Unibertsitateko hizkuntza-plangintza eta eleaniztasuna

Igone Zabala Unzalu

Euskal Herriko Unibertsitateko Plan Estrategikoak (2022-2025) nazioartekotzea funtsezko ardatz gisa definitzen du:

«Sakondu egin behar dugu gure nazioartekotzean, mundu osoan aitortua izango den unibertsitate bihurtzeko. Horretarako, unibertsitate guztiz eleanitza izan behar dugu, gai izango dena leku guztietako ikasleak erakartzeko, nazioartean erreputazio sendoa izango duena, ikerketaren kalitateagatik eta irakasle-ikertzaileen ospeagatik. Nazioartekotze ikuspegi integral bat behar dugu, ezaugarri izango dituena gure zerbitzuen kalitate maila handia eta gure jardueren garrantzia, gure egresatuak eta langileak prest egon daitezen egoki erantzuteko toki eta mundu mailako desafioei.»

Plan estrategikoari jarraiki, UPV/EHUren Nazioartekotze Plana 2023-2026 garatu da, eta horren barruan bereizten diren bost erronken artean, “prestakuntza” dago, gradu eta graduondoko tituluen maparen nazioartekotzea helburu duena. Helburu hori lortzeko, hurrengo ikasturteko irakas-eskaintza antolatzeari begira, irakaskuntza hizkuntza ez-ofizialetan baimentzeko deialdiak egiten dira, “UPV/EHUko ikasleei zein ikasle bisitariei zuzendutako gradu-eskaintza eleanitza sustatzeko”. Frantsesezko eskaintza hutsaren hurrengoa izaten da, eta benetan sustatzen dena da ingelesezko irakasgaien eskaintza. Irakasgai solteak baino areago, irakasgaien ibilbideak sustatzen dira, Unibasqen nazioartekotzeko kalitate-zigilua lortzeko xedearekin (graduko kreditu guztien % 20).

Ildo horretatik, ingelesa graduetan txertatzeko prozesua gidatzen duten dokumentuei eta zuzendaritzei “eleaniztasun” etiketa jartzen zaie. Hortaz, gure unibertsitatean funtsezkoak diren hizkuntza ofizialak (euskara eta gaztelania) planetatik aparte uzten dira, eleaniztasunak jokoan dauden hizkuntza guztiak barne hartzen dituela ahaztuta. “Euskara Plan Gidariak” egiten dira lau urterik behin, nazioartekotze-planetik aparte. Gaztelania, aldiz, ez da kontuan hartzen plan horietan, gure unibertsitatean ezarpen handiena duen hizkuntza dela eta nazioartekotze-helburuetarako pieza garrantzitsua izan daitekeela alde batera utzita.

Azpimarratu beharrekoa da UPV/EHU lehenengoa izan dela Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan garapen iraunkorreko 18. helburua (Hizkuntza eta Kultur Aniztasuna) gaineratzen. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren ekimena izan zen helburu hori gaineratzea. 18. GIHaren justifikazioa da hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren defentsa eta tokian tokiko hizkuntza gutxituen errespetua, biodibertsitatea bezala, garapen iraunkorrerako faktore agerikoak direla, eta horrekin lotutako dokumentuetan nabarmentzen da funtsezkoa dela UPV/EHUrentzat ardatz nagusi horretan euskararen eta euskal kulturaren garapena. Nolanahi ere, helburu horren zentzua ez zaio egokiro helarazi unibertsitateko komunitateari, edota eleaniztasuna ingelesaren ezarpenarekin identifikatzeak gaizki-ulertuak eragin ditu. Izan ere, behin baino gehiagotan entzun dut 18. GIHarekin lotuta, adibidez, GrAL eta MAL moduko lan akademiko gehiago idatzi beharko liratekeela ingelesez eleaniztasuna sustatzeko, GIH horren helburua hain zuzen ere kontrakoa bada ere: euskara bezalako hizkuntza gutxituak babestea eta ez erabateko nagusitasun globala duen ingelesaren hegemonia areagotzea.

Ez du zentzu handirik unibertsitatearen nazioartekotzearen kontra egiteak, baina funtsezkoa dugu horrekin batera zaintzea nazioartekotze-politikek euskararen garapen eta ezarpen prozesua oztopa ez dezaten. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialak eta ez-ofizialak kontuan hartzen dituen hizkuntza-plan integrala egitea. Izan ere, une honetan jada begi-bistakoa da euskararen ezarpena nabariki motelduta dagoela eta, ziurrenik, atzera ere egiten ari dela. Hori uzten dute agerian ikasleen kexek, gero eta ozenkiago erakutsi ere.

Gure unibertsitatean ikasleen erdiak baino gehiago matrikulatzen dira euskaraz, baina oraindik ere gradu batzuetan enborrezko irakasgaiak ezin dira egin euskaraz, eta gradu gehienetan badira hainbat hautazko irakasgai euskaraz ezin egin daitezkeenak. Nolanahi ere, badirudi azken urteetako politiken oinarri modura onartuta dagoela euskara jadanik nahiko garatuta eta ezarrita dagoela graduko ikasketetan. Nahikotasun horren azalpen modura ohikoa izaten da esatea, adibidez, ikasleek nahikoa ECTS egin ditzaketela euskaraz C1 mailako ziurtagiria egiaztatzetik salbuetsita geratzeko. Nolanahi ere, gradu askotan ikasleek hautazko jakin batzuk hautatu behar dituzte nahitaez, euskaraz ikasi nahi badute, alegia, espezializazioa ala hizkuntza hautatzeko beharra dute. Garbi dago, beraz, euskaraz ikasteko eskubidea ez dagoela bermatuta, gaztelaniaz ikasteko eskubidea bermatuta dagoen maila berean behintzat.

Areago, zenbaitetan, irakasgai jakin batzuk euskaraz egin nahi dituzten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzera behartzen dira, gaztelaniazko taldeen bideragarritasuna bermatzeko, argudiatuz ikasle guztiek dakitela gaztelaniaz baina ez euskaraz. Argudio horrek oinarri faltsuak ditu. Izan ere, ez da egia ikasle guztiek gaztelaniaz dakitenik. Adibide batzuk emateagatik, badira euskaraz dakiten eta gaztelaniaz ez dakiten etorkinen sema-alaba batzuk, badira beti euskaraz ikasi duten eta komunikazio akademikorako gaztelaniaz oso ondo moldatzen ez diren ikasleak ere, eta badira Iparraldetik etorritako euskal hiztunak, frantses hiztunak ere badirenak eta gaztelania akademikoa menderatzen ez dutenak. Nolanahi ere, horiek guztiak gaztelaniaz euskaraz bezain ondo moldatuko balira ere, haien hizkuntza-eskubideak urratzen ditu egun aukera bakarra balitz bezala ezarritako hizkuntza-politikak. Hortaz, gaztelaniazko taldeak ikasle kopuru txikiagoekin mantentzea hizkuntza-politika egokiagoa litzateke, euskaraz ikasi nahi duten ikasleak gaztelaniaz matrikulatzen behartzea baino, eta, jakina, alderantzizkoa ere onartu beharko litzateke eta ikasle kopuru txikia duten euskarazko hautazkoak ere mantendu.

