Euskarazko publizitatea. Traumatismoa ohikoa denean…

Estitxu Garai Artetxe

Beste hark zioen bezala: “nire liburuari buruz hitz egitera etorri naiz”. Tesia bukatu berritan, emaitzen berri emateko erabiliko dut gaurko posta.

Publizitate elebiduna da aztertu dudana, gaztelaniaz eta euskaraz ekoizten diren iragarkiak. Zehazki, gaztelaniarekin batera zertzeak euskarazko publizitate-mezuetan duen eragina izan da ikergaia. Sei agentzia handienak oinarri hartuta, publizitatearen prozedura guztiari jarri diot begia: zertze-prozedurari, testuen egokitasunari eta hartzaileen hautemateari.

Ondorio nagusiak ez du zalantzarako tarterik uzten: publizitate-agentzia handien egungo zertze-prozedurak euskarazko iragarkien publizitate-ezaugarriak lardaskatzea eta pertsuasio-izaera kaltetzea dakar.

Aztertutako agentziek gaztelaniaz egiten dute lan nagusiki, nahiz eta zenbait ordezkarik arazoak dituzten hori horrela dela aitortzeko. Euskarara moldatzea geroko lana da, gehienbat kanpoko itzulpen enpresek egiten dutena. Gauzak horrela, euskarazko mezuek nekez eusten diete gaztelaniazko sorburukoen pertsuasio-ezaugarriei, betiere publizitate-idazkerari buruzko teorizazioa oinarri hartuta.

Eraldaketak askotarikoak diren arren, baiezta daiteke gabezia nagusia komunikazio-estrategietan eta hizkuntza-erregistroan dagoela. Batetik, ohikoa da gaztelaniaz erabilitako baliabide poetikoa edo argudiatze-bidea euskaraz lardaskatuta geratzea edo erabat desagertzea. Hori ez da harritzekoa, hizkuntza batetik bestera moldatzeko zailtasun gehien dakarten baliabideak baitira, hain zuzen ere, gaztelaniaz gehien erabiltzen direnak (besteak beste, hitz-joko polisemikoak, erregistro-imitazioa edo esapide fosildua biziberritzea). Horrek erakusten du elebitasunaren kontuari ez zaiola arreta handiegirik jartzen. Gainera, gaztelaniaz ezinezko liratekeen aukera asko eskaintzen ditu euskarak, baina horiek ustiatzea gaitza da joko-eremua gaztelaniatik zedarrituta badator. Bestetik, erregistroari dagokionez, lagunarteko hizkera darabilten testuetan gertatzen dira aldaketa handienak, euskaraz koska bat formalago geratzen baitira, oro har. Bi alor horiek erabat baldintzatzen dute mezuaren egokitasuna, hau da, eraginkortasuna. Eta, finean, publizitatea horixe da: mezu egokiak xede dituen jardun profesionala. Horrenbestez, euskarazko iragarki asko, hizkuntzaren aldetik txukunak izanik ere, indarge dira pertsuasioaren ikuspegitik. Hots, euskarazko testuak dira, baina ezin esan euskarazko publizitatea denik.

Egoera horren ondorioak nabariak dira hartzaileen jarreran ere. Euskararenganako gutxiespen sentimendua erabat barneratuta dago. Hartzaile euskaldunek jakin badakite publizitate-leloak gaztelania hutsez sortzen direla, eta, ondorioz, euskarazko iragarkietan ezer arraroa sumatuz gero, gaztelaniazko jatorrizkoa zein izan daitekeen pentsatzera jotzen dute. Era berean, iragarkiek darabiltzaten baliabideak zeintzuk diren igartzen dute, nahiz eta izen zehatzik ez jakin, muina zein den azaltzeko gai dira. Hartara, aise atzematen dituzte euskarazko mezuek gaztelaniazkoekin alderatuta dituzten gabeziak.

Hori guztiori esanda, gaur egungo egoera hobetzeko aski litzateke sormen prozeduran bertan euskara aintzat hartzea. Sormen taldean euskaldunik ez izan arren, hasieratik egon beharko lukete harremanetan itzultzaileekin, sormen lanean darabiltzaten kontzeptuek euskaraz izan dezaketen moldapena ezagutzeko. Helburua publizitate elebiduna bada, ezinbestekoa da elebitasun hori hasieratik prozeduraren parte izatea. Gakoa ez da itzulpenean asmatzea, hasieratik bi hizkuntzetan eraginkorrak izango diren mezuak zertzea baizik.

Noski, gomendio hori gauzatzea lehenengo urrats txikia baino ez litzateke.  Publizitate-agentzien etorkizunerako erronka gaztelania eta euskararen baliabideak ondo baino hobeto ezagutzen dituzten sortzaileak lan-taldearen parte izatea da. Urtero egiten du salto lan-merkatura euskaraz hezitako publizista belaunaldi berriak, baina badirudi horrek ez duela eragin handirik izan publizitate-agentzia entzutetsuen jardunean. Hortaz, unibertsitateak ere formazio-programaren gainean hausnarketa egin beharko luke, sormen elebidunaren trebakuntzari dagokionez, batik bat. Edonola ere, hizkuntzen egoera dela medio, gaztelaniazko trebakuntza beste iturri batzuetatik ere badatorkie, eta euskarazko sorkuntzan sakondu beharko litzateke. Karrera bukatzean, euskararen baliabide-maparen jabe izan beharko lukete ikasleek, lexiko eta esapideetatik hasi eta figura erretorikoetaraino. Gaur-gaurkoz, ordea, Publizitatea eta Harreman Publikoak graduan ez dago publizitate-idazkerari dagokion ikasgairik.

