Euskararen etorkizun-ikuspegia eta unibertsitatea

Igone Zabala Unzalu

Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren barruan euskararen biziberritzeari buruz azterketa eta gogoeta sakona egiten ari den Euskararen Gogoetaguneak (EUSGUNE) lehen txostena argitaratu du aurten[1]. Txostenak bi atal biltzen ditu. Batetik, euskararen egoera soziolinguistikoaren ikuspegi orokorra laburbiltzen dute Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak eta, bestetik, euskararen etorkizun-ikuspegiari buruzko gogoeta sakona egiten du Jon Sarasuak. Azken atal horren helburua ariketa sintetikoa egitea dela azpimarratzen du egileak, eta atzetik alorrez alorreko beste txosten batzuk etorriko direla. Nolanahi ere, argitaratutako bi txosten horiek inspirazio-iturri paregabea direla aitortu behar dut[2], eta ezin diot eutsi zenbait datu eta gogoeta unibertsitatearen egungo egoerarekin eta etorkizun-ikuspegiarekin lotzeko tentazioari.

Euskararen biziberritze-prozesuaren alderdi arrakastatsuenetako batetik hasita, euskararen ezagutzaren igoera nabarmenaren zatirik handiena gazteen taldean biltzen da, 25 urtetik beherako gazteen erdiak baitira euskaldunak Euskal Herri osoa kontuan hartuta, eta % 80tik gertu EAEn. Ezaguna den bezala, euskara etxetik kanpo ikasi duten euskaldunen kopuruak gora egin du nabariki azken hamarkadetan: 1991. urtean % 14 ziren eta orain, aldiz, % 36. EAEn, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 70ek ikasten dute D ereduan, eta Lanbide Heziketako ikasleen % 23k[3]. Nolanahi ere, badirudi horrek ez duela bermatzen hizkuntza-gaitasuna, D ereduan ikasi dutenen % 66k baino ez baitute gainditzen Europako Hizkuntzen Profilaren B2 maila[4].

Garbi dago hizkuntzen garapena ez dela bukatzen Bigarren Hezkuntzan: unibertsitatean du jarraipena, eta unibertsitateak zer pentsatua ematen diguten zenbait datu eskaintzen dizkigu. 2024an UPV/EHUn unibertsitatera sartzeko probak (EBAU) 13.433 ikaslek egin dituzte, 12.073 batxilergotik pasatu ondoren eta 849 lanbide-heziketatik etorrita. Batxilergoaren bidetik heldutako ikasleen % 77,2 izan dira probak euskaraz egitea erabaki dutenak, eta lanbide-heziketatik pasatakoen % 55,48. Urtero harritzen naute horrelako datuek, beren bizitzarako erabakigarria izango den proba hori egiteko orduan euskaraz ziurrago sentitzen direnak adin-tarte horretako gazte euskaldun guztiak direla baitirudi, eta D ereduan ikasten dutenen ehunekoa ere gainditzen baitu kopuru horrek. EBAUa egin dutenen % 57,84 emakumeak izan dira, eta hori ere datu esangarria da, emakumeak gailentzen baitira euskararen osasuna neurtzeko parametro gehienetan, baina badira beste parametro batzuk nik dakidala behintzat neurtzen ez direnak. Adibidez, baliteke hizkuntza-gaitasun hobea duten ikasleak izatea hain zuzen unibertsitateraino heltzen direnak. Baliteke B eta A ereduetan ikasten duten ikasle askok, adibidez, kanpotik etorritako familietako askok, oztopo gehiago izatea goi mailako ikasketetara heltzeko, eta baliteke hizkuntza-gaitasuna izatea oztopo horietako bat. Parametro horiek guztiak monitorizatzea funtsezkoa da, unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen edota egin behar duen ekarpena hobeto ulertzeko eta planifikatzeko. Edozein hizkuntzatan, erregistro formalak eta erregistro espezializatuak unibertsitatean garatzen dituzte ikasleek hizkuntza erabiltzea (ulermena eta ekoizpena) eskatzen duten askotariko atazen bitartez[5]. Inolako hizkuntzatan ez dago erregistro espezializatuetan natiboa den hiztunik. Hortaz, unibertsitatea nahitaezkoa da hiztun osoak sortzeko.

Sarasuak euskararen garabideen egitura azaltzeko erabiltzen duen zuhaitzaren metafora baliatuz, esan dezakegu 60-70eko hamarkadetan zientzialari talde bat gauza izan zela euskara zientziaz aritzeko baliagarria zela aldarrikatzen zuen kontakizuna gizartean zabaltzeko, eta unibertsitateko ikasle eta irakasle talde bat aktibatzeko, antolatzeko eta lanean jartzeko, ametsa errealitate bihurtu arte. Besteak beste, UEU baliatu zuten gai espezializatuetan ahoz trebatzeko eta idatzizko materialak sortzeko. Zuhaitzaren beste erroa, erakundeena, aktibatzeko ere energia handia eta askotariko estrategiak erabili behar izan zituzten orduko zientzialari gazte haiek: unibertsitate publikoan lizentziaturak euskaraz eskaintzen hasteko eta euskaraz matrikulatuko ziren ikasleak lortzeko lan egin zuten, baita tesinak eta doktoretza-tesiak euskaraz idazteko eta defendatzeko ere[6]. Unibertsitatea euskalduntzeko ahalegin horri bultzada handia eman zion, zalantzarik gabe, Euskara Normalizatzeko Legeak (1982), hezkuntza, administrazioa eta komunikabideak euskalduntzeko nahitaezkoak baitziren denetariko profesional euskaldunak, bereziki, maisu-maistrak eta irakasleak, eta unibertsitateak sortu behar baitzituen profesional horiek. Baina irakasle-ikasle euskaldunak lortzeko, eta gero eta irakasgai gehiago euskaraz eskaintzeko bulkada emateaz gain, euskarazko irakasgaien ardura izan duten irakasleek ekarpen erraldoia egin diote euskararen corpusari, denetariko gai espezializatuez aritzeko terminologia eta fraseologia garatzen, partekatzen eta egonkortzen joan baitira urte hauetan guztietan. Corpusa osatu eta egonkortzeko prozesu etengabea komunitateko zeregina da, eta erakunde mailako plangintza eta euskarriak behar ditu[7]. Ahalegin handia egin behar da oraindik terminologia-plangintzan, eta unibertsitateak zeregin saihestezinak ditu alor horretan[8].

