Oskar Arana Ibabe
Pandemia-garaian ikasirik hurbileko bide aspaldian ibili gabeak berribiltzen, basora abiatu gara hiru lagun. Giroa heze goizean, gaueko euriagatik, eta zerua artean estalita, alai goaz aldapan gora. Aise iritsi gara Murugainera[1], bidean hamaika hutsalkeria aipatuz, berriketa arin eta lokabean, eta, gero, Murugainetik beherantz jo dugu, ezkerreko hegaletik, Untzilla auzoraino, artadi batean zehar lehenik, pinudi batean zehar gero, harik eta, lehenengo baserria igaro, eta San Adrian zelairako basabidean barneratu garen arte. Bide horri ekin berritan, baserri baten atzeko aldetik igarotzean, Iñakik egur multzo bat seinalatu du, atzeko horma ondoan: “Egurra zatituta eta piloan, tolestu barik” esan du. “Tolestu barik?”, atera zait harrituta. “Tolestu” esan duk?” Eta, bai, hala esan omen du. Berehala galdetu diot zer esan nahi izan duen, ez da-eta lehenengo aldia Iñakiri edo haren anaia Anjeli nik ezagutzen ez dudan adieraren bat edo berbaren bat aditzen diedana. Eta, bai, nik antzeman legez, esan du egur zatiak bata bestearen gainean antolatuta eta txukun jartzeaz ari dela. Berrogeita hamalau urte betetzear eta lehenengo aldia izan da, nik gogoan dudala, hitz hori adiera horrekin erabilia aditu dudana. Ez dago nik une horretara arte ezagutzen nion adieratik guztiz urrun, egia da, baina lehenengo aldia da horrela erabilita aditzen dudana —basora zizatan egiteko asmorik gabe atera eta adiera polisemiko hori kausiturik—. Gogoan hartu dut, etxera iritsitakoan amari galdetzeko, ea ezagutzen duen adiera hori, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ere begiratzeko, ea jasota dagoen. Eta, bai, amak ezagutzen du (baina gure etxean ez da erabili izan, ez nik gogoan dudala, eta beste hitzen bat erabiliko zen, hartara, horren ordez… ordenatu, gehienbat, eta txukundu, guk ikastolatik etxera ekarrita, geroago), eta ea zer adieratan galdetu diot, eta “mahai-tresnak tiraderan sartzeko orduan tolestuta sartzea”, aipatu du. Eta ni ezin harriduratik atera, burdinazko mahai-tresnak ere “tolestu” daitezkeelako, ordura arte oihalak eta jantziak bezala. Eta, Euskaltzaindiaren Hiztegian begiratuta, hor ageri da, hirugarren adieran. Ondo datorke hona kopiatzea sarrera, eta, ikasi berri dudan horretaz gain, beste biak ere gogoratzea. Biziki gogoko dut hori, gure hitzen adiera guzti-guztiak baliatzea, zukutzea gure berbak, eta, nostalgiarako joera izanik —nahiz eta ez Proustek adina; gaur irakurri dut, Vilaweb egunkariko artikulu guztiz gozo batean: bizitzako atzenengo urteetan kafesnea eta madalenak eta croissantak besterik ez zuen jaten; morroi apetatsua, inondik ere: https://www.vilaweb.cat/noticies/a-la-recerca-dun-dinar-amb-marcel-proust-a-argentona/—, ahanzturatik edo galtzetik salbatzea haiek, niretzat, eta nik bezala orain artean ezagutu ez eta bizialdi berri bat eman nahi lieketenentzat:
| tolestu, toles/tolestu, tolesten 1 du ad. Gauzaki malgu baten zati bat beste zati baten gainean gertarazi, behin edo gehiagotan. Egunkaria tolestu. Izarak tolesten. Praka barrenak belaunetaraino tolesturik. 2 du ad. (Gorputz adarrez mintzatuz). Belaunak tolestuz, Mattinen bekokia muinkatzeko makurtu zen. || Hik deitu behar inori alferra, hik, egun guztian besoak tolestuta hagoen horrek! 3 du ad. Behar bezala antolaturik jarri. Geldiro eta arretaz tolesten ditu aitonak metatxoetan gari-eskutadak. Geletako hormak puskatuak zeuden, asabek tolestutako harri muturrak kare urratuaren tartetik erakutsiaz. 4 (Partizipio burutua izenondo gisa). Oinetarainoko kapa luze lodi tolestua sorbalda gainean jasoz. Zurdazko ehun tolestu batean bildua. |
Hara hor, harri muturrak ere nola toles daitezkeen; eta berbak ere bai (Orotarikoan: Badakizu berbakaz zer egiten dogun? […] arduraz batu, alkartu, toloztu ta noizik noizera aizetara ta argitara atara. A Ezale 1897, 189a); eta haitzak (Orotarikoan: ta zelan iñok eztituan atxak alkarren gañean tolostu, itxasoaren barezko egunetan […]. Ag Kr 139.) eta antxoak [Orotarikoan: Antxobak errezkada zuzenean otzaretan tolostu. Ib. 78. ); eta potinak (Orotarikoan: Ontzitegiak langille barik ikusten zirean; potiñak alkarren ondoan tolostuta. Ib. 206.)