Iparraldeko ikasleei dagokienez, teorian behintzat, badago erakartzeko helburua, eta garbi dago nazioartekotzearen alorrean helburu garrantzitsuenetako bat izan beharko lukeela, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenak adierazten duenera inoiz hurbilduko bagara. Nolanahi ere, gure unibertsitatean frantsesa ez da inon ageri, Iparraldeko hiztunen lehen edo bigarren hizkuntza dela erabat ahaztuta. Urratsak egin behar ditugu frantsesak ere presentzia izan dezan. Areago, frantsesa ikasteak etorkizunean izan dezakeen balioa ere helarazi beharko genieke ikasleei. Izan ere, Iparraldean irakasle euskaldunen behar handia dago, eta gure egresatu batzuentzat lan-aukera erakargarria izan daiteke hori. Nolanahi ere, lau urte lanean egon ondoren beren lanpostuan egonkortu nahi badute, frantseseko gaitasunaren akreditazioa aurkeztu beharko dute, eta EHUk informazio hori ere zabaldu beharko luke.

Azkenik, azpimarratu beharra dago irakasgaiak euskaraz emateak eskatzen duela kalitatezko irakasmaterialak erabiltzea euskaraz, eta horretarako nahitaezkoa dela, besteak beste, espezialitateko alorrez alorreko terminologia eta fraseologia garatzea eta ikasleei transmititzea. Hautazko irakasgaiak ere euskaraz ematea garrantzitsua da, espezializatuagoak izaten baitira enborrezkoak baino, eta hizkuntza-baliabide espezializatuak garatu eta partekatu egiten baitira horietan. Azken urteetan english friendly courses deritzon estrategia jarri da abian. Ideia da irakasgai jakin bat euskaraz edo gaztelaniaz ikasten duten ikasleei materialak ingelesez ere eskaintzea. Hala ere, irakasle edo sail batzuek interpretazio okerra egin eta ulertu dute irakasgaiak euskaraz edo gaztelaniaz emanda ere materialak ingeles hutsean eskaini behar dizkietela ikasleei. Garbi dago interpretazio hori erabat urruntzen dela euskararen normalizaziorako helburuetatik. Izan ere, ingelesezko artikuluak, liburuak, bideoak eta denetariko materialak nonahi aurki daitezke edozein gai espezializaturi buruz, baina horrelako materialak euskaraz egon daitezen guk geuk sortu behar ditugu eta guk eskaini behar dizkiegu ikasleei. Zentzu gehiago izango luke “irakasgai euskara-lagunak” eskaintzea edozein hizkuntzatan matrikulatzen diren ikasleei. Izan ere, ikasle horien artean badira zenbait euskal hiztun ere, edota euskararekiko jakin-mina edo interesa duten estatuko beste komunitate batzuetatik edo beste herrialde batzuetatik etorritako ikasleak ere. Euskarazko materialak eskura jartzea baliagarria izan liteke horiek guztiak gure hizkuntza eta kulturara hurbiltzeko.

Betiko erronkei begirada berriak

Amaia Lersundi Pérez

Askotan tokatu izan zait nazioartean euskal hezkuntza sistemaz hitz egitea, eta normalean, Euskal Herriko egoera ezagutzen ez dutenei bitxia egiten zaie gure hezkuntza sisteman dugun egoera linguistikoa, eta batzuetan zaila ere egiten zaie ulertzea. EAEko derrigorrezko hezkuntzan eskolatze hizkuntza nagusia euskara da, eta ikasle guztiek hiru hizkuntza ikasi behar dituzte gutxienez: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat, kasu gehienetan ingelesa izaten dena.

Beste toki askotan ez bezala, gure eskolatze hizkuntza nagusia hizkuntza gutxitua da, eta badakigunez, hizkuntza hegemoniko batekin diglosia egoeran bizi da. Horrek hainbat eszenatokiren aurrean jartzen gaitu. Batetik, etxeko hizkuntza euskara duten ikasleek haien lehenengo hizkuntzan egiten dute ikaste-prozesu osoa. Euskara lehenengo hizkuntza ez duten ikasleek, aldiz, murgiltze ereduan ikasten dute. Egoera horretan dauden ikasle batzuentzat euskara hizkuntza akademikoa edo eskolako hizkuntza besterik ez da, eskolaz kanpo tokirik ez duena. Hala ere, etxetik euskara ez dakarten beste ikasle batzuentzat murgiltze eredua arrakastatsua da, eta euskaraz bizitzera ere iristen dira.

Badaude beste herrialde batetik etortzen diren ikasleak ere, zeinentzat euskara eta gaztelania haien hirugarren eta laugarren hizkuntzak izan daitezkeen. Azken urteetan, Euskal Herriko hezkuntza sisteman, eta baita munduko beste herrialdeetako hezkuntza sistemetan ere, kultura eta hizkuntza aniztasunek nabarmen egin dute gora. Igoera hau are nabarmenagoa izango da datozen urteetan.

Orain arte, ez zaigu batere erraza egin curriculumeko hiru hizkuntzak modu koordinatu batean irakastea eta euskara ardatz duen eleaniztasuna praktikan jartzea. Gero eta gehiago dira eskoletan elkarrekin bizi diren hizkuntzak, eta gizarte benetan inklusibo eta eredugarria izan nahi badugu, hizkuntza horiek guztiak errespetatu eta kontuan hartu behar ditugu. Erronka potolo baten aurrean gaude, eta hezkuntza komunitate osoaren ardura da erronka horri behar bezala erantzutea.

Bide eta hausnarketa berriak irekitzeko garaia dela uste dut. Zer eta nola egingo dugu gure hezkuntza sisteman daukagun hizkuntza aniztasunari erantzuteko? Nola bermatuko dugu kulturartekotasuna geure kultura mantenduz eta zainduz? Nola indartu geure hizkuntza besteen hizkuntzak baztertu edo gutxietsi gabe?

Mila dira burura datozkidan galderak. Hasieran esan dut batzuetan nazioartean zaila egiten dela gure hezkuntza sisteman bizi dugun egoera linguistikoa ulertzea, baina barrutik ere ez da erraza teorikoki hain barneratuta ditugun zenbait ideia praktikara eramatea. Herrialde batzuek eredutzat dute Euskal Herria, baina guk ere badugu zer ikasi besteengandik; esaterako, ikasi beharko genuke hezkuntza komunitatean sortzen diren testuinguru eta errealitate eleaniztunetan nola jokatu, betiere, noski, euskarari kalterik egin gabe. Eskola batzuetan lan handia egiten ari dira bide honetan, eta azken urteotan elkarbizitzan asko laguntzen duten hainbat praktika on abiatu dituzte. Horiek bai eredugarriak!

Aurrez aurre, justizia

Asier Larrinaga Larrazabal

Orain dela egun batzuk, beste epai bat gehiago ezagutu dugu Administrazioan sartzeko ezarrita dauden hizkuntza-eskakizunen aurka, oraingo kasuan Bizkaiko Foru Aldundiaren lan-eskaintza publiko batekin lotuta. Argudioak euskal lurraldeetan diharduten auzitegiek erabili ohi dituztenak dira. Bi argudio dira, biak ala biak zeharo gezurrezkoak.

1. argudioa: «Euskara-eskakizunek gaztelania-hiztunak baztertzen dituzte». Irmoki ezeztatzen dut. Jakitea eta izatea ez dira gauza bera. Soldata publikoa duen langilea izateko euskara jakin dadin eskatzea da, inongo alderik gabe, matematika jakin dadin eskatzea bezalakoa, edo bularraldeko kirurgia jakin dadin, edo autoa gidatzen, edo kasuan-kasuan dagokiona. Euskara jakin ezean, nahikoa da ikasturte akademiko bat (9 hil) B2 maila erdiesteko. Euskara jakiteko eskakizuna ez da parekatu behar, ezelan ere, Barakaldon jaioa izateko baldintzarekin, ile-horia izateko baldintzarekin, ezkertia izateko baldintzarekin edo zeliakoa izateko baldintzarekin. Egoera hainbeste zitaldu da, ezen, Antsoainen oposizioetara aurkezten banaiz, ingelesa jakitea merezimendua izango baita, baina euskara jakitea bidegabekeria.

