Berriki aritu dira Ainara Ieregi eta Sarai Robles Beratzen podcastaren “Kolonoa jan” izeneko atalean gaur egungo erreferentzia kulturalez. Pickme-ez, weaponisedincompece-ez eta beste. Harira etorri zaizkit hain eduki sakonik ez duten batzuk ere: mood edo LOL edo core. Eta bro. Bro-rekin ezin dut. Baina gazte guztiak horrela mintzo dira orain. Iruñean, Azkoitian, Sorian, Valdemoron eta Tennesseeko high school random batean.
Gauza da Ieregi eta Robles kontu kontari ibili zirela erreferentzia horiek gurean ze puntutaraino txertatu diren aztertzen, eta, zergatik ez, horien euskarazko baliokideak edo itzulpenak proposatzen.
Ez da lehen aldia izanen, hiperglobalizazioaren testuinguruan, kanpokoak geure egiteko saiakera egiten denik. Pentsatu nahi dut duela ez hainbeste, borondaterik onenarekin, euskaran gero eta toki handiagoa hartzen ari ziren guay eta flipante ordainekin berdin gertatuko zela. Hots, euskara kaleko hizkuntzaren estatusera eramateko asmoz, norbaitek emango zituela, demagun, sekulako eta zirraragarri. Ez dut sekula ahaztuko Merlí telesailaren euskarazko bikoizketan nola esan zuen batek “damolat”, “molatu” (gaztelerazko molar) aditzaren molde trinkoan: “niri horrek molatzen dit”. Uf-uf-uf. “Konponbide” horiek aitakeriatik eta bortxaketa linguistikotik asko dutela iruditu izan zait beti.
Dena delakoagatik sasi-egokitzapen horiek ez dute funtzionatu. Dena delakoagatik, eta, zorionez, cantidubi eta qué pasa tron ja ez dira cool. Cringe-a ematen dute (cool-ek ere bai). Eta jada ez dugu horietako batzuen ordainik asmatu beharrik. Moda kontuak. Baina korapilo handi bat dugu aurrean.
Batetik dago euskaldunon seta hori dena euskaraz edukitzekoa. Bai, gutxitzen gaituzte, eta ez gara beste hizkuntzen arrisku maila berean. Baina ez dut imajinatzen Espainiako bi gazteren podcastik non random, chilling edo pickme terminoen itzulpenak proposatzen dituzten, eta proposatzen badituzte ere, ez dute hizkuntzan txertatzeko asmoz egiten. Esan nahi dut: zer behar dugu horiek euskarara itzultzeko? Iruñeko, Azkoitiko, Soriako eta Valdemoroko erdaldunek, desdeluego, batere ez.
Eta bestetik dugu adin batetik beherakoei ematen diegun agentzia faltsua: sarri entzun izan dugu gazteek beraien artean aritzeko kodeak sortzen dituztela. Asko esatea da hori. Ez, gazteek ez dute hizkuntzarik asmatzen: kopiatu egiten dute.
Nire belaunaldiak Espainiako kateetako serieetatik edan zuen, baina bagenituen Betizuko arratsaldeak marrazki bizidunez beteak kontrapisua egiteko. Gaurko gazteek Twitch eta Tiktok dituzte iturri kasik bakarrak. Ibai Llanos, Llados edo Plex. Zeren ez dut uste euskarazko “eduki sortzaile”-en maila ikusita hauek direnik haien erreferentzia nagusi. Eta EITBren euskararekiko noraeza ikusirik… Iruñeko, Azpeitiko, Soriako eta Valdemoroko gazteek Rubius eta TheGrefg kontsumitzen dituzte, eta, beraz, haiek kopiatuta mintzo dira.
Laburrean, hurrengoan zure semeak esaten badizu six–seven, ez haserretu harekin. Ez da bera. Nerabe inozo bat baino ez da eta ez daki makarroiak tomatearekin besterik jaten. Haserretu zaitez haserretu behar duzunarekin: Elon Musk, Trump edo sareak kontrolatzen dituztenekin, kapitalistekin, EITBko zuzendariekin… Baina, batez ere, ez iezaiozu esan “sei-zazpi” euskara garbian. Transmisioaren katean zubi guztiak apurtzen ariko baitzara bestela.
