batez ere literaturaren arloan– zalantzan jartzen zuenik, nahiz eta entzuna nuen idazle ospetsuren batek esana zuela “Hori, zertarako?” edo holako zerbait. Hortaz, erabilera egoki baterako nolabaiteko jarraibide batzuk tonto-tonto ematea-edo zen nire asmoa, besterik gabe. Ez nekien, esate baterako, goian aipatu liburuan hitanoaren erabilera literarioari “osoko zuzenketa” egiten zitzaiola.
Esate baterako, honela dio Kontuz hitanoarekin atal mamitsuan:
| “Liburu honek izan ditzakeen irakurleei galdetuko bagenie normalean hika hitz egiten duten, gehiengoak ezetz esango luke. Euskaldun gehienok –ia guztiok ez esatearren– zuka hitz egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba, kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean, gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egin duen moduan, alegia. Ez dago esan beharrik ere literaturan hitanoa erabil daitekeela –egin, norberak nahi duen guztia egin liteke, inoren baimenik beharrik gabe–. Are gehiago, idazle askok erakutsi digute gai direla, pertsonaiaren adinak, generoak eta jatorriak posible egiten duenean, hitanoaren erabilera adierazkorra, plastikoa, interesgarria eta ederra egiteko. Nahita ere, nik neuk ezingo nukeela aitortu behar dizuet. Eta aitorpenak egiten hasita, ez dudala nahi ere esango dizuet”. (Komatxoen arteko aipu guztietako beltxak, harridura edo galdera-markak nireak dira, artikulu guztian) |
Holako argudio soziolinguistiko ahula argudio gisa erabiltzea (non eta Iruñean!) harrigarri egiten zait. Esate baterako, honelako zerbait irakurriko bagenu euskararen erabilerari buruz, txatxukeria galanta irudituko litzaiguke:
| “Cuidado con el euskera. Si preguntáramos a los posibles lectores de este libro si normalmente hablan euskera, la mayoría respondería que no. Porque todos los navarros –por no decir todos– hablamos en castellano. Por lo tanto, ¿qué sería lo más lógico? Pues, que no habiendo motivo justificado y verosímil, los personajes de nuestros libros hablaran en castellano, como lo hace la gente. Es evidente que en el terreno de la literatura se puede utilizar el euskera –por hacer, se puede hacer cualquier cosa, sin permiso de nadie–. Es más, muchos escritores nos han demostrado que son capaces de hacer un uso del euskera expresivo, plástico, interesante y hermoso. Tengo que confesar que yo no sería capaz aunque me lo propusiera. Y, puestos a hacer confesiones, también os dire que no me da la gana”. |
Barkatu manipulazio merkea, baina hori izan zen paragrafo hori irakurri nuenean burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza.
Beste argudio soziolinguistiko bat ere erabiltzen du, garrantzi handikoa, dudarik gabe:
| “Bestalde, ezin dut imajinatu euskaraz ikasten ari den jendeak honi buruz pentsatuko lukeena, eta aitaguretasunez (!?) jokatuko nuke inoren izenean hitz egingo banu, baina imajinatzen dut euskaraz irakurtzen ikasten urteak eman dituen edonorentzat frustrantea izan daitekeela ulermena oztopatzen duen zailtasun berri bat literaturan topatzea. Ahal dela, erraztasunak jartzea tokatzen zaigula uste dut, zor itzela dugulako euskaldun berrien nazio librearekin”. (Ez dut inon aurkitu “aitaguretasuna”, agian paternalismoa esan nahiko du) |
Argudio serioa dirudi. Beraz, gaur gehiegi ez luzatzearren, hurrengo baterako utziko ditut horri buruzko komentarioak. Gaurkoz aski dugu beste perla batzuekin:
| “(…) niretzat hitanoa arrotzegia dela eta, zabar esanda, ez zaidala gustatzen. Mendebaldeko kostako euskalkietatik gatozen gehienontzat hitanoa gauza benetan martzianoa da”. |
Aurrerago, beste hau dio:
| “Baina adibide anekdotiko hori kenduta, niri ez zait okurritzen hitanoa modu naturalean erabiltzeko aukera handirik (Susa argitaletxeko erredakzioan kokatutako nobela bat-edo aipatzen du). Ukatu ere ez dut ukatzen egon daitezkeenik (eskerrak!), nahiz eta niretzat, esan dizuedan moduan, apur bat amorragarria suertatzen den. Aresti parafraseatuz, “zer egingo diot, ene mania bat da”. |
Gaztelaniazko esapide ospetsua itzuliz, honela laburbilduko genuke Jimenezen arlo honetako jarduna: Premia bertute bihurtu.
Niri, berriz, amorragarria egiten zaidana da (eta ez apur bat, baizik oso) norberaren maniak kategoria bihurtu eta besteoi paradisuaren ateak zabaltzen ari zaigula pentsatzen duenaren jarduna. Uste dut hori baino gehixeago behar dela erdi lokartuta egoteko adina dugunon begiak zabaltzeko.
Eta literaturaz ari bagara –eta fikzioaz bereziki– ezin konta ahala nobelagai bururatzen zaizkit hitanoa modu naturalean erabiltzeko (hala ere, seguru aski Jimenezentzat eta niretzat “naturala” ez da gauza bera). Atzo bertan topo egin nuen Donostian (Andu Lertxundiren Berbelitzen hiztegia liburuaren aurkezpenean) Jim Thompsonen 1280 arima, 1985. urte urrun hartan euskaratu nuena, natural-natural eta irribarre gaiztoa ezpainetan zuela irakurri zuen bat. Ez nuen ezertatik ezagutzen. Zarauztarra zen, eta, jakina, horiek salbuespen erabatekoa dira, antza. Horregatik pentsatu nuen nobela itzuli nuen garaian, besteak beste, nobela beltzaren arloan erabilgarria izan zitekeela hitanoa.
Baina literatura “jasoago”tzat dauzkagun beste hainbat nobelatan ere erabili izan dut harrezkero. Esate baterako, naturala iruditu zitzaion Molly Bloomi bere buruari noka aritzea. Etengabe irudikatzen dut nire amona –adinez Mollyren kintakoa–, lobulu frontaletan jasandako istripu baten ondorioz-edo, gordinkeria horiek errenkadan botatzen. Zer egingo diot, ba? “Ene mania bat da”.
Eta hemen utziko ditut gaurkoz nire burutazioak, hitanoklasten kontrako gurutzada honetan hitanoplasta bihur ez nadin. Badakit Jimenezi ez zaizkiola gustatzen honelako hitz-joko merkeak, baizik umore ingelesa, eskoziarra, irlandarra eta iparramerikarra, baina hori nire irispidetik kanpo dagoenez, gutxiagorekin konformatzen naiz. Zer egingo diot, ba? “Ene mania bat da”.

