Elebitasunaren aznahiak

Uxue Rey Gorraiz

Berriako kazetari eta nire lagun Iker Tubiak Esti Blanco-Elorrieta elkarrizketatu zuen iragan urteko martxoan. Psikolinguista eta neurozientzietako ikerlaria da hura, eta elebidunen garunak nola funtzionatzen duen ikertzen ari zen orduko hartan –akaso, horretan dabil egun ere–. Aitorpen bat: ni ez naiz batere zientzia zalea, eta hain zuzen horregatik, diagonalean irakurri ohi ditut zientziari buruzko artikulu gehien-gehienak. Tituluak leitu, nabarmendutako entresakei edo galderei behatu eta irudi edo infografiak laster batean ikustearekin aski izaten zait kasik beti. Aukeran, gutxiegitan irakurtzen ditut fundamentuz; pieza bat osorik irakurtzen dudan aldiro madarikatzen baitut aurrekoak leitu ez izana.

Izan ere, hasi nintzen Tubiaren elkarrizketa hura irakurtzen, gainetik hasieran, erne ondotik, eta, hara non, txoratua utzi ninduten esplikaziook –eta bidali nion esteka WhatsAppez amari–. Artikuluan kontatutakoen nahas-mahas bat da sarrera honen parte handiena –lotsagabea halakoa (ni)!–, blog honek irakurgai gomendioak egiteko ere balio duelakoan.

Blanco-Elorrietaren arabera, elebitasunari buruz bada argitu beharreko zerbait: «Garai batean pentsatzen zen hizkuntzak nolabait aparte zeudela maila anatomikoan, elebakarren ikuspuntutik ematen zuelako bi instantzia oso ezberdin zirela. Baina elebidunaren ikuspuntutik, sistemak bestelakoa izan behar du, hizkuntzak etengabe nahasten ditugulako». Hala, ikerlariaren hitzetan, dakizkigun hizkuntza guztien arauketak sistema bakarrean bilduta izanik, unean aukeratzen dugu hitzak ze hizkuntzatan esan, eta, hori horrela, alderdi horri erreparatzeko bereziki interesgarriak omen dira, adibidez, euskañolez osatutako esaldiak: «Esan dit que etorriko naizela». Hori, esaterako, ontzat jotzen du Blanco-Elorrietak, garunari so eginez behintzat. «Esan dit que etorriko da», ez hain ona.

Hizkuntza batean aritzean zerbait beste hizkuntza batean –oharkabean– esaten dugun aldi horietarako ere badu esplikazioa psikolinguistak. «Aktibazioaren neurrian» omen dago gakoa. «Orokorrean, dauzkazun berba denen artean aktibazio handienekoa aukeratzen duzu. (…) Berba batek ez badu transmititzen gura duzun emozioa beste baten moduan, aldatzea dago. Edo ez bazaizu burura etortzen txakur berba, aktibazioa txikiagoa delako, agian perro esango duzu gura gabe».

Bestalde, elkarrizketan bistara gelditzen da elebitasuna eta itzulpena ezin bereizizkoak direla ia. Hona itzulpenari buruzko Tubiaren galdera, eta Blanco-Elorrietaren erantzuna, segidan.

I. Tubia: Itzulpena egitean ezberdin jokatzen du burmuinak?

E. Blanco-Elorrieta: Ez du ezberdin funtzionatzen. Maila kognitiboan, edo linguistikoan, esan dezakezu mekanismo berak erabiltzen direla, baina pentsatu garunean distribuzio probabilistiko bat daukazula. 15 urtegaz ingelesa ikasten hasi den euskaldun baten garuneko hiztegi mentalean, euskarazko berbek askoz bere aktibazio handiagoa izango dute, mila bider entzun baititu. Baina 15 urtegaz AEBetara joan eta ez bada bueltatu, ingelesezko aktibazioa handituz joango da, eta euskararena, jaisten.