Lau hamarkada baino gehiago iragan dira hastapen horietatik eta, UPV/EHUko agintariek komunikabideetan harro nabarmentzen dutenez, «Euskal unibertsitate publikoak arlo guztietako 130.000 profesional baino gehiago prestatu ditu euskaraz —medikuak, erizainak, ingeniariak, irakasleak, kazetariak, artistak…—, bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko eta gizartearen premiei erantzuteko gai diren pertsonak»[9]. Hala ere, ez da egiten ahalegin nahikorik euskararen egoera sakonki aztertzeko, ez autokritika egin eta hutsuneak detektatzeko, ezta etorkizun-ikuspegi partekatua irudikatzeko ere. Erakundea eta haren zerbitzuak gero eta urrunago daude euskal irakasle eta ikasleen komunitatetik, eta komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegi partekatua eta lankidetza lurruntzen doaz apurka-apurka.

Ez diot bukaera eman nahi artikulu honi gogoetarako ildo batzuk zerrendatu gabe, laburregi geratzeko arriskua izanda ere.

  • Edozein gizartetan goi mailako tituludunengandik espero dena da hizkuntza(k) zuzen eta egokiro erabiltzeko gaitasuna edukitzea, eta haien hizkuntza-praktikak eredugarri izatea gizarte osoarentzat. Sarasuak datorren 20-30 urteko aroaren helburu modura irudikatzen duen «euskal hiztun osoen nukleo sendoaren» parte izan beharko lukete goi mailako tituludunek, eta unibertsitateak nukleo hori erreproduzitzen eta elikatzen lagunduko duten eragileen artean egon beharko luke. Unibertsitatetik ateratzen diren tituludun euskaldunek lortzen al dituzte hizkuntza-gaitasun gorenak euskaraz? Zer egin beharko litzateke hori bermatzeko?
  • Bizitza osoan D ereduan ikasi ondoren ikasleek euskaraz hizkuntza-gaitasun gorena ez lortzeak ez al du loturaren bat unibertsitatean prestatzen diren maisu-maistra eta denetariko irakasleen gaitasunekin? Profesional horiek lortzen al dituzte euskaldun osoak erreproduzitzen laguntzeko behar dituzten hizkuntza-gaitasunak, euskararen biziberritzean duten erantzukizunaren kontzientzia, eta baliabide eta estrategia metodologikoak? Galdera bera egin beharko litzateke profesional horien formazioan parte hartzen dugun unibertsitateko irakasleez.
  • Komunikazio espezializaturako baliabideak (testuak, terminologia, fraseologia…) alorrez alorreko adituek sortu behar dituzte nahitaez, haiek baitira espezialitate-alorren gaineko kontrol kognitibo eta pragmatikoa dutenak. Erantzukizun horren kontzientzia al dute oraingo irakasle-ikertzaile euskaldunek? Hizkuntzaren normalizazioaren ardura duten erakundeek (unibertsitatekoek eta bestelakoek) aintzat hartzen dituzte adituek sortzen eta erabiltzen dituzten hizkuntza-baliabideak? Laguntzen al dute baliabide horiek deskribatzen, ikertzen, partekatzen eta finkatzen?
  • Nola berreskuratu behiala euskara unibertsitatean txertatzea eta zabaltzea lortu zuten hasierako irakasle-ikasle haien komunitate-sentipena, etorkizun-ikuspegia, motibazioa eta lankidetzarako prestutasuna?
  • Nola bermatu euskaraz ikasi nahi duten ikasleen hizkuntza-eskubideak? Nola bermatu euskal gizarteak euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko behar dituen profesional euskaldunak edukitzea, adibidez, osasun-alorrean?
  • Unibertsitateak euskararen biziberritzean egiten duen ekarpenari zer aukera eta zer arrisku dakarkio mugikortasunak, eleaniztasunak eta hizkuntza-teknologien nonahikotasunak? Zer estrategia garatu behar ditugu horien aukerak aprobetxatzeko eta arriskuak saihesteko?                             

[1]Jon Sarasua (koordinatzailea). 2004. Euskararen Gogoetagunea I. Jagon Saila. Euskaltzaindia.

[2] Jon Sarasuaren hitzaldiaren bideoakere ikus daitezke Youtuben.

[3] Jakina, Nafarroan eta Iparraldean baxuagoak dira portzentajeak, hurrenez hurren, % 24 eta % 8 Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta % 7 Nafarroan, Lanbide Heziketan.

[4] B ereduan ikasten dutenen % 33k baino ez dute gainditzen B2 maila eta, A ereduan ikasten dutenen artean, bakar batek ere ez. Gainera, azpimarratzen dute Arrue Ikerketaren ondorioen arabera, hizkuntza-gaitasunetan euskarazkoek behera egin dutela eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaitasunek, aldiz, ez dutela horrelako joerarik erakutsi.

[5] BIBER, Douglas (2006). University Language. A corpus-based study of spoken and written registers. Amsterdam: John Benjamins.

[6] Ikus ITURBE, Jacinto etaTXURRUKA, Jesus Mari (2020) Amets bikoitza. Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.

