Itziar Otegi Aranburu
Amaitu da uda, eta udazkena presaka etorri da. Udan zehar ikasi ditudan hitz eta esapide batzuk ekarri nahi ditut hona, zertzelada moduan.
Edizio-distantzia
Uda hasieran Orozkoko baserri batean egokitu nintzen, ilustratzailez inguratuta. Han ari ginen, mahai baten bueltan, bakoitza bere lanean murgilduta eta berriketan, eta batek bota zuen: “Deskuidatzen bagara, itzultzaileek bezala amaituko dugu, eta gure lana makinaren akatsak zuzentzera mugatuko da”. Isilik irentsi nuen zimikoa, papererantz are gehiago makurtuta. Zentzu batean, zuzen daude, gure lanaren alderdi (gero eta handiago) bat horretan datza, itzulpen automatikoaren akatsak zuzentzean. Jakin dut goian adierazitako indizea erabiltzen dela itzulpen automatikoaren kalitatea neurtzeko; alegia, zenbat giza esku-hartze behar diren itzulpen automatiko jakin bat giza itzulpena bezain ona izan dadin, eta distantzia hori ahalik eta txikiena izan dadin lanean ari direla.
Ludita
Teknologiaren aurrerapenen kontra dagoen pertsonari esaten omen zaio ludita, eta industria-iraultzaren (lehenengo industria-iraultzaren) garaitik omen dator, artisau ehungileak lanik gabe utziko zituzten makina ehungailuak suntsitzen hasi zirela eta. Kontuz ibili behar da zer esaten duzun teknologiaz; berehala jotzen zaituzte luditatzat.
Determinismo teknologikoa
“Errusiar mendi batean goazelarik, alferrik da atzerantz indarka nekatzea; ez du ezertarako balio”, esan zidan beste mahai baten bueltan nire lagun Charlesek, laurogei urteak atzean utzi dituen arren –edo utzi dituelako– bizitzari beldurrik gabe begiratzen dionak. Gustatzen zait, metafora, baina ez dakit oso konforme nagoen. Batetik, inork ez dit galdetu errusiar mendira igo nahi dudan edo ez, eta, bestetik, gu denak orain errusiar mendian egotea ez da fenomeno meteorologiko baten ondorio, ez da halabeharrez gertatu, eta iruditzen zait “adimen artifizialarena geldiezina da” esaldian badagoela fatalismo puntu bat, determinismo teknologiko deritzon horren aurrean amore emate bat. David Bayles eta Ted Orlandek Arte y miedo liburuan fatalismoaz ematen duten definizioa datorkit gogora; alegia, beldurraren beste bariante bat dela fatalismoa, patua gure esku egon daitekeen arren gure eskuak patuaren gainean eragiteko ahulegiak izatearen beldurra.
Zentauroak vs ziborgak
Uztailean, Elhuyarko lagunek antolaturiko udako ikastaroan izan nitzen, Itzulpengintza eta teknologia: aurrera eskuz esku, aurrera aurrez aurre. Gauza interesgarri asko entzun nituen han. Besteak beste, askoz hobea dela jarrera proaktiboa hartzea, erreaktiboa baino. Horretan nabil, errusiar mendiari tamaina hartu nahian, beste asko bezalaxe. Genevako Unibertsitatekoek, adibidez, adimen artifizial sortzailearen gainean zer jarrera duten azaldu dute duela gutxi: alde daude, eta gida bat argitaratu dute unibertsitatean adimen artifizial sortzailea arduraz eta egoki erabiltzeko. Hainbat atal ditu gidak, batzuk zinez jakingarriak, batez ere adimen artifizialaren sorreraz eta eboluzioaz eta oinarrizko kontzeptuez –niretzat, cookieak onartzean zer arraio ari naizen onartzen oraindik ere ez dakien honentzat, oso lagungarria–. Metodologiaren atalean, azaldu dute informazioa nola bildu duten, eta, idazteko orduan, ChatGPT4 erabili dutela laguntza gisa.
Ondo ulertu badut, zentauro-jokabidea litzateke hori: gizakiak lan batzuk egingo lituzke, eta makinak beste batzuk. Bestea ziborg-jokabidea omen da, zeinetan ez baitago bereizterik nork egin duen zer, hain daude fusionaturik gizakia eta makina lan-fluxuan. Oso itxura ona hartzen diot gidari, baina denbora eta patxada beharko nituzke behar bezala aztertu eta iritzi bat eratzeko, eta, nik denbora eta patxada eskatzen ditudan bitartean, hortxe dabil errusiar mendia orduko 300 kilometroko abaila zoroan gora eta behera eta ezker-eskuin inori patxadarik eman gabe. Mafaldaren hartatik, gustura esango nuke nik ere “geldi ezazue hau; jaitsi egin nahi dut”. Iritzi bat eratu artean behintzat.
