Oskar Arana Ibabe
Esapideek edo erranairuek duten erakarmena zertan datzan jakiteko, RAEren definizio laburrera jo dut, eta zehatza ediren dut, zinez: “osatzen duten osagaietatik ondorioztatu ezin den esanahia duena” omen da esapidea. Eta baietz derizt, horrexek erakartzen nauela esapideetatik. Eta ohartu naiz (zarete) —dagoeneko— gustuko dudala hiztegietan jaso gabeak biltzen aritzea han eta hemen, nire inguruko euskaldunen sare geroz eta mehatzagoan. Hona ekarri dudan honen adibiderik ez dut topatu, ez Interneten, ez Orotarikoan. Baliteke ez ondo arakatu izana. Nolabait, 1 + 1 = 2 ez izate hori dut gustuko, erranairuetan.
Ekin diezaiogun bada izenburuko horri. Beharbada ez da erranairua, 1 + 1 = 2 dela ondoriozta baitaiteke, agian. Baina hiztegietan ez dut ikusi, eta, beraz, zirkulazioan jarri nahi baitut, “balioa emango” diot idatzian ez baina ahozkoan entzun ohi dudan esapide horri.
Bildu nueneko egoera ez da atsegina, ez da gozoa, munduan heriotza ematea eta indarkeria oso merke dabiltzan garaiotan bizia hain erraz oinkatzen baita. Ukrainako berrien inguruan sortu zen, etsipenez iragarpen makabro bat egin genuelarik asteon gertatu den zerbaiten iragarriz, ama eta bioren arteko solasean, telebistan berriak ikusten geundela. Prigozhin eta bere ostea Moskuren aurka bihurtu omen ziren lehenik, Kremlineko agintari nagusiarekin hautsi-mautsiren bat egin ondoren, bihurraldia bertan behera utzi eta Bielorrusian hartu egoitza gero; handik laster, ordea, berriemailearen arabera, haren berririk ez omen zen:
—Honezkero garbitu dute! (nik)
—Hainbeste be igoal! (amak)
Amak esandako horren gaztelaniazko ordain bat eman nahi nuke, baina ez zait egokirik bururatzen (¡Pues no diría que no!, ¡Pues no juraría que no! edo gisakoren bat, izatekotan). Esapide horrekin esan nahi izaten da ez litzatekeela harritzekoa, gerta litekeenen artean dagoela; hainbeste be igoal! dioenak esan nahi du ez litzatekeela harrituko, ez duela erabat baztertzen hori gertatu izana. Jakina, beste esapide batzuen moduan, geroz eta gutxiago entzuten da belaunaldi batetik beherakoen artean. Gure eskualdean behintzat (egia esan, euskara bera ere geroz eta gutxiago entzuten da, eta esango du baten batek, zer garrantzi du esapide baten erabilera urritzen aritzeak, desagertzen aritzeak, euskara ere nekez entzuten denean. Ez da nire asmoa hemen doktore tesi bat egitea esapideen garrantziaren inguruan, ez baitut nahikoa irakurri horren gainean, eta kosta egingo bailitzaidake tesi bat agertzea. Baina, horixe da kontua: esapide hori oso gutxi entzuten da adin jakin batetik beherakoen artean, eta euskara bera ere bai).
Aieru bat egiten du esapide hori darabilenak. Hona beste egoera bat.
Iloba eta biok jolasean ibili gara, jolas berri batekin, bazkalaurretik (poz ikaragarria jostailuaren jarraibideak euskaraz ere edirenik, beste hizkuntza askoren artean! Azeri sendagilea edo, omen, euskaraz, jolasaren izena). Mahairako deia etorri da, … hots, mahaira! Bazkalostean, baten batek ohartarazi gaitu —mahaikada bete bildu baikara ahaideak— jolas guztia dagoela banatuta lurrean. Ilobak batzen laguntzeko eskatu dit. Batzen ari ginen bitartean, beste lehengusu txiki bihurri bat hurbildu zaigu, eta galdetu egin diogu: “Badakizu nork barreiatu duen jostailu hau lurrean?”. Ezer erantzun gabe alde egin du. Ikerlaritara jolastera jarri gara iloba eta biok: “Elur bera izan ote da?” (hitzik esan gabe ihes egin baitu Elurrek, ilobaren lehengusu txikiak). Amari aipatu diot gauean pasadizo irrigarria. “Hainbeste be igoal” esan du, Elur izan zatekeelako susmoa aipatu diodanean.
Esapidearen egiturari begiratuta, beharbada ez da betetzen RAEk ematen duen definizioa, zeren eta, hor, hainbeste izenordaina baita, kontatutako pasadizoa jasotzen duena, hori alegia, kontatutakoa, izenordainari dagokion moduan. Eta, igoal ere, aierua baita, ez da haren adiera bestelakotzen, agian esan nahi du, litekeena da; eta bataren eta bestearen baturak ere, alegia, hainbeste ere (hori) igoal (litekeena da), ez du ematen bestelakotzen duenik elementuen baturak arruntean behar lukeen emaitza. Alta, hainbeste da izenordaina, konparaziozkoa, eta ez, ordea, hori, erreferentzia hutsa. Eta, horrenbestez, esan dezakegu konparaziozko esanahia gehitzen diola deiktiko edo seinalatzezko hutsari (¡incluso eso me creería! edo parekoren bat beharko luke erdaraz, hitzez hitzezko baliokidetzara joz gero). Beraz, stricto sensu, ez da esapidea. Baina, agian, elementu bien konbinazio bakanagatik, ez usukoagatik, badagokio esapidearen lerruna. Ez dakit. Lexikologoren batek hiztegiren batera batzen badu, agian aitortuko dio lerrun hori. Nik salbatu beharrekoen artean jaso dut, gure eskualdean salbatu eta zirkulazioan berriro jarri beharrekoen artean —Hartz zuria bezala. Hartz zuria ere salbatu egin behar baitugu.
Eta, hain bakan entzuten den horrekin batera, eta horren kideko, askoz ezagunagoa eta oraindik ere erabiltzen dena, izenordainaren bigarren eta hirugarren graduarekin erabili ohi baita: “hainbeste bazakiagu” edo “horrenbeste bazakiagu”. Konparaziozko izenordainaren erabilera zaporetsua derizt, eta izenburuan aipatu dudanaren parekoa.
Alegia, zaporea ematen dietela hiztegiari eta solasari erranairuek. Horregatik ditut gustuko.