[7] CABRÉ, Maria Teresa (2003) Terminología y normalización lingüística. In Xabier Alberdi, Iñaki Ugarteburu eta Pello Salaburu (arg.), Espezialitate Hizkerak eta Terminologia Jardunaldiak , 11-25. Bibo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua

[8] ZABALA, Igone (2019) The Elaboration of Basque in Academic and Professional Domains. In Grenoble, Leonore, Lan, Pia & Unn Røyneland (arg.) & Ivan Igartua & Lourdes Oñederra (euskal arg.). Linguistic Minorities in Europe Online. De Gruyter Mouton.

[9] Azpimarratu ohi diren beste datu batzuk dira euskaraz eskaintzen diren ECTSak (% 95), graduan eta graduondokoetan euskaraz matrikulatzen diren ikasleak (hurrenez hurren % 54 eta % 23), irakasle-ikertzaile euskaldunak (% 66), teknikari eta administrazio-langile euskaldunak (% 42).

Adimen artifiziala, lagun edo etsai?

Amaia Lersundi Pérez

Azken hilabeteetan adimen artifiziala (AA) trending topic bihurtu da nire inguruan. Badira urte batzuk AA sortu zela, baina 2022ko azaroan, Chat GPT irekian jarri zutenean, gutako asko orduan hasi ginen AAri buruz hitz egiten. Adimen artifizialak hainbat sektore irauli ditu urte gutxitan, hala nola osasungintza, ekonomia, entretenimendua eta hezkuntza. Gaurko sarreran, nire egunerokotasunean gai honen inguruan sortzen diren hainbat kezka, eztabaida, hausnarketa… partekatu nahi ditut.

Zorionez, gizarteak aurrera egiten duen heinean, irakasteko eta ikasteko moduak ere aldatzen doaz, nahiz eta gehienetan aldaketak nahi baino polikiago gertatzen diren. Oraingoan ere, historian gertatu diren bestelako gertarirekin gertatu den bezala, AAren hazkundeak hezkuntza eta eskola birdefinitzeko beharra ekarri du, besteak beste, AAk ikaskuntza ikasleen behar eta gaitasunetara pertsonalizatzeko aukera ematen duelako, informazioaren irisgarritasuna hobetzen duelako, feedbacka momentuan ematen duelako, eta ikasleei eskatzen zaizkien zeregin asko ordenagailuak segundo bakarrean egiten dituelako. AAk onura eta aurrerapen ugari ekarri baditu ere, haren erabilerak hainbat zalantza eta buruhauste sortu ditu irakasleen artean. Nola arautu Chat GPTren erabilera? Debekatu beharko genuke eskoletan eta unibertsitateetan? Zein motatako zereginak eskatu behar dizkiegu ikasleei? Nola jakin ikasleek bidaltzen dizkiguten lanak haiek egin dituzten ala ez?

Orain arteko sarreretan hizkuntzak hezkuntzan duen garrantziaz aritu naiz, eta komunikazio-tresna ez ezik, ezagutzak eskuratzeko eta esanahiak eraikitzeko bitarteko ere badela defendatu izan dut. Ideia horretatik abiatuta, onartu behar dut kezkatuta nagoela AAk euskara maila baxua duten ikasleengan izango duen eraginagatik. Ikasleek itzultzaile automatikoak, idazketa-laguntzaileak eta Chat GPT moduko tresnak erabiltzen dituzte lanak egiteko. Tresna aurreratu horien bitartez ikasleek idatzizko lanak sor ditzakete inongo esfortzurik egin gabe, pentsatu gabe eta benetako ikaskuntzarik gabe. Kasu horietan, gainera, zaila izaten da jakitea ikasleak landutako edukia menderatzen duen, eta bere benetako hizkuntza maila zein den. Ez hori bakarrik; AAren gehiegizko erabilerak, komunikazio-gaitasuna garatzeaz gain, mugatu egin ditzake lan autonomoa egiteko gaitasuna, ikasleen pentsamendu kritikoa eta arazoak konpontzeko gaitasuna garatzeko aukerak.

Bestetik, adimen artifiziala deitzen badiogu ere, AAk ez du edukirik edo daturik sortzen; sarean dauden datuetatik jasotzen du informazioa eta estatistikan oinarritzen da datuak emateko eta testuak sortzeko. Horregatik, beste hizkuntza hegemonikoekin alderatuz, adimen artifizialak behar dituen ereduak entrenatzeko euskarazko datuen eskuragarritasuna mugatuagoa da, eta horrek eragina izan dezake tresna batzuen zehaztasunean eta eraginkortasunean.

Ezin da zalantzan jarri adimen artifizialak egiten duen ekarpena izugarria izan daitekeela hezkuntzan, baina gure ikasleak euskaraz trebatu daitezen eta komunikazio-gaitasunen garapen orekatua eta osoa ziurtatzeko, teknologia elkarrekintzarekin konbinatu beharko litzateke, eta, agian, debateak, ahozko aurkezpenak eta eskuz egindako idazlanak bezalako jarduerek funtsezko osagai izaten jarraitu behar dute gelan. Konbinaketa hori egin ahal izateko, eta irakasteko moduak gaurko errealitatera egokitzeko, ezinbestekoa da irakasleok AAk ematen dituen aukerak eta tresnak ezagutzea, nola erabiltzen diren ikastea, eta ikasleei nola erabili behar diren irakastea ere. Garrantzitsua da gogoratzea helburua ez dela adimen artifizialaren erabilera debekatzea, baizik eta modu etiko eta hezigarrian erabiltzen ikastea. Ez al da ba hezkuntza galdera egokiak egiten ikasteko eta pentsamendu kritikoa garatzeko esparrua? Beraz, jarraitu dezagun gai honen inguruan hausnartzen, eztabaidatzen eta ikasten, sortzen zaizkigun erronka horien guztien aurrean zer egin jakin dezagun eta adimen artifiziala etsai baino gehiago hezkuntza aberastuko duen laguna izan dadin.

