Idoia Santamaría Urkaregi
Aurtengo udan, ekainaren 29an eta 30ean, EHUk antolatutako “Anjel Lertxundi: idazlea eta obra” uda-ikastaroan hartu nuen parte, beste hizlari batzuekin batera. Lertxundik itzulpengintzaz, itzulpenez eta itzultzaileez esandakoak, idatzitakoak eta argitaratutakoak jaso nituen ordurako, eta han esandako batzuk laburbildu eta hona ekartzea pentsatu dut, itzultzaile guztiontzat jakingarri izan daitekeelakoan Lertxundiren eta itzulpengintzaren arteko lotura estua ezagutzea.
Hiru alorretan banatu nuen ikastarorako prestatutakoa:
- Lertxundik itzulpengintzaz esan edo idatzi dituenak;
- Lertxundik berak euskarara itzulitako lanak (argitaratuak eta argitaratu gabeak);
- Lertxundik eman dituen arrazoiak bere liburuen gaztelaniazko itzultzaile ez izateko.
Hiru alor horiek berak aletuko ditut hemen ere, han baino laburrago, hori bai, ezinbestean.
Itzulpena zer den adierazteko, definizio egoki-egokia ematen du Berbelitz pertsonaiak Lertxundiren Itzuliz usu begiak saiakera ezagun gogoangarrian: hitzen “adierak pisatzea”. Eta hitzen adieraz ari garelarik, euskarazko itzuli aditzaren adierak jartzen ditu adibide Berbelitzek:[1]
| Dirua itzultzeak gauza bakarra esan nahi du, stricto sensu behintzat, liburu bat itzultzeak gutxienez bi. Ez, itzuli guztiek ez dute adiera bera. Ezta traducir guztiek gaztelaniaz […]. Agian harritu egingo zarete, baina itzuli hitzak hogeita hamar adieratik gora ditu euskaraz, ez da txantxa! Casanova ohetik ohera nola, adiera batetik bestera ibiltzen gara gu hiztegietan. |
Literaturari erreparatzen badiogu, gainera, are korapilatsuagoa da kontua, literaturan ez baitira hitzak soilik itzuli behar; hitzekin batera, musika ere itzuli behar da, hots, edukiaz gainera, forma, forma hori delarik, askotan, edukia sortzen duena, guztiz banaezin bihurtuz biak.
Lertxundirengana itzuliz, inork pentsa dezake 2019n argitaratutako Itzuliz usu begiak saiakera dela Lertxundik itzulpengintzaz idatzitako aurreneko lana. Egia da hori dela gaiari oso-osorik, luze eta zabal, eskainitako liburua, baina askoz lehenagokoa da sorkuntzari eta itzulpengintzari buruzko Lertxundiren kezka eta hausnarketa. Esate baterako, Gogoa zubi izenburuko 1999ko saiakera laburrean ageri du jada itzulpenaren gaineko kezka, bai eta, administrazioak itzulpenaren inguruan duen estrategiari edo estrategia faltari buruzko hausnarketa zorrotza ere:[2]
| Itzulpenak zabaltzen du kultura baten leihoa, itzulpenari esker egurasten ditu kultura horrek bere gelak eta ganbarak. Itzulpenen bidez heltzen da hizkuntza bat berez helduko ez litzatekeen eremuetara. […] Administrazio osoa itzulpenen bidez euskaldundu izanaren onurez ari gara aspalditxo. Baina, aldi berean, uzkur begiratzen diogu itzulpen literarioari. Haatik, esan beharra dago kemena galtzeraino: ezin dugu euskaraz egindako itzulpen literarioa —azken urteotan gertatu zaigun albiste txalogarriena— larderiaz begiratu eta gainerako alor guztiak […] itzulpenez bete… |
Handik gutxira, 2001ean, hari berari heldu, eta gehiago garatu zuen Lertxundik Mentura dugun artean saiakeran; jatorrizko lanen aldean itzulpena gutxiesteko dugun joerari heldu zion orduan:[3]