Kakaztea (enshittification)
Joxe Rojasek azaldu zuen kontzeptu hori ikastaroan. Hemen dago azalduta, baina, labur esateko, plataforma teknologiko handien deriba azaltzen du. Ez dakit egokia den, baina niri, nolabaiteko zabalkuntza semantiko bidez, bestelako kakazte bat ekartzen dit gogora. Konturatu bainaiz ez dela, berez, teknologia jakin bat, edo adimen artifiziala bere horretan, arazoak sortzen dituena –salbuespenak salbuespen, eta utzidazue hor ere zuhurtzia bati eusten momentuz–; baizik eta, teknologia horrekin batera, nolabait gainjarrita, edo, hobeto esanda, azpijarrita, datorren beste zerbait. Ikastaroan, hitzaldietako batzuek ezinegon lauso bat eragin zidaten. Lankide batek lagundu zidan argitzen, kafea hartzen ari ginela esan baitzuen hitzaldi batzuei kutsu “neoliberala” zeriela. Teknologiari eta adimen artifizialari buruzko diskurtsoan, maiz, bi alderdi nahasten dira: bat teknologiari dagokiona, eta bestea, berriz, mundu-ikuskera bati dagokiona –berezkoa edo hartua, kontzientea edo ez–. Adibidez, hizlari batek bideo umoretsu bat jarri zuen, interpretazio automatikoaren beharra ilustratzeko: Erresuma Batuko ikastetxe bateko zuzendariak guraso bat ekarrarazten du, semearen portaera kaxkarraz hitz egiteko. Etorkinak dira, zuzendariak ez daki aita horren hizkuntza, eta aita ez da ingelesez moldatzen. Semeak egin behar ditu interprete-lanak, beraz. Imajinatuko duzue zer gertatzen den… semeak goitik behera aldatzen ditu zuzendariaren esanak, eta aita poz-pozik irteten da bileratik, semea heroia dela sinetsita. Gauzak zer diren, oso antzeko bideo bat ikusi nuen orain dela urte batzuk, Letren Fakultatean, Interpretazio Sozialaren Oinarriak ikastaroa egin nuenean. Interpretazio sozialaren beharra ilustratzeko jarri zuten bideo hori orduko hartan. Denbora-tarte honetan, automatiko hitzak ordeztu du sozial hitza esaldi horretan.
Agian badago arrazoi onik horretarako, naif samarra izango da igual ikastetxeetako hizkuntza-arazoak giza interprete bidez konpon daitezkeenik pentsatzea, baina, halako arrazoibiderik ez zenez egin, batetik besterako bidea, nolabait, ezkutuan geratu zen, izebergaren azpiko aldea bezala.
Bestalde, beharbada batzuek ziborg gisa ikusten gaituzte dagoeneko, oso ondo bereizi gabe entzungailuetatik sartzen zaien ahots hori gizaki batena den edo makinarena, eta horregatik hasi dira batzuk interpreteei eskatzen on call egon daitezela 24/7, eta (kasik) doan lan egin dezatela. Negargarria.
Etorkizunaren kontrako babesa (future-proof)
Teknologiaren eremuan sortu zen future-proof esapidea: nola diseinatu software bat, eboluzio teknologikoaren ondorioz berehala zaharkitua eta baztertua ez geratzeko moduan. Unibertsitate-ikasketen testuinguruan iritsi zait niri: nola diseinatu itzulpengintza eta interpretazioko ikasketak, azkar eta noranzko ezezagunetan aldatzen ari den mundu batean berehala zaharkituta eta baztertuta ez geratzeko moduan. Ez dut erantzunik, baina ez esan esapidea ez denik itzela. Future-proof hitzak, bulletproof edo waterproof hitzen molde berekoa baita, berekin dakar etorkizunaren kontra babestu nahia, balen kontra bezala.
Ikastaroaren amaieran elkarteen ordezkariek esan zituztenetatik atera daitezke gure lan-etorkizunari eusteko ideia batzuk: saretzea, eta gure lanari ikusgaitasuna ematea. APTIC elkarteko ordezkariak kontenedore batzuk erretzeaz hitz egin zuen –metaforikoki–. Nire ustez, erre beharreko lehen kontenedore metaforikoa izenarena da, hizkuntzaren langile garen aldetik. Aditu batzuek argudiatu dute adimen artifiziala ez dela ez adimentsua, ez artifiziala, gizakiaren lan luze metatua dagoela oinarrian. Adimen artifizial sortzaile izenak erabat ezkutatzen du egiaz zer den. Konputazio kognitiboa edo ikaskuntza interaktiboko sistema ikusi ditut sarean, baina, niri neuri, gehiago gustatu zait Lorea Argarateri irakurri diodana: adimen kolektiboa, “guk dakiguna zurrupatu baitu”.
Gauzei izen egokia ematea, beraz, eta saretzea, eta gure lanari ikusgaitasuna ematea. Horrez gain, ezagutza eta denbora, patxadaz erabaki ahal izateko adimen kolektiboko tresnen aurrean zer jarrera hartu: zer, nola eta zertarako erabili, zer auzi etiko dakartzan erabilera horrek, eta egoki erabiltzeko irizpideak ezarri eta zabaldu. Hori iruditzen zait izan litekeela jarrera proaktibo adimentsu bat hartzea, nork bere eremuan.