Elebakar totalak dira –edo ziren– nire lau aitatxi-amatxiak. Aitaren aitari, Juanitori, kostatu ere egiten zitzaion ulertzea nolatan izan zitekeen norbait umetatik elebidun. Gaztelaniaz egiten zidan berak, eta euskaraz gurasoek, eta sinetsia zegoen ni txiki-txikia izanik ezinezkoa zela bietara ulertzea. «Igual orain hasiko zaizu pixkanaka deus [euskaraz] ulertzen, ezta?», galdetu zion amari nik bi urte-edo izanen nituenean. Euskararen gaineko ezjakintasun erabatekoa ere izanen zen horren atzean. Edonola ere, kostatzen zitzaion posible zela ulertzea, baina ulertu zuen, eta beti ikusi zuen begi onez «ahalik gehien jakitea». Gaztelania ez ezik euskara ere baldin bagenekien, are eta hobeki.

Erriberrikoa zen Juanito. Ez du ikustekorik elebitasunaren aurrean erakutsi zuen harridurarekin, baina seguru naiz harrituko litzatekeela azkenaldian sorterrian gertatzen ari den kontu batekin. Enegarrenez, euskarofoboren batek pintura beltzez estali du herriaren sarrerako karteleko Erriberri, soilik gaztelaniazko Olite bistaratu dadin. A ze aznahia elebitasunak.

I. Tubia: Elebitasuna ona edo txarra den eztabaidagai da oraindik?

E. Blanco-Elorrieta: Eztabaida sekulakoa da. Batez bere asko pasatzen da iragan koloniala daukaten herrialdeetan eta identitate nazional bakarra bultzatzeko interesa dagoenetan (…).

Erriberritik 50 kilometrora, Orkoienen, herriko alkate Alejandro Lopez haserre dago haur euskaldunek «pribilegioak» dituztelako elebidunak izateagatik. «Ludoteka bat dugu euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarakoak bietara joan daitezke, baina gaztelaniakoak gaztelaniazkora soilik joan daitezke; hau da, [euskaldunek] bi aldiz zerbitzu gehiago dituzte. Jada ez gara eskubideez ari: pribilegioez ari gara». Berriz ere: a ze aznahia elebitasunak, betiere euskara bada ekuazioaren barrenean dagoena.

Okerreko atea jotzea

Angel Erro

Umberto Ecok itzulpenari (itzulpenari bere zentzu zabalenean) eskainitako liburuaren izena edukiaren sintesi perfektua zen, eta definizio ez txarra ere, itzultzea zertan datzan: Dire quasi la stessa cosa; ‘ia gauza bera esatea’. Gogoak huts egiten ez badit, barruan batez ere ia horren, quasi horren, nolakoa eta norainokoa zehazteari ekiten zion nagusiki.

Erakargarria (eta itzulpenaren zereginaren sintesi ona) suertatu zaidan itzulpenari buruzko beste liburu baten izena aurkitu dut orain gutxi Nafarroako Liburutegi Nagusiko apalen artean: Hablo todas las lenguas, pero en árabe. Arabieraz eta frantsesez idazten duen Abdelfattah Kilito idazle marokoarrarena da. Izenburua gorabehera, frantsesez argitaratu du, itzulpena eta bere herrialdeko literaturaren egoera diglosikoa gai dituzten lehenagoko artikuluak bilduta. Berehala aitortzen du izenburua Kafkaren egunkarietatik hartu duela, non Pragako artista batek horixe esaten zuela idatzita utzi baitzuen: munduko hizkuntza guztietan mintzo zela bera, baina yiddishean.

Interesez irakurri badut ere, gutxitan iruditu zait Kilitok bertan dioena gurera aplikagarria, besteak beste, arabieraren eta frantsesaren arteko harremana ez baita euskararen eta erdararen artekoaren parekoa. Nolabait esateko, hor literario/kulturalki subalternoa den arabiera hegemonikoa da kalean eta egunerokoan, eta frantsesari kontrakoa gertatzen zaio.