Funtzio publikoan lan egitea zerbitzu bat da, ez eskubide bat, eta pertsonarik prestatuenak hautatzea eskatzen du. Kontua ez da inor diskriminatzea bere izateagatik, baizik eta merituak aitortzea badauzkanari.

2. argudioa: «Administrazioak euskarazko zerbitzua eman dezan, ez da beharrezkoa plaza guztietan hizkuntza dakiten pertsonak aritzea». Errealitateak berak gezurtatzen du argudio hau. Lehenago edo geroago, Administraziora euskaraz jotzen duen euskaldunak bere bizipenen artean izango du zain geratu behar izatea (ordu erdi baino gehiago batzuetan) “indigena”rekin komunika daitekeen baten bat aurki dezaten arte. Hori bada diskriminazioa. Diskriminatu egiten naute, eta askoz tratu txarragoa eman, nire hizkuntza-eskubideak erabiltzen saiatzeagatik.

Eta arazo bakarra ez da ez dugula bigarren mailako arretarik nahi. Gure nahia bada, era berean, euskara ulergarri, kalitate oneko eta zainduan egotea formularioak, liburuxkak, legeak, gidaliburuak, iragarkiak eta Administrazioak helarazten dizkigun gainerako testu guztiak, idatziak zein ahozkoak. Hori lortzeko modu bakarra da administrazioak euskaraz funtzionatzea; nekez lortuko da administrazioari azken orduan gogora etorrita testua euskaratu egin behar dela argitaratu aurretik, berdin dio Google Translator bidez, nire lehengusuari eskatuz, «Bermeokoa baita», edo erakundeko itzultzailearen eguneko ekoizpen-kuotari gaineratuz.

Nolanahi ere den, arrazoizkoa iruditzen zait hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua eta esleitutako eskakizun-mailak eurak esparru bakoitzeko errealitate soziolinguistikora egokitzea. Horixe bera exiji dakioke Justizia Administrazioari, ildo horretan ezer ere egin ez duena. Alderantziz, ez da arraroa justizia oldarkor agertzea euskararen aurka bere epaietan. Gogoan dut Gasteizko Administrazio-auzietarako Epaitegiak 2021ean emandako hura, honelako “perlak” jasotzen zituena: «Administrazioak ahaztu bide du euskarak bosgarren posizioa duela munduko hizkuntzarik zailenen artean (zerrenda batzuetan lehenengo ere agertzen da)».

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak egindako adierazpenek, Teleberrin jasoak, berretsi egiten dute ez dagoela ez egitasmo ez borondate instituzionalik, eta pertsona bakoitzaren ekimenaren esku uzten dela dena. Euro bat jokatuko dut, Uriartek piztu dituen espektatiben aurka, ezetz egin 2025ean epaiketa bat ere oso-osorik euskaraz.

Konfiantza dut, ordea, euskal administrazioetako zerbitzu juridikoek jakingo dutela zelan indargabetu euskararen normalizazioaren aurkako mehatxu hau, zeina baita, azken batean, gure herriaren normalizazio sozialaren aurkako mehatxu bat.

Jatorrizkoa Deian argitaratua: https://www.deia.eus/opinion/columnistas/2025/01/21/justicia-hemos-topado-9178384.html

Adimen artifiziala euskaraz

Maite Imaz Leunda

Common Voice Mozilla Fundazioak (kode irekiko Mozilla proiektuaren arduradun den irabazi asmorik gabeko erakundeak) abiarazitako lankidetza-proiektua da, ahots-grabaziozko datu-base libre bat sortzeko, horrekin kode irekiko ahots ezagutzailea (speech-to-text motorra) lortzeko hainbat hizkuntzatan. Boluntarioek mikrofono batekin grabatzen dituzte esaldiak eta grabazioak beste erabiltzaile batzuek berrikusten dituzte. Transkribatutako esaldiak ahotsezko datu-base batean jasotzen dira, jabari publikozko lizentziapean. Lizentzia horrek ziurtatzen du edozein garatzailek datu-basea erabil dezakeela ahotsetik testurako aplikazioetarako, mugarik edo kosturik gabe.

Euskarari dagokionez, Librezale euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen lantaldea hasi zen sustapena ematen eta grabazioak egiten. Geroago Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bultzada ematea erabaki zuen eta hainbat urrats egin ziren 2023an; egitasmoaren aurkezpen publikoa egin zen Tabakaleran eta horren inguruko hainbat publizitate egitasmo: spota komunikabideetan, Euskal Irrati Telebistako Gaitu-eguna, Grabazio maratoia hiriburuetan eta hainbat herritan, erronka bideratu zen ahotsak biltzeko proiektua bultzatzeko.

Bultzadaren ondorioz, boluntarioen kopuruak goraldia izan zuen, baina geroztik geldi samar dago. Gaur egun 10.000 hiztunetik gora daude erregistratuta eta 665 ordu grabatuta. Ekimenaren berri etengabe eman beharra dago jendeak ekarpenak egin ditzan. Ahots asko eta askotarikoak behar dira, adin tarte, genero eta mota guztietakoak. Milaka ahots behar dira eta milaka grabazio ordu euskaraz.

Kode irekiko ahots ezagutzailea librea izatean, edonork, hemengo eragileek zein beste enpresa teknologiko handiek, erabili ahal izango du garapenak egiteko.

Adimen artifizialak ekar ditzakeen abantailak handiak dira. Euskal Herrian badira adimen artifiziala eta euskara jorratzen ari diren ikertzaileak; esaterako, ahozko desgaitasuna duten pertsonen komunikazioa erraztuko duten sintesi-teknologien garapenean, ahots pertsonalizatuen sintesia lortzeko; edo ahotsaren transkripzio automatiko elebidunak egingo dituen tresnak garatzen, ahozko jarduna bi hizkuntzatan egiten den kasuetarako; edo euskara ikasten ari direnentzako txatbotak, ikasleek makinekin euskarazko elkarrizketak eduki ahal izan ditzaten.

Adimen artifizialaren arriskuak ere nabarmenak dira, ordea, modu desegokian erabiliz gero. Itzultzaileen eta interpreteen lana arriskuan egon daiteke itzultzaile automatiko neuronalak eta transkribatzaile automatikoak lagungarri gisa erabili beharrean profesionalen lana ordezkatzeko erabiltzen badira. Behin eta berriz esan beharra dago teknologia berrien egitekoa ez dela soilik euskara ikusgarriago egitea eta zabaltzea, kalitatezko euskara erabiltzea eta zabaltzea baizik.

Baina bada erabilera desegokiarena baino arrisku handiagoa: adimen artifizialean euskara ez sartzea eta ingurune digitaletik kanpo geratzea, alegia. Adimen artifizialaren kontrako ahotsak entzuten dira esanez hizkuntza gutxituak babestu egin behar direla. Baina adimen artifizialari uko egitea eta adimen artifizialetik kanpo gelditzea ez da euskara babestea. Orain dela hamarkada batzuk ere baziren euskara batuaren kontra zeudenak euskalkiak babestu behar omen zirelako, baina euskara batua sortu ezean euskarak berak bizirik irautea zen jokoan zegoena.

Teknologia digitaletan ingelesa eta beste hizkuntza nagusi batzuk izaten ari diren bilakaera azkarra baldintza beretan egin ezin duten hizkuntzek desagertze digitalerako zorian eta arrisku larrian egon daitezke. Hizkuntza digitaletan dauden ezberdintasunak mehatxu larria dira hizkuntza-aniztasunarentzat.