Azkenik, egoera irauli behar badugu, ezin aipatu gabe utzi iragarleen egitekoa. Publizitate elebiduna eskatuta, horixe exijitu beharko liekete iragarleek agentziei, bi hizkuntzetan funtzionatuko duen publizitatea. Are nabarmenagoa da erakunde publikoen kasuan, euskararen normalizazioa xede duten heinean. Mezuen kalitatea lehenetsi beharko lukete, zuzentasun edo jatortasun linguistikoaz gain, egokitasuna lehen lerrora ekarrita. “Euskararen kalitatea” txostenean onartuta dauka Eusko Jaurlaritzak printzipio hori, baina gaur egungo errealitatea helburu horretatik oso urrun dago, eta ez dirudi agentziei aldaketarik edo hobekuntzarik eskatzen zaienik.

PD: Uste dut 31 eskutik blogak aukera aparta eskaintzen didala dibulgaziorako, eta, hemendik aurrera, zenbait publizitate kanpaina elebidun ekarriko ditut, tesiaren emaria modu bisualean aletzeko. Hitz-joko polisemikoekin hasiko naiz, ados?

Partisanoa

Juan Luis Zabala

(Leonard Cohenen beste kantu baten hitzak)

Partisanoa

Muga igaro zutenean,
amore emateko agindu zidaten.
Ezin nuen halakorik egin.
Fusila hartu eta ihes egin nuen.

Maiz aldatu dut izena,
emaztea eta seme-alabak galdu ditut.
Baina adiskide asko daukat,
eta haietako batzuk nirekin daude.

Emakume zahar batek babesa eman zigun,
etxeko ganbaran ezkutatuta.
Orduan soldaduak iritsi ziren.
Xuxurlarik gabe hil zen.

Hiru ginen gaur goizean,
ni naiz geratzen den bakarra gauean,
baina joan beharra daukat.
Mugak nire espetxea dira.

Oi haizea, haizea hegan dabil,
katabuten artean haizea hegan dabil,
askatasuna laster iritsiko da.
Orduan irtengo gara itzaletatik.

Alemanak nire etxean izan ziren.
Esan zidaten: “Amore eman”,
baina ez nuen beldurrik.
Nire arma hartu nuen berriro.

Ehun bider aldatu dut izena,
emaztea eta seme-alabak galdu ditut,
baina adiskide asko daukat.
Frantzia osoa daukat.

Gizon zahar batek
bihitegi batean ezkutatu gintuen.
Alemanek atxilotu zuten.
Harridurarik gabe hil zen.

Oi haizea, haizea hegan dabil,
katabuten artean haizea hegan dabil,
askatasuna laster iritsiko da.
Orduan irtengo gara itzaletatik.

The Partisan

When they poured across the border,
I was cautioned to surrender.
This I could not do.
I took my gun and vanished.

I have changed my name so often,
I’ve lost my wife and children.
But I have many friends,
and some of them are with me.

An old woman gave us shelter,
kept us hidden in the garret.
Then the soldiers came.
She died without a whisper.

There were three of us this morning,
I’m the only one this evening,
but I must go on.
The frontiers are my prison.

Oh, the wind, the wind is blowing,
through the graves the wind is blowing,
freedom soon will come.
Then we’ll come from the shadows.

Les Allemands étaient chez moi.
Ils m’ont dit: “Rèsigne toi”,
mais je n’ai pas peur.

J’ai repris mon arme.
J’ai changé’ cent fois de nom,
j’ai perdu femme et enfants,
mais j’ai tant d’amis.
J’ai la France entière.

Un vieil homme dans un grenier
pour la nuit nous a caché.
Les Allemands l’ont pris.
Il est mort sans surprise.

Oh, the wind, the wind is blowing,
through the graves the wind is blowing,
freedom soon will come.
Then we’ll come from the shadows.

Maiatza noiz iritsiko

Mikel Taberna Irazoki

Espero dugun zerbait oraindik urrun dagoela adierazteko, “Ez da maiatza aile(ga)turik!” erraten ikasi genuen etxean;  tokitan dago hura, alegia, baina denboran. Ezin jakin zehazki zer ote dagoen errate horren sorreran, baina laborantzari loturiko zerbait segur aski. Baliteke garia solasean jartzen digun bertze atsotitz honek bere baitan izatea erantzuna: “Haundia banintzen edo ttikia banintzen, maiatzean burutu nintzen”.

Nolanahi ere, bazter hauetan aspaldiskotik bat baino gehiago sumatzen da maiatza noiz iritsiko desiatzen, lorailean uzta ederra bilduko duelakoan. Izanez ere, Hegoaldean aurten hauteskundeak izanen ditugu, udal eta kontzeju guzietako kargudunak hautatzeko eta EAEko batzar-biltzar nagusietako nahiz Nafarroako Parlamentuko jarlekuak betetzeko.