Halere, gogoeta iradokitzaileak daude tarteka. Abdelkebir Khatibi idazleaz eta bere Amour bilingue liburuaz ari denean, esaterako, non bi hizkuntzetan bizi beharra eta bere bizitzatik pasatutako hainbat emakumeren istorioak txirikordatzen baititu, galdera egiten du: “Eta Abdelkebir Khatibi hizkuntza hautatzean okertu izan balitz? Galdera ezohikoa, agian errespetu gutxikoa, dudarik gabe deserosoa. Halako galderarik egiten ahal da, edonola? Eta nork du egiteko gaitasuna? Irakurleek? […] Bada damutu dela aitortu duen idazlerik?”. Idazle bat, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu “aukeratzen” ari denean bezala, baina “idaztea berez hizkuntzaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?”.

“Al-Jahiz-ek, bere Animalien liburua-n, antzeko iritzia azaltzen du elebiduntasunaren inguruan (bitxia da idazle honek elebiduntasunaz hitz egiteko zer eta animaliei buruzko liburu bat aukeratu izana; izaki ez elebidun eta imitatzeko ezgauzak). Zeren elebiduna, Al-Jahizek iradokitzen duenez, bigamoa da: bi hizkuntzak, bi emazte bezala, suhar lehiatuko dira eta, eginahalak eginahal, senarrak ez du lortuko biak guztiz asetzea”.

Elebiduntasuna eta bigamia parekatzea, nik uste, barkakizun zaio IX. mendeko idazle bati. Niri, aldeak alde, konparazioak gogora ekarri dit duela hilabete pare bat irakurle klub baterako berriz irakurritako Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa. Dagoeneko behin baino gehiagotan irakurria duzun liburu bati ekitean, traman baino, arreta jar dezakezulako alderdi teknikoetan edo sinbolikoetan. Eleberrian, euskal idazlea den Juan Martin protagonistak bi emakume, bata madrildarra, bestea donostiarra, seduzitu nahi ditu testu bera erabilita. Ez al da hori, itzulpena tartean, edozein idazleren nahia? Bi publiko ezberdin erakartzea, geureganatzea? Victoria eta Eugenia ez dira, neurri batean, euskal eta erdal irakurlegoaren ikur?

Irakurketa hori egitea posible egiten duten pista batzuk egon daitezke. Eugenia madrildarrak Babelia bezalako literatur gehigarriek agintzen duten guztia leitzen du, irakurle midcult-agoa da, prototipikoagoa; bera limurtzeko bide onena, literatura ona baino, literatura onaren prestigioa izatearen lerro kurtsi batzuk aski dira. Victoria donostiarra elebiduna da, hobeki moldatzen da gaztelaniaz, baina protagonistarekin ahaleginduko da euskaraz egiten. Exijenteagoa da, kritikoagoa, baina euskararekiko duen lotura afektiboagoa da, kulturazkoa baino. Euskal irakurlegoa hala da edo hala irudikatzen du Saizarbitoriak? Edonola, testu berak eragin berdina izan ahal du bi emakumeengan, bi literatur sistemetan?

Irakurketa hori hankaz gora jartzen didaten gauza asko ere badaude eleberrian, agian, egileak nirea bezalako irakurketa errazak saihesteko asmatuak. Testua, bi emakumeekin erabili beharreko ohartxoa, lehenago idatzi eta erabili du gaztelaniaz Eugeniarekin eta Victoriarekin nahi du berrerabili, eta azken honi zer hizkuntzatan eskainiko dion ez du argi:

“Egiaz duda bakarra zen Eugeniaren testua Victoriari bere hartan bidaliko nion ala euskaratu egingo nuen. Ez zen, ordea, zalantza hala-moduzkoa; zenbat eta gehiago pentsatu, arrazoi gehiago aurkitzen bainuen aukera bakoitzaren alde.

[…] Victoriari gaztelaniaz eta frantsesez mintzo zitzaion bere background kulturala, eta, nolanahi ere, oso gutxi euskaraz; eta horrek garrantzi erabatekoa zuen testu batez gozatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Josu Zabaletak dioenez, background kulturala erdaraz osaturik izatea da euskaldun gehienok klasiko unibertsalak euskaraz irakurtzeko dugun zailtasunaren funtsa”.

Idazle bat, beraz, pentsarazi dit Ramon Saizarbitoriak bere eleberri horrekin, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu aukeratzen ari denean bezala, baina idaztea/maitatzea berez hizkuntzaz/pertsonaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?