Gaur egungo egoerari begira, irtenbide digital aurreratuetarako behar den euskararen corpus digitala oso txikia da. Euskarazko corpus digitala izatea estrategikoa da hizkuntza-eredu eta aplikazio digital aurreratuak garatzeko ezinbesteko abiapuntua delako, eta datuak estrategikoak dira teknologia garatzeko.

Adimen Artifiziala hemen daukagu eta euskaraz egiten ez badu euskal hiztunek beste hizkuntza batzuetara joko dute. Hizkuntza gutxitu batek bere egiten ez duen esparrua inguruko hizkuntza hegemonikoek bereganatzen dute.

Amorrazio istorio bat

Uxue Rey Gorraiz

Jaiegunak astearen zer egunetan egokitzen diren, eta Iruñean betiere, esana da zubia bainoago akueduktua sortzen dutela abendu hasierako opor egunek. Bereziki halakoetan, kolpez desagertzen dira kazetariontzako deialdiak. Astebetez-edo, apenas izaten da deus agendan: ez prentsaurrekorik, ezta bestelako aurkezpenik ere. Eta, ondotik ere, ez pentsa, kostata jartzen da hiria berriz martxan ―zerbaitengatik da ezaguna esamolde hau: «Lan gutxiago egiten duzu iruindar batek abenduan baino!»―. Edonola ere, itzuli itzultzen da lanerako sasoia, jakina.

Espero bezala, ailegatu zaizu deialdi bat emailera. Egiari zor, ordurako eginak zenituen zenbait kalkulu, eta espero zenezakeen aste horretantxe deituko zutela prentsaurreko horretara. Eta, zertan ezkutatu: espero bezala, mezua erdara hutsez dago idatzia. Kurioski, aipagai duten egitasmoaren izena da euskarazko hitz bakar-bakarra emailean. Nafarroako Gobernuak antolatutako ekimena da.

Heldu da eguna, joan zara prentsaurrekora, puntual, eta pozik agurtu duzu aspaldi ikusi gabea zenuen lankide hura ―irrati kazetaria da bera―. «Nolatan zu hemen?», galdetu diozu harrituta, eta laster batean eman dizu aurreko hilabeteetan izandako aldaketen berri, eta kontatu kulturan arituko dela aurrerantzean, aldi baterako behintzat, zu bezalaxe.

Elkarren ondoan eseri zarete. Ziztuan, hurbildu zaizue eskuetan karpeta bat daukan gizona ―komunikazio arduraduna?―, eta, behin konprobatuta kazetariak zaretela, prentsa ohar bana eman dizue. Segidan, betiko moduan, diagonalean irakurri duzu entregatu berri dizun testua, eta, hara, ohartu zara jaso duzuna gaztelaniazko bertsioa dela. «Euskarazkoa emanen, faborez?», eskatu diozu, atsegin, eta, atseginez, edukazio handiz erantzun dizu hark ezetz. Sentitzen duela baina astirik ez dutela izan euskarazkoa inprimatzeko, baina bidaliko dizula emailez gero. «Ados».

Hasi da prentsaurrekoa. Hiru hizlari dira mikrofonoen parean, eta franko poztu zara erreparatu diozunean ertzetako batean eserita dagoenari. Haren aurpegiera ezaguna egin zaizu, eta oroitu duzu udan egitasmo berberak antolatutako agerraldi hartan zeure atzean izan zela eserita, eta ondotik izan zenuela halako hizketaldi atsegin bat harekin, eta euskaraz egin zenutela biek. Are gehiago: gogoratu duzu harexek nabarmendu zizula egitasmoaren aurtengo aldian partaide gehien-gehienak direla euskaldunak. Eta, pentsa zer inozokeria, baina orduan aski motibo sentitu dituzu zera esateko zeure kolkorako: «Prentsaurrekoa izan daiteke, bada, elebiduna».

«Egun on», ahoskatu ditu lehenbiziko hitzak Nafarroako Gobernuko ordezkariak, euskaraz, eta luze aritu da tartarrean erdaraz gero. Eta, gidalerroren batean idatzia balitz bezala, berdin-berdin egin dute besteek ere. Gaztelania hutsez egin dute agerraldia segidan, oso-osorik, ondotik jakin badugu ere hizlarietako bakarra ez, baizik eta bi direla euskaldunak. Hori gutxi balitz, bertan entzule ziren zenbait herritarri ere eman diete hitza, batera edo bestera badutelako loturarik egitasmoarekin, eta haien ahoetatik ere ez da atera euskarazko hitzik batere. Ohartarazpena: inork pentsa lezake areto hartan apenas zela euskaldunik; eta bazen, bai.

Pasea da kasik ordubete. Berez, prentsaurrekoa bukatu bezain laster egin nahi zenuke alde, lanak aurreratzen hasteko, baina, derrepentean, gogoratu duzu oraindik ondoan duzula irratiko lankidea, formal-formal. Eta, zuk agian ez duzu aparteko premiarik, moldatu zintezke horrela ere, baina nola demontre moldatuko da bera euskarazko hitzik grabatu gabe?

«¿Los periodistas tienen alguna pregunta?». Eta altxatu du eskua lankideak, argitzeko «euskaraz erantzuteko» galdera pare bat nahi liekeela egin. Ez zaituztet gehiegi nekatu nahi, laburbilduko dizuet ordutik aurrera gertatutakoa: hizlariek ederki eman zituzten kazetariak eskatutako esplikazioak, baina, egiari zor, haiek hizketan hasi eta berehala hasi nintzen ni zenbaiten urduritasuna sumatzen. Hona hemen errematea: bigarren galdera egiteko imintzioa egin zuen kazetariak, eta ordura arte ikusia ez nuen gizon bat hurbildu zen gugana ―arduraren bat bazuen―, bizi-bizi, eta hau esan zigun ahapeka ―horrela oroitzen dut behinik behin―: «Aizue, zergatik ez dizkiezue galdera horiek geroxeago egiten, banan-banan haiengana hurbilduta? Ez dakit komeni den orain prentsaurrekoa gehiago luzatzea, jendea zain izatea…».

Esanen nizueke ez nik ez nire lankideak ez genuela gogorik borrokarako. Horregatik eman genuela amore. Baina gauza bat da esandakoari men egitea eta beste bat horrez gain konforme plantak egitea. Horregatik, bai, gizon horrek «agindu» eta berehala bukatu zen ofizialki prentsaurrekoa, ordubeteko gaztelaniazko hizketaldiaren ondotik euskarak ez zezan enbarazurik egin. Baina esan nien, jakina. Esan nien ez zitzaidala normala iruditzen, batetik, gaztelania hutsean aritzea, are euskarazko hedabideetako kazetariak direnean aretoan. Bestalde, esan nien ―ezin izan nion gogoari eutsi― euskarazko prentsa oharrik inprimatzeko astirik ez edukitzea ere ez zitzaidala txukuna iruditzen. Haren erantzuna, hitzez hitz: «Gutxi daramazu ofizio honetan, ezta? Halako asko falta zaizkizu, neska!».

Funtsean, halako amorrazio batek bultzatutako kontakizuna da hau. Eta aitortuko dizuet nik ere badakidala ez dela hau kasu bakarra, eta, are gehiago, gizon horrek gogorarazi gabe ere badakit zientoka aldiz gertatuko zaidala aurrerantzean ere. Gainera, lehendik ere haserretu naiz halakoekin. Hori bai: euskararekiko utzikeriak haserretu egiten nau, baina harrokeriak… horrek sutan jartzen nau. Izatez, joan dira asteak ordutik, eta ez zait kostatzen onartzea biharamunean izan nintzela agerraldi hartan zenetako bati idaztekotan barkamena eskatzeko, akaso une batean zakar aritu nintzelako. Tira, azkenean ez nuen eman pausoa. Metxa laburrekoa naiz, baina haiek piztu zuten sua.

Eta hau guztia zertarako kontatu zuei? Bueno, behintzat bistara izan dadin euskarazko hedabideetako kazetariok izaten ditugun traben adibide bat gehiago. Gainera, hau berdin gertatzen da izan Iruñean, izan Donostian edo izan Bilbon ―badaezpada―.

Eta itzulpengintzari loturik, zer gehiago esan? Bada, kontatuko dizuet, euskarazko prentsa oharrik banatu ez zidatenez gero, eta presak estututa, hala moduzko itzulpen bat egin nuela egun hartan. Eta egunkariko zuzentzaileei esker plazaratu zela artikulua txukun gero. Haien laguntzarik gabe oraindik ere ez nekike Rada ez, baizik eta Arrada dela Nafarroako herriaren euskarazko deitura. Eta berdin Oteizarekin: Oteitza omen.

Tren batera igotzeko aukerarik gabe

Iñigo Satrustegi Andrés

Gure irakurle taldean, momentuz behintzat, itzulpenak irakurtzeko apustua egin dugu aurten. Baditugu irakurzale porrokatuak, euskaraz irakurtzen ohituta ez daudenak, edo, are, ohiko irakurleak ez direnak ere. Gutxika, baina ari gara. Orain arte itzulpen berriekin (edo berrituekin) ibili gara eskuartean: Koaderno handia, Emakume izoztua, Familiako lexikoa eta Ene herri txikia. Hasi gara otsailetik aurrerako liburuak aukeratzen eta jo dut, nola ez, Nor da Norrera, baita irakurri nahiko nituzkeenen zerrenda luze horretara. Azkenik badut aukera, edo aitzakia, nondik begiratzen dugun, nire kabuz irakurriko ez nituzkeen liburu batzuei heltzeko. Zeren irakurketara ere iritsi baitzaigu FOMOa (Fear of missing out, zerbait galtzeko beldurra, alegia). Irakurri nahi ditugu nobedadeak, opera primak, euskal literaturako lanak, klasikoak, gomendioak, itzulpenak, kanpoko literaturetako lanak, jatorrizkoak, itzulpenak, poesia, eleberriak, saiakera, hibridoak, esperimentalak, direnak eta ez direnak. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Agian gaztea naizelako, berandu irakurzaletu naizelako, edo baliabideak ez direlako egokienak, baina iaz iritsi nintzen Carverrera. Bai, 2024an. Ez dakit zenbatetan jo dudan Susaren webgunera Harkaitz Canok itzulitako poema haietako batzuk errepasatzera. Kontua da badaramadala denboraldi bat Carverren ipuinak irakurtzeko gogoz, eta orain, aukera/aitzakia dudanean, ezin momentu egokiagoa nire zerrendatik haren lanetako bat tatxatzeko.

Katedrala eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean. Halaxe txibatu dit NdNk. 1993 eta 2003, hurrenez hurren. Uff izan da lehenengo pentsamendua. Susmoa izan dut hasieratik. Baina joan naiz Nafarroako liburutegien sareko katalogora, eta orduan bai, uff egin dut bigarrenez, etsi moduan. Katedrala: 3 ale; liburutegi nagusia, Tafalla eta Leitza. Zertaz ari garen…: 4 ale; Euskarabidea, Noain, Lesaka eta Doneztebe. Klubean gutxi garen arren, ez dira nahiko. Beste bide bat probatzera joan naiz orduan, Katakraken, Elkarren eta Txalapartaren webguneetan: zero patatero. Agortuta, edo agertu ere ez. Azken bala bat baino ez zait okurritu, eta EIZIEko telefonoa markatuta, Aranek erantzun dit. Laguntza eske nabilela, eta ea haiek badakiten alerik geratzen ote den stockean, ea kasualitatez haiek baduten zerbait. Baina keba. Aspaldiko lanak direla, saldu zirela denak eta argitaletxeek ez dutela berritu stocka. «Urrezko Bildumarako apuntatuko dut, badelako falta den horietako bat», Aranek. Eskertuta, baina zapuztuta erantzunarekin.

Egiaz, nahi banu, irakur nezake. Eskatuko nuke auzoko liburutegian Tafallatik edo Doneztebetik ekar diezadaten haren liburuetako bat. Eta, gogoei eutsi ezin badiet, hala egiten bukatu beharko dut. Baina ez da hori kontua. Irakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelak. Eta, dirudienez, Carverren mundura heltzeko trena orain dela hamarkada batzuk pasa zen. Ni artean jaio gabe nintzenean, edo 6 urte nituenean. Gure irakurle taldeko batzuk euskaldunak ez zirenean. Militantzia politikoa edo porroak nahiago zituztenean.

Jakina, baditugu orain 30 urte ez zituzten beste ehunka aukera. Baliozkoak eta onak gainera. Baina, jo. Bada esanguratsua. Asko dio adibide sinple honek (honekin topo egin baitut, baina jarriko banintz, beste batzuk ere topatuko nituzke) gure hizkuntzaren normalizazio ezaz eta literatur sistemaren egoeraz. Ez naiz jarriko eskatzen argitaletxeei berritu ditzaten Carverren tituluak. Eskatu ez, baina iradoki bai. Ba hori, hamarkada batzuk pasatu direla, bere garaian saldu omen zela, eta agian apustu txiki bat eginda, portada txukun batekin (ejem… guk ez dugu epaitzen liburu bat haren azalarengatik, baina irakurle askok bai)… Ez dakit zer gehiago esan. Horixe ba.

Bonus track edo datu esanguratsu batzuk.

  • Nafarroako liburutegi publikoen sarean 99 liburutegi daude. Carverren narratibako lanak zazpitan baino ez daude.
  • Nafarroan, Katedrala 9 lagunek hartu dute liburutegitik 31 urtean. Zertaz ari garen…, 4 lagunek 21 urtean.
  • EAEko liburutegi publikoen sarean 286 liburutegi daude. Katedrala 145 liburutegitan dago. Zertaz ari garen…, 164 liburutegitan.
  • EAEn, Katedrala 138 lagunek hartu dute 31 urtean. Zertaz ari garen…, 404 lagunek 21 urtean.
  • La casa del libro-ko webgunean, bigarren eskuko liburuak erosteko aukera dago. Katedralaren ale batek 20 € balio du, Zertaz ari garen… liburuaren ale batek 190 €.

Agian datuok ere badira berritu ez izanaren arrazoi.

Hizkuntza, bigarren mailako

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Adimen artifiziala eta itzulpen automatikoa ahoz aho darabiltzagun honetan, hona hemen amorragarri bezain etsigarria iruditu zaidan pasadizo bat.

Herritarren iritzia jakiteko prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian erakunde publiko batek. Agidanez, auzune bateko aisialdi eremu bat birgaitzeko asmoa dute, eta hainbat enpresak landutako proiektu teknikoak jaso dituzte. Aurkeztu diren proiektu guztien artean onenak aukeratu eta hautatutakoak ikusgai jarri nahi dituzte, horien artean gustukoena hauta dezaten herritarrek. Hautatutako proiektuen egileei A1 tamainako kartelak osatzeko eskatu die erakundeak, egin asmo duten eraldaketa urbanistikoaren berri herritarrei emateko: infografiez, irudiz, planoz zein marrazkiz hornitutako kartelak osatu dituzte, baita azalpenak ematen dituzten testuz ere. Behin kartelak jasota, jendaurrean jarri ditu erakundeak, eta berehala hasi da herritarren joan-etorria, eta hasi dira hasi iritzi-trukeak. Baikorrenek topatu dute gustuko proposamenik. “Begira zer plaza ederra geratuko den”. “Hori da hori ideia ona kioskoa bazter horretan jartzea”. “Ezin aukeraturik nabil baten edo bestearen artean”. Ezkorrenek badute betiko kexa: “halakok ez du nahikoa leku utzi umeentzako jolastokirako”; “beste horretan ageri den aterpea ez ote txikiegia?”; “batek berak ere ez du nahikoa berdegunerik, porlana nagusi denetan ere!”.