Hasia da gure bulegora sartzen euskaratu beharreko materiala. Botoa emateko mahaietan ari beharko dutenendako eskuliburua, adibidez. Oroitu gara aitzineko aldietan duda izan genuela hitz batzuen ordainekin: nola erran papeleta, interventor, credencial… Orduan saiatu ginen EAEko itzultzaileekin harremanetan jartzen, funtsezko gauzetan haiek eta gu ados egoteko. Orain, bat-batean ohartu gara Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak Hauteskundeen hiztegia argitaratu zuela 2012an. Akabo zalantzak: hiztegia Interneten dago guzion eskura, eta bertzela ere edukia Euskaltermen txertatua; bertako ordain gehienek “4” ponderazio marka dutenez, ez digute bertzelako proposamenik plazaratzeko aukerarik uzten, disidente bazter-nahasletzat hartuak izan nahi ez badugu.

Murgildu gara hiztegiaren orrietan eta, hartu dituzten erabakiak oro har onargarriak iruditu bazaizkigu ere, formaren bat trabatu zaigu zintzurrean, gure praktikan (bertze arlo batzuetan) erabiltzen ditugunetatik diferenteak direlako. Jakina, ez dugu parte hartu erabakitze prozesuan eta ezin asmatu zer arrazoi izan duten hautu bakoitza egiteko.

Ez dago dudarik, eskertu egin behar da erakunde batzuek xoxa gastatzea eta hainbertze jendek lan egitea eta denbora ematea horrelako obra batean, gero erabiltzaile guzion eskura jartzeko, gainera. Baina, gisa honetako ekimenetan, xehetasun batzuek harritzen naute eta, egia errateko, tarteka atsekabea ematen ere bai.

Hiztegiaren sarreran hogeita hiru pertsonaren izenak heldu dira. Horiek bide dira, gehixeago edo guttixeago, obraren egile eta erantzule. Horien artean, oker ez banago, ez dago EAEtik kanpoko ezein erakundetako inor.

Euskararen Aholku Batzordeari buruzko urriaren 16ko 176/2007 Dekretuaren 19. artikuluak ezartzen du organo horren Terminologiako Batzordearen osaera. Leku finkoa duten EAEko entitate publiko batzuetatik aparte, UZEIk eta Euskaltzaindiak ordezkari bana dute; eta, gero, “euskararen eta terminologiaren arloan ospe aitortua duten sei pertsona” ere badaude (pertsona horien izenak geroago zehaztu zituzten). Horiek dira batzordekide guziak. Artikulu beraren f) atalean jartzen duenaren arabera, ordea, horietaz gainera, “Aztertzekoa den terminologia-arloaren arabera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak beste aditu batzuk ere izenda ditzake, arlo horretako batzorde-atal bereziko kideei aholku emateko. Izendapenak dena delako lan hori amaitu artean iraungo du”.

Lege-testu horren azkeneko ohar horretatik heldu zait hauteskundeen hiztegiarekin neure baitan sentitu dudan zimikoa: jakinik Nafarroan ere itzuli behar izaten ditugula hauteskundeetako testu berberak edo antzekoak, nola ez eskaini lekutto bat lan horretarako bederen erkidego urrun honetan gisa bertsuko zereginetan aritzen den norbaiti? Eta zergatik ez Iparraldeko administrazioen ordezkariren bat?

Erran beharrik ez dago, halakorik egon izatera, pertsona horiek ekarri eginen zuketen, aportatu, bakoitzak berea, eta gero erabakiak zabaltzen lagunduko eta ezarpena erraztuko ere bai.

Joan den ortzegunean, Tribuaren berbak programan, Kike Amonarrizen galderari erantzunez, Angel Errok adierazi zuen periferia nahiko kontzeptu zaharra iruditzen zitzaiola, XIX. mendekoa, Internetik gabeko garaiari zegokiona. Bada, zer nahi duzue erratea, nik, zoritxarrez, Terminologia Batzordearen kontua dela eta, bertze alor batzuetan bezalaxe, nahi baino gehiagotan sentitu dut halako haize kolpe zakar batek XIX. mende horretara bidaltzen nauela. Bistan da, ez blog hau bezalako toki zoragarrietan; horretan arrazoi du Errok, Internetek gauzak bertzela egiteko aukera paregabea eskaintzen digu.

Nork daki, agian ere maiatzetik aitzinera dena arras aldatu, eta ez naiz berriz ere gaur bezala zuengana arranguraka etorriko!

Hizkuntzaren historiak III: gramatikalizazioa

Borja Ariztimuño López

Hitz potoloak, hitz arraroak, eta askotan itsusiak, zenbat eta halakoagoak hobe, iduriz. Terminologia zehatza, delako alorrean adituxea ez den inori, oztopo gertatu ohi zaio. Horregatik komeni da adibide ulerterrazak jartzea, bereziki lan dibulgatibo batean.

