Iratxe Goikoetxea Langarika
Hizkuntzek berezkoa dute aldatzea eta bilakatzea. Ahoskera, doinua, hitzen adiera eta erabilera, joskera… Arinago edo astiroago, denak aldatzen dira. Aldaketa horietako asko ahoz aho zabaltzen dira gero, han-hor entzunak imitatuz. Baina ez duzue irudipena “okerrak” errazago barreiatzen direla “zuzenak” baino[1]? Esaterako, berba mutanteak, halamoduz eta akastun sortuak. Iraun eta iraun egiten dute, azkena emateko ahaleginak gorabehera.
Diska. 1993an eman zion zartakoa Euskaltzaindiak, baturako disko forma erabakitzean. Baina gogorra da, eta noiznahi jotzen dizkigu erasoak.
Filme. Batez ere zinemaldietatik elikatzen da piztiatxo hau, orain hamasei urte ‘film’ formaren alde egin zenetik.
Ekipaia, erreportaia, makilaia, sabotaia, tatuaia eta konpainia. Hiztegi Batu oinarridunak honela dio: “-aia/-aje: irizpide gisa, ez da -aia moduan egokituko mailegu berririk, tradiziokoak bere hartan utzirik, noski.” Tradizioko multzoan, ekialdeko euskaran aspaldi errotutako bidaia, bisaia, domaia, kuraia, muntaia, pasaia, pertsonaia, usaia eta xantaia ditugu erabilienak. Baina -aje > -aia bide emankorra izan da munstroak sortzeko eta ugaltzeko. Masaia-k masailari munduratu zuen (eta ez masailetan masajeak ematen dituena aipatzeko), eta mundualdi laburreko metraia-k bi kume itxurabako izan zituen, zein baino zein ibiltariagoak: luzemetraia eta laburmetraia. Luzemetrai eta laburmetrai, lagunentzat[2].
Ingelera. Errimea, orain gizaldi bat berarekin bateratsu jaio zen prantzera mengelaren aldean. Bizi da bizi ingelera, eta ez nonahi: irakasleen ahotan eta eskola umeen notetan ageri da sarritan.
Suposatu. Berba mamua. OEHk jasota dauka, 1733ko katixima baten adibidea ekarrita. Ez ikusi egin diote, ordea, gainerako hiztegi orokorrek. Kalkoen behatokiak adiera bat salatu dio (ekarri edo eragin-en lekua hartzen duenekoa), baina hor dabil suposatu, hormak nahi bezala zeharkatzen[3].
Sukaldatu. Aurrekoa mamua bada, hau mamu eta erdi. Hiztegi batek ere ez dakar, baina kate hotsean dabil hara eta hona, kozinatu “erdaldunari” janari lapurren. 178 agerpen ETCn; lehenengoa, 2001ekoa.
Eta atzena, baina ez hutsena, husna. Zenbakiekiko mimetismoz ez-zenbaki baten gainean sortua. Orain dela hogeitaka urte Euskaltzaindiak ETBri egindako oharretan egin zen akabatzeko lehenengo saioa. Beste hainbat etorri dira gerora. Alferrik.
Badira gehiago ere. Egunotan inguratu zaizkidanak baino ez ditut ekarri hona.
[1] Okerra eta zuzena zer den, oso erlatiboa da (Euskaltzaindia izena bera okerra da sorkuntzaz), baina oro har euskarazainen eta preskriptoreen iritzia hartzen dugu horretarako irizpide.
[2] Munstro guztiok badute alter ego formalagoa: masaje, masajista, film labur eta film luze.
[3] Nola Erran hiztegiak badakar, Iparraldean forma arrunta den seinale.