Ahozko hizkera idatzira ekartzeko manerari buruzko gogoeta franko irakurri ditugu azkenaldian han-hemenka. Neronek ezin gusturago leitu ditut, esaterako, Miren Amurizak eta Uxue Alberdik nork bere liburuaren karietara alderdi horri buruz esan dituztenak. Ahozko hizkera imitatzen duen idaztankera jakin bat imitatu du Amurizak Pleibak-en: malguago aritu da lexikoan, baina euskararen jatorrizko egiturak asko zainduta, betiere. Horrela jardunez, eroso sentitu da eleberriko protagonistaren euskara erdarazko adierazpenez busti duenean, adibidez. Eta, hain justu, Alberdik ere antzeko tesia bistaratu du Hetero liburuko zenbait ipuinetan baliatu duen hizkerari buruz galdetu diotenean. Jostatzearen alde azaldu da idazlea, baina ohartaraziz ezin dela nolanahi aritu: «Apurketak eta zikintze ariketak errespetu handiz egin daitezke, edo batere errespeturik gabe. Ni ongi ardazten saiatzen naiz, eta, gero, dantza egiten, eta, ahal badut, zipriztintzen. Eta zipriztina euskañolarena izan daiteke, gipuzkerarena, mendebaldeko euskararena…».
Esplikatzekoa naizen hau ez da gauza bera. Aipatu kasuetan, Amuriza zein Alberdi, biak ari baitira, berez, fikziozko istorio bat idazteari buruz, baina inoiz norbaiti egindako elkarrizketa bat transkribatu eta hura idatzita eman behar izan kasik edonork ulertuko du, aise, ariketa horretan ere izaten dela gisa horretako buruhausterik, dudarik, edo halabeharrez hartu beharreko erabakirik. Behintzat, hori gertatzen da elkarrizketa egiteko arrazoia ez denean formaltasun betekoa, eta eutsi nahi zaionean hizlariaren hizkeraren koloreari, tonuari; nahi bada, baita graziari ere.
Baina, jakina, testuok derrigor behar dute orrazketa, eta nik, hizketan ari denean erdarakadak erreparorik gabe sartu zalea baina aldi berean aski garbizalea den honek, orduan izaten ditut nahi baino zalantza gehiago. Oraindik gogoan dut orain dela pare bat hilabete, disimuluan, egunkarian jambo hitza plazaratzen saiatu nintzenekoa. Iruñerriko musika talde bateko abeslariaren adierazpen batzuen parte zen. Baina jambo-k ez zituen pasatu iragazkiak. Eta, haren ordez, tipo jartzeko eskatu zidaten. Ulertu nuen zuzenketa, baina oraindik ere ez nago guztiz ados ―nahiz eta kexatu ere ez nintzen kexatu―. Jambo-rena «zipriztin» ederra zelakoan nago, Iruñerriko gazte kuadrilla bat trazatzeko eta irudikatzeko elementu polit-polita.
Kontuak kontu, bestelako zerbait gertatu zait berriki, Chill Mafiako kide Julen Goldarazena Flako Fonki-rekin izandako solasaldia paperera ekartzea tokatu zaidanean. Egiari zor, zailegia ere ez da izan, txukun egiten du euskaraz, eta, gainera, sorpresa polit batzuk hartzeko ere balio izan dit ariketak. Horretara dator hau guztia.
Grabagailuak erregistratutako audioa transkribatuta, hau dio Goldarazenak hitzez hitz: «Egiten ditut sekulako txandrioak, bolada batzuetan se me va la olla… eta esango nuke hori gertatzen zaigula guztioi».
Txandrio hitza irakurri ―eta aditu―, eta, zuzenean, zera pentsatu nuen nire kolkorako: «Fijo kanpoan utzi beharko dudala». Bai zera: inozoa ni. Honek bai, pasa zituen iragazkiak. Ondotik, sarean bilaketak egiteari ekin nion, eta hori poza hartu nuena ikusi nuenean bazirela zientoka adibide. Salbuespen bakanetakoa, Euskaltzaindiaren Hiztegian; hor ez dago jasoa. Hortaz, txoko txiki honetatik, jaso beza akademiak hura hiztegian kabiarazteko eskea. Ez esan, faborez, ez dela hitz guapoa ❤
Hiztegian jasotzeko eskea ez da kapritxoa, gainera. Gutako askoren bizitzetan duen tradizioa aski ez balitz, hona hemen txandrio hitzaren bueltako zenbait bitxikeria.
Kontsultarako lehenbiziko iturria: Egungo Testuan Corpusa (ETC).
Txandrio hitzaren edo bere aldaeraren baten 78 agerraldi daude jasota. Haietako batzuk izen propioei loturikoak dira; omen, badirelako izenean txandrio daukaten zenbait elkarte, musika talde eta bertso eskola. Edonola ere, adibideen gutxienekoa dira.
