Ni (batzuetan) ez naiz inor irratian berba egiteko

Amaia Astobiza Uriarte

Lehengoan irrati batetik deitu zidaten. Espainiako Kongresuak atzera bota du proxenetismoa gogorrago zigortzeko lege-proposamena, eta horren inguruan galdetu nahi zidaten. Adeitsuak izan ziren oso: Puta zikinaken (Katakrak, 2022) harira han eta hemen argitaratutako testuen hiruzpalau txatal elkarrekin josi, eta, liburuaren izenburua behin ere aipatu gabe, ondotxo argudiatu zuten gai horri buruz hitz egiteko beharra. Halere, nahi ez zuten erantzuna jaso zuten.

Azaldu nien ni ez naizela nor inoren izenean horren inguruko iritzirik emateko; sexu-langileen lan-eskubideak jorratzen dituen liburu bat itzuli dudala eta horri buruz, liburu horretan esaten denari buruz berba egin izan dudala, baina, hortik aurrera, ni ez naizela sekula aritu prostituzioan, ez naizela sexu-langileen ezein elkartetako kide eta nire iritziak ez duela jendaurreko baliorik; alegia, ez beste inorenak baino gehiago (ados: gaiari buruzko bizpahiru liburu irakurri ditut eta agian batez bestekoak baino zertxobait gehiago jakin dezaket, baina kito; lagunen arteko elkarrizketa batean, Puta zikinaken inguruko solasaldi batean… ekarpenen bat egingo dut, baina ezin dut inoren izenean berba egin komunikabide batean). Hala eta guztiz ere, ez zuen erraz etsi; galderak aurretiaz bidaliko zizkidatela eta erantzunak prestatzeko astia izango nuela. Berriro ere, ezezkorako argudioak eman nizkion, baten bat gehituta eta besteren bat osatuta. Eta orduan bai, amore eman zuen; igual egoera gehiegi behartzea zela niri —itzultzaile (ez-prostituta) bati— hori eskatzea, eta horretan utziko genuela.

Badirudi datu-baseren batean nire izenari prostituzioa etiketa erantsi diotela, eta aurrerantzean ere horri buruzko albisteak ateratzen direnean nirekin akordatuko direla, non eta deitzaileak ez duen etiketa ezabatu, haren desegokitasunaz jabetuta. Gai zehatz batzuei dagokienez, txerriaren buztana baino laburragoa eta zatiz artezagoa da Euskal Herrian (inork norbera) aditu bilakatzeko bidea, eta itzultzaileoi maiz egokitzen zaigu ohartzerako geure burua txerri-kortako lokatzetan kakaztuta aurkitzea. Hain justu ere, sexu-langileei ahotsa emateko ekarri genuen liburua euskara, ez haien izenean jarduteko.

Pentsa nire balizko elkarrizketa hori sexu-langile batek entzuten duela. Ondo irudituko zaio gizarteak berari ukatzen dion ahotsa niri ematea? Beharbada ez da prostituta euskaldunik egongo irratiko datu-basean, baina Euskal Herrian ere badira sexu-langileen elkarteak, eta erraz da haiengana jotzea. Esate batera, Maite Asensio Lozano kazetariak Putak Borrokan elkarteko Carolina Clemente sexu-langilea elkarrizketatu zuen Berrian; horixe da, nire ustez, bide egokia. (Oharra: ez dakit zer egin zuten irratikoek; beharbada haiek ere bide aproposen batetik jo zuten azkenean.)

2 Replies to “Ni (batzuetan) ez naiz inor irratian berba egiteko”

  1. Ados nago liburu bat itzultzeak ez duela esan nahi gai horretan adituak garenik eta fin bili behar dugula horretan.

    Baina ez da egia egoera batez soil-soilik egoera hori pairatu dutenek hitz egin dezaketenik: ez da egia emigrazioaz migratu dutenek bakar-bakarrik hitz egin dezaketenik, ez da egia lan balditza abusiboez halakoak pairatu dituztenek bakar-bakarrik hitz egin dezaketenik eta abar. Kontuz horrekin ere. Halako gaiek gizarte osoari eragiten diote eta denok dugu zer esana, bakoitzak gure tokitik.

    Atsegin dut

    1. Kaixo, Alaitz:

      Estimatzen dizut iruzkina. Eta arrazoi duzu, noski: ez dago egoera bat bizi beharrik horri buruz hitz egin ahal izateko; askotan, gainera, ezinbestekoa da isilarazitakoen izenean-edo berba egitea, bestela ez baita inoiz entzungo haien ahotsa, haien errealitatea, haien aldarrikapena.

      Puta zikinak sexu-langileen lan-eskubideei buruzkoa da, baina, gainera, bi egileak sexu-langileak dira. Hain justu ere, horrexegatik ekarri genuen liburu zehatz hori euskarara: prostitutei ahotsa emateko, haiek ikusarazteko, haiek lehen lerroan jartzeko. Eta uste dut komunikabideek ahalegin handiagoa egin behar luketela haiengana iristeko eta ahotsa zuzenean haiei emateko.

      Erraz-erraza da itzultzailerengana jotzea; zailagoa —baina ez ezinezkoa—, sexu-langileengana iristea. Nik horretarako bide bat aipatu dut: sexu-langileen elkarteak; baita praktika egoki bat ere: Berria egunkariarena.

      Kasu honetan, nire tokia entzuleen artean dago, ez mikroaren aurrean. Hala sentitzen dut nik.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina