Hiztegiak eta katiximak

Josu Barambones Zubiria

Uda osteko blog honetako nire lehen ekarpenerako gai labaina hautatu dut: euskarazko hiztegien eta Elizaren boterearen arteko harremana. Gauza jakina da Ertaroaz geroztik Eliza Katolikoak berebiziko eragina izan zuela hizkuntza idatzia kontrolatu eta garatzeko eta, beraz, hiztegiak sortzeko orduan. Eta botere hori islatu egin zen hitzak definitzeko orduan ez ezik, gizartearen bizimodua hezurmamitzen duten kontzeptu moralak norabide jakin baten aldera eramateko orduan ere.

Gaur egungo euskal hiztegiak akademiko eta hizkuntzalarien esku daude, hiztegi batzuetan Elizak izan duen eragina oraindik ikus daitekeen arren. Bereziki deigarria begitantzen zait Euskaltzaindiaren hiztegian kristau ideiekin loturik agertzen diren adibideek hartzen duten tamainaren zabala. Hizkuntza zaindu eta babestearren, akademiak kontserbadoreak izaten dira, eta beste garai bateko erabilerak islatu ohi dituzte, esanahi eta ñabardura erlijiosoak dituzten termino eta adibideak jasoz, nahiz eta gaur egungo gizartean euren garrantzi soziala eta praktikoa txikiagoa den.

Ezagun da Euskaltzaindiak eta Elizak oso lotura estua izan dutela urte askoan, eta mendetan zehar Elizak rol garrantzitsua jokatu zuela euskara babestu eta euskararen erabilera sustatzeko. Euskaltzaindia 1918an sortu zenean, Elizak bere babes osoa eman zion, eta lehen euskaltzainburua elizgizon bat izan zen: Resurrección María de Azkue. Gerora, beste bi elizgizon izan ditu euskaltzainburu: Manuel Lekuona eta Luis Villasante. Bestalde, historian zehar euskaltzainen artean elizgizon asko egon dira, egun bat ere ez dagoen arren euskaltzainen eta urgazleen artean (oker ez banago). Guztiarekin ere, nire ustez ―barkatu hain gordin esatea―, irakur daitezkeen adibideei erreparaturik, Euskaltzaindiaren hiztegiak katixima baten itxura hartzen du sarritan.

Hori horrela, gai hau baliatuko dut estilo-ariketa moduko bat egiteko eta hitz batzuekin jolas egiteko. Horretarako, Euskaltzaindiaren hiztegian datozen 10 adibideren ordez, beste adibide alternatibo batzuk ematen saiatuko naiz, gaur egungo mundu moderno eta estatu akonfesional batekin lotura handiagoa dutenak, eta erabilgarriagoak diratekeenak, nire ustez. Eta zergatik hamar adibide? Erlijioan zenbakiak sinbolikoak direlarik, hamar zenbakiak sinbolismo handia du kristau tradizioan. Hor ditugu, esaterako, Hamar aginduak, Jainkoak Moisesi eman zizkionak; edo Genesian aipatzen diren hamar belaunaldiak, Adan eta Noeren artekoak eta Noe eta Abrahamen artekoak. Azkenik, hamar zenbakia perfekzioaren sinboloa ei da.

Eta luzamendutan ibili gabe, honatx agindutako hamar adibideak eta hamar adibide horien adibide alternatiboak (inoiz eguneratzeko asmorik balute, hor lukete proposamen xume bat):

1.- Aberats. Eta bere amarekin eta bi anaiekin, aberats bizi izan zen, Jainkoak daki zenbat urtez.
• Eta bere amarekin eta bi anaiekin aberats bizi izan zen dirua xahutu zuen arte.

    2.- Borondate. Jaunaren borondatearen onartze umila.
    • Bere min lazgarria gorabereha, ez zuen aurre egiteko borondatea galdu.

    3.- Epel. Kristautasunaren aldetik, batzuk bero omen ziren eta besteak hotz, gehienez ere epel.
    • Sexu-harremanen aldetik, batzuk bero omen dira eta besteak hotz, gehienez ere epel.

    4.- Errezelo. Apaiza berehala hasi omen zen errezelo txarrak hartzen.
    • Errezeloak hartzen hasia nago ez ote duten aurtengo sarietan iruzur egin.

    5.- Eurrez. Horra non datozen lagunak, eurrez eta bide beteetan, Jainkoaren berba entzutera.
    • Horra non datozen jeltzaleak, eurrez eta bide beteetan, Pradalesen berba entzutera Forondako zelaietara.