78 agerraldietatik, literatur lanei loturikoak dira 25 ―jatorrizko testuetakoak dira 23, eta itzulpenetakoak bi―. Hona hemen zenbait adibide:
Rock’n’roll, Aingeru Epaltza, Elkar, 2000 Ustel gertatutako gosariak mokor kakaztua ezarri berria zuen, zorteak azken aldi horretan egin zizkidan txandrio guztien meta gainean.
Mendi-joak, Aingeru Epaltza, Elkar, 2017 Krisi erakutsi nion txandrioa, jakinik ere ez zidala konponbiderik emanen.
Hodei berdeak, Jon Alonso, Susa, 2003 Baina, orokorrean, txandrio bat izan zen.
Zintzoen saldoan, Jon Alonso, Txalaparta, 2012 Bestalde, zuk “aitzakia” deitzen duzu, baina bene-tako txandrioa izan da: “aitzakiaz” beteta utzi dituzue bazterrak.
Deklaratzekorik ez, Beñat Sarasola, Susa, 2019 Gorteko txandrio giroak ere ez dio laguntzen jeneralari; azken porroten ondoren hasiak dira On Carlosen inguruko mingain-leunak, bazter nahasle guztiak -“covachuelistas y acólitos” deitzen die Galdosek-, berriketan, Zumalakarregiren abilezia estrategiko-militarrak zalantzan jartzen, hobe lukeela erregea bera jarriko balitz -Jainkoaren bedeinkapena izaki- […]
Etxeko hautsa, Anjel Lertxundi, Alberdania, 2011 Ez nuen ateraldia kontrolatzen jakin, egina zegoen txandrioa.
Hilabete bat Montalbanorekin, Andrea Camilleri (Fernando Rey), Igela, 2011 Itzuli zirenean ohartu zituan txandrioaz.
Literaturaz apartekoetan ere adibide franko dago. Goenkale telesailaren Testamentuaren afera atalean aditu liteke hitza ―2013ko maiatzean pantailaratu zuten―, Nekane pertsonaiaren ahotik aterea. Gainera, literaturan ez ezik, Anjel Lertxundik Berria egunkarian argitaratutako iritzi zutabeetan ere erabili du txandrio, behin baino gehiagotan, ―2015eko Damua garaiz-en, adibidez―, eta Maialen Berasategi Catalanen zutabe bat ere bada jasoa ETC-n, horrexegatik:
Berria, 2018-03-29, Sormenaz, ogiaz Muin-muinean dauzkagu sortzaileak, sortze hutsa beti balitz bezala onuragarria, edo suntsipenaren antonimoa: sormen artistiko, teknologiko eta (zer esanik ez) ekonomikoak sekula ekarri ez baligu bezala mordoilorik edo, are, txandrio alimalekorik.
Bigarren kontrastea: Ereduzko Prosa Gaur (EPG) ataria.
Gutxi-asko, aurrez ETC arakatuz ateratako ondorioak berresteko balio izan du kontsultak honek. Haren arabera, txandrio zazpi esalditan azaldu da prentsan, eta lau liburutan literaturan; hain justu ere, Jon Alonsoren eta Migel Angel Mintegiren lan banatan, eta Aingeru Epaltzaren bitan.
Elearen jatorriari dagokionez, Orotariko Euskal Hiztegiko sarrera batean pista gutxi batzuk dira jasota.
txandrio. “(Sal, R-uzt), jugarreta. Txandrio egin, hacer una jugarreta” A. Cf. VocNav: “Chandrío, estropicio, desaguisado, daño, desgracia […] (Es voz típica de Navarra y de uso general). […] Revoltijo, desbarajuste, desorden (Corella)”.
Eta, sarrera horretan adierazia ez badago ere, jakina da, Nafarroan ez ezik, txandrio tradizio handikoa dela Aragoin; kasu horretan, ch-z idatzita, jakina: chandrío. Horren harira, Aragoiko Maite Moret filologoak emandako azalpen batzuekin egin dut topo arestian, eta, haietan, hark zioen litekeela dela txandrio hitza euskarazko etxeko-andre adieratik eratorria izatea. Edonola ere, zertan katramilatu jatorrian: hiztun askoren eguneroko hizkeraren parte izatea ez al da dagoeneko aski arrazoi akademiak aintzat har dezan? Bide batez, jakin-mina dut: zenbateraino erabiltzen duzue, ahozkoan, Nafarroatik kanpoko euskaldunek?
