Portaera fisikoa egoera solidoan

Beñat Sarasola Santamaría

Filosofia Fakultateko Hemiziklora sartu naiz, irten nintzen azken alditik bi hamarkada igaro direla. Han zegoen orduan Fakultateko liburutegia eta hara joaten ginen ikastera. “Eserleku horretan jartzen nintzen ni”, esan dit kideak, “ni hemen, eskuinaldean”, seinalatu diot. Carlos Santamaria liburutegia eraiki zutenean, bertan zentralizatu zituzten fakultateetako liburutegi guztiak eta, ordutik, Hemizikloa soilik ekitaldi berezietarako irekitzen dute. Hogei urte, beraz, behialako garaien usaina duen aretora sartzen ez nintzela, eta oroipen proustiar moduko batek erasan nau kolpetik. Berdin-berdin dago, hain berdin ezen ez dugun gaur egun ezinbestekoak omen ditugun entxufeetako bakar bat ere aurkitzen. Apalategiak, ordea, ezberdin daude. Liburuak Santamariara eraman zituztenean, haien ordez Pentsamenduaren Klasikoak bildumako alez bete zuten apalategia. Antza, bere garaian liburuon erosketa zabal bat egin zuten (nork erosiko zituen liburu horiek, ez bazen Filosofia Fakultateak?), eta liburu bakoitzeko ale mordoa dago, inoiz agertzen ez den balizko irakurle koitadu baten esperoan.

1991n jarri zen martxan bilduma eta 2010ean argitaratu azkeneko alea, Jean Piaget eta Noam Chomskyren Hizkuntzaren irakaskuntza. Denera, 130 liburu. Errepaso azkar bat eginez, bildumatik irakurri genuen institutuan Platonen haitzuloaren mitoa, handik, jada karreran, Bertrand Russellen Filosofiaren arazoak, Descartesen Metodoari buruzko diskurtsoa eta Humeren Giza ezagutzari buruzko ikerketa. Gehiago ere egongo ziren, orain gogoan ez ditudanak.

Liburuak eskutan hartzen dituzunean, lehen begi kolpean da deigarria zeinen edizio zainduak egin zituzten; zentzu materialean ez ezik itzulpenari zegokionez ere. Berrikusle kualifikatu batek hartzen zuen parte ale bakoitzean, terminologia eta edukia zaintzeko, eta hitzaurregilea tentuz hautatzen zen. Garai bateko egiteko moduaren erakusle da nolabait, gauzak patxada handiagoaz egiten zirenekoa.

Garaiko ahalekin, hori bai. Izan ere, batez ere bildumako hastapeneko itzulpen ugari iraganak jota baitaude, eta zaila da irakurketari ondo eustea. Zorionez, asko garatu da euskal prosa azken hogeita hamar urtean eta bilduma hori da horren testigu pribilegiatu. Horratx euskal itzulpengintzaren eboluzioaren azterketa baterako ikergaia, 130 liburu horien garapenari erreparatzea. Zaila da zehazten euskal itzulpengintzak noiz eman zuen jauzi kualitatiboa eta atzean utzi aspaldiko mantra hori, hots, euskal itzulpenak ez zegoela ulertzerik (eta, beraz, erdarazko bertsioetara jotzen genuen). Baina 1990eko hamarkadaren erditik aurrera gertatu zela esango nuke.

Behin baino gehiagotan aipatu izan du Anjel Lertxundik 1991n Carla nobela argitaratu berritan Juan Garziak honakoa jaulki ziola: “Has dado en la línea de flotación”. Flotazio-marran eman zuela, alegia. Zergatik? Seber Altuberen dogma nagusia, galdegaia beti aditzaren ezkerretara joan behar omen delakoa, muturreraino eraman zuen Lertxundik liburu hartan eta, Garziaren arabera, ez zegoen idazkera hori ulertuko zuen Altuberen seme-alabarik. Esaldi luze eta korapilatsuetan, Altuberen lege gotorra izugarrizko oztopoa gertatzen zen, eta testugintza literariorako muga nabaria. Esango nuke 90eko hamarkadan zehar joan zela euskal sintaxia altubismotik pixkanaka libratzen eta geroz eta testu sintaktikoki malgu eta ulerkorragoak ontzen, konplexutasuna gorabehera. Lertxundiren beraren 1994ko Otto Pette da, zentzu horretan, mugarri bat.