    6.- Gaixotasun. Gizonen flakezia eta gaixotasuna ezagutzen dituzun Jainkoa.
    • Gaixotasun terminala duen gizon baten bizitzan oinarritzen da bere lehen filma.

    7.- Grina. [Hitz honek jai du Euskaltzaindiaren hiztegian, beronen arabera grina guztiak txarrak baitira, elizarakoa ez bada.] Haragikeriako grinak itsutua. Elizarako grina handia duelako. [Zergatik ez jarri eredutzat hiztunek aiseago erabiliko luketen esaldi sinpleago bat? Berbarako:]
    • Alavesek (edo nahi duzuen taldeak) grina handiz ekin dio bigarren zatiari.

    8.- Iraungi. Infernuko suak berak ez du iraungiko zu erretzen zaituen lohikeriaren garra.
    • Kontzientziako harrak ez dio iraungiko erraiak erretzen dizkion maitasuna.

    9.- Munstro. Bekatua, munstro lazgarria, gure arimen etsaia.
    • Izaera garrazten zion munstroa erakutsi zuen bere jokaerarekin.

    10.- Plazer. Haragiaren plazer debekatuak. [Debeku usaina du, ezta? Zergatik ez dugu inoiz honelako adibiderik topatuko?]
    • Haragiaren plazerak ezagutu zituen Polinesia Frantsesean.

    Euskaltzaindiaren hiztegiaren helburua bada euskararen gaurko benetako erabilera jasotzea eta komunikazio egoera bakoitzean hizkuntza egoki erabiltzeko hitzak eskaintzea, gaur egungo gizartean garrantzitsua da erlijioarekin lotutako adibideak beste batzuen gainetik ez lehenestea eta oreka bat gordetzea. Ez dut esan nahi kristatu-erreferentzia guztiak ezabatu behar direnik, gure historia eta kulturaren lekuko baitira, baizik eta hiztegi moderno batek egungo errealitatera egokitzeko ahaleginak egin behar dituela eta ikuspegi anitzagoa eta neutroagoa ekaini.

    Irakurminak

    Amaia Lasheras Perez

    Blog honetan berriki argitaratutako Itzulminak artikulua ekarri nahi nuke hona gaurkoan. Han, Amaia Astobizak gogoeta egin zuen itzulpenek profesionalongan uzten duten arrastoaz eta lan batzuek gu transformatzeko izan dezaketen gaitasunaz. Eta horri bueltaka ibili naiz egun hauetan, Arantzazu Royok eta Xabier Olarrak itzulitako eleberri bat irakurtzen ari nintzela: Jakobian eraikina (Alaa Al Aswani). Izan ere, hura irakurtzeak aztarna sakona utzi dit barrenetan.

    Aitortu behar dut guraso naizenetik, oso sentikor bihurtu naizela zenbait afera direla eta. Batez ere, haurrekin lotutako gertaera latzak suertatzen zaizkit jasanezin, eta erraz hasten naiz negarrez film batean haur bati zorigaitz bat gertatzen bazaio. Umeek jasandako abusuen berri badut, burutik ezin kenduz ibiltzen naiz egun batzuez. Horrelako gaietan, eragin bertsua sortzen didate gertaera errealek nahiz fikziozkoek.

    Bada, gustura murgiltzen ari nintzen 1980ko hamarkadako Kairoko giroan; istorio itxuraz xumeen bidez, orduko gizartearen erradiografiaz gozatzen. Harrituta gelditzen ari nintzen zenbait gauzarekin; ez nuen espero gehiengo musulmaneko herrialde batean sexu-kontuak hain agerikoak izatea (40 urte joan direnez, beharbada gauzak aldatuko ziren): amoranteak, lanari eusteko nolabait ere prostituitu beharra, harreman homosexualak… Eta ia oharkabean ailegatu zen haurraren kontrako erasoa. Ez nuen espero. Bortxaketaren irudia bereziki asaldagarri suertatu zitzaidan. Izan ere, kontatuta dagoen bezala, amodioz eta erotismo finez betetako eszena bat da; ia kitzikagarria. Nola liteke horrelako munstrokeria ederra suertatzea? Idazleak maisutasunez eta itzultzaileek bikaintasunez lortu dute maitasunez egindako bortxaketa-segida gisa islatzea.

