Zarata handiegia, mami mehatzegia

Asier Larrinaga Larrazabal

Euskara orain deritzon liburutxo mediatikoak “eraginkortasuna helburu” goiburua du azpititulutzat. Nik komunikazioaren eraginkortasunaren kezka partekatzen dut egileekin, baina askoz gehiago ez. Erabiltzen dituzten argudioak, behintzat, ez. Labur-labur azalduta, Jesús Rubiok euskararen SOV ordena dauka arazo guztien sorburutzat: «Estruktura burulehena ez da soilik efizienteagoa ze bere kide buruazkena, baizik ere, eta are inportanteagoa dena, efektiboagoa» (58. or.). Mendizabalek, Lamarcak eta Amurizak gogoeta lauso asko egiten dituzte, baina nik ez dut aurkitu mamizko argudiorik. Orobat, hiruron ataletan ez dut aurkitu euskararen eraginkortasun komunikatiboa emendatzeko proposamen esplizitu askorik. Bakan batzuk badira, inoperatibo samarrak ia denak. Beharbada, Amurizak lexikoaz dioena aipatuko nuke, nahiz ezin esan Amerika deskubritu duenik: «Gure inguruko hizkuntza nagusien ondare kultural komuna asko gehiago (baina asko gehiago!) baliatu beharko litzateke» (129. or.). Rubiok, bere aldetik, euskara iruntzitara jartzea proposatzen du, alegia, SVO hizkuntza bihurtzea: «Garabidean, lehen pausua litzateké normaltasunez ahalbidetzea aukerako SVO ordena» (88. or.). Perpaus-osagaien ordena iraultzea aldeztearekin batera, Rubiok euskara preposizioz hornitzeko bide bat jorratzen du.

Halako abentura linguistiko batez ez dago ezer esan beharrik, begi bistakoa baita erabateko haustura lekarkeela euskara biziarekin. Merezi du, baina, iruzkin batzuk egitea liburutxoan jasotzen diren beste zenbait ideiaz, eraginkortasunari buruzko balizko debate batek oinarri hobeak izan litzan.

 «Euskararen arazo nagusietako bat aditza da. Garbi esanda, galga nagusietako bat. […] Gure aditza sinplifikatu ezik, euskarak etorkizun zaila dauka». (127. or.) Amurizak ez dio zelan sinplifikatu. Datiboko komunztadura kenduz? Pluraleko komunztadura ere bai? Laguntzaileak eurak? Mendizabalek ahalera osoa ezabatuko luke. Blog honetan bertan, zalantza egin da zatzaizkit adizkiaz. Nik, ikuspegien erlatibotasuna ilustratzeko, “Goenkale”ko esaldi batzuk aldatuko ditut hona, hizkera naturalaren eredutzat eduki izan baita: «Hi, aizan, nik nahi dudana eginzezakeanat. Ni adinez heldua naun». «Nik ez zaituztet zuek utzi, Alazne. Ez zintuzketet sekula abandonatuko, hori ezinezkoa da». «Barkamena eskatzen ari gatzaizkik. Pertsonak barkatzen jakin behar dik».

 «Askotan ofizialki zuzenak ez diren formak errazenak edo praktikoenak izan ohi dira» (17. or.) «Zergatik ez ditu barneratzen euskara normatiboak […] gazteen euskara-aldaera berriak, sinpleagoak eta ez oso “zuzenak” badira ere?» (137. or.) Ez dut ulertzen zein adieratan erabiltzen duen Lamarcak ‘zuzen’ adjektiboa. Zuzentasuna gramatika-arauak betetzea da, baina esango nuke beste zerbaitetaz ari dela, ez baitut uste honelakoak barneratzeaz ari denik: «Ni ez daukat inprimagailua». «Baina eske da guztia oso teorikoa». «Joaten naiz, andereño?». «Zertarako kontatu, si ez da inoiz agertzen». «Kontuz, min egingo zarela!». [Esaldiok Orreaga Ibarraren Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa (2011) liburutik atera ditut.] Halakoei igaro-baimena emateaz ez, baina Lamarca egokitasunaz, euskararen errepertorioa aberasteaz eta, zehazkiago, euskara kolokiala sustatzeaz ari bada, eskertzekoa litzateke ildo horretan zer landu den ezagutuko balu.