Lanbidez itzultzailea den herritar bat ere pasa da proposamenak ikustera eta zur eta lur geratu da lehenengoa begiratzen hasi orduko. Kartelaren goiko aldean ageri diren irudiak ikusi, eta azpian ageri den azalpena irakurtzen hasi orduko kopeta zimurtu du. Lehenengo esaldia irakurrita ez du ezer ulertu. Bigarrenez irakurrita ere ezin konprenitu. Hurrengo esaldiarekin igoala pasa zaio. Aurrerago egin testuan, eta, posible ote? Galdera baten hasieran alderantzizko galdera ikurra? Ezin izan du testua irakurtzen segi. Eskandalatuta, albo banatara begiratu eta parean dutena ulertu duten galdegin die aldamenekoei. “Irudiak besterik ez ditut begiratu eta ez diot idatzitakoari erreparatu”, bota dio batak; “oraindik ez dut begiratu ere egin”, besteak. Asaldatuta, boto papera patrikan gorde eta alde egin du itzultzaileak erakusgelatik.

Kartel hori jendaurrean erakusgai egotea nola litekeen posible pentsatuz itzuli da etxera. Zantzu guztien arabera, proposamena egin duen enpresak ez du proiektua euskaraz sortu. Eta proiektua euskaratzeko saiakera egin du –hala eskatu baitzaie jendaurrean jartzeko–, saiakera edo, ezin baita esan sortu dutena euskarazko testu bat denik. Gaur egun eskura ditugun euskarazko itzultzaile automatikoek kartelean zegoen emaitza baino dezente hobea eskaintzen dute. Hortaz, zer tresna demonio erabiliko ote zuten? Enpresarekin amorratu da itzultzailea, eta erakunde publikoarekin etsitu gero. Hiri-antolamendua jardunbide duen enpresa batek hizkuntza bigarren mailako elementu jo izana ez zaio onargarri. Baina larriagoa iruditu zaio euskaraz lan egiteko hautua egin duen erakunde publiko batek halako testu ulergaitz bat erakusgai jarri izana, zer eta jendearen iritzia jasotzeko!

Kasurik hoberenean, herritarrek, gure itzultzailearen modura, testuaren kalitate badaezpadakoa identifikatuko dute eta pentsatuko dute enpresak ez duela egoki jardun testua sortzean. Kasurik okerrenean, baina, euskaraz irakurtzera ohituta ez daudenek edo euskaraz alfabetatu gabeek testua irakurtzean pentsatuko dute euskaraz irakurtzeko gaitasun nahikorik ez dutela azalpenak behar bezala ulertzeko, eta horrek atzenduko ditu euskaraz irakurtzera beste okasioren batean ere. Modu batera zein bestera, kalte besterik ez irakurleoi halako jardunbideek.

Teknologia azkar doa aurrera, eta eskertzekoa da ditugun baliabideak izatea. Horiek behar bezala erabiltzeko adimena lantzea falta zaigu baina sarritan. Segi dezagun bide horretan lanean.

Idazkera berriak, purrustada zenbait eta urte amaierako aholkuak

Amaia Astobiza Uriarte

Ernaux euskarara ekarri berri duen Leire Lakasta Mugetak adierazi duenez, belaunaldi-aldaketa bat gertatzen ari da gurean (literaturaren) itzulpengintzan. Bere berbek hortxe harrapatu naute ni, langintza honetara iritsi berri ia eta, halere, lehenagoko belaunaldikoa izateko adinarekin (hori nik diot, baina ez dakit non jarri behar dugun muga, ezta muga horrek adinaren araberakoa izan behar duen ere). Non kokatu neure burua? Pista batzuk ematen ditu: «Oso lan militantea izan dela azpimarratu beharra dago. Eta uste dut gatozen itzultzaileok jarraitu behar dugula tradizio horrekin, kontzientzia politikotik itzultzen euskarara». Hor ere zalantza, baina: neurri batean lan militantean badihardut ere, zer naiz ni, ur zaharra ala ur berria? Ur jada lizuna, iturri zaharreko ur berria? Zer zarete zuek?

Danele Sarriugartek zioen lehengoan bere Berriako zutabean hizkuntza animalia bizi bat dela eta hari ere animalia bizi guztioi bezala egin behar zaiola: aditu. Berbagai zuen hizkuntzaren ezagutza sakonaren beharra hura modu eraikitzailean apurtzeko eta, hala, askatasunez erabiltzeko, eta azaldu zuen horri buruzko gogoetan ari(tu) dela emakume idazle batzuekin. Udagoieneko zutabe-sorta hori Sarriren esperimentazio-fasearen —fase baten— emaitza gisa ulertu dut nik, oharturik, halere, gai ez nolanahikoak eta ezohiko begiradak ekartzeko ahalegin berariazkoa ere egin duela. Nik ez ditut irakurri Alberdiren Hetero eta Amurizaren Pleibak, baina lehena ozta orriztatzeko astia izan duen idazle batek esan dit paragrafo bakarra irakurrita ere jada igartzen zaiola hizkuntza zatikatzeko eta gogoak eman bezala berriz muntatzeko intentzioa (terapian bezala, hara: birrindu lehenengo zeure burua zure gorputza zure zurik zureena milaka papurretan eta itsatsi gero zarraparrok berriz pixkaka zure nahien eta beharren arabera).

Zer edo zer beharko dugu euskara «ataka larri» otzanegi barneratutik ateratzeko. Hizkuntzari aditu, idazkera berritu, hiztunei jaramon egin eta, guztien gainetik, agintariei exijitu berei dagokien lana egiteko. Hizkuntza gutxitu baten kalitatea, erabilera eta orotariko presentzia eta funtzionaltasuna ezin dira utzi herritarren asmo onen esku, Euskal Herriko automobilgintzaren sektoreak aurrera egitea langile talde jator eta konprometitu baten esku uzten ez den bezala.

Osterantzean, Gorka Urbizuk zapatuko kontzertuan nola, nik ere halaxe begiratzen diot munduari azkenaldian: minez eta etsipenez, nire aletxoaren pisuari eusteko indarrik izango ez dudan beldurrez. Baina Urbizuk bere ezinegona kantu bihurtzeko lana hartzen duen ber gisan, saiatu nadin ni ere ekarpen ganorazkoren bat egiten. Urtearen hondarrean gaudenez gero, pare bat aholku:

1.- Azoka dator, eta badakizue beti behar baino gehiago eramaten duzuela etxera, behar baino kontu txikiagoarekin hautatua. Beraz, adi argitaletxe txikien uztari, itzultzaileon lanari, palestinarren aurkako genozidioa ulertzeko (alerta gorria: product placement lotsagabea) jakingarri ugariei eta han ondotxoan iaz-edo ireki zuten Ayarza gozotegiko palmerei eta gurinezko opilei (zeinak janez hazi, heldu eta zahartu baikara zornotzarrok zuri-beltzeko garaietatik). Eta kontuan hartu urtean zehar gure herri eta auzoetako liburu-dendek sostengatzen diotela dena delako sistema honi.