Iazko udan Eibarko UEUn antolaturiko ikastaro batean azaldutako kontu bat ekarri nahi dut gaur hona, izenburuan adierazitakoa (aurrekoren batean zeharka-edo aipatu dudana), adibide ene ustez polit batekin.

Gramatikalizazioa, labur esanda, hitz edo egitura batek izaera geroz eta gramatikalagoa hartzea da, esanahi lexikoa lausotuz eta galduz, testuinguru berrietara zabalduz, fonologikoki higatuz… baina maiz sorburuko esanahiaren parte bat gordeaz, eta berak baldintzaturiko bilakabidean barrena.

Adibide ohikoena aditz laguntzaileena da: jatorrian esanahi osoko aditzak izanik, ondoren aditz jakin batzuekiko konbinaketan erabiltzen hasi eta, azkenean, zeinahi aditzekin eta haren esanahia aldatu gabe, soilik informazio gramatikala adierazteko elementu bilakatzen baitira.

Euskara bezalako mintzaira “isolatu” eta historia laburreko baten iragana argitzeko, baliagarri izaten da oso hizkuntza askotan antzera gertatzen diren bilakabideak aztertzea eta horien bila gure hizkuntza arakatzea. Esaterako, erabilera ezberdin askoko esapide baten esanahi zaharrena, berriena eta tarteko bidea zein izan diren argitzen lagun diezaguke, lekukotasun idatziek nahikoa argi egiten ez dutenean.

Adibide baterako, behar izen-adjektiboaren eta behar izan (edo ukan, edo hobeto *edun) perifrasiaren arteko harremana, eta azken horren adiera guztien jatorri eta bilakaera modu berean azal genitzake.

Perifrasi bateko elementu bakoitzak, logikoki, perifrasia bera baino zaharrago behar du izan, hortaz, behar izen edo adjektibo moduan soilik erabiliko zen hasieran, baita horrelako elementuek parte hartzen duten ohiko perifrasietan ere (izen-predikatuetan), jatorrizko ‘premia(zko)’ adieraz:

(1)       ura behar dut ‘ura beharrezko dut, ura(ren) beharra dut’ (cf. ardoa gogoko dut)

Jakina, egitura horrek ez du bestelako interpretaziorik ahalbidetzen, baina, izen sintagmari beharrean aditz sintagma bati lotzen badiogu:

(2)       ura edan behar dut ‘ura edateko beharra dut’ (cf. ura edan gogo dut)

Hor bai, ‘premia’ > ‘obligazio’ aldaketa (hizkuntz askotan lekukotua dena) erraz gerta daiteke.

(3)       ura edan behar dut [egarri naizelako-edo] → [medikuak agindurik-edo]

Hortik aurrera, partikula modal gisa gramatikalizaturik (pentsa mugagabean erabiltzen dela, iharturiko hainbat esapidetan legez), obligazioaren modalitate deontikoaren bidez “xede” edo “asmo” adiera hartzea ere ohikoa da:

(4)

a. atera ezank patxaran botila, gaur parranda egin behar dut!
b. normalean ura edaten duzu eta, gaur ardoa edan behar al duzu?

Azken esaldiok, bereziki (4b)-k ene iritziz, badute geroaldi kutsu bat ere; izan ere, hori da modalitate deontikoaren ohiko bilakabideetako bat (obligazioarena ere bai, oro har):

(5)       bihar elurra egin behar omen du (hor ez da “asmorik”…)

Gramatikalizazio kate bat da, beraz, behar-en erabilera guztiak batzen dituena eta horien arteko harremanak eta kronologia erlatiboa azaltzen dituena, ingelesezko literaturan aipatu ohi den modura: NEED > OBLIGATION (> DEONTIC MODALITY~PURPOSE) > FUTURE. Ugariak dira horren adibideak mundu guztiko hizkuntzen artean.

Kateok, baina, behin eta berriro gertatzen diren prozesuak ditugu eta, hala, adiera oinarrizkoenetarako beste perifrasi bat sortu zen, Bizkai-Gipuzkoetan gutxienez: beharra eduki. Ikusten denez, bi berrikuntza ditu egitura honek aurrekoarekin alderatuta, mugatzailearen eta eduki aditzaren erabilera areagotuz joan baita historian zehar. Proba ezazue aurreko adibideetako behar *edun egituraren ordez beharra eduki-rekikoa txertatzen,[1] ea zenbagarreneraino iristen zareten aldi bakoitzeko aldaketa semantikoak eginez… Hain zuzen ere, oraingoz, premiatik obligaziorakoa besterik ez bide du egin, hartaraino egin duen hizkeretan. Areago, (1) adibiderako gehienok beharrezko dugun beharrezko(a) are berriagoaren kasuan, aditzekin erabili ahal izatera igaro da, bai, baina betiere hasierako NEED esanahia gordeaz.