 «H. Bichakjianen arabera, hizkuntzek eboluzionatzeko joera naturala dute, berez lortzen dute apurka-apurka hitz orden eraginkorrago bat, morfologia xinpleago bat edota lehenesten dituzte aiseago ahoskatzen diren fonemak» (14. or). Mendizabalen eta Rubioren atalak Bichkjianen ideiez blaituta daude. Berari irakurri diote hizkuntzen bilakabide naturalean SOV primitiboagoa dela, eta SVO, eraginkorragoa, eboluzionatuagoa. Nik ez dakit eboluzioa noranzko horretan doan, baina garbi daukadana da sinpleagorako joerarena ez dela egia. Hizkuntzek ezaugarri batzuetan sinpleagora jotzen dute, eta beste batzuetan, konplexuagora.

 «Sintaxi buruazkenetan gure entendimenduak (gure prozesatzaile linguistikoak) itxaron beharko du artio ezagutu (azken) buru sintaktiko relevanteak arrén ongi uztártu sintaktikoki buru horien aurreko elementu dependenteak» (59. or.). Ideia honek –berau ere Bichkjiani ikasia– hizkuntza prozesatzea broxeta bat jatea bezala irudikatzen du. Mokadu bakoitzean, zapore berri bat ahoan. Euskaran eta hizkuntza buruazkenetan, baina, badirudi zati zaporetsu bakoitzaren aurretik patata asko aurkitzen dugula, eta hainbat haginkada behar ditugula dastamen-papilak alaitzeko. Errealitatea da, ordea, burmuinak ez duela halako modu linealean prozesatzen hizkuntza. Mintza-katea, bai, linealki sartzen zaigu belarritik, baina orduan burmuinak hainbat prozesu paralelo aktibatzen ditu, batzuk kate (perpaus) osoa urkuldu arte irauten dutenak. Hizkuntza-tipologia edozein dela ere, burumuinak ez dio hartzen zentzu osoa esaldiari amaiera arte. Egia da badirela estrategiak burmuinaren lana arin dezaketenak, eta, horretan, euskara ez da atzean geratu. SOV hizkuntza izateari utzi beharrik gabe, perpaus hasierako menderagailuak ez dira gutxi, esate baterako.

 «Egitura sintaktikoki koherentea geldituko dá sistematikoki irekia ki jarraitu zehazten gure osagarriak aiseki, sortuz egitura bat funtzionalki rekursiboa, erraztuz espresio aberatsa eta matizatua, eta, finean, zabalduz ateak i fluitate eroso, potente eta efektiboa» (61. or.) Ideia horren “alderdi mekanikoa” egia da, hizkuntza burulehenetan infinituraino katea baitaitezke perpausak, baina –testu administratiboen itzultzaileek esperientziaz dakiten bezala– ez da egia emaitza beti denik espresio eroso, potente eta efektiboa, eta bai, sarri, mordoilo korapilatsu, trakets eta antikomunikatiboa.

Azken batean, testuen eraginkortasuna ez datza hizkuntzaren ezaugarrietan, baizik hiztunaren dohainetan. Hiztun batzuk trebeago dira testu komunikatiboagoak (prozesatzen errazagoak) ekoizten, eta beste batzuk baldarragoak. Baldarrago garenok asko eskertzen ditugu eraginkortasun komunikatiboari buruz egiten diren ikerketak eta, batez ere, lantzen diren jarraibideak eta gidak. Mundu anglosaxoian urrats handiak egin dira plain English deritzon ereduan. Berari jarraituta, EITBk hizkera laua erabiltzeko gida bat dauka aspalditik.

Utzi iruzkina