Jakin-minez irakurtzen dut, aldiro, Euskaltzaindiak sei hilabetean behin egiten dituen eguneraketen zerrenda. Esate baterako, iragan urtarrilean ilusioa sentitu nuen akademiak jasotako 795 forma berrien zerrendan ikusi nituenean ajoarriero, kalderete, lebitatu, sexualizatu eta beste. Baietz nire hitz kutuna bildu hurrengoan! Lasai-lasai biziko gara bestela ere, erabili ere halaxe erabiliko dugu, baina zertan ezkutatu: txandrioa litzateke. Eta listo, aski apologia gaurkoz.
Oso interesgarria iruditzen zait zerbait izendatzeko egiten den bidea. Zerbaiti izena ematekoa, edo zerbaitek izena hartzekoa. Zeren, zer da lehenago? Izenak sortzen du izana, edo izana bazen lehenagotik, eta hor ibili da auskalo noiztik, nolabait kontzientziaren azpiko linbo batean, norbaitek arrantzatu eta argitara atera arte?
Egin dezagun kontu oraindik izenik –hitzik– ez daukan zer bat badela, gauza abstraktu lauso formagabe bat, oraindik izendatu ez duguna –edo ez guztiz, ez erabat– baina sumatu edo susmatu bai, zerbait-bada-baina-ezin-dut-adierazi moduko bat. Hor dabil, beraz, izan bat oraindik izenik gabea, eta, bat-batean, norbaitek liburu bat egiten du, edo film bat, edo kanta bat, nolabait gai horri heltzen diona, eta hain ondo heldu ere, ezen hortik ateratzen baita ideia hori adierazteko hitza edo esapidea. Adibide ugari daude, eta batzuek –askotan gure albo-hizkuntzetatik pasatu ostean– Euskaltzaindiaren hiztegirainoko bidea egin dute. Esaterako, donjuan, “Emakumeak seduzitzea atsegin duen gizonezkoa”, edo paparazzi, “Prentsako argazkilaria, ospetsuen argazkiak, haien pribatutasuna errespetatu gabe eta baimenik gabe, egiten saiatzen dena”. Azken hori Felliniren La Dolce Vita (1959) filmean agertzen den kazetariaren abizena da jatorriz (bueno, zehazki, Paparazzo zuen abizena) eta hortik hedatu da. Ingelesak bi forma hartu zizkion italierari, singularra (paparazzo) eta plurala (paparazzi). Gaztelaniak eta euskarak, plurala bakarrik.
Don Juan Tenorio eta Paparazzo pertsonaiak dira biak, eta pertsona mota bat edo lanbide bat izendatzeko hitz gisa igaro dira hizkuntza orokorrera. Baina beste bide batzuetatik ere gerta daiteke film baten ondoren hitz edo esapide berri bat sortzea.
Ez dakit ikusita daukazuen Georges Cukorren Gaslight filma, 1944koa. Thriller psikologiko bat da, oinarrian Peter Hamiltonen izen bereko antzezlana duena (1938). eLiburutegiaren eFilm plataforman ikus daiteke, adibidez. Ingrid Bergman da protagonistetako bat, eta Oskar saria irabazi zuen lan horrekin. Film horretan kontatzen da nola senarrak (Charles Boyer), helburu jakin batzuk lortzeko, emaztea (Ingrid Bergman) manipulatzen duen ezkutuan gas-argiaren intentsitatea aldatuz, zaratak eginez eta abar, dena imajinatu egin duela eta burua galtzen ari dela sinetsarazteko.
Oxford hiztegiaren arabera, to gaslight aditzak zera esan nahi du: To manipulate (a person) by psychological means into questioning his or her own sanity; hau da, norbait bere senean ote dagoen zalantza egitera eramatea, manipulazio psikologiko bidez. 1961ean kokatzen du hitzaren lehen idatzizko agerpena.
Merriam-Webster hiztegiak definizio zehatzagoa ematen du: norbait psikologikoki manipulatzea, normalean denbora luzean, halako moldez non biktimak zalantzan jartzen baititu bere pentsamenduak, oroitzapenak eta errealitatearen gaineko irakurketa. Konfiantza eta autoestimua galtzen ditu, nahasmena sentitzen du, ziurgabetasuna bere egonkortasun mental edo emozionalari buruz, eta manipulatzailearekiko mendekotasuna.
