Amaia Lasheras Perez
Atzo bildu genituen aurtengo Euskaraldirako txapak. Nik ahobiziarena hartu nuen; nirekin joan zen lagunak, berriz, belarriprestena. Txapak partitzen ari zen lagunak harrituta begiratu zion, eta “zu, belarriprest?” galdetu zion. Azalpena ezin politagoa iduritu zitzaidan.
Lagun hori euskaldun zaharra da, ikasketa guziak euskaraz egin ditu, eta, bizitzaren ehuneko handienean, euskaraz bizi da: familian, herrian, lagunartean, lanean… Berak dio euskaraz ongi-ongi moldatzen ez diren horientzat bideratu nahi duela bere belarriprestutasuna. Suposatzen da ezen Euskaraldian “rol” hori hartzen duena euskarazko solasaldiak ulertzeko gai dela, baina zailtasunak dituela ideiak adierazteko; hala, gonbidapena egiten digu berarekin euskaraz egiteko. Denok dakigu euskara menderatzen ez duten pertsonek (berdin dio deus ez jakiteak nahiz ulermen maila polita izateak) ez dutela inolako arazorik inguru euskaldunetan mugitzeko, gainerako guztiok gaztelaniaz edo frantsesez ere badakigulako. Beraz, ez dute inoiz beren burua egiatan bortxatua sumatzen ikasteko edo dakiten hori praktikatzeko. Eta, hortaz, beharbada, zaila dute belarriprestetik ahobizira salto ematea, gibelean arrazoi hagitz indartsuak ez badaude, behintzat: seme-alabak, lan-kontuak, euskararekiko konpromiso hagitz handia…
Egoera hori iraultzen laguntzea da nire lagunaren asmoa; alegia, euskaraz egitera ausartzen ez diren lagun horiei erran nahi die bera han dagoela, prest, euskaraz erran nahi dutena entzuteko. Ez du axola zenbat denbora kostatzen zaien ideia bat adieraztea, akatsak egiten dituzten… Hantxe egon nahi du berak, pertsona horiek euskaraz lasaitasun osoz mintza daitezen.
Zer pentsatu handia eman zidan horrek. Egia erran, pazientzia ttikiko pertsona naiz ni, eta aitortu behar dut urduritzen naizela ondokoa euskaraz ezinean ari denean. Tentazioa izaten dut lagun horri esaldia neuk bukatzeko (gaztelaniaz ere gertatzen zait, ez uste). Horri nire deformazio profesionala gehitu behar diot. Zuzentzailea izanda, edozein pertsona hitz egiten ari dela, alarma bat pizten zait buruaren barruan akats bat harrapatzen dudan bakoitzean. Ezin dut saihestu. Tentsio batean bizi naiz beti, zuzentzaile sena ezin baitut “itzali”. Beraz, euskaraz ongi moldatzen ez den pertsona batekin ari naizenean, izerditan hasten naiz, bihotza bizkortu egiten zait, angustia-puntu bat ere sumatzen dut… Baina, ongi hezitako neska naizenez, itxurak egiten saiatzen naiz: irribarre egiten dut, buruarekin baiezko keinua egin, eta parean dudan pertsona hori euskaraz segitzera animatzen dut, jakina! Penak goikoan gordetzen ditut horrelakoetan.
Euskaraldiak egiten digun proposamena konponbide polita izan daiteke euskadunok behin eta berriz erdarara makur ez gaitezen, ezta? Zuk, erdaraz, bai, baina nik, euskaraz. Bide batez “euskarazko hartzailea” den pertsonak esposizio handiagoa izanen du eta, horrenbertzez, hobetzeko aukera, beharbada noizbait ahobizi izateraino. Hala ere, nik uste dut asmo on horrek porrot egiten duela, eta ni neu ere horren erruduna izaten naiz. Hizkuntzak komunikatzeko tresnak dira, hotz-hotzean hartuta behintzat. Ikerlari batzuek diote egunean 20.000 hitz inguru erabiltzen ditugula eta 30.000 jaso. Banaz bertze, erne pasatzen dugun egunaren zatiaren % 70 pasatzen omen dugu komunikatzen. Hala, argi dago gure eguneroko energiaren ehuneko handi samar bat horretara bideratu beharko dugula. Gizakiak garen heinean, eskuragarri dugun energia ahalik eta hobekien kudeatzen saiatzen gara, oharkabean bada ere. Horrek ondorio zuzena dakar: ekintza bakoitzean ahalik eta energia guttien gastatzea. Hala funtzionatzen omen dugu.
Horrek azalduko luke zergatik kostatzen zaion horrenbertze euskara ongi menderatzen ez duen hiztun bati euskaraz egitea (solasaldiak luze joz gero, behintzat) baldin eta badaki parean duenak berak ongi dakien hizkuntza batean ulertu behar diola. Biziraupen-ekonomia da, lagunok! Eta, gainera, bi noranzkoko bidea da hori. Izan ere, mezua jasotzen ari dena ere ahalegin bat egiten ari da mezu “ezperfektu” hori hartzeko. Hala, bizpahiru minutu pasatu eta gero, burmuinak traizioa egiten dio eta erdaraz hasiko da, energia aurrezteko.
Dena den, dei bat egin nahi dizuet (nire buruari ere bai). Beste batean euskaraz ongi-ongi moldatzen ez den lagun batekin solasean aritzen garenean, har dezagun belarriprest izateko jarrera eskuzabal hori. Eskain ditzagun gure denbora eta gure pazientzia pertsona hori euskaraz mintza dadin, askatasunez, epaitua sentitu gabe. Jar dezagun arreta edukian, eta ahantz gaitezen formaz. Itzal dezagun barruan daramagun zuzentzailea. Parean dugun laguna ongietorria senti dadila euskararen unibertsoan, etxean balego bezala. Sentiaraz diezaiogun gai dela euskaraz komunikatzeko. Egin diezaiogun kontra energia aurrezteko barne-bulkadari. Eta, gero, zoriondu dezagun gure burua ere egindako ahaleginarengatik.