Euskaldun desjabetuen ahalduntzea

Igone Zabala Unzalu

Aspaldian gai posibleen kutxan gordeta nuen horietako bati hautsa kentzeko aukera paregabea eman dit apirilaren 20an Enkarterrietako euskalduntze prozesuaren eragileei egindako omenaldiak. Miresgarria da 60ko hamarkadatik hona eskualdea euskalduntzeko eragile horiek inbertitutako lana eta kemena. Nire ustez, Sodupen egin zen “Enkarterri Harro” ekitaldi horrek merezi zuen Berriaren irakurle guztien arreta, baina Bizkaiko hitza lurralde-atalean argitaratu zen Ia hutsetik euskaldundu dutenak erreportaje interesgarria. Erreportajearen abiapuntua dira Enkarterrietako euskaldunen portzentajeak: % 1,02 1981eko inkestaren arabera, eta % 31,58 Eustaten 2021eko estatistiken arabera. Eskualde euskaldunenekin alderatuta, kopuru txikia dela pentsa genezake, baina berrogei urtean 30 puntuko igoera lortu izana harro egoteko modukoa da, zalantzarik gabe. Berriako erreportajean ematen dituzten datuen arabera, Bizkaiko eskualde euskaldunena den Lea-Artibaik denbora-tarte berean puntu bat baino gehiago galdu du (% 81,88 > % 80,23). Atera kontuak! Enkarterrietako euskalduntze prozesu horren hasieran nik ere hartu nuen parte, lehenengoz, ikasle modura eta, ondoren, irakasle modura, eta garbi izan dut beti aldaketa bultzatu zuen indar garrantzitsuetako bat izan zela euskaraz ez jakiteak eragiten zigun min handia. Ideia bera irakurri nuen duela zenbait hilabete Berrian Nafarroako gazte bati egindako elkarrizketan, eta pentsatu nuen min horretan bat egiten dugula muturretako eskualdeetako euskaldunok.

Borroka eta ahalegin handia egin da berrogei urte hauetan, baina azpimarratu beharrekoa iruditzen zait 80ko hamarkadan eskola publikoetako gurasoek D eredua ezartzeko egin zuten borroka. Izan ere, eremu erdalduna zenez, Hezkuntza Sailak Enkarterrietako herrietako eskola publikoei ez zien onartu nahi D ereduko gelarik. Gurasoen borrokak bere fruitua eman zuen eta, horrezkero, ume asko eta asko euskaldundu dira eskola publikoetan, eta gau-eskoletan eta euskaltegietan euskara ikasi duten guraso askok eta askok etxeko lanak egiten lagundu ahal izan diete ume horiei. Areago, horietako askok euskara transmititu diete beren seme-alabei. Gau-eskola eta euskaltegietako lanak ere etenik gabe iraun du orain arte. Eta, horrela, iturri bateko eta besteko emariak batzen joan dira euskararen itsasoan. Hartara, Enkarterrietako edozein herritan albistegien arreta merezi duen zerbait gertatzen denean, hara doaz EiTBkoak, eta euskaraz elkarrizketatzeko norbait aurkitzen dute. Ez al da harro egoteko modukoa?

Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala ere aipatu zen omenaldian, nola ez? Baina hona ekartzea merezi du horren harira gazte batek aipatu zuen leloa: “Ez dago euskara txarrik”. Lelo hori etengabe errepikatzen omen zuen Lourdes Gaunak. Lourdesi, berrogei urte AEKn lanean aritu ondoren, erretiratzeko unea iritsi zaio, eta omenaldi berezia egin zioten ekitaldian. Lelo paregabea iruditzen zait Enkarterrietako, Meatzaldeko eta antzeko eskualdeetako euskaldunak ahalduntzeko, eta euskaldunen komunitatetik baztertuta ez sentitzeko. Izan ere, oso maiz euskaldun horiek egin duten ahalegina balioetsi beharrean, beren hizkuntza-gaitasuna mugatua dela iritzi, eta euskararen erabileraren gabezia eta hutsuneen erruduntzat ere hartzen dira. Nago euskararen biziberritzearen etsaietako bat dela euskaldunen artean klaseak eta kastak bereizteko joera nabarmena: ikastoletakoak vs eskola publikoetakoak, D eredukoak vs B eredukoak, etxean euskaldundutakoak vs eskolan euskaldundutakoak, herri euskaldunetakoak vs herri ez-euskaldunetakoak, euskaldun berriak vs euskaldun zaharrak, euskalkidunak vs euskalkirik gabeak, euskaldun ele-erasanak vs euskaldun peto-petoak eta abar eta abar. Bereizkeria horiek guztiak oso sustraituta daude umeen eta gazteen artean ere, eta oso arriskutsuak iruditzen zaizkit gauden puntura heltzeko egin behar izan den ahalegina ezagutu ez dutenen eskuetan, edo hobe esan, bihotz, garun, aho eta belarrietan.

Gizarte berdinzale eta justu baten ardatzetako bat izan nahiko lukeen euskararen aldeko hizkuntza-politikak bereziki zaindu beharko lituzke hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak euskaraz garatzeko oztopo eta zailtasun gehien dituzten hiztunak eta eskualdeak. Adibide bat emateagatik, eskola eta institutuetako ikasleei atzerriko hizkuntzen garapenean laguntzeko trukeak egiten dira beste herrialde batzuetako ikasleekin, baina, nik dakidala, ez da trukerik egiten, adibidez, Enkarterrietako edo Meatzaldeko eskoletako eta Lea-Artibaiko edo Goierriko eskoletako umeen artean, nahiz eta hezkuntza-sistema beraren barruko truke horiek askoz ere errazagoak liratekeen atzerriko herrialdeetakoak baino. Horrelako trukeak biziki aberasgarriak lirateke ume-nerabe guztientzat, beraiena ez bezalako eremu soziolinguistiko batean murgiltzeko aukera emango lieketelako, eta mota bateko eta besteko euskaldunen arteko sareak sortzen lagunduko luketelako. Zer esan etorkinei buruz, edo guraso euskaldunak ez dituzten bertako umeei buruz. Laguntza berezia eskaini beharko litzaieke eskoletan eta udaletan, etxeko lanak egiten laguntzeko eta, jakina, eskolatik kanpoko jardueren eskaintza oparoa euskaraz. Euskarak gure gizartean integratzeko tresna beharko luke, eta ez oztopo, betiere guzti-guztien hizkuntzak eta kulturak begirunez tratatzen direla bermatuta, jakina.