| Gurean, egia da, itzulpenen gainean hotsa zabaldu da ez dutela jatorrizko obren berezko jariorik. Zer da, ordea, berezko jarioa? Askoz ere alde handiagoa dago Auspoako bildumako liburu gehienei darien berezko jarioaren eta Axularren edo Miranderen jarioaren artean, Literatura Unibertsaleko edozein itzulpeni darionetik Ramon Saizarbitoriaren edo Itxaro Bordaren eleberriei darienera baino. Eztabaidaren ardatza […] bere leku naturaletik aterata dago, eta irizpide pedagogiko edo didaktikoek […] jardun literarioa baldintzatzen dute, literatura baztertu nahi izateraino bere-berea duen plazatik. Jokabide horrek, itzulpena umezurtz utzi eta gaitzesteaz gainera, jatorrizko lan batzuk bakarrik loriatzen ditu praktikan: hizkera erraz, mugatu eta laua eskaintzen dituzten jatorrizko lanak, hain zuzen. Jario bakar eta jakin bat, beti bera, dutenak. |
Hortik tiraka, itzulpengintzari buruzko Lertxundiren tesi nagusiaren muinera helduko gara: hots, sorkuntza eta itzulpengintza, biak dira literatura, biek osatzen dute hizkuntza batean egiten den literatura, biek elikatu behar dute elkar; ez ditzagun tratatu itzulpenak maila apalagokoak balira bezala, eta hel diezaiogun behingoz gure benetako arazoari:[4]
| Kontua da —kontu tristea— gure belaunaldiak zein gure ondorengoek aiseago irakurtzen dugula gaztelaniazko itzulpen oro, obra horren beraren euskal bertsioa baino. Menperagaitza zaigun hizkuntza arrotz batean bezala irakurtzen dugu euskaraz, eta geure buruari iruzur egitea da Joyce edo Hamsun edo Cocteau zailak direla esanez bertan goxo egitea: euskaldun askok neke berdintsuak ditu Saizarbitoria zein Sagastizabal irakurtzeko. […] Itzulpen versus jatorrizko lehia ez da, aldez edo moldez, benetako arazoaren estalgarri baino: irakurleok dugun ahuleziarena inguruko erdaren eraginez. |
Ez da hor bukatzen auzia, ordea, itzulpenak menostean itzultzaileen sortzaile-lana ahazten baita. Lertxundiren hitzetan:[5]
| Itzultzaileen sortzaile-lana ahanzten da itzulpenez ari garen guztietan. Ez euskarak ez hizkuntzarik ahaltsuenak ere ezin du, itzulpenen bidez baino, hainbat ahots, pentsamendu, giro eta kultur ikuspegi jaso. Munduak hots asko baditu, itzulpena da hots horiek nire hizkuntzan entzuteko modua. Euskarak oraindik izendatu ez dituen sentimendu, emozio, ikuskera, bihurgune eta bihozkada asko dago munduaren eta literaturaren bazterretan. Horregatik du berebiziko garrantzia hots oihartzuntsuenak —oihartzun ozenenen oihartzun direnak— euskaratzeak. |
Hori dela eta, bada adibide bat itzulpenaren eta sormen-lanaren arteko lotura estua erakusten duena eta Lertxundik behin baino gehiagotan aipatu duena. 