Nik daukat hori dela basora atera eta polisemiazko gibelurdin bat topatzea lez. Poz berbera edo handiagoa hartu dut, adiera hori ikasirik aspaldiko berba ezagunari. Ez bide du emankortasun handirik, ez dirudi gauza konkretuak eta ukigarriak tolesteaz harago balia daitekeenik, ez du ematen ordenatu eta txukundu berbek adinako hedadura har dezakeenik, eta behar ere ez, agian. Baina, murritza izanik ere, hor dago, baliatuko dut, idazkiren batean, berriketaldiren batean. Paisaiak, esaterako, edo lurraldeak, tolestu ote daitezke?…ez du ematen. Edo ideiak, ba ote dago buruan ideiak ondo tolestea? Berbak tolestu daitezken moduan, tolestu ote daitezke ideiak? Ez dakit, ea zer dioten gure lexikologoek.
Eta aurrera jarraitu dugu, susperturik hirurok basoko aire garbiarekin. Ez naiz sarri ibilia Aramaio eta Leintz ibarrak bereizten dituen lepo horietatik, San Adrian zelaian gora. Bidean txabola bat baino gehiago igaro ditugu, eta hizpide izan ditugu haiek ere, zertarako erabiltzen ote ziren garai batean. Txabolen katalogo bat egitea aipatu diet, eta zer ideia ona izango litzatekeen guztiak berritzea eta birgaitzea (ez zaie garai bateko erabilerarik ematen haietako askori, gaurko egunean) eta ibiltarientzat gaua igarotzeko eta egonaldiak egiteko atontzea, ugazabekin hitzarmenak eginez, halako baso-turismo moduko bat sustatuz gure eskualdeetan, nola iruditzen baitzait inoiz entzun izana egiten dutela Norvegian edo Eskandinaviako herrialderen batean. Ameslarion burutazioak ere suspertzen ditu basoko aireak!
Aurreraxeago, ezkerrera hartu dugu, eta hegal malkarrean behera abiatu baino lehen, Iñakik ameztoi bat erakutsi dit, malda handian behera, nik ezagutzen ez nuena. Zeinen desberdinak ameztoien baso azpiak eta pinudien baso azpiak: lerdoien baso azpietan, dena naharra[2]; artadoietan, belar luzeak baina naharrik ez, eta ameztoietan, bestalde, liliak eta belarrak, naharrik ez; guztietan gorostiren bat edo beste, eta, artadoian, esango nuke ezpelaren antzeko zuhaixka batzuk ikusi ditudala. Eskualdean ameztoirik handiena omen, Markamintegi deritzon aurkintzan (toponimo hori ere ezezaguna zitzaidan), Tximitxerrekatik ez urrun (erreka eta arroaren izena ere ezezaguna). Eta hara ziza zaporeko toponimo berri bi saskira. Ez dakit ondo azaltzen zer plazer ematen didan gure inguruetako toponimo berriak ikasteak: orduetan eta egunetan izaten ditut gogoan, poz bikoitza dastatuz, leku berriarena eta izen berriarena.