Nik neuk zorte handia izan nuen unibertsitatean hasi behar nintzenean (1979. urtean) lehen kurtsoa euskaraz ematea lortu zutelako orduko Zientzi Fakultateko zenbait irakaslek eta, nire euskara oso mugatua bazen ere, euskaraz matrikulatzeko konbentzitu nindutelako. Unibertsitateak aukera paregabea eman zidan herri eta eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunekin ikasteko, hitz egiteko edota aisialdia partekatzeko. Gaur egun ere aukera hori eskaintzen die UPV/EHUk ikasleei, baina geletan eta korridoreetan ikusten dudana da jatorri bateko eta besteko hiztunak ez direla askorik nahasten, eta eremu batzuetako ikasleek, ikasketa guztiak euskaraz egin badituzte ere, oso autoestimu linguistiko baxua dutela. Inoiz gertatu zait klasean ahozko aurkezpena egin behar zuen ikasle batek barkamena eskatzea aurkezpena egiten hasi aurretik Gasteizkoa izanda ez zuelako behar bezain ondo egingo. Hartara, gure irakasgaien helburu garrantzitsuetako bat da ikasleek euskararen biziberritzearen historia apur bat ezagut dezaten, biziberritze horri egin dizkioten ekarpenen kontzientzia har dezaten, eta etorkizunean aditu euskaldun modura euskararen garapenean eta biziberritzean izango duten erantzukizunaz gogoeta egin dezaten.

Orain kontsumitzaileak gara

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Kapitalismoak ingelesa eraldatu duela irakurri nion aurrekoan kazetari bati. Ingelesa eta gainerako hizkuntzak, pentsatu nuen, hizkuntza orotara eta hizkuntzaren esparru guztietara zabaldu baitira kapitalismoak eraldaturiko ingelesaren hizkera-moldeak. Hala, ohitu gara langileei “giza kapital” edo “giza baliabide” deitzen, idazlanei “ekoizpen idatzi” eta jendeari “bezero” edo “kontsumitzaile”. Honetaraz gero, geu ere bihurtu gara produktu: ez oso aspaldi “Gestión de una/o misma/o” esaldia itzultzea tokatu zitzaidan (uste dut Nafarroako Gobernuak antolaturiko ikastaro baten helburuetako bat zela).

Eta ohitu garen arren “recurso de apoyo educativo” euskaraz “hezkuntza-laguntzako baliabide” paratzen zirkinik egin gabe eta jakinik langile bati buruz ari garela, aurreko batean soberaxko eta ia ezinezko iruditu zitzaidan esaldi bat itzuli behar izan nuen: “El alumnado consume poesía”. Egiari zor, nire kezka nagusia ez zen izan erabaki beharra nola eman esaldia euskaraz –ea hitzez hitzezkora jo beharra nuen, edo munduaren merkantilizazio mugagabea mugatzeko moduko beste aditz bat aukeratu­–, kezka handiagoa eragin baitzidan Hezkuntza Departamentu batek ekoitzitako testu batean holako esaldiak agertzea normaldu izana. Badakit garaian garaiko gizarte-antolamenduak zizelkatzen digula hizkuntza, eta gure gizarte kapitalistaren enegarren erakusgarri bat besterik ez dela, baina, esaldi hura irakurrita, zoliago eta barrenago sumatu nuen ohiko kirrinka…

Nolanahi ere, ongi dakit kirrinka zoliago horietara ere ohituko naizela, arrazionaltasun ekonomikoa arteetara ere hedatu da-eta aspaldi. Nire beldurra bestelakoa da: kapitalismoaren hizkuntza erabat nagusitzearekin batera ez ote dugun galduko ahalmena beste ikuspegi eta hitzen bitartez sortzeko mundua, gizartea, gure euskara eta geure buruak; izan ere, erabiltzen ditugun kontzeptuek gure ezaguera eta ulerkerei eragiten diete, eta batzuk oztopo izan daitezke inguru bizigarriagoak amesteko.

Ingelesa aldatzeaz gain, garbi dago kapitalismoak ingelesa hedatu duela, eta, batzuetan, tentazioa dut pentsatzeko inperioaren hizkuntzari mugak jarrita oraindik ere modua izan genezakeela hesiak paratzeko kapitalismoak blaitu hizkera-moldeei. Jabetzen naiz kontua ez dela hain sinplea, baina nik, adibidez, ongi ikusiko nuke halako batean Euskal Herriko Haur Hezkuntzako haurrek geletan ingelesa gutxiago kontsumituko balute, nahiz eta ohartzen naizen horrek galtzaileen frikikeria dirudiela oraindik eta, gainera, ikastetxeak merkatu diren honetan bezeroak galtzeko bide zabala litzatekeela hori. Bestetik, badakit ezen, tamalez, ingelesari mugak jarri arren, poesiaren kontsumoaz kezkatuko diren arduradun pedagogikoek beren postuetan jarraituko luketela, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako arduradunek segituko luketeela adierazten fikzio euskaratua oso zurruna dela eta oso zail egiten duela haren kontsumoa.