1970eko hamarkadaren hasieran gaude. Gero Goiko kale eleberria izango den testua lantzen ari da Lertxundi. Gaztelaniaz irakurritako Dublineses lana du buruan, Joycek Irlandako giro erlijiosoan kokaturik kontatzen duenaren antzeko zerbait kontatu nahi baitu Lertxundik Orioko bere haurtzaroa hizpide hartuta. Girotzeko aukeratu duen literatura-lana —Dublineses— gaztelaniaz irakurri duenez, hortik euskararako bidaia egin behar du buruan, giro hori euskarara ekarri, gero, hortik abiaturik, euskaraz sortu nahi duen lana idazteko. Alabaina, Joyceren lan horren euskarazko itzulpena —eta ez gaztelaniazkoa— irakurtzeko aukera izan balu une hartan —bide batez, geroago Irene Aldasorok bikain itzulia, eta 1999an argitaratua—, euskaraz izango zuen Lertxundik sormen-lanerako erreferentzia estilistiko guztia; beraz, euskaratik euskararako bidaia egingo zuen eleberria idaztean. Argiago azaltzen du berak Eskarmentuaren paperak saiakeran:[6]
| Itzulpenik ez genuen garaian , beste hizkuntza batzuetakoak ziren nire erreferente estilistiko asko —gehienak—. Gaztelaniazkoak batez ere. Eta idazten ari nintzelarik, erdal erreferentzia horiek baliatzen eta egokitzen nituen. Beste hizkuntza batetik neurera txango etengabea egitea zen, neurri handi batean, idaztea. Orain, ordea, askoz sarriago egiten dut txango neure hizkuntzatik neure hizkuntzara, eta ez da soilik euskal idazleen —eta obren— panoramika zabaldu delako. Bada beste hizkuntzetako idazle asko euskaradun egin dugulako ere. |
Hel diezaiodan orain Anjel Lertxundiren itzultzaile-jardunari. Izan ere, behin baino gehiagotan esan eta idatzi du ezen idazle gazte batek aholkua eskatu eta galdetuko balio ea zer egin behar lukeen estiloa lantzeko, esango liokeela asko irakurtzeko eta literatura ona itzultzeko:[7]
| …esango nioke hartzeko itzultzeko praktika, itzulitako testuak tiradera batean gorde beharra ez dela inoiz denbora galdua; esango nioke itzultzea entrenamendu aparta dela estilo propioa trebatzeko, esango nioke ausartzeko testu sentsorialekin, ironikoekin, koloretsuekin; esango nioke idazle handi askok txandakatu dituela sorkuntza eta itzulpena. |
Lertxundik itzulitako lanen artean, bi ditugu argitaratuak:
- Luzio Apuleioren Urrezko astoa, Juan Kruz Igerabiderekin batera latinetik itzulia eta Ibaizabalek 1996an argitaratua, Literatura Unibertsaleko bilduman.
- Eugenio Montaleren poemen antologia, Susaren “Munduko Poesia kaierak” bilduman 2015ean argitaratua.
Argitaratu ez baditu ere, itzulpen gehiago egina da, eta ez soilik euskarara, baita gaztelaniara ere; beraz, berak ere baliatu du idazle gazteei emandako aholkua, eta izenburu horrekin berarekin jasoa du esperientzia (“Aholkua”)[8] Itzuliz usu begiak liburuan. Hor dio, esate baterako, García Márquezen La hojarasca itzultzen aritu zela behiala, bai eta Cesare Paveseren La bella estate ere, «beti uda partean, ariketa gisa beti». Juan Beneten Herrumbrosas lanzas eta Thomas Bernharden Korrektur prosekin liluratuta, lanok gaztelaniatik itzultzen ere saiatu zen, baina ez zuen aurrera egin. Martin Ugalderen Las brujas de Sorjin euskaratu nahian ere ibili zen, «baina laster etsi nuen (nola euskaratu izenburua?)».
Horiek dira bere itzulpen-ariketei buruz han-hemen irakurri dizkiodanak, baina, Anjel ondo ezagutzen duen txoritxo batek esanda, badakit ez direla horiek saio bakarrak, eta, besteak beste, Cioran, Canetti, Heidegger eta Calvino itzultzeko saio mardul askoak ere egina dela.
