Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Itzulpengintza zubiekin alderatzen dugu maiz. Zubiak bi aldeetan daudenak harremanetan jartzeko dira eraikitzen, onuragarritzat hartzen ditugu, eta gustuko dugu itzultzaileak zubigileak garela esatea, eta sinestea. Eta izan, hala da, baina zubiak ez dira beti asmo onez eraikitzen, edo ez behintzat zubiaren bi aldeetan daudenen mesede.
Zubiak, adibidez, oso lagungarriak izan daitezke ibaiaren beste aldekoak mendean hartu nahi dituzten erasotzaileendako. Administrazio kolonial britaniarrean, itzulpenak berebiziko zeregina bete zuen, erruz baliatu baitzen tokian tokiko biztanleei buruzko datuak biltzeko eta agintari kolonialen eta mendean hartutakoen arteko komunikazioa errazteko.
Kolonizatuen mitologia, literatur lanak eta ahozko kontakizunak ez dira soilik jakin-minaren, ezagutzaren eta bakezko asmoen amoreagatik itzuli, azpiratuak hobeki ezagutzeko eta modu eraginkorrago batean menderatzeko baizik.
Itzulpenek orobat balio izan dute besteak eta besteen hizkuntzak exotizatzeko (batzuetan, itzultzaileek, nahita edo nahi gabe, besteen kultur sistemak oker ulertu dituztelako); edo, aitzitik, desberdintasunak txikitzeko edota hutsaltzeko.
Eta, horrez gain, itzulpena oso garrantzitsua izan da metropoliaren ohiturak, balioak eta erlijioa hedatzeko, eta, hortaz, administrazio koloniala errazago ezartzeko.
Itzulpena boteretsuenen alde erabiltzen den baliabide bat izan daiteke edo, aitzitik, botere gutxiago dutenen ahotsak entzunarazteko eta zabaltzeko tresna.
Palestinar literaturako sei liburu[1] itzuli dira aurten euskarara, eta haietako bi «Itzulpena borroka da» izenburuko saio batean aurkeztu zituzten joan den astean. Zubi horiek igarotzeko irrikaz nago.
[1] Hauek dira: Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz, Rifqa, Detaile xume bat, Ehun urteko gerra Palestinaren aurka, Gazako egunerokoa eta Herri-gerra Palestinan: Okupazioaren arkitektura eta estrategia militarra.