Ahozko hizkuntzaren lanketa erdigunera

Amaia Lersundi Pérez

Azken asteetan, herrialde desberdinetan, hainbat eskola eta unibertsitate bisitatzeko aukera izan dut. Duela egun gutxi iritsi naiz Belgikatik eta onartu behar dut inbidiaz josita bueltatu naizela. Bertan entzule bezala egon naiz bigarren hezkuntzako irakasle izateko ikasketetako saioetan, ikusi dut nola egiten duten lan, eta ikasle batzuk elkarrizketatzeko plazera ere izan dut. Egia esan, harrituta geratu naiz ikasleek klasean duten jarrerarekin eta parte-hartze aktiboarekin. Ikasle gehienek ekarpenak egiten dituzte, inor epaitu gabe, eta elkarri lagunduz askotan. Ikasleei nabaritzen zaie ohituta daudela jende aurrean hitz egitera, ondo hitz egitera gainera, eta hori urteetan ahozko hizkuntzaren lanketa eginez lortzen da.

Gelan parte hartzeko eta ibilbide akademikoa arrakastaz egiteko lagungarria izateaz gain, ahozko komunikazio-gaitasuna garatzeak onura ugari dakartza, bai eremu pertsonalean eta baita profesionalean ere. Izan ere, interakzio sozial eta profesional gehienek komunikazio eraginkorra eskatzen dute. Garrantzitsua da argitzea ahozko komunikazio-gaitasuna ondo hitz egiteaz harago doala, eta aktiboki entzutea, hizkuntza ez berbala erabiltzea eta interpretatzea, besteak ulertzea eta mezua eta hizkuntza testuinguruaren eta hartzailearen arabera egokitzea ere badela.

Gizarteak aurrera egin dezan, komunikatzaile onak behar ditugu. Politikariek eta saltzaileek ondo komunikatu behar dute, baina baita irakasleek, medikuek, gurasoek, lagunek… Tamalez, tradizionalki, bai eskolan eta bai unibertsitatean, arreta idatzizko hizkuntzan jarri izan da, eta alde batera utzi da ahozkoaren lanketa. Eta, ausartu egingo naiz esatera, hori akats larria da. Ahozko hizkuntza garatzeak ikasleen errendimendu akademikoa nabarmen hobetu dezake, ikasleek beren ezagutzak eta ulermena komunikatzeko estrategiak garatzen dituzte eta. Baina trebetasun horiek menderatzeak praktika eta lanketa sistematikoa eskatzen ditu. Izan ere, taldeko presioak, lotsak, besteen epaiketek eta gizarte-antsietateak oztopatu dezakete modu asertiboan adierazteko gaitasuna.

Hortaz, gelan ahozkoa lehenetsi eta testuinguru seguruak sortu behar dira ikasleak eroso sentitu daitezen galderak egiteko, erantzuteko, elkarri laguntzeko, eztabaidetan parte hartzeko eta feedback konstruktiboa emateko zein jasotzeko. Horrek berekin dakar ikasgelan ahozko hizkuntza sustatzen duten jarduera eta proiektu gehiago inplementatzea, eztabaidarako aukerak areagotzea, eta idatzizkoaz gain ahozko hizkuntza ere ebaluatzea. Hau da, testuinguru pertsonal eta profesional anitzetan modu egokian komunikatzeko behar diren trebetasunak garatzeko aukerak eskaintzea; eta noski, hori guztia nola egiten den esplizituki lantzea.

Amaitzeko, Paul J. Meyer-rek gizakien arteko lotura gisa definitzen du komunikazioa. Eta arrazoirik ez zaio falta. Modu eraginkorrean komunikatzen jakiteak laguntzen du, besteak beste, pertsonen arteko harreman osasuntsuak eraikitzen, gatazkak konpontzen, eta emozioak kudeatzen eta partekatzen. Hain zuzen ere, gaur egun, beste gaitasun eta jakintza guztien gainetik, munduan behar duguna.

Tolestu ditzagun liburuak!

Itziar Luri Ekiza

90eko hamarkadan Iruñeko institutu batean ikasten hasi eta ordura arte nire ametsik zoroenean ere tokirik ez zuen mundu berria ezagutu nuen. Ikastetxearen pasillo luzeetan ibiltzea oihana zeharkatzea bezalakoa zen, ordura arte ikastolan goxo-goxo egon ondoren bat-batean gu baino zaharragoak ziren gazte handi, arraro eta, batez ere, erdaldun kopuru ikaragarriaren artean ibiltzea muturreko esperientzia iruditzen zitzaigun. Edonola ere, behin ikasgelan sartuta oasi txiki batean sentitzen ginen, irakasleek goxoago hitz egiten ziguten, lagunen izenak ezagutzen genituen… etxean bezala geunden.

Lehen urte horretan natur zientzietako irakasle gazte bat etorri zen bere lehen klaseak gure institutuan ematera. Onartu beharra dut natur zientziak ez nituela sobera maite eta irakaslea hizketan hasten zenean nire pentsamenduak gai atseginagoetara hegan joaten zirela, maiz. Halako batean, irakasle hura plaken tektonikaren teoria azaltzen hasi zen, gelako bi liburu hartu eta eskuez bihurritu eta tolestu zituen liburu bakoitza plaka bat bailitzan. Irakaslea liburuak birrintzen ikustean harritu eta asaldatu egin ginen, eta ordutik, gure hamalau urtetako nerabekeriarekin, irakasle hori txiste eta antzeratzeen jomuga bilakatu zen. Barregarria iruditzen zitzaigun bi liburu erabilita honelako azalpen zientifikoak ematea.