Duela gutxi irakurri dut puntako euskal itzultzaile baten 1990. urteko itzulpen bat. Berehala sumatzen diozu testuari behar ez duen karga, hain justu arrazoi sintaktikoak medio. Itzultzaileari berari aipatu nionean, berehala esan zidan: zerotik itzuli beharko nuke berriro liburu hori. Testu baten auzi lexikoak eguneratzea ez da hain kontu arazotsua; aitzitik, auzi sintaktikoak eguneratzeko testua itzulikatu behar duzu maiz eta, horretarako, ia hobe zerotik hastea. Egin kontu Lertxundik Carla eta Otto Pette artean argitaratu zuela Kapitain frakasa eta 2021ean bertsio berridatzia argitaratu zuela, besteak beste auzi sintaktiko horiek konpondu nahian.

Horregatik, Pentsamenduaren Klasikoak bildumako liburu askok berridazketa baten premia dute, ez itzultzaileen gaitasun gabeziagatik, baizik eta egungo euskal prosa askoz ere gihartsuagoa delako 90eko hamarkadaren hasierakoa baino. Zer esanik ez mota horretako testuetarako, hots, ideia artikulatu eta argudiozkoetan; hil ala bizikoa baita hor sintaktikoki txukun itzultzea. Garaiak eman zezakeen onena eman zuen bildumak eta horregatik da ulergaitza zergatik amaitu zen proiektua. Zerrendari begiratzen diozu eta, noski, falta direnek ematen dizute arreta lehenik (esate batera, ia ez da emakumerik zerrendan), baina baita zerrendako zenbatek mereziko luketen itzulpen eguneratu bat. Garai batean argi genuen Michel Montaigne, Platon, Sigmund Freud, Madame Staël, Mary Wollstonecraft (azken bi horiek ez daude bilduman) euskaraz eduki arte ezingo genuela taxuzko hizkuntzarik eduki. Gaur egun, ez dakit; esango nuke lehentasun handiagoa ematen diogula sareko azken modako zeratxoak euskaraz egon daitezen. Eta, era berean, akaso ahaztu egin zitzaigun gehitzea autore horiek behin itzulita ez zela aski, behin eta berriro itzuli behar direla euskaraz irakurriko badira, taxuzko hizkuntza bat izango badugu.

Deigarria da proiektua finantziatu zutenen zerrenda: BBV Fundazioa, BBK, Kutxa, Vital Kutxa, EHU eta Deustuko Unibertsitatea. Topikoari jarraitzeko, AHTaren kilometro baten kostuarekin Pentsamenduaren Klasikoko zenbat ale argitaratu liratekeen kalkulatzera nindoala despistatu nau telebistako irudi batek: 1994an ingeniaritzako tesia euskaraz idatzi zuen (atzerakargak zamaturik suposatzen dut) gizon zuria ikusi dut Donald Trumpen graziei barrezka. Portaera fisikoa egoera solidoan, izan ere. Zuri kontuez ari garela, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma berpiztea Repsolentzat zuribide aproposa izan zitekeela bururatu zait, 2025ean 1.899 milioi euroko irabaziak izan dituela argitaratu berri den honetan.

Helburua izanik…

Aitor Ugarte Arruebarrena

Beti sumatu dugu faltan euskaraz honelako helburu-lokuzio bat: con el fin de, al objeto de, con el propósito de; azken batean, para que…

Garai batean, 80ko urteetan, “zertarako eta” bezalako formulak hasi ziren erabiltzen lokuzio horiek itzultzeko. Hona hemen adibide bat, 2/1989 Lege Organikotik aterea:

“… Adierazpenotan esku hartzen dutenetako baten batek alegatzen badu ez dakiela autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza, aldez aurretik ohartaraziko du hori, zertarako eta organo judizialak interprete gisa gaitu dezan erabilitako hizkuntza dakien edonor, honek zin edo hitz egin ondoren”.

Asko zabaldu ziren horrelakoak, baina berehala hasi ziren zapuztaile batzuk egitura hori gaitzesten eta ohartarazi zuten horrelako galdetzaileek balio enfatikoa izan dutela gure traizioan: “nor eta zu?”, “nori eta berari?”, “zertarako eta horretarako?”.

Arrazoi zuten, eta albo batean utzi ziren “zertarako eta” horiek; baina, ez zen horregatik desagertu horrelako egituren premia, “-tzeko” eta kideak oso atzean geratzen zirelako eta elementu iragarle bat behar genuelako, “zeren eta” edo “non eta” eta gisakoen tankerakoa, batez ere esaldiak luzatzen hasten zirenean.

Legebiltzarrera iritsi nintzenean, konturatu nintzen talde parlamentario baten ekimenetan honela itzultzen zirela helburu-menderagailu horiek:

“Eusko Legebiltzarrak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari halako eta halako egin behar dela, helburua da…”.