Hiru-lau ordu izan dira basoan ibilian, eta denetariko gaiak jorratzeko aukera izan dugu (jorratzeko lartxo esatea litzateke, aipatzeko, izango litzateke zuzenagoa). Irati filma ere aipagai izan dugu. Ikusi berria nuen, adiskideek ez. Basoan aisago urruntzen da bat jendarteko ildo edo joera nagusitik, zuhaitzen belarri erneetarako bidea aurkitzen dute kalean egiten ez ditugun maiseoek, eta herabe naiz aipatzera, eta hobe agian basoan zuhaitzen ez beste inoren belarrietan geratu balira… ez ninduen erabat gogobete filmak. Azaldu diet zergatik, Iñakiri eta Anjeli. Filma egitekoa zirela irakurri nuen egunkariren batean, urte eta erdi inguru dela, eta ustea egin nuen historikoa-edo izango zela, gure Braveheart moduko bat. Filma ederki egina dago (nik bezalako ikusle arrunt zinemaz oso ezjakina den batek esan ahal duen neurrian), begientzat eta belarrientzat gozamena da, baina ez da gogokoen dudan generoa, fantasiazkoa. Ikaragarrizko artelana begitandu zait euskal mitologiako pertsonaiak ere horrela filmera ekartzea. Iñakik ez omen du ikusi, baina trailerrean, bere iritzirako, bazen zerbait desatsegina, giro basa bat…horreik ulu larrixok… esan du. Eta, ohituta nagoenez Anjel eta Iñaki baserriko semeekin nabilelarik belarria erne izaten, pentsatu dut oso berba konbinazio ederra dela ulu larriak. Bat etorri naiz berarekin, nire ustean ere —badakit generoaren eskakizuna dela hori—, giro basatia ageri da filmean, garai hartako euskaldunak beti borrokan eta espantuka… (ez beza inork hau zinema kritikatzat har; ikusle arrunt eta xume baten iritzi nolanahiko bat da, ez daukat- eta nahikoa jakintzarik horretarako, neure gustuaz beste). Konbinazio ederra iruditu zait. Beharbada esapide arrunta izan litekeela otuko zaizue, baina Ereduzko Prosa Dinamikoa corpusean ez da behin ere erabilia ageri bikote hori, eta Euskal Klasikoen Corpusean ere ez. Bai, ordea, oihu larri galdetuta, agerraldi bana bi liburutan (Bat, Joseba Lozanoren Larrutik ordaindua eleberrian; bestea, Irati Bereauren Ene gela txikia itzulpen lanean). Alta, ez dakit, hor ere, larrirenadiera ez ote den polisemikoa, eta ez ote dagoen lehia moduko bat adiera bi hauen artean:
Euskaltzaindiaren Hiztegian:
| Larri 1 adj. Handia. Anton. xehe1. Bihi larriak. Gatz larria. Bahe larritik igaro. Abere larri eta xeheak. Hirietan eta herri larrietan. Bekatu larriak. Kalte larriak egiten dituena. Guztioi dagokigun auzi larri honetan. Bada beste arriskurik, are larriagorik. Ez da aditza euskalkien arteko bereizkuntzarik larriena. Arrazoi larririk gabe. Bera da errudun larriena. Zor larria diogu egileari. Kontu larriagoa da pasarte horiek itzultzea. 4 adj. Ondoeza edo kezka bizia sortzen duena, estua, hertsia. Heriotzaren itxura larria. Estutasun larrian. Premia larria. Kinka larrian. Dei larriak eginik. Gure hizkuntzaren egoera larria. Gerrateko urte larriak igaro zirenean. Heriotzako ordu larrian. Eritasun larria. |
Iñaki adiskidearen kasuan, esango nuke lehen adieran erabili duela ulu larri, filmaren trailerrak ez baitzion emango biderik egoeraren estutasunaz edo hertsiaz jabetzeko, espantuak edo asaldurak ekarriko baitzion burura kalifikatzaile hori.
Joseba Lozanoren eleberrian eta Irati Bereauren itzulpenean, ordea, badirudi hersturak eragina dela larri kalifikatzailearen erabilera:
| Larrutik ordaindua, Joseba Lozano (Alberdania, 2018): “Gorputz osoa larrututa zeukan zartakoen ondorioz, eta oihu larri batzuk egiteko indarra baino ez zitzaion geratzen.” Ene herri txikia, Gaël Faye / Irati Bereau (Igela, 2019): “Neure buruari adore emateko, siouxen moduko oihu larri bat bota nuen zaparradak ur jauzien gisara ateratzen zuen zalaparta hartan.” |
Neuretzako atera dudan ondorioa, hortik, joera izaten dudala berba polisemikoetan adiera bakarrera lerratzeko, zeren eta horretxegatik hartu baitut gogoan adiskide Iñakiren esapidea, esturaz besteko adieran, handi adiera soilean, ez dudalako erabili ohi larri, berbetan nabilela, behintzat (idatziz bai, gehitxoago, hizkera juridiko eta administratiboan).
Beste zizatxo polisemiko bat, beraz, saskira: kalifikatzaileak ez ditu behar baino gehiago erabiltzen Iñakik, eta doi ezartzen ditu, bete-betean asmatu ohi du.