Bada, 20 urte geroago gure semea ondoko auzoko institutuan ikasten hasi da eta gozagarria da bere begiez ikustea nola gauza batzuk ez diren batere aldatu. Formolean gordeak daude institutu garaiko lagunen arteko broma eta txisteak, irakasleei jarritako ezizenak, batzuk maitasunez eta beste batzuk nerabezaroko gaiztakeriaz, adin horretan edozein txikikeria handi egiteko joera…

Ta zer ez da berdin?, Hertzainak-ek galde egiten zuen moduan… Bada erabat desberdina den gauza bat. Gure semearen irakasleek ez dituzte jada liburuak tolesten; sarean topatutako material berri eta erakargarriak jartzen dizkiete historia, fisika edo teknologia bezalako ikasgaietan. YouTubeko bideo zein film horiek guztiak ikaragarriak dira, bai, soinu efektuak, emotikonoak, irudi ikusgarriak… eta, gainera, gaztelera jatorrean! Gure koadrilan oraindik gogoratzen dugu plaken tektonikaren azalpena, eta, noizean behin, afariren batean edo, bada txiste hori gogora ekartzen duen lagunen bat. Gure semeek, aldiz, longitud, volumen, mecanismos, visigodos eta imperio romanoa oroituko dituzte. Paula Kasares soziolinguistari entzun nion aurrekoan: “Zein inozoak izan ginen (aurreko belaunaldiez ari zen) pentsatuta eskolan euskaraz ikasita aski izanen zela hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko”. Bai, inozoak izan ginen, baina ez gaitezen gaur egun ere inozoak izan pentsatuz D ereduko murgiltzea apetaren fruitua dela (hori ere aurrekoan entzun nuen, esalearen izena aipatu nahi ez badut ere). Ikasleek eskolan ematen duten denbora akaso ez da euskaldun hazteko nahikoa, baina, zalantzarik gabe, geroko hiztun horiek hizkuntzaren ezagutzan trebatzeko ezinbesteko tresna da. Nire kasuan behintzat hala izan zen. Murgiltzerik gabe, nola hezi ume euskaldunak? Bada, toles ditzagun liburuak, eta hiztunek eta liburuek eskertuko digute, bai, liburuek ere bai, norbaitek erabiltzen dituen seinale izanen baita.

Olentzero eta Mari Domingiri gutuna

Amaia Lersundi Pérez

Hizkuntzak hezkuntza prozesuan duen garrantziaz eta rolaz aritu naiz azken sarreretan. Gaiarekin jarraituz, baina arreta-gunea apur bat aldatuz, gaurkoan, sareetan, kaleetan, eskoletan eta unibertsitateetan bolo-bolo dabilen gai bat ekarri nahi izan dut. Duela aste batzuk PISA probaren emaitzak argitaratu ziren, eta asko dira sortu diren kezkak, ardurak eta harridurak. Lerro hauetan azken urteetan, oro har herrialde guztietan, irakurketaren ulermen mailak izan duen beherakada kezkagarriaren inguruan hausnartu nahi dut. Testu bat irakurtzeak eta ulertzeak hitzak deszifratzea baino gehiago eskatzen du. Ikasleek, pentsamendu analitikoa eta kritikoa garatu dezaten, testuaren egitura aztertzeko, gai nagusiak identifikatzeko, informazio garrantzitsua ateratzeko eta inferentziak egiteko gaitasuna garatu behar dute.

Hezkuntza komunitatean joera negatibo horretan eragina duten faktoreak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzeko beharra ikusi da. Izan ere, ulermen arazoek ikasleen hezkuntza-arrakasta baldintzatzen dute, ulermena baita edozein ikasgai ikasteko beharrezko oinarria. Hizkuntza behar bezala ez menderatzeak zuzenean eragin diezaioke edukia ulertzeko gaitasunari, eta ondorioz, ikasleek zailtasunak izan ditzakete testu konplexuak interpretatzeko eta beren ideiak argi eta zehatz adierazteko

Askok pandemiari egozten diote ikasleen ulermen mailaren beherakada, baina badaude beste zenbait faktore ere eragin zuzena izan dezaketenak, esaterako, gailu elektronikoen ugaritzeak eta eduki digitalak erraz eskuratzeak irakurketa-ohiturak aldatu dituztela. Hala, gaur egungo ikasleak behar duten informazioa azkar eta sintetizatuta lortzera ohitu dira. Aro digitalak erabat eraldatu du informazioa eskuratzeko modua, eta informazioaren berehalakotasunak azaleko irakurketa eta datuen bilaketa azkarra egiteko kultura sortu du. Eskuragarritasun horrek onura ukaezinak ekarri baditu ere, eskoletara erronka esanguratsuak ere ekarri ditu; bereziki, ikasleek formatu laburragoak eta bisualagoak nahiago dituzte, eta zaila egiten zaie testu konplexuagoak sakon eta patxadaz irakurtzea.

Gizartearekin batera hezkuntza ere aldatzen joan behar denez, eta orain arteko estrategiek, dirudienez, emaitza onak eman ez dituztenez, neurriak hartu behar dira ikasleek azaleko informazioa kontsumitzeaz gain, informazio hori ulertzeko eta beren ikaskuntzan eta garapen pertsonalean gogoeta eginez aplikatzeko aukera izan dezaten. Beraz, argi izan behar dugu ikasleen irakurketa eta ulermen gaitasuna sustatzea funtsezkoa dela haien garapen akademiko zein pertsonalerako. Hau da, irakurmena sustatzeak errendimendu akademikoa hobetzeaz gain, bizitzan arrakasta izateko eta gizartean aktiboki parte hartzeko ezinbestekoak diren trebetasunak ematen dizkie ikasleei; eta irakasle guztien ardura dela, informazioa modu kritikoan aztertzeko, sintetizatzeko eta ulertzeko gaitasunaren lanketa; baita ere ikasleek ulermen estrategiak garatzea eta horiek erabiltzen jakitea, irakurzaletasuna txikitatik sustatzea, eta irakurtzeko motibazioa eta interesa piztea. Azkenik, hori guztia egiteko eta ikasleen garapen integralean irakurketaren garrantzia sustatuko duen ingurune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa da hezitzaileen, gurasoen eta komunitatearen arteko lankidetza.