Honenbestez, gramatikalizazio isolatuetatik gramatikalizazio kateetara eta, horietarik, gramatikalizazio kate ezberdinak geruzaz geruza nola teilakatzen diren ikustera iritsi gara. Gramatikalizazioaren teoriak, zehazki, sare itxuraz nahaspilatuen artean eta geruza erdi-estalien azpian murgiltzen, eta anabasari azalpen koherente eta ordenatu bat (aski ziurtasun eta berme sendoekin) ematen laguntzen digu hizkuntzaren historian eta historiaurrearen berreraiketan dihardugunoi, beti ere, zientzia guztietan bezala, hatsarre zenbait onartuz gero: batetik, munduko hizkuntza natural bizi guztiek printzipio berberei erantzuten dietela eta, bestetik, uniformitarismo delakoari jarraiki, gizakiaren historian zehar izan diren hizkuntza eta hizkuntza-egoera guztietan aldaketarako mekanismoak berberak izan direla.

Ariketa modura, zein katebegitan ezarriko zenukete ondoko esaldi bakoitza? Bada zuen hizkeran ezinezkoa denik? Etorkizun hutsa adierazten ote du behar partikulak? Zer dela-eta (ez)?

  1. Bihar zinemara joan behar dut.

 

  1. Azkenean zer, etorri behar al duzu?

 

  1. Ardoa behar dut.

 

  1. Hurrengo hauteskundeak irabazi behar ditugu.

 

  1. Gauean etxekolanak egin behar ditut.

 

  1. Datorren urtean goenkale bukatu behar omen da.

 

  1. Pixa egin behar dut.

 

  1. Bazkaldu behar duzu?

______________________________________

[1] Beharbada, (1) adibidean ez bere horretan, baina bai beharrezko(a) eduki (edo *edun) erabilita; kontua da mendebaldeko hizkerek, bederen, behar (edo beharrizan) izena eta beharrezko adjektiboa bereiztera egin dutela.

Literatura periferikoetatik egindako itzulpenak eta aldizkari digitalak

Maialen Marin Lacarta

Gaur egun, liburuak berrogeita hamar bat hizkuntzaren artean itzultzen direla dio David Bellosek 2011n argitaratutako liburuan[1]. Munduko aniztasun linguistikoa kontutan izanda, berrogeita hamar hizkuntza gutxi batzuk baino ez dira, baina aski dira munduko irakurleen gehiengoa biltzeko. Oin ohar batean, halere, David Bellosek Words Without Borders aldizkari digitala aipatzen du salbuespen moduan. Aldizkari honek 105 hizkuntza ezberdinetan sortutako literatur lanen itzulpenak argitaratu ditu ingelesez. Baina oraingoz ezin dugu esan liburuen merkatuan eraginik izan duenik. Ingelesez itzulpen gutxi argitaratzen direnez, aldizkari honen zeregina are garrantzitsuagoa da. Bellosek ingelesari buruz datu interesgarriak aipatzen ditu: gehien itzultzen den sorburu-hizkuntza da eta itzulpen gutxien dituen xede-hizkuntza. Kontraesana dirudien arren, sorburu-hizkuntza garrantzitsua denez, zubi-hizkuntza bezala erabiltzen da maiz. Adibidez, Mo Yan idazle txinatarraren sei eleberri ingelesetik gaztelerara itzuli dira, txineratik itzuli beharrean. Baina ez naiz zeharbidezko itzulpenen gaiarekin sartuko[2]. Beste galdera bat datorkit gaur burura: aldizkari digitalek hizkuntza periferikoen itzulpenak sustatzeko bidea eskaintzen al dute?

Words Without Bordersek euskal literatura argitaratu duen edo ez begiratzea da nire lehen erreakzioa. “Find & Search” atalean “Basque” aukeratu ondoren, Sarah Turtle eta Iñaki Mendigurenen itzulpen bat argitaratu dutela ikusi dut: Harkaitz Canoren “You shouldn’t make it too easy for them” narrazio laburra. Asymptote aldizkarira jo dut gero. Eta eskubialdean ageri den hizkuntza barran “Basque” aukeratu ondoren, ingelesera itzulitako testu suediar bat aurkitu dut. Akats bat dela pentsatu dut. Baina ingelesezko itzulpenaren eskuinaldean Itxaso Rodriguez-Ordoñezen euskal itzulpena aukera daiteke. Beraz, kasu honetan, euskaraz itzulitako testu bat argiratu dute. Horrek bai harritu nauela.

Gero, beste bilaketa bat egin dut: Hong Kongeko literaturaren itzulpenak argitaratu dituzten ala ez jakin nahi dut. Asymptote aldizkarian, bilaketak hizkuntzen arabera egin ahal izateaz gain, mapa batean ere egin daitezke. Hong Kong aukeratu ondoren, hiru testu agertu zaizkit: narrazio labur bat, poema bat eta elkarrizketa bat. Words Without Bordersen kasuan, aldiz, Hong Kong ez dago zerrendatuta “countries/regions” atalean. Bestalde, Hong Kongeko literatura definitzea ere ez da batere erraza: Hong Kongen jaiotako idazleek idatzitakoa? Hong Kongen bizi diren idazleek idatzitakoa? Hong Kongi buruzko literatura? Gai honen inguruko eztabaidak ugariak dira. Hori ikusita, txineratik itzulitako testuei begirada bat eman, eta bilaketa barran “Hong Kong” hitz gakoa bilatu dut. Denera, narrazio labur bat, komiki bat eta elkarrizketa bat aurkitu ditut.