2.- 1974ko uztako EIZIEkideok, gogoan izan urtarrilaren 1etik aurrera guk ere baliatu ahal izango ditugula CEDRO erakundeak hortz-klinikaren, okulistaren edo fisioterapeutaren fakturak ordaintzeko ematen dituen laguntzak.

Durango on, lagunok, baita hara inguratzeko asmorik ez duzuenoi ere.

Best seller-ak (ere) euskaraz?

Uxue Rey Gorraiz

Ukaezina da Twitter guztiz mikaztua dagoela azkenaldian —bueno, barka diezadala Elon Muskek; X dago mikaztua—. Edonola ere, oraindik ere bada eztabaida interesgarriak izateko edo, behintzat, kezkak plazaratzeko eta haiei erantzuten dioten ideiak bistara uzteko tokia. Eta bada, orobat, inspirazio iturri; esaterako, kazetariontzat.

Beñat Sarasolak bota zuen amua, irailaren 27an idatzitako argitalpen batean. Besteak beste, zera zioen: «Sally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada». Kasualitatez-edo, ni neu Sally Rooney idazle irlandarrari buruzko erreportaje batean murgildua nintzen ordurako, hark kaleratu berri-berria zuen nobela horren aitzakian —hilaren 24an eman zuen—, eta, beraz, astia hartu nuen Sarasolak zioen horretan arakatzeko. Bilaketa laster bat aski izan zitzaidan ikusteko Rooneyren jatorrizko lana kaleratu zen aste berean eman zituztela, adibidez, frantsesezko itzulpena, gaztelaniazkoa eta baita katalanezkoa ere. Eta, egiari zor, une horretan ez nion gaiari denbora gehiagorik eskaini, baina kaskoan gorde nuen ideia, horri buruz galdetzeko beste inori beste inoiz. Horra deformazio profesionala.

Eta ailegatu zen «beste inoiz» zelako momentu hori: urriaren 17an. Nafarroako Editore Independenteen Elkartearen ekimenez, Datorren itzulpengintza izeneko mahai ingurua izan genuen Iruñeko Laban, eta askotariko gaiez mintzatu zitzaizkigun Aitor Blanco, Eider Beobide eta Ainhoa Mendiluze itzultzaileak. Solasaldiaren hondarrean, galdera honi erantzun behar izan zieten hirurek: «Zer nahi zenukete itzuli? Edo, behintzat, zer nahi zenukete ikusi euskarara itzulita?». Aitortuko dugu: galderak bazuen tranpa puntu bat, jendaurreko solasaldia hasi baino lehenago ere aterea baitzen gai hori solasera, eta esanak baitziren Rooneyren eta besteren zenbait kontu. Edonola ere, euskarara zer itzuli beharko litzatekeen galdetuta, Blancok dudarik egin gabe heldu zion idazle irlandarraren, eta, horrenbestez, best seller-en korapiloari.

Galderari erantzuteko, Blancok gogora ekarri zuen Bartzelonan izana zela berriki, eta kontatu zuen bertan ikusi zituela zenbait erakusleiho best seller-ez josiak. «Gehien-gehienetan, katalanezko edizioak ziren nagusi, eta ondoan izaten zuten, gehienez ere, gaztelaniazko aleren bat». Irudi hark harritu egin zuen Blanco, zioenez. «Harritu ninduen hizkuntza gutxitu —nahiz eta ez den horren gutxitua— batera egindako itzulpenak nolako presentzia zuen liburu dendan. Uste dut denok sumatzen dugula horren falta euskaraz». Erakusleiho hark piztutako hausnarketaren ondorioz, Blancok bilaketa egin du Nor da Nor atariko bilatzailean, eta hona datu batzuk: Ken Follet, Camila Läckberg, Isabel Allende eta Dan Brown idazleek ez dute lanik euskarara ekarrita. «Mendebaldeko kulturan, jendeak batez ere horiek irakurtzen ditu, eta euskaraz ez dute aukerarik», zehaztu zuen itzultzaileak.

Bistan da best seller-en gaia ertz ugariko dela, eta zalantzak pizten ditu sarri, askotarikoak. Besteak beste, Ainhoa Mendiluzek adierazi zuen ez duela argi halako lanak diren euskarara ekarri beharko liratekeenak: «Ez dakit horren helburua zein den. Gure kasuan, gaztelaniazkoei irakurleak kentzea? Gehiago saltzea? Gainera, kontzientziarik ezean, uste dut best seller-ak aterata ere kostatuko litzatekeela irakurleak irabaztea, euskaldun guztiak baitira elebidunak».

Irakurketarako hizkuntza hautuari lotuta, askok eta askotan aditu dugu norbait zera esaten: «Euskarazkoa baino, nik nahiago dut jatorrizkoa irakurri». Baina, sarri, «jatorrizko» deitzen dioten hori ez da jatorrizkoa egiaz, ezpada gaztelaniazko itzulpena.

Solasaldia aditzera joan ziren entzuleen artean ere piztu ziren dudak. Esaterako, aipatu zenean jendeak nekez irakurtzen dituela mundu mailako best seller-ak euskaraz —baita horiek euskaratuak direnetan ere—, baten batek iradoki zuen ea hori ez ote den izanen itzulpen batzuk «berandu» ailegatzen direlako. Kontua da, solasaldian bertan ere nabarmendu zenez, euskal argitaletxeek nekez egin ditzaketela zenbait kontu «garaiz». Blancok berak ere esplikatu zuen hori: «Beste gauza bat baita argitaletxe batek noiz duen posible itzulpena ematea, zer indar duen horretarako; horregatik dut duda hau ez ote den utopikoa». Pentsatzekoa baita argitaletxeak nekez ordaintzen ahalko diola nahi bezain ongi itzultzaileari, baldin eta, gainera, hari eskatuko badio denbora epe estu batean egiteko lana. «Eta are zailagoa da jakinik nekez lortuko dutela diru hori merkatuan errekuperatzea».

Euskal literaturaren arazoak euskararen arazoak direla aditu nion Pamielako editore Lander Majuelori, argitaletxearen 40. urteurrenaren karietara. Eta, diot nik, horiei aurre egiteko soluzio sakonagoak beharko ditugula hortaz, mugatzen ez direnak norbanakoari eskatzera irakur dezala, faborez, euskarazko itzulpena. Ordura arte, baina, —nire ezjakintasun totaletik diot hau— zaila behar du zer bide urratu jakiteak. Best seller-en argitalpenak bultzatzeko behar da egin ahalegina? Piszinako literatura delakoa ere beharko da sustatu? Aireportuko literatura? Autolaguntza liburuak? Dudak ditut.

Hasierara itzulita: Beñat Sarasolaren txioa aipatu dut hasieran, eta akaso komeni da osorik bistaratzea argitalpen hori. Izatez, zera baitzioen Sarasolak: «Sally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada. Zenbat diru da, demagun, urtero 10 literatura nobedade euskaraz espainolerako itzulpenarekin batera argitaratzea? Ez bilduma instituzional batean, ohiko argitaletxeetan Jaurlaritzak gastuak ordainduta». Alegia, galdera bat ere bazekarren Sarasolaren mezuak. Hedoi Etxartek erantzun zion, besteak beste, eta, Eusko Jaurlaritzak best seller-ak itzultzeko argitaratutako laguntza aipatu zuen erantzunean. Komeniko da, beraz, laguntza hori xehe leitzea; ikusteko zein argi eta zein itzal dituen.

