Galderak, galderak, galderak

Isabel Etxeberria Ramírez

Duela urtebete inguru, bere Lurraz beste ipuin-liburu bikainaren harira Berrian elkarrizketa egin ziotenean, honela erantzun zien Garazi Arrulak Itziar Ugartek (2023) egindako galderei:

[G.A.]: [Nire] lehenengo liburuarekin Harkaitz Canok esan zuen nabaritzen zela itzultzaile baten liburua zela, eta momentuan esan nuen, «bah!».

[I.U.]: Bati baino gehiagori otuko zaio agian. Nahiago duzu ez lotzea?

[G.A.]: Ez da hori. Orduan ez nuen jakin nondik hartu, baina orain ikusten dut zehaztasunerako joera egon daitekeela atzean. Azkenean, itzulpenean nahitaez jo behar duzu konkreziora. Jatorrizkoan agertzen bada «belusezko oihal iledun gorrikara», ezin duzu jarri telazkoa zela eta gorria. Begia egina duzu horretara.

Itzultzea idazketan trebatzeko ariketa ona omen da. Itzultzean, idaztean saihestuko genituzkeen arazoei irtenbidea ematera behartzen gaitu jatorrizko testuak. Eta horrek luma zorrozten laguntzen digu. Anjel Lertxundik (1993) zioen bezala, ezin dugu tranpa egin; ezin dugu eragozpena saihestu; ezin dugu berez korapilotsu dena lautu; ezin dugu laua denarekin alfonbra ehundu; eta ezin dugu, alfonbra gainean ibiliz, dotore plantak egin. Edo Juan Garziak elkarrizketa batean Danele Sarriugarteri (2017) adierazi bezala, itzultzean berezkotik landuko ez genukeen moduan lantzen dugu idazketa, zeren berezkoan beti bilatzen baitugu «erresistentzia gutxieneko ildoa». Itzultzean eroso ez sentitzen ohitzen gara, alegia, eta adierazmoldean koska bat estuago aritzen.

Blog honetan behin baino gehiagotan aipatu dudanez, nire doktorego-tesian testu itzulietako eta ez-itzulietako hizkera konparatzen jardun dut. Zehazki, 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako euskarazko 1.134 literatur lanetako hiztegia aztertu dut (euskal idazleek sortutako 698 literatur lan eta euskal itzultzaileek hainbat hizkuntzatatik euskarara ekarritako 436): aberastasuna sinonimian, zehaztasunerako joera, lexiko-sorkuntzako joerak, arauarekiko edo/eta estandarrarekiko atxikimendua… Corpusaren tamaina handia izanik, datu kopuru handi samarretan oinarritzen dira antzeman ditudan joerak. Eta bai: badirudi badirela aldeak euskal idazleek sortutako testuen eta euskal itzultzaileek beste hizkuntza batzuetatik ekarritakoen artean.

Kontua da aztergai izan dudan corpusean badirela idazten zein itzultzen aritzen diren lumak. Testu honen hasieran aipatu dudan Garazi Arrula, adibidez, bai eta Jon Alonso, Xabier Amuriza, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre, Felipe Juaristi, Pello Lizarralde, Danele Sarriugarte edo Patxi Zubizarreta ere, besteak beste. Eta iruditzen zait halako lumen testuak xeheago aztertzeak joko handia emango lukeela, aukera eskainiko ligukeelako, adibidez, ikusteko ea lexiko-hautaketan antzera jokatzen duten idazten eta itzultzen ari direnean. Edo ea beren euskalkiko (edo beste euskalki batzuetako) bereizgarriak ikusarazteko edo ezkutatzeko joera handiagoa agertzen duten jardun batean edo bestean. Edo ea beren testuak arauari lotuagoak diren idazle gisa ari direnean edo itzultzaile gisa ari direnean. Eta azter liteke, bestetik, ea alderik baden itzultzen ere aritzen diren idazleen eta itzulpenik egiten ez duten idazleen artean, halako moduz non konprobatu ahal izango genukeen zenbateraino eragiten duen itzultze-jardunak idazmoldean edo, bestela esanda, zer neurritan laguntzen dion idazleari itzultzeak begia egiten eta luma trebatzen.

ITURRIAK:

Lertxundi, Anjel (1993). Oinarriko proposamena mileniorako. Jakin, 79, 56-60. https://www.jakin.eus/show/c9cc867daf22ef757f5b3c3ad6ed9e51704d55c3

Sarriugarte, Danele (2017ko uztailaren 23a). Itzultzaileak bere hizkuntza eduki behar du zabal, malgu eta presente. Argia. https://www.argia.eus/argia-astekaria/2563/juan-garzia-itzultzailea

Ugarte, Itziar (2023ko maiatzaren 28a). Ematen du, garaiarekin bat, trantsituan gaudela denok. Berria. https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/001/2023-05-28/ematen-du-garaiarekin-bat-trantsituan-gaudela-denok.htm