Aipatu ditudan bi aldizkari hauek oso ezberdinak dira: Words Without Borders Estatu Batuetan finkatua dago eta Asymptoteko editore nagusia Taiwanen. Lehenengoa 2003an sortu zen eta bigarrena 2009an. Lehenengoak itzulpenak ordaindu egiten ditu, bigarrenak oraindik ez. Biak irabazi asmorik gabeko erakundeak dira. Bai Hong Kongeko literaturaren eta bai euskal literaturaren kasuetan itzulpen gutxi argitaratu dituzte. Horregatik, Hong Kongeko unibertsitatean klase ematen dudanez, eta hemengo ikasleek txineratik ingelesera itzultzen dutenez, nire ikasleak itzulpenak bidaltzera animatzen ditut aukera dudanean. Itzulpenak argitaratzen hasteko aukera ona iruditzen zait.

Ezin esan aldizkari digitalek zenbateraino alda dezaketen literatura periferikoetatik egindako itzulpenen egoera. Ez dakit zenbat irakurle izango dituzten ere. Baina garrantzitsua iruditzen zait bide hau izan badela jakitea.

_____________________________

[1] David Bellos, “Global Flows: Center and Periphery in the Translation of Books”, in Is That a Fish in your Ear? Translation and the Meaning of Everything, New York, Faber and Faber, 2011, 202-216.
[2] Artikulu honetan hitz egin dugu horri buruz: Aiora Jaka Irizar eta Maialen Marin-Lacarta, “Txinatar literatura euskaraz: zeharbidezko itzulpenetatik zuzenekoetara itzultzaile-bikoteen eskutik”, Uztaro 89 (2014): 39-64.

Demagun

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Izan gaitezen baikor. Gaitezen diberti. Demagun Olentzerok baduela gure blogaren berri. Demagun irakurtzen duela Maialen Berasategik abenduan egindako eskea, prestatzen duela irakurleek euskal itzulpenei dieten alergia(txoa?) sendatzeko ukendua eta (oh! miraria!) agortu egiten direla amen batean han eta hemengo gordetegietan lozorroan zeutzan itzulpen gehienak; tira, ez gaitezen handinahiak izan: itzulpenetako asko. Demagun agorturiko horiek guztiak berrargitaratzeko Ekintza Plana taxutzen eta abiarazten dela beste amen batean, eta hor hasten dela zuzentzaile-armada begi-zorrotz bat testuok orrazten jo eta su oraingo idaztarauak buruan eta boligrafo gorriak eskuan. Demagun zuzentzaile-armada horrek iradokizunak jasotzeko online postontzia jartzen duela itzultzaile eta irakurle guztiendako zabalik, nork bere kalko oker, egitura narras edota erabilera desegoki gorrotatuena(k) salatzeko (azken batean ametsetan ere toki egin behar baitzaie topikoei, errealitate ukitua izan dezaten, eta ez al dugu esaten, bada, euskaldun guztiok filologo txiki eta txorrotx bat daramagula geure baitan?).

Holako abagune miragarri batean bagina, hauxe litzateke nire eskaria: ezaba ditzatela gure itzulpenetatik segur aski ingelesaren bidez gehienbat (baina ez bakarrik) kalean zutik dabilen jendea, hilerrian zutik daudenak hobi egin berri baten aurrean, eta leihotik begira daudenak zutik; gurpildun aulkiaren atzean zutik dauden erizainak, txirrina jo ondotik ate nagusiaren aurrean zutik geratzen diren bisitariak eta are espaloian ere zutik egoten direnak kalea gurutzatzeko zain.

Jakina da euskaraz besterik gabe egon (edo besterik gabe izan) erabiliko genukeen testuinguru anitzetan ingelesez stand (eta sit) erabiltzen direla. Aditz horiek, baina, esanahi gehigarri bat daramate, euskaraz maiz debaldekoa den zehaztasun bat, jendea, atean kas-kas jo eta gero, zutik egon ohi baita.

Eta hau dena diot lotsaz eta autokritika saio gisa, nire itzulpenetan ere komeni baino gehiago zehaztu izan baitut nola zegoen jendea harrikoa egiten edo leihotik begira. Nago gaztelaniazko itzulpenetan ere badela pertsonaien gorputz-jarrerak beharrik gabe nabarmenarazteko joera gehiegizko hori. Gaitezen kontsola. 😉

Itzulpena Europako erakundeetan: zenbait datu (1)

Karlos del Olmo

Europar Batasunak 2015erako ondu dituen aurrekontuei erreparatuz gero, itzulpengintzarekin zerikusia duten zenbait datu jakingarri topatuko ditugu, lanbidearen garrantzia eta zama hobeto ulertzeko urgazle. Parlamentuari dagokionez, esaterako, kanpoko itzulpen zerbitzuetarako (hau da, barruko itzulpen zerbitzu ofizialek egiten ez dituzten lanak), 10.000.000 euro dituzte izendatuta. 2014an, 7.000.000 izan ziren (azken likidazioa egin gabe dago), eta 2013an, 11.904.660,85 erabili zituzten, likidazioak erakutsi bezala. Kreditu horrek itzulpena bera, mekanografia, kodetzea eta laguntza teknikoa ordaintzen ditu. Beste aurrekontu sail batzuk ere erlazionatuta daude itzulpengintzarekin, informatika eta telekomunikazioetarako kredituen zati bat itzultzen laguntzeko tresna informatikoetarako dira eta.

