Barkadazue, heterodoxoak (edo, salba dezagun gure barneko euskaltzaina)

Santi Leoné

I

Cambio de destino memoria-liburuko pasarte batean, Jon Juaristik kontatu zuen nola, atxilotu zuten batean, irri-emangarri utzi zuen itaunketa egiten ari zitzaion polizia; bertze pasarte batean, Tarot aditu bat leziatzen aritu zen zertan eta Tarot kontuetan. Anekdota eta egoera edozein direla ere, Jon Juaristi ateratzen da beti garaile Jon Juaristiren memoria idatzietan, eta, akaso, baita publikatzen ez den memoria intimoan ere.

Juaristiren estiloak arrakasta handia izan du euskal intelektual jakin batzuen artean, eta ez dira guti elkarrizketa publikoetan –eta, agian, baita adierazten ez diren pentsamendu intimoetan ere– beren buruari loreak suelto-suelto botatzen dizkiotenak: heterodoxo izatea da paparrean harro daramaten dominarik txikiena, eta, hortik abiatuta, lotsa arrastorik gabe kontatzen dute AEBko mundu akademikoa ezinbertzean konkistatu dutela edo familia ideologikoki orbangabe bateko azken ale ideologikoki orbangabe direla.

Panorama ikusita, bertze heterodoxo baten aspaldiko titulu bat parafraseatuz, barkamena eskatu nahi dut lerro hauetan hartu behar dudan bidea hartzeagatik, zeren, berehala kontatuko dudan anekdotan aski irri-emangarri agertuko bainaiz, pailazo baten pare kasik, eta bertze behin agerian geldituko baita zeinen traketsa naizen giza harremanekin deus ikustekoa duen orotan.

Oxforden izan zen. Guapo-guapo jarri, gorbata ongi lotu eta, nire ohituren kontra, college bateko besta batera abiatu nintzen. Han, berehala ohartu nintzen bertze inork ez zeramala gorbatarik; gonbidapenari disimuluan begirada bat bota, eta hantxe ikusi nuen aski argi idatzia: dress informal. Bere buruarekin erosoago sentitzen den batek eskuak gorbatara eraman, korapiloa laxatu eta oihal puska luze hura sakelan altxatuko zukeen. Ni, berriz, han egon nintzen, irribarre makur bat ezpainetan, lepo inguruan trapu baten ordez Coleridge-ren albatrosa eramanen banu bezala. Tira, noizbait ipuin bat egin beharko dut material horrekin. Momentuz, erabaki dut nire memoria publikoetan kontatuko dudala jantzi-protokoloa nahita hautsi nahi izan nuela, besta hartara dotorezia pittin bat ekartze aldera, eta hondarrean arrakasta izugarria izan zuela Italiako zetazko –memorietan Italiako zetazkoa izanen baita– gorbata hark. Eta saiatuko naiz oroimen intimotik lekutzen arratsalde hartan ez nuela araurik hausteko inolako asmorik izan, lehenik eta behin jantzi-arauak zein ziren ere ez nekielako.

II

Jorge Luis Borgesen ipuin batean, Ekialde Hurbileko pertsonaia batek ospe handia irabazi zuen munduan barna egin zituen bidaiei esker. Haren etsaiek –kontatzen du Borgesek– sekulan bidaiarik egin ez izana leporatzen zioten eta, aldi berean –gorrotoak ematen duen logikarekin– bidaietan ezagututako tokietan egiazko fedeari uko egin izana.

Adostasun zabala dago euskara ikaragarri zaila delako ideiaren inguruan, ez bakarrik erdaldunen artean, baita euskaldunen artean ere; izan ere, euskara sinplifikatzeko proposamenak izan ditugu berriki, eta izanen ditugu naski etorkizunean ere. Eta, aldi berean, euskara ikaragarri erraza delako ideia ere hor dago: erdaldunen artean, burla egiteko iturria da hori –telefonoa, pastela, hanburgesa… dena erdaraz bezala baita!–; euskaldunen artean, sormen iturria, hitanoaren hirugarren forma bat bulkatu nahian baitira batzuk azkenaldi honetan.

Euskara sinplifikatzeko zein aberasteko, bide bakarra bide dugu, askatasuna alegia, eta etsai bakarra, barnean omen daramagun euskaltzaina. Eta Asisko Urmenetak aspaldian errana da barneko euskaltzaina hil behar dugula. Bistan dena, ni ez naiz nor Asiskori kontra egiteko, baina, han-hemenka ikusten eta aditzen dudana ikusita eta adituta, iduritzen zait gure barneko euskaltzain ustez faxistaren opresioa franko beratza dela. Orokortzea itsusia denez, aitortuko dut badirela euskarari freskotasuna, naturaltasuna, bat-batekotasuna eta ez dakit zenbat bertze tasun eman nahi dizkiotenak, eta nik ez dut horren kontra deus ere. Baina irudipena dut naturaltasuna aldarrikatzen delarik, behin baino gehiagotan erdal makuluak edo kalko gordinenak erabiltzekoa dela aldarrikatzen ari den naturaltasuna. Hitz egitea un poco ateratzen zaigun bezala. Alegia, efektu jakin bat erdiesteko arauak hautsi baino gehiago, hoberik ezean euskainola erabiltzen dela. Tipo sozialki trakets batek gorbata eramanen balu bezala gorbatarik behar ez den besta batean. Ez jantzi-protokoloa salatu nahi izan duelako, jantzi-protokoloa ezagutzen ez duelako baizik. Ez heterodoxoa eta ez naturala, baldarra baizik.

Bortizkeria arrunt gauza itsusia da eta, horregatik, inor hiltzearen kontra nago, are gehiago inor hori gure barneko euskaltzaina bada. Aitzitik, nik uste dut zaindu beharko genukeela, baita –noizbehinka– maina batzuk egin ere. Eta gero, arauak ezagututa, hizkuntza gure beharretara moldatuko dugu. Jakinki zertan ari garen.

One Reply to “”

Utzi iruzkina