Adimen artifiziala, lagun edo etsai?

Amaia Lersundi Pérez

Azken hilabeteetan adimen artifiziala (AA) trending topic bihurtu da nire inguruan. Badira urte batzuk AA sortu zela, baina 2022ko azaroan, Chat GPT irekian jarri zutenean, gutako asko orduan hasi ginen AAri buruz hitz egiten. Adimen artifizialak hainbat sektore irauli ditu urte gutxitan, hala nola osasungintza, ekonomia, entretenimendua eta hezkuntza. Gaurko sarreran, nire egunerokotasunean gai honen inguruan sortzen diren hainbat kezka, eztabaida, hausnarketa… partekatu nahi ditut.

Zorionez, gizarteak aurrera egiten duen heinean, irakasteko eta ikasteko moduak ere aldatzen doaz, nahiz eta gehienetan aldaketak nahi baino polikiago gertatzen diren. Oraingoan ere, historian gertatu diren bestelako gertarirekin gertatu den bezala, AAren hazkundeak hezkuntza eta eskola birdefinitzeko beharra ekarri du, besteak beste, AAk ikaskuntza ikasleen behar eta gaitasunetara pertsonalizatzeko aukera ematen duelako, informazioaren irisgarritasuna hobetzen duelako, feedbacka momentuan ematen duelako, eta ikasleei eskatzen zaizkien zeregin asko ordenagailuak segundo bakarrean egiten dituelako. AAk onura eta aurrerapen ugari ekarri baditu ere, haren erabilerak hainbat zalantza eta buruhauste sortu ditu irakasleen artean. Nola arautu Chat GPTren erabilera? Debekatu beharko genuke eskoletan eta unibertsitateetan? Zein motatako zereginak eskatu behar dizkiegu ikasleei? Nola jakin ikasleek bidaltzen dizkiguten lanak haiek egin dituzten ala ez?

Orain arteko sarreretan hizkuntzak hezkuntzan duen garrantziaz aritu naiz, eta komunikazio-tresna ez ezik, ezagutzak eskuratzeko eta esanahiak eraikitzeko bitarteko ere badela defendatu izan dut. Ideia horretatik abiatuta, onartu behar dut kezkatuta nagoela AAk euskara maila baxua duten ikasleengan izango duen eraginagatik. Ikasleek itzultzaile automatikoak, idazketa-laguntzaileak eta Chat GPT moduko tresnak erabiltzen dituzte lanak egiteko. Tresna aurreratu horien bitartez ikasleek idatzizko lanak sor ditzakete inongo esfortzurik egin gabe, pentsatu gabe eta benetako ikaskuntzarik gabe. Kasu horietan, gainera, zaila izaten da jakitea ikasleak landutako edukia menderatzen duen, eta bere benetako hizkuntza maila zein den. Ez hori bakarrik; AAren gehiegizko erabilerak, komunikazio-gaitasuna garatzeaz gain, mugatu egin ditzake lan autonomoa egiteko gaitasuna, ikasleen pentsamendu kritikoa eta arazoak konpontzeko gaitasuna garatzeko aukerak.

Bestetik, adimen artifiziala deitzen badiogu ere, AAk ez du edukirik edo daturik sortzen; sarean dauden datuetatik jasotzen du informazioa eta estatistikan oinarritzen da datuak emateko eta testuak sortzeko. Horregatik, beste hizkuntza hegemonikoekin alderatuz, adimen artifizialak behar dituen ereduak entrenatzeko euskarazko datuen eskuragarritasuna mugatuagoa da, eta horrek eragina izan dezake tresna batzuen zehaztasunean eta eraginkortasunean.

Ezin da zalantzan jarri adimen artifizialak egiten duen ekarpena izugarria izan daitekeela hezkuntzan, baina gure ikasleak euskaraz trebatu daitezen eta komunikazio-gaitasunen garapen orekatua eta osoa ziurtatzeko, teknologia elkarrekintzarekin konbinatu beharko litzateke, eta, agian, debateak, ahozko aurkezpenak eta eskuz egindako idazlanak bezalako jarduerek funtsezko osagai izaten jarraitu behar dute gelan. Konbinaketa hori egin ahal izateko, eta irakasteko moduak gaurko errealitatera egokitzeko, ezinbestekoa da irakasleok AAk ematen dituen aukerak eta tresnak ezagutzea, nola erabiltzen diren ikastea, eta ikasleei nola erabili behar diren irakastea ere. Garrantzitsua da gogoratzea helburua ez dela adimen artifizialaren erabilera debekatzea, baizik eta modu etiko eta hezigarrian erabiltzen ikastea. Ez al da ba hezkuntza galdera egokiak egiten ikasteko eta pentsamendu kritikoa garatzeko esparrua? Beraz, jarraitu dezagun gai honen inguruan hausnartzen, eztabaidatzen eta ikasten, sortzen zaizkigun erronka horien guztien aurrean zer egin jakin dezagun eta adimen artifiziala etsai baino gehiago hezkuntza aberastuko duen laguna izan dadin.