Hodor

Ane Garcia Lopez

[Game of Thrones ikusteko asmorik baduzu, oso berandu zabiltza, baina, tira, jakin ezazu spoilerrez beteta dagoela artikulu hau.]

Izenburua ikusi eta berehala zertaz hitz egingo dudan identifikatu ez duzuenontzat sarreratxoa: Game of Thrones telesail entzutetsuko pertsonaia bat da Hodor, Stark familiaren eta batez ere Bran elbarriaren laguntzaile fidela. Gizon handi eta maitagarria da, baina ez oso adimentsua. Telesailaren lehenengo 6 denboraldietan, pertsonaiak gauza bakarra esaten du besteekin komunikatzeko, eta hortik datorkio izena: “Hodor”. Seigarren denboraldira arte, ikus-entzule eta itzultzaile inuzenteok pentsatu genuen izen bat besterik ez zela hura. Orduan heldu zen, ordea, munduko ikus-entzunezko hainbat eta hainbat itzultzaile traumak jota utzi zituen kapitulu madarikatua.

Hainbat eta hainbat arrazoi tarteko, Bran salbatzeko ate bati eutsi behar dio Hodorrek. Branek gogamenarekin denboran atzera egiteko gaitasuna du, eta momentu horretan, Hodorrek ate horri eutsi behar dion unean, denboran atzera egin eta Hodor gaztearen baitan sartzen da (bai, oso konplikatua da dena) eta zera agintzen dio: “hold the door”. Iraganeko Hodor gazteak atake antzeko bat edukitzen du, esaldi hori etengabe errepikatzen duen artean (“hold the door, hold the door…”), eta atakea lasaitu ahala, esaldi hori itxuraldatu egiten du “hold door, hol door, hodor” bihurtu arte.

Hori bai atakea, itzultzaileei eman ziena. Izan ere, itzultzaileek ezin zituzten aurreko 6 denboraldiak aldatu, beraz bi erronka zituzten: fonetikoki “Hodor” izena emaitzatzat izan zezakeen esaldi bat aurkitzea + egoera horretan Hodorrek egin behar zuen hori, bere bizitzari esanahia eman zion egitekoa (ate horri eustea, hildakoek Bran akaba ez zezaten) adieraztea.

Hona hemen hainbat hizkuntzatan aurkitu zuten konponbidea (eskerrik asko, Internet). Bideoan ikus dezakezue hainbat hizkuntzatan: https://www.youtube.com/watch?v=bvs_-I8lrgU&t=145s

  • Frantsesez: “Qu’ils n’aillent pas au-dehors! Pas au-dehors” (Ez utzi kanpora joaten… Kanpora ez!)
  • Italieraz: “Blocca la porta, trova un modo” (Itxi atea, aurkitu ezazu modua)
  • Gaztelaniaz: “aguanta el portón” (eutsi ateari)
  • Portugesez: “Segure a porta” (eutsi ateari)
  • Errumanieraz: “ține ușa!” (eutsi ateari)
  • Japonieraz: “Boku da” (Ateari eutsiko diot)
  • Alemanieraz: “Halt das Tor!” (eutsi ateari)
  • Nederlanderaz: “Houd de deur!” (eutsi ateari)
  • Danieraz: “Hold døren!” (eutsi ateari)
  • Turkieraz: “Orada dur!” (gelditu hor)

Lehen begiratuan ikus daitekeenez, ingelesaren ahaide diren hizkuntzek (nederlandera, daniera, alemana) erraztasuna izan zuten bai fonetika eta bai esanahia gordetzeko. Beste hizkuntza-familia batzuetakoek, ordea, lanak izan zituzten katramila horretatik erdi-bizirik ateratzeko, eta ahal zutena egin zuten.

Bi joera bereiz ditzakegu: alde batetik, frantsesak eta italierak bakean utzi zuten atea, eta fonetikaren alde egin zuten. Tentsiozko testuinguru horretan esandako beste esaldi zatiei heldu zieten eta horiexek jarri zituzten Hodor gaixoaren ahotan, bere izena sortzeko. Bestalde, portugesa, gaztelania eta errumaniera atearekin tematu ziren eta fonetikoki askoz ere traketsagoak diren esaldi eta trantsizioak esanarazi zizkioten Hodorri. Aztertzeke daukat ea tradizio eta joera kultural konkretuen barruan gertatu ote ziren itzulpen horiek edo ez. Hodorren gaiak sona izan zuen kapitulu hori plazaratu zenean, eta hainbat memeren iturri ere izan ziren itzultzaileak horren harira. Nik pena itzela dut, euskara ez dagoelako Hodor nola edo hala itzuli behar izan zuten hizkuntzen zerrenda horretan, pantailak euskaraz edukitzea zailagoa delako, Hodor euskaratzea baino; izan ere, hamaika aukera ditugu gurean: “heldu gogor”, “geldi hor”, “eutsi gogor”…