Jakina, hori ez zen zuzena eta okerzuzendu beharra zegoen: “eta helburua da”… etab. Eta orduan otu zitzaidan mendeko perpaus gisa antolatzea, eta egitura berri bat asmatu nuen (“helburua izanik…” edo “izanda…”):

“Eusko Legebiltzarrak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari halako eta halako egin behar dela, helburua izanik (…)t(z)ea…”.

Geroago, 2023an, Hezkuntza Legearen proiektua iritsi zitzaigunean, ikusi nuen egitura hori erabiltzen zela lege horretako artikulu batean:

“68. artikulua.- Hizkuntzen tratamendu integrala eta integratua. Metodologiak.

1.- Curriculumak hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala jasoko du, eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuan txertatuta egon behar du, helburua izanik bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, konpetentzia eleaniztuna lortzea, lege honen 66. artikuluan azaldutakoaren arabera”.

Horretaz baliatuz, legearen idazlariok erabaki genuen “helburua izanik” hori gehiagotan erabiltzea lege osoan zehar helburuzko lokuzio horiek emateko eta, azkenean, 9 aldiz dago erabilia onartu den legean.

Hori da, besteak beste, ditxosozko lege horri egin nion ekarpentxoa…

Zarata handiegia, mami mehatzegia

Asier Larrinaga Larrazabal

Euskara orain deritzon liburutxo mediatikoak “eraginkortasuna helburu” goiburua du azpititulutzat. Nik komunikazioaren eraginkortasunaren kezka partekatzen dut egileekin, baina askoz gehiago ez. Erabiltzen dituzten argudioak, behintzat, ez. Labur-labur azalduta, Jesús Rubiok euskararen SOV ordena dauka arazo guztien sorburutzat: «Estruktura burulehena ez da soilik efizienteagoa ze bere kide buruazkena, baizik ere, eta are inportanteagoa dena, efektiboagoa» (58. or.). Mendizabalek, Lamarcak eta Amurizak gogoeta lauso asko egiten dituzte, baina nik ez dut aurkitu mamizko argudiorik. Orobat, hiruron ataletan ez dut aurkitu euskararen eraginkortasun komunikatiboa emendatzeko proposamen esplizitu askorik. Bakan batzuk badira, inoperatibo samarrak ia denak. Beharbada, Amurizak lexikoaz dioena aipatuko nuke, nahiz ezin esan Amerika deskubritu duenik: «Gure inguruko hizkuntza nagusien ondare kultural komuna asko gehiago (baina asko gehiago!) baliatu beharko litzateke» (129. or.). Rubiok, bere aldetik, euskara iruntzitara jartzea proposatzen du, alegia, SVO hizkuntza bihurtzea: «Garabidean, lehen pausua litzateké normaltasunez ahalbidetzea aukerako SVO ordena» (88. or.). Perpaus-osagaien ordena iraultzea aldeztearekin batera, Rubiok euskara preposizioz hornitzeko bide bat jorratzen du.

Halako abentura linguistiko batez ez dago ezer esan beharrik, begi bistakoa baita erabateko haustura lekarkeela euskara biziarekin. Merezi du, baina, iruzkin batzuk egitea liburutxoan jasotzen diren beste zenbait ideiaz, eraginkortasunari buruzko balizko debate batek oinarri hobeak izan litzan.

 «Euskararen arazo nagusietako bat aditza da. Garbi esanda, galga nagusietako bat. […] Gure aditza sinplifikatu ezik, euskarak etorkizun zaila dauka». (127. or.) Amurizak ez dio zelan sinplifikatu. Datiboko komunztadura kenduz? Pluraleko komunztadura ere bai? Laguntzaileak eurak? Mendizabalek ahalera osoa ezabatuko luke. Blog honetan bertan, zalantza egin da zatzaizkit adizkiaz. Nik, ikuspegien erlatibotasuna ilustratzeko, “Goenkale”ko esaldi batzuk aldatuko ditut hona, hizkera naturalaren eredutzat eduki izan baita: «Hi, aizan, nik nahi dudana eginzezakeanat. Ni adinez heldua naun». «Nik ez zaituztet zuek utzi, Alazne. Ez zintuzketet sekula abandonatuko, hori ezinezkoa da». «Barkamena eskatzen ari gatzaizkik. Pertsonak barkatzen jakin behar dik».