    Hamaika gauza etorri zitzaizkidan burura pasartea irakurritakoan. Nola izan zitezkeen hain axolagabeak haur horren gurasoak? Eta nire semeari ere horrelako zerbait gertatu bazaio eta ni ohartu ez? Nola kudeatuko ote zuen mutiko horrek urte luzeetako esperientzia hura? (Liburuak aurrerago erantzun zion nire azken galderari). Munduan zenbait umeri gertatuko zitzaion horrelako zerbait? Biktimek gertatutakoa isilpean gordetzen badute, milaka, milioika izan daitezke. Nola sentitu ziren Royo eta Olarra hain gertaera lazgarriak edertasunez jantzi behar izan zituztenean? Fisikoki ere eragiten zidan eszena horretan pentsatzeak: goragalea, nazka, higuina. Beharbada, bortxatzailea ez delako gaizkiletzat hartzen suertatzen zitzaidan hain jasangaitza.

    Eleberria baztertu behar izan dut bolada batez. Irakurtzen segitzen saiatu nintzen, baina bortxaketa “eder” hori eta geroko abusuak han barruan zeudela jakiteak ez zidan bakea ematen. Behatz artean sentitzen nuen bortizkeria hura liburua bera ukitzean, eta irudi horiek behin eta berriz etortzen zitzaizkidan burura. Ezin nuen jasan. Uste dut oraindik egun batzuk beharko ditudala barrenak lasaitu eta berriz liburuari ekiteko.

    Zoritxarrez, gaurkotasun handiko gaia da haurren kontrako erasoena, “Epsteinen uhartea”ren aferak berriki erakutsi digun bezala. Gizaki helduon doilorkeria erakusten digute berriz ere gertaera horiek. Eta, bai, lehengoan Care Santos idazlearen artikulu batean irakurri nuen bezala, liburuek jakin behar dugun guztia eskaintzen digute; gauza on eta txar guzien berri ematen digute. Horixe omen da literaturaren handitasuna. Baina, ikusten denez, ni une honetan ez nago edozein gauza jasateko prest. Amaia Astobizak aipatutakoaren ildo beretik, “irakurmin”ek ez didate uzten.

    Itzulminak

    Amaia Astobiza Uriarte

    Joe Sacco-ren Palestina (Astiberri, 2023) komikiaren euskarazko argitalpenaren harira, Julen Gabiria itzultzaileak adierazi zuen hasieran zaila begitandu zitzaiola testuaren tonuari eustea, bere ustez autorearen jarrera ez zetorrelako bat kontakizunean gertatzen ari zenarekin. Esan zuenez, bere ideologiak edo enpatiak talka egiten zuen egilearenarekin, eta horrek zaildu egiten zuen itzulpen-lana; nolabait ere, arantza batekin jardun behar izan zuen hasieran, bai-baina-ez sentipenarekin. Edozelan ere, liburuan aurrera egin ahala, eta autoreak Palestinaren historia eta uneko errealitatea hobeto ezagutzeaz bat, haren jarrera ere aldatuz doa apurka. Azkenerako, Gabiria Saccorekin adiskidetu zen, eta orain gogotsu dabil liburua aurkezten, baita, bide batez, Israel palestinarrekin egiten ari den genozidioa irmoki salatzen ere. Jakina, ez zuen orain izango Palestinaren berri, eta komikia itzuli izan ez balu ere jardungo zukeen zeregin horretan espazio pribatuagoetan; baina Palestina itzuli izanak —herritarren kontakizun eta aldarrikapenak euskaratzeak, dokumentazio-lana egiteak— ikuspegi jantziagoa emango zion arean ere, eta liburua han-hemen aurkezten aritzeak jende gehiagorengana heltzeko aukera ematen dio, eta jende horrekin bere ernegua eta ezintasuna partekatzekoa.

    Izan ere, itzultzaileok testuan gure arrastoa uzten dugun ber gisan, testuek ere arrastoa uzten dute itzultzaileongan. Adibidez, Gabiriak aipatutako deserosotasun hori eragin diezagukete gureaz bestelako iritzia adierazten badute. Eta ez guztiekin, noski, baina batzuekin gertatzen zaigu itzulpena toki batean hasi eta beste batean amaitzen dugula. Eraldatu egiten gaituztela esan behar nuen, baina ez dut uste hori denik; tokialdatu-edo egiten gaituzte, maketa erraldoi bateko pertsonaiak bagina legez; esku batek burutik oratzen digu, eta beste leku batean jartzen, eta esaten digu: «Hau duzu kokapen egokia, hemendik begiratu behar diozu inguruari». Saiakera itzultzen dugunean askotan gertatzen zaigu hori, baina beste literatura-genero batzuetako testuek ere eragin dezakete halako lekualdatze bat. Agian Gabiriari ere gertatuko zitzaion Palestinarekin hein batean, nahiz eta ez dudan uste asko-askorik ere mugituko zenik bere hasierako posiziotik. Hori bai: begirada zorroztu eta kopeta are gehiago ilunduko zitzaion, eta mina, minik barrukoena, puska bat gehiago sugartu.