Itzulpen-ariketa horien ondoren heldu ziren Lertxundiren aipatutako bi itzulpen argitaratuak, eta bertatik bertara ikusi zuen orduan zer dakarren itzulpen bat egiteko behar den denbora minutu, ordu, egun eta, are, urtetan zenbatzeak:[9]
| […] Handik urte askora etorri zen, nahiko berandu, liburu oso baten nire lehendabiziko literatura itzulpen argitaratua: Apuleioren Urrezko astoa izan zen, Juan Kruz Igerabiderekin batera itzulia latinetik. Esperientzia pizgarriaren ondotik ibili ginen esaten bi urtez behin klasiko bat itzuliko genuela latinetik, baina ametsek hegan egiten dute eta egunerokotasunak ibilera astuna du. Orain urte gutxi, Susakoek eskatu zidatenean nire gustuko poeta baten antologia itzulia Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratzeko, Montaleren proposamena egin nien. Hobeto uler dadin erakutsi nien ausardia: eman zidaten urtebeteko epea askitzat jo nuen nik. Laster konturatu nintzen epe guztiak direla labur horrelako lan bat burutzeko. |
Alabaina, salbuespenen bat gorabehera (aurrerago aipatuko dut hori), Lertxundik ez du bere gain hartu nahi izan bere liburuak gaztelaniara itzultzeko lana, nahiz ondo baino hobeto menderatzen duen gaztelania. Hiru eragozpen nagusi ikusten dizkio horri:[10]
| Lehendabizikoak aski du gogo falta hutsetik; nekearekin batera, asperdura eragiten dit hartan hasi beharko nukeela pentsatze hutsak. […] [Bigarren eragozpena]. Originalean egindako oker nabarmenak zuzenduko nituzke. Berrikuntzak egingo nizkioke testuari, agian erantsi ere egingo nuke zerbait baino gehiago originalari falta zaion guztia disimulatze edo konpontze aldera. […] Hirugarren eragozpenari ekiteko ez dut nire esperientzia kontatzea beste biderik. Berrogeita hamar urte daramatzat nire literatur estiloa lantzen. Hasi nintzenean, dezentez hobeto moldatzen nintzen gaztelaniaz euskaraz baino. Sufrikarioa zen euskarazko esaldi bakoitza, handia zen neukan menpekotasuna […]. Berrogeita hamar urteren ostean, nire idazkuntza motz herrenagoa sentitzen dut gaztelaniaz euskaraz baino. Bizi profesional osoa eman dut euskara lantzen, ia obsesiboki. Konpetentzia kontua izango da. Sentipen horretan, agian, asko egongo da prebentzio psikologikotik, baina jatorri hizkuntzan konpetenteagoa izanda helburu hizkuntzan baino, aukeran nahiago ez. |
Horra Anjelek aipatzen dituen eragozpenak. Hartutako erabakian izango du zerikusirik orobat Anjelen lanen gaztelaniazko itzultzaileen bikaintasunak: Jorge Giménezen eta Gerardo Markuletaren lanak bi profesional handiren marka eta zigilua du. Bi adibide baino ez aipatzearren, hartu Itzuliz usu begiak saiakeraren Giménezen gaztelaniazko itzulpena, Sombras en el espejo, edo hartu Tú, eta irakurri Markuletak ondutako Zuren itzulpena. Ez zarete damutuko.
Inork gehiago jakin nahi badu sortzaile baten eta haren itzultzailearen arteko harremanaz, bada harribitxi bat, Senez aldizkarian 1999an izenburu honekin argitaratua: “Anjel Lertxundi eta Jorge Giménez Bech: idazlea eta bere itzultzailea”; Gotzon Egiak gidatutako elkarrizketa zinez interesgarria da, kontu jakingarriz betea. Besteak, beste —eta orain dator lehentxeago aipatu dudan salbuespena—, elkarrizketa horren hasieran, Lertxundik dio “Lur hotz hau ez da Santo Domingo” ipuina berak itzuli zuela gaztelaniara. Dioenagatik, zapore gazi-gozoa utzi zion esperientzia hark, eta izan zuen eraginik gerora hartutako erabakian; alegia, ez zituela berak itzuliko gaztelaniara berak euskaraz idatzitakoak:[11]