P.D.: Bide batez, aukera hau baliatuko dut esateko arestian aipatutako Sally Rooney idazlearen bi lan badirela euskaraz: Alberdaniak Jende normala eman zuen 2020an, Irene Aldasorok itzulita, eta idazle beraren Soldata jauna narrazioa ere badago euskaraz, Leire Vargasek itzulia. Irakurgai dago armiarma.eus atarian.

Irakurzaletasuna sustatzeko plana

Amaia Lasheras Perez

Ikasturte honetan, irakurzaletasuna sustatzeko plan bat ezarri nahi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Bigarren Hezkuntzan. Asmoa txalotzekoa da, bai; beharbada ohartuko ziren ezen, teknologia berrietan milioiak eta milioiak xahutu eta gero, ikasleen “emaitzak” ez direla hobetu eta bertze nonbaitetik jo behar dutela, baina, tira, hori bertze eztabaida bat da.

Lehengo ikasturtearen bukaeran jakinarazi zidaten ni izanen nintzela plan horren koordinatzailea gure ikastetxean. Lantalde bat sortu dugu eta orain esperoan gaude 35 orduko prestakuntza jasotzeko, horretan lanean hasi baino lehen. Emanen ote digute gazteengan irakurzaletasuna pizteko formula magikoa? Aitortu behar dizuet eszeptiko samarra naizela. Uste dut gai horren inguruan dena asmatuta dagoela. Hala ere, irrikitan nago zer proposatzen diguten aditzeko.

Hizkuntza-irakaslea eta ama izanda, beti kezkatu nau gazteengan irakurtzeko grina nola piztu. Irakurriz igaro ditut nire bizitzako une hoberenetako batzuk, eta opari bikaina iduritzen zait ingurukoei aukera hori ere ematea. Gozamenaz harago, irakurtzeak ba omen dakartza bertze onura batzuk ere: idatzizko fikzioan murgiltzeak eragin antidepresiboa omen du; estresa guttitu eta tentsio muskularra aritzen omen du; arreta eta kontzentrazioa lantzen laguntzen omen du, eritasun neurodegeneratiboen kontra babestu eta espiritu kritikoa sustatu. Intelektualki azkarrago ere bihurtzen omen gaitu letretan murgiltzeak, analisi-gaitasuna eta sormena handitzen omen baititu, baita, logikoa ematen duenez, hizkuntzaren arloan trebeago bihurtu ere. Iduri lezake zerrenda luze horrek bakarrik animatu behar lituzkeela belaunaldi gazteenak leitzera. Baina, zoritxarrez, gazte anitzek ez dute inolako interesik. Ikastetxean agindutakoa baino ez dute irakurtzen (eta, batzuetan, lan horien laburpenak baino ez). Eta are okerrago, irakurzaletasuna aitortzera ausartzen diren ikasleak bertzeen aurrean barregarri uzten saiatzen dira gelakideak, honelakoak erranez: “Irakurtzen duzu? Hain aspertua zaude ala?”.

Nire ustez, askotariko faktoreek pitzarazten edo zaputzarazten dute irakurzaletasuna. Batzuek diote esperientzia bakar batek esnarazi ziela irakurtzeko grina. Lagun batek, adibidez, kontatu zidan ttikitan ebakuntza bat egin ziotela eta, bizpahiru astez ohatzean egon behar izan zuenez, orduan irakurtzen hasi zela.

Nire kasuan, ez dakit seguru zein izan zen faktore gakoa. Gure etxean, beti izan dira liburu anitz, eta gure aitak arratsalde gehienak pasatzen zituen liburu bat eskutan zuela. Eredua garrantzitsua omen da. Gibelera begiratuta, zenbait oroitzapen etortzen zaizkit burura galdera horri erantzuteko Nire hamaikagarren urtebetetzean, liburu bat oparitu zidaten. Hartu nuenean, nire artean pentsatu nuen: “A ze opari kaxkarra!”. Baina gogoratzen naiz liburu hura bukatu arte ezin izan nintzela lokartu gau hartan. Adin bertsuan, gure andereñoak liburutegi bat sortu zuen ikasgelan, guk etxetik ekarritako liburuekin. Irakasle hark liburutegiko arduraduna izendatu ninduen. Koaderno batean idatzi behar nuen liburuak noiz hartzen genituen eta noiz bueltatu, eta, hala, nire klasekideek zenbat irakurtzen zuten jakin nezakeen. Nire izaeraren alderdi ilun bat aitortuko dizuet: hagitz pertsona lehiakorra izan naiz beti. Hala, ikasturte horretan liburu gehien irakurtzen zuena izan nahi nuen, baita lortu ere (jakina, nik bakarrik jakin nuen neronek asmatutako lehia hura irabazi nuela, kar, kar, kar). Ongi irakurtzen irakurriz ikasten omen denez, dudarik gabe, eskola polita izanen zen urte hura niretzat. Gehiegizko lehiakortasun hori agerian uzten duen beste oroitzapen bat ere badut gai honekin lotuta. 13 urte nituela, Torcuato Luca de Tenaren eleberri bat leitu behar genuen ikastetxerako. Nire lagun minaren etxean, irakurtzea derrigorrezkoa zen, eta bazituzten tarte batzuk zehaztuta familia guzia batera irakurtzen aritzeko; beraz, lagun hark ohitura handia zuen, baita kultura literario itzela ere (pedante samarra ere bazen gai horrekin). Hala, lan hura irakurtzea agindu zigutenean, berak harro-harro erran zuen idazlearen bertze lanen bat irakurria zuela eta liburukote hori huskeria hutsa zela berarentzat. Horrek nire alderdi lehiakorrena piztu zuen berriz, eta, egun horietan, asmo bakarra izan nuen: “Rakelek baino lehenago bukatu behar dut liburua”. Burutan dut goizetan nola aritzen nintzen letrak irensten eskolara joateko kuleroak eta galtzerdiak janzten nituen bitartean. Orduko hartan ere, nire buruari ezarritako leiha irabazi nuen. Gerora, nerabezaroaren hasierako urteetako arratsaldeak liburu artean eman nituen. Logelako alfonbraren gainean etzanda gogoratzen dut nire burua, “Bostak”, Hollistertarrak, Puck, O’Sullivan bikiak, Poirot eta Miss Marple lagun nituela. Gibelera begiratzen badut, alfonbra hartan pasatutako denbora dut urte haietako oroitzapenik hoberena. Maiz, nerabezaroa ez da arorik atseginena izaten; konplexuz eta beldurrez beteta bizi nintzen ni, eta babesleku bihurtu nuen liburuetako mundu hura. Gero, garai hobeak etorri ziren, noski, eta alfonbra horretatik altxatu eta mundura atera nintzen, baina liburuen “pozoia” zainetan neukan ordurako; ez zegoen atzerabueltarik. Eskerrak!

Nire hasierako irakurle-ibilbidea ikusita ulertuko duzue nire eszeptizismoa, ezta? Zer egiten ahal dugu ikastetxean gaztetxoak irakurle bihurtzeko? Liburu erakargarriak eskaintzeaz gain, ez zait bertzerik gogoratzen. Gurasoei behin eta berriz errepikatu eredua ematea hagitz garrantzitsua dela… Ez dakit nola piztuko zen zuen irakurzaletasuna. Nire kasuan, ikusi duzuenez, aitortu nahi ez nituzkeen gauzak (gaixo-lehiakortasun ezkutua, nerabezaroko minak…) izan ziren pizgarririk handiena. Hori nola orokortu? Gainera, ezin dugu ahantzi nire errezeta baliagarria izan zitekeela orain dela 35 urteko gizarterako. Gaur egun, segur aski, bideo-jokoetan aseko nuke nire irabazteko grina eta tik-tokeko bideoak ikusiz estaliko nituzke barruko penak.