    Nik ere badut Gabiriak duen samin hori, min gordin eta puntazorrotz hori, eta pentsatzen dut berba hauek irakurtzen ari zaretenok ere izango duzuela, gutxi-asko. Min gorria, Israelgo Armada egunero-egunero eta jada 101 egunez jarraian palestinarrei eragiten ari den sufrimendu ia izendaezina, adjektiborik garratz eta latzenak ere eskas geratzen baitira han egiten ari direna azaltzeko. Eta ezin diot utzi mina sentitzeari, ezin diodalako utzi hango irudiei begiratzeari. Nola ez ditut ba haurtxo hilberrien emakume tirokatuen gazte mutilatuen irudiak ikusiko, hori behintzat egin beharko dugu haiengatik, horretarako ari dira-eta beren seme-alaben garun lehertuak beren gorputz-atal erauziak beren dolu-aienerik intimoenak grabatzen eta mundura zabaltzen, hori dutelako bide bakarra jasaten ari diren ankerkeriak salatzeko eta nazioarteari laguntza eskatzeko. Palestinan ere behin eta berriro ageri da eskakizun hori: «Idatziko duzu zerbait gutaz? Erakutsi dizut, ikusi duzu! Hitz egin gutaz, bai?». Inork ez du reality-show bihurtu nahi bere herriaren eta haurrideen suntsiketa, eta, halere, besterik ezean, iruditzen zaie horixe dela egin beharrekoa beren lurretatik kanporako jendearengana iristeko eta haiek —gu— zerbait —«Gera ezazue sarraski hau!»— egitera bultzatzeko.

    Baina begietan gainezka egiten dizuten malkoek ez dute fosforo zuriaren surik itzaltzen ez zerrendako odolik garbitzen, eta zer edo zer, zer edo zer egin behar duzu zuri ere barrua lehertuko ez bazaizu.

    Halako batean, proposamen bat iritsi zaizu postara: itzuliko dituzu nirekin batera Perry Anderson historialari eta analista politikoak Palestinari buruz idatzitako bi artikulu luze? Hara, neurri-neurriko egitekoa, aldi berean min-aringarria ere izan daitekeena. Baietz esan, eta gogoz ekin diozu lanari; azkenean, baduzu palestinarrei elkartasuna adierazteko modu eraginkorrago bat, ez haien sufrikarioa zure eginda —munduak ez du malko gehiagoren beharrik—, baizik eta sormenaren bidez, zerbait eraikiz. Eta aldez badirudi horretan ari zaren bitartean jada Israelek ez dituela horrenbeste bonba jaurtitzen Gazako bizilagunen artera eta ez direla horrenbeste hilotz pilatzen bide-bazterretako hobi inprobisatuetan. Berbak ingelesetik euskarara ekarri bitartean, xix. mendearen amaieratik datorren gatazka honen korapiloak askatzen saiatzen zara; zure burua bi zeregin horietara jarrita dago erabat, eta blokeatu egiten ditu erraiek garunera bidaltzen dituzten min-seinaleak. Bukatutakoan ere bake pixka bat sentitu duzu barrenean; iruditzen zaizu egindako lana Palestinaren eta Euskal Herriaren arteko zubi bat gehiago izango dela; ez beharbada oso ibilia, baina tira, zubiz zubi, iritsiko ote zaie gure epeltasuna, eta, batez ere, animatuko al dira agintariak gaitzespen instituzional irmoak egin eta dagokienei erantzukizunak eskatzera.

    Fini da, baina. Bidali duzu lana, entregatu duzu minaren kontrako ezkutua. Tankeak itzuli dira Gazako hiribideetara, eta soldadu israeldarrek palestinarren auzo zartaraziak opaltzen dizkiete beren ezkonlagunei. Begiak anpuluz bete zaizkizu berriro, eta oraingoan uriola dakar.

    Halako batean, (beste) proposamen bat iritsi zaizu postara…