 «Askotan ofizialki zuzenak ez diren formak errazenak edo praktikoenak izan ohi dira» (17. or.) «Zergatik ez ditu barneratzen euskara normatiboak […] gazteen euskara-aldaera berriak, sinpleagoak eta ez oso “zuzenak” badira ere?» (137. or.) Ez dut ulertzen zein adieratan erabiltzen duen Lamarcak ‘zuzen’ adjektiboa. Zuzentasuna gramatika-arauak betetzea da, baina esango nuke beste zerbaitetaz ari dela, ez baitut uste honelakoak barneratzeaz ari denik: «Ni ez daukat inprimagailua». «Baina eske da guztia oso teorikoa». «Joaten naiz, andereño?». «Zertarako kontatu, si ez da inoiz agertzen». «Kontuz, min egingo zarela!». [Esaldiok Orreaga Ibarraren Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa (2011) liburutik atera ditut.] Halakoei igaro-baimena emateaz ez, baina Lamarca egokitasunaz, euskararen errepertorioa aberasteaz eta, zehazkiago, euskara kolokiala sustatzeaz ari bada, eskertzekoa litzateke ildo horretan zer landu den ezagutuko balu.

 «H. Bichakjianen arabera, hizkuntzek eboluzionatzeko joera naturala dute, berez lortzen dute apurka-apurka hitz orden eraginkorrago bat, morfologia xinpleago bat edota lehenesten dituzte aiseago ahoskatzen diren fonemak» (14. or). Mendizabalen eta Rubioren atalak Bichkjianen ideiez blaituta daude. Berari irakurri diote hizkuntzen bilakabide naturalean SOV primitiboagoa dela, eta SVO, eraginkorragoa, eboluzionatuagoa. Nik ez dakit eboluzioa noranzko horretan doan, baina garbi daukadana da sinpleagorako joerarena ez dela egia. Hizkuntzek ezaugarri batzuetan sinpleagora jotzen dute, eta beste batzuetan, konplexuagora.

 «Sintaxi buruazkenetan gure entendimenduak (gure prozesatzaile linguistikoak) itxaron beharko du artio ezagutu (azken) buru sintaktiko relevanteak arrén ongi uztártu sintaktikoki buru horien aurreko elementu dependenteak» (59. or.). Ideia honek –berau ere Bichkjiani ikasia– hizkuntza prozesatzea broxeta bat jatea bezala irudikatzen du. Mokadu bakoitzean, zapore berri bat ahoan. Euskaran eta hizkuntza buruazkenetan, baina, badirudi zati zaporetsu bakoitzaren aurretik patata asko aurkitzen dugula, eta hainbat haginkada behar ditugula dastamen-papilak alaitzeko. Errealitatea da, ordea, burmuinak ez duela halako modu linealean prozesatzen hizkuntza. Mintza-katea, bai, linealki sartzen zaigu belarritik, baina orduan burmuinak hainbat prozesu paralelo aktibatzen ditu, batzuk kate (perpaus) osoa urkuldu arte irauten dutenak. Hizkuntza-tipologia edozein dela ere, burumuinak ez dio hartzen zentzu osoa esaldiari amaiera arte. Egia da badirela estrategiak burmuinaren lana arin dezaketenak, eta, horretan, euskara ez da atzean geratu. SOV hizkuntza izateari utzi beharrik gabe, perpaus hasierako menderagailuak ez dira gutxi, esate baterako.

 «Egitura sintaktikoki koherentea geldituko dá sistematikoki irekia ki jarraitu zehazten gure osagarriak aiseki, sortuz egitura bat funtzionalki rekursiboa, erraztuz espresio aberatsa eta matizatua, eta, finean, zabalduz ateak i fluitate eroso, potente eta efektiboa» (61. or.) Ideia horren “alderdi mekanikoa” egia da, hizkuntza burulehenetan infinituraino katea baitaitezke perpausak, baina –testu administratiboen itzultzaileek esperientziaz dakiten bezala– ez da egia emaitza beti denik espresio eroso, potente eta efektiboa, eta bai, sarri, mordoilo korapilatsu, trakets eta antikomunikatiboa.

Azken batean, testuen eraginkortasuna ez datza hizkuntzaren ezaugarrietan, baizik hiztunaren dohainetan. Hiztun batzuk trebeago dira testu komunikatiboagoak (prozesatzen errazagoak) ekoizten, eta beste batzuk baldarragoak. Baldarrago garenok asko eskertzen ditugu eraginkortasun komunikatiboari buruz egiten diren ikerketak eta, batez ere, lantzen diren jarraibideak eta gidak. Mundu anglosaxoian urrats handiak egin dira plain English deritzon ereduan. Berari jarraituta, EITBk hizkera laua erabiltzeko gida bat dauka aspalditik.