Iritziko diozue gibelurdin eta zizatxook ez direla horrenbesterako, euskara sendo eta osasuntsu daukazuen eskualdeetan. Nire inguruan, ez da erraza Anjelen eta Iñakiren moduko berriketa-lagunak aurkitzea. Lanbideagatik egunero gure hizkuntza lantzen, ikasten eta jorratzen jardunda ere, ez dut haien senik, …nire ingurua erdaldundu egin da urte gutxian, euskalduna izan arren. Bada higatze bat hizkuntzaren erabileran, errazegi aldatzen da euskalduna erdarara, euskaldun artean berbetan egonda ere, eta, horrela, hitzak ahuldu, higatu, urmariatu, aienatu, eta atzenerako, desagertu egiten dira. Tolestu berbaren adiera horri gure etxean gertatu zaion bezala.
Egun hezeak izan dira basoan ibili ginenekoa eta ostekoak. Euria ez du ganoraz egin, langar moduko bat baino ez. Eta lainoak oso behean izan dira, ez behe-lainoa, prezeski, baizik eta, amak autoan goazela esan duen bezala, laino narrasa, lits batzuk lerdoietan, adaburuetan trabatuta bezala. Gogoko dut zehaztasun hori, zeina jauzika iristen baitzait belarrietara, txinpartak sutan bezala, Iñaki eta Anjel eta tarteka gure ama euskaraz dabiltzanean. Laino narrasa ere ez da ageri corpusetan. Zaretxoan gibelurdin bat eta hiru-lau ziza ez dira bazkari bat egiteko adina; afarian tortillaren zaporea hobetzeko lain, ozta-ozta, baso-kutsu hori eransteko.
[1] Harrigarria: Murugain mendiaren izena nola izkiriatu ziurtatzeko, jo dut EODAra, eta 15 sarrera eman dizkit. Denak horrela, bat eginik idaztekoak, Euskal Herriko hainbat lekutakoak. Bai toponimo hedatua! Aldiz, muru hitza galdu da hiztegitik. Ez dago, horrela idatzita, Euskaltzaindiaren Hiztegian. Bai, ostera, Orotarikoan, eta aski polisemiko ageri da bera ere. Lehen adiera dagokioke toponimoari, eta ederra deritzot definizioari:
muru.
Etim. Relacionado posiblemente con murru; v. FHV 331s.
Onom.: In locum nominatum Muru. (1036) Arzam 349. Semeno de Muru. (1350) Ib. 349. Aldea que llamauan Murua en Guipuzcoa. (1475) Ib. 349.
1. (Lar, Dv (V), H, A (que cita a Ur)), moru (H).
“Muru, […] cabezos de montañas” Ech 25r. “Teso, collado” Lar. “Collado” A. Duvoisin toma de P.P. de Astarloa murueta (Apol 103), “jolli colline”, en realidad una conjetura etimológica, a partir de un topónimo.
Ezkutetan da mendi, muru, atxarte eta oijanetan. Astar II VIII. Darabilez jarrai mendirik mendi, murutik muru. Ib. VI. Nire laztanaren boza, ara emen non saltuka datorren mendietati, muruak igaroz. Ur CantCS (V) 2, 8 (Ur (G), Ol muño). Baratzak loratxo eder usaintsuz ta, / aran ta muruak pitxi politez. GMant Goi 41. Gozua da murubetako iñarra. “Hill”. Altuna 34.
v. tbn. AG in Onaind MEOE 623. Enb 36.
2. (Lar, H), moru (Lar, H).
“También se tome esta palabra muru en mi lenguaje por colmo o colmar y lo mismo significa mukuru” Ech 25r ( A, que sin embargo copia murru). “Colmo” , “abastanza” Lar. “Comble, grande abondance” H.
“Gizon muruak, foule d’hommes” H.
3. (Izt 75r, A (que cita a Mg)), moro (V-arr ap. A ).
Muro; muralla. v. 1 murru.
Hautskitzu Japon eta Xina, / honda muruak urean. Gç 195. Bijotz andikua danak beregan darabil orma edo muru sendo burdiniak igaroko ezin dabena. Mg PAb 206.
v. tbn. Mb IArg I 294. AB AmaE 371. Azurm HitzB 32.
4. (Adv.). “Abastadamente […] naroro, ugari, mukuru, muru” Lar.
5. “Moru (adj.), rebosante, derramándose” Ond Bac.
[2] Euskaltzaindiaren Hiztegian, nahar sarreran, hau dio: batez ere Zuberoan lahar. Leintz ibarrean eta Aramaio ibarrean ere bai. Baina, ahoskatzean, zahar berbarekin gertatzen den bezala, a bikoitza eta h-a galdurik: zar, nar,… beraz, dana narrak, esango genuke.