| Ipuin hori itzuli nuenean, hasieran ez nintzen konturatu, eta gero, prozesua bukatu ondoren, berriz, jabetu nintzen arazo izugarriaz, nik neuk testuarekin izan nuen arazo izugarriaz. Aitorpen bat egin beharra daukat: euskaraz argitaratua dagoen testua eta gaztelaniaz dagoena desberdinak dira. Gaztelaniazkoak, esango nuke plus bat duela. Nolabait, halako work in progress bat eginaz, halako tranpatxoak eginaz, testu originalean dauden ahuleziak saihestuz, beste modu batera bideratuz, eta abar, jatorrizko testua traizionatu egin nuen. Zilegi nuen, neurea zen, eta sortzen ari nintzen berria ere neurea zen, baina, jakina, itzulpen gisa agertzen zen eta ez egokitzapen edo moldapen gisa. Alde horretatik, ipuin hura itzuli, gero argitaratu eta handik denbora puska batera kontrastatu nituenean bi testuak, halako erabaki bat hartu nuen: nik ezin nuela neure buruaren itzultzaile izan. Zilegitzat jotzen dut beren buruaren itzultzaileak direnen jokabidea, baina ni ezin nintzela izan, besteak beste hizkuntza horrekiko trebetasuna edo trebetasun falta alde batera utzita, nik ez nuela egin behar, nolabait neure burua ez traizionatzeko. Bi arrazoi nituen: bat apuntatu dut, jatorrizko testuarekiko leialtasuna gorde nahia, kanpora begira, nolabait pentsatzen nuelako abiapuntuzko testuak izan behar duela jatorrizkoak eta lehendabizikoak, euskarazkoak. […] Bigarren alderdi bat badago kontsiderazio hau egiterakoan, euskarari berari begira. […) Nik jakinaren gainean lan egingo banu, egiten ari naizen testu hori gero tradizio handiagoa duen hizkuntza batera itzultzekoa dela jakinik alegia, orain hemen euskaraz ditudan zailtasunak saihestu, baztertu, albo batera utzi, eta gero espainolez halako testu finko bat egingo dudala jakinda, ez nintzateke hain zehatza izango. […] Argi dut ez nukeela halako ahaleginik egingo zehatza izaten, konpondu behar ditudan arazo teknikoak, literarioak, linguistikoak, errazago saihestuko nituzkeela beti ere jakinaren gainean, egunen batean testu hori itzultzen baldin bada beste hizkuntza batera, nik hura kontrolatu ahal izango dudala eta berriro ere han egingo dudala nire bide literarioa bigarren hizkuntza horretan. |
Horra, beraz, Anjelek emandako arrazoiak. Ez da, bistan da, funtsik gabeko erabakia, ondo pentsatutakoa baizik.
Honaino, gaurkoz, Anjel Lertxundi eta itzulpengintza lotzen dituen soka luze oparoaren muturtxo bat. Ez dakit konturatzen garen nolako pagotxa den gaurko itzultzaileontzat itzulpenari buruzko hain hausnarketa luze-sakona egin duen idazle baten garai berean bizitzea, besoz beso. Eta nolako fortuna den guretzat esku-eskura izatea berrogeita hamar urtez estiloa lantzen aritu den idazle baten begirada, ekarria eta hizkuntza. Labana suitzar baten aukerak eta malgutasuna eman dizkio hizkuntzari, hots, guk, itzultzaileok, beti zorrotz eta zoli behar dugun tresnari. Leundu, txartatu, kiribildu, ugaldu, zorroztu egin du Lertxundik tresna hori, baita zakartu ere, behar izan duenean.
Nik ez dut «etxetik» atera nahi izaten labana hori patrikan eta eskuaz ondo helduta daukadala sumatu gabe, aurrez baitakit ezinbesteko laguntza izango dudala behar dudan guztietan eta espero ez dudan beste hainbestetan.
[1] Lertxundi, Anjel (2019). Itzuliz usu begiak, Alberdania, 17. or.
[2] Lertxundi, Anjel (1999). Gogoa zubi, Alberdania, 23. or.
[3] Lertxundi, Anjel (2001). Mentura dugun artean, Alberdania, 176-177. or.
[4] Ibidem, 186-187. or.
[5] Ibidem, 187. or.
[6] Lertxundi, Anjel (2009). Eskarmentuaren paperak, Alberdania, 58. or.
[7] Lertxundi, Anjel (2019). Itzuliz usu begiak, Alberdania, 20. or.
[8] Ibidem, 19. or.
[9] Ibidem, 19-20. or.
[10] Ibidem, 47-48. or.
[11] Senez 21 (1999), EIZIE.