Hemen doaz urte berrirako Olentzerori eta Mari Domingiri eskatutakoak. Bitartean, pare bat astez, behintzat, har dezagun atseden eta ingurukoen energiaz eta goxotasunaz bete gaitezen, aurrean ditugun eta etorriko diren erronkei aurre egiteko indarra beharko dugu eta.

Infinitua hiztegi batean

Joannes Jauregi Benavides

Azken bolada koskorrean, Bigarren Hezkuntzan ikasle ditudan gaztetxoei galdera berbera egin izan diet ikasturtea joan eta ikasturtea etorri: ea zer egiten duten euskarazko hitz bat konprenitzen ez dutenean ―eta, noski, zer esan nahi duen jakin nahi/behar dutenean―. Xalo erantzuten didate, “ba Interneten bilatu” soil batekin. Zer da, baina, Interneten bilatzea? Zenbaitek konpontxo egiten dute bilatzailean “significado X” jarrita; beste batzuek itzultzaile automatikoak erabiltzen dituzte galanki, eta ez hiztegi gisa soilik; bakarren batek “Elhuyar” aipatu izan du ahapeka, pedantearen sasilotsaz. Ordea, inori ez zaio bururatzen, ez euskaltzalerik sutsuenari ere, izango dela modurik euskarazko lexikoa gaztelaniaren makulurik gabe jasotzeko. Gehienak harritu ere egiten dira konturatzean baietz, badela euskarazko definizio-hiztegirik. “RAE bezalakoa”, esaten dute, irakaslearen etsigarri.

Ez naiz, baina, hizkuntz gatazkaren eta diglosiaren ur handietan murgilduko, nik dezakedan baino hobeto mintzatuak baitira jada beste batzuk blog honetan bertan. Gazteen kontrako epai errazetan laketzea ere ez zait guztiz zilegi iruditzen, “gaur egungo gazteak” garai guztietan izan baitira historiako okerrenak, eta, egia esatera, ez dakit noraino lepora diezaiekegun sareak ematen dituen errazbideez baliatzea soluzioak merke eskuratzeko. Hezkuntzari gagozkiolarik, ni neu humanitateen gainbeherak kezkatzen nau gehien, eta gainbehera horri atxikirik ikusten dut hiztegiaren kulturaren aienatzea. Teknopedagogia izeneko munstroaren altzo digitalean, zeinak, labur-zurrean esanda, ordenagailuak eman baitizkie ikasleei liburuen truke, txit zaila bilakatu da ez bakarrik literatura eta filosofia irakastea, baizik eta baita hiztegiak kontsultatzeko ohiturak eta jakintzak sustatzea ere, merke-zurreko soluzio sinplista guztiak zorroztasuna eta esfortzua eskatzen dituztenen ondo-ondoan daudenez gero. Pantailan, distantzia berera biak.

Paperezko liburuak ondo eutsi zion eraldaketa digitalari, baina paperezko hiztegiak, nekez. Sareratu ―hodeiratu― egin ziren, eta paperaren erromantizismo guztiek ezin diote buru egin hiztegi digitalen azkartasunari, eguneratzeko gaitasunari eta, oro har, eraginkortasunari. Itzultzaile eta bestelako profesionalok ere aise ohitu gara. Niri behintzat, paperean sekula itzuli gabea naizen honi, zaila egiten zait imajinatzea nola ekin ahal izan zion Bingen Ametzagak Hamlet euskaratzeko lanari Ameriketara bidean itsasoratuta, paperezko hiztegi pare bat beste laguntzarik gabe.

Hiztegiak gaur egun ez dira liburuak, ez behintzat liburuak bakarrik, eta egitate hori metaberretsia dago gure eta gure inguruko hizkuntzetako hiztegietako definizioetan ere. Paperetik digitalerako transmutazio horretan, ezin uka tresna eraginkor eta praktikoak bilakatu direnik, eta nabarmen errazten diotenik bizitza jende ugariri, ez ikasleei bakarrik. Duela zenbait aste, Amaia Astobizak ale benetan interesgarria eta eskertzekoa eman zion blog honi, Elhuyar hiztegiaren zenbait funtzionalitate aurreratu xehe-xehe azalduz. Sekulako lana egin baitu jende burutsu askok sareko hiztegiak gero eta tresna eraginkor eta erabilgarriagoak egiteko, eta hori eskertzekoa eta mirestekoa besterik ez zait iruditzen.

Eta, hala eta guztiz ere, tresna eta baliabide gisa dituzten abantaila guztiak gorabehera, paperezko hiztegiak hori baino askoz gehiago ere izan daitezkeela (zitezkeela?) iruditzen zait. Hezkuntzara bueltan, sinetsita nago lexikoa ez dela berdin barneratzen bilatzaile-barra batean enter sakatuta edo minutu bat(zuk) liburu batean orri-pasa arituta, hitz hori gogoan (ahoan) bueltaka erabiliz, bere testuinguru alfabetikoan begiztatu nahian. Paperezko hiztegietan hitz-paisaia bereziak aurki daitezke, zeinek bai baitute literariotik ere. Ikasle garaiko latineko hiztegietan, berriz, lexikoa ez ezik morfosintaxia eta fraseologia ere ugari aurkitzen da orriz orri ―gure latineko irakasleak irri maltzur batekin esaten zuen “dena” zegoela hiztegian, baina aurkitzen jakin behar zela―; latin-ikaslearentzat, hitz jakinen esanahia ia bigarren mailako bihurtzen da tarteka, gainerako informazioaren aldean. Duela gutxi, bestalde, Julio Casaresen Diccionario ideológico de la lengua española harribitxia aurkitu nuen gurasoen etxean ahaztuta; hiztegi ideologiko bat zer zen ere ez jakin nik, eta seko liluratuta geratu nintzen liburukote hartan orri-pasa.

Izango da, seguru asko, horiek guztiak zeruratzeko modurik ere. Gaur-gaurkoz, baina, paperean, lurrean baino aurkitu ezin direlakoan nago.