Baina ez da atal bakarra. Beste kapitulu batek (3.2) 4.5. atalean 5.077.120 euro ditu gordeta mahai-inguruak, mintegiak eta kultur ekimenak antolatzeko. Eta berariaz aipatzen dituzte horien artean eleaniztasunari laguntzeko neurri eta tresnetako batzuk: “interprete eta itzultzaileen trebatzaileekin elkartzea”, “interpretearen eta itzultzailearen lanbidea sustatzeko neurri eta ekintzak”, “interpretazioa eta itzulpengintza irakasten dituzten unibertsitate, eskola eta bestelako erakundeei diruz laguntzeko programa bat”…

Aipatu datuetan ez daude jasota barruko langileei ordaintzeko kantitateak, ezta gastu orokorretan horiei dagozkien hainbanaketak ere.

Eta interpretazioari dagokionez? Kapitulua mardulagoa da, izan ere. 49.524.900 euro, ondokoak ordaintzeko:

  • barne zerbitzuek bete ezin dituzten interpretazio zerbitzuak kontratatzearen ingurukoak (lansariak, gizarte segurantza, bidaiak, otorduak eta bestelako gastuak),
  • interpreteen lana bideratzeko beharrezko diren gainerako kanpoko teknikarien eralgitzeak,
  • beste erakunde ofizial batzetako interpreteek Parlamentuari emandako zerbitzuak eta
  • interpretazio zerbitzuei berez datxezkien bestelako irioteak: bilkurak prestatzea, interpreteak trebatu eta aukeratzea.

Itzulpenean legetxe, beste kreditu batzuetako (informatika, eleaniztasuna, esaterako) diru hornietako batzuk ere interpretaziora joaten dira.

Gogoan izan beharra dago aurrekontu osoan, funtzionarioek eta barruko aldi baterako agenteentzako aurrekontua 609.133.635 euro direla (itzultzaileak eta interpreteak barne); kanpokoena, berriz, 121.114.400 (kanpoko itzultzaile eta interpreteek horren erdia jotzen bide dute, gutxi goiti-beheiti).

Hurrengo atal batean beste datu batzuk ere aztertuko ditugun arren, itaun bat utz genezake airean, ea erantzuna ere haizean jotzen ari ote den: zenbat itzultzaile eta interprete kontrata lezake Parlamentuak kanporako lanetarako diru hori erabilirik?

Koadroez, markoez…

Maialen Berasategi Catalán

Testu asko, itzuli ondoren, maketatu eta bueltatu egiten zaizkio itzultzaileari, ziurta dezan ez dela ezer galdu eta ez hautsi doc dokumentu biluziak eder txukun jantzi eta PDFratzeko espedizio maiz arriskutsuxean –zenbat eta ez-euskaldunagoa diseinuaren arduraduna, orduan eta handiagoa noski arriskua, baina ez gara sartuko ur lohi horietan–. Tira, askotan bueltatu ere ez zaizkio egiten, eta hortxe joaten dira inprentara, dauden-daudenean. Baina har dezagun beste kasua, itzultzaileak behin betiko testua berrikusteko aukera izaten duenekoa.

Koro Garmendiak, txoko honetan bertan, irailean, eskerrak eman zizkien goxokiari forma eta bilgarri egokia jartzeko lanak hartzen dituzuen guztiei. Eta erabat ados nago. Ez du lan erraza behar idazki bat hartu, antolatu, ordenatu eta argi, ulergarri, dotore, deigarri edo eder jartzeak –testuaren funtzioa zein den–, irudien eta hizkien zirrimarra kartografiatzeak; ziur askotan behar baino denbora gutxiago izaten dela lana behar bezain kontuz egiteko, eta ziur sarri makina bat buruhauste ere izaten dela egilearen estilo-apetak behar bezala betetzeko. Eta zer esan ele biko argitalpenez? Aski lan puzzlea osatzeko: hizkuntza batean kabitzen dena bestean ez dela kabitzen, batean bi hitzetan esaten dena bestean seitan esaten dela, eta abar eta abar. Ulergarria da, beraz, nahi gabeko hutsegitetxoak egitea.

Baina nahi gabeko okertxo erabat logikoetatik harago, bada joera bat, ez orokortua baina bai uste baino nabarmenagoa –irudipen hori dut, behintzat–, diseinu-kontu batzuk testuaren arau esplizitu eta inplizituen gainetik jartzekoa. Letra-tipo irakurtezinez ari naiz, besteak beste: begiak sano dituen edonor miopetzeko moduko letra lodi pila-pilatu horiez, adibidez. Eta honelakoez ere bai: “perretxiko-biltzaileen iii. topaketa”; zilegi ote perretxiko-biltzaileak iiika jartzea letra xehearekin efektu berezi (?) bat lortzearren? Eta liburu eta abarren izenburuen etzana misterioz desagertzen denean? Zer ulertu behar du irakurleak zehazki “J. L. Otamendiren Kapital publikoa” irakurtzen duenean?