Gaztelaniaz batera dabiltza mailegua eta kalko bidezko itzulpena, nahiz Fundéuk hacer luz de gasa alguien gomendatzen duen, RAE hiztegiak jasotzen baitu: Intentar que dude de su razón o juicio mediante una prolongada labor de descrédito de sus percepciones y recuerdos.
Frantsesez, détournement cognitif proposatu da ordain modura, edo décervelage, baina hor dabiltza biak maileguarekin batera.
Gurean, batez ere genero-indarkeriaren arloan ari da bidea egiten, gas(-)argiarena egin, gas-argiaren indarkeria eta antzeko esapideetan, June Fernandezen Argiako artikulu honetan bezala. Beste agerraldi batzuetan adiera zabalagoa ematen zaio, adibidez lan-arlora edo politikara eramanda. Elhuyar hiztegiak gaztelaniatik jasotzen du, baina aldendu egiten da jatorrizkoaren moldetik:
hacer luz de gas: zorotzat jo/hartu, erotzat jo/hartu; zoro/ero sentiarazi
—¿quién ha dicho eso? —tú, querido. No me hagas luz de gas: —nork esan du hori? —zuk, laztana. Ez nazazu ero sentiarazi
Izan ere, gas-argiak baditu bere mugak gure artean bere horretan hedatzeko, batez ere erreferentea urrun geratzen zaigulako. Oso argia da jatorria ezagutzen baduzu, baina ez hainbeste, nondik datorren ez badakizu. Horren adierazgarri da euskarazko agerraldi gehienetan (gaztelaniaz eta frantsesez bezala) terminoaren azalpen bat jasotzen dela, gaslight edo gaslighting parentesi artean, edo Georges Cukorren filmaren aipamen bat. Hala ere, ezin ukatu badagoela galera bat urruntze horretan.
Eremu anglofonoan, 1944tik gaurdaino bide luzea egin du hitz honek, bigarren adiera bat hartzeraino. Orain, batez ere norbaitek bere onurarako beste norbait engainatzeko ekintza adierazten du, fake news eta adimen artifizialaren zenbait erabilerarekin lotuta (deepfake edo faltsutze sakona). Merriam-Webster hiztegiak urteko hitzik esanguratsuena jo zuen 2022an. Gainera, haren eremu semantikoa zabaltzen ari da, kide berriak batzen ari baitzaizkio; adibidez, gaslighting eta ghosting elkartuta, ghostlighting sortu da: pertsona batekiko kontaktu (birtuala) apurtu eta mamu bat bezala desagertzea, inolako azalpenik eman gabe, eta gero, besterik gabe itzultzean denean, hala egin duenik ukatzea.
Atzetik goaz, eta herrenka, bistan da. Kontzeptualizazioa hizkuntza nagusietan egiten da, eta oso azkar gainera. Eta, fokua gure kultura-produkzioan jartzen hasita, orain behintzat ez zait etortzen euskarazko film batetik sortutako hitz edo esapiderik. Ez dakit halakorik baden. Euskarazko film (edo antzezlan) ezagunenen rankingean Aupa Etxebeste! eta Kutsidazu bidea, Ixabel gailentzen dira. Beharbada, esan edo idatziko zuen norbaitek “(Aupa) Etxebeste bat egin”, edo “juanmartinkeria/ixabelkeria bat bota”, edo halakorik. Ez dakit.
Nolanahi ere, eta aurreko guztia gorabehera, esperantza pixka batez amaitu nahi nuke sarrera hau. Sinbolikoki, eta literalki. Burura etorri baitzait Gariren Esperantzara kondenatua, oso hedatuta dagoen erreferentzia bat. Legebiltzarrean, gutxienez hiru taldetako parlamentariei entzun izan diet aipu hori beren hitz-hartzeetan, eta sarean, berriz, agerraldi ugari ditu testu idatzietan. Irudipena dut erreferentzia izatetik esapide izatera igarotzeko bidean-edo dela. Arrakastatsua da esapide gisa, adierazkorra. Esperantza eta kondena, binomio ezohiko bat, binomio inprobable bat. Esperantza beharrezkoa, ezinbestekoa, baina nekeza, zaila, fatalismo puntu bat duena. Oso gure garaikoa, esango nuke. Irudipena dut sentipen hori lehendik ere bazela, gure artean genuela, bazebilela kontzientziaren azpiko linboan, eta Jose Luis Padronek bere hitzekin eta Garik bere musikarekin arrantzatu eta argitara atera zutela; horregatik txertatu dela hain ondo gurean. Izanak izena aurkitu duela, alegia.