Bada, gertatzen da testua berrikustean itzultzaileak horiek zuzentzeko eskatu eta ezezkoa jasotzea. Ez beti, jakina, baina, esan bezala, bada joeratxo bat. Eta orduan, ezin galderari eutsi: testu baten diseinua testuaren beraren gainetik jartzea ez ote da koadro bati margolan erdia estaltzen duen marko bat jartzea bezala?

Lexikalizazioak trinkotzea dakarrenean

Igone Zabala Unzalu

Sintagma-egitura duten zenbait hizkuntza-elementu lexikalizazio-prozesuen ondorio dira: etxekoandre, udaberri… Lexikalizazioaren ondorioz, elementuen trinkotzea, gramatika-kategoriaren edota esanahiaren aldaketa, edo/eta konbinatzeko aukeren murrizketa gertatzen dira batzuetan. Adibidez, lexikalizazioa azaltzeko erabili ohi den adibidea da udaberri eta udazken baditugula, baina ez #udazahar edo #udalehen. Kontuan hartu behar da, bestalde, sintagmen lexikalizazio maila denboran zehar alda daitekeela, dela hizkuntza-elementua oso erabilia delako, dela errealitate berriak izendatzeko beharra sortzen delako. Esate baterako, duela gutxi arte etxekoandre izenaren adibidea erabiltzen genuen azaltzeko horren ondoan ez zegoela #etxekogizon hiztegi-sarrerarik. Nahi genukeena baino astiroago, eta seguruenik ez nahi genukeen bidetik, baina garaiak aldatu egin dira eta egun etxeko gizon eta etxegizon ordainak aurki ditzakegu Elhuyar Hiztegietan ‘amo de casa’ sarreratik abiatzen bagara. Etxeko gizon bereiz idatzita ageri da, ordea, seguruenik, hiztegigileak ez direlako ausartu hitz berriari lexikalizazio eta trinkotze mailarik gorena esleitzen.

Beste kasu batzuetan, lexikalizazioa askotariko izenak modifikatzen dituen adjektibo edo izenlagun baten nominalizazioaren eskutik dator: batez besteko {erikortasuna / kontsumoa / egreso kopurua…} > batezbesteko(a). Elhuyar Hiztegietan edota Zehazki hiztegian, adibidez. Antzekoak dira atzera begirako {azterketa / erakusketa} modukoak, baina atzerabegirako(a) izenak hartzen duen adiera ezin da lotu edozein motatako izen-sintagmarekin, eta Zehazki hiztegian baino ez dugu ikusi jasota. Azpimarratu beharrekoa da idazkerak nabarmenki laguntzen duela aukeratzen dugun hiztegi-sarreraren lexikalizazio maila diskurtsoan islatzen eta erabateko koherentzia duela hizkuntza-sistemaren funtzionamenduari buruz egin ditzakegun gogoetekin:

 

Batez besteko adina 20 urte da

Kalkulatu adinen batezbestekoa.

Oteizaren lanaren atzera begirako erakusketa antolatu dute.

Oteizaren lanaren atzerabegirako bat antolatu dute.

Atzera begirako azterketa egin dugu. / # Atzerabegirako bat egin dugu.

 

‘Retrospectivo’ edo ‘media’ euskaraz nola eman erabakitzekotan Adorez 5000 hiztegira jotzen duenak, aldiz, ‘retrospectivo’ sarreran atzerabegirako erakusketa adibidea aurkituko du, eta ‘media’ sarreran, honako azpisarrera honekin egingo dute topo: 3. f (Mat.) promedio: batez besteko; media aritmética: batez besteko aritmetikoa; media ponderada: batez besteko haztatua; media geométrica: batez besteko geometrikoa. Hiztegi Batuko informazioaren interpretazio baten ondorio izan liteke hori, Euskaltzaindiaren hiztegi arauemaileak batez besteko jasotzen baitu baina ez batezbesteko izen kategoriako elementu lexikalizatua. Euskalterm terminologia-banku publikoan ere bereiz idatzia ageri da izen-kategoriako sarrera (batez besteko aritmetiko).

Bestelakoa da lagunarteko eta nazioarteko adjektiboen kasua, lagunarte edo nazioarte lexikalizatutako izenetatik heredatzen baitute trinkotasuna. Hiztegietan jasota daude forma trinkoak, baina ez dirudi erabileran bi izenlagunek berdin jokatzen dutenik. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean, esate baterako, 12.209 agerraldi ditu nazioarteko forma trinkoak, eta 8 agerraldi baino ez nazio arteko forma analitikoak, baina askoz ere alde txikiagoa dago lagunarteko eta lagun arteko formen artean, hurrenez hurren, 350 eta 74 agerraldi baitituzte. Azken aldian maiz ikusten dira nazioarte mailan eta nazioarte mailako modukoak, idazleek testuinguruaren araberako ñabardurak egiteko izaten dituzten beharretan pentsarazten dutenak.

Nazioarte osoaren sostengua izango luke.

Nazioarteko segurtasuna kolokan dago.

Emakumeen nazio arteko eguna da gaur, martxoak 8.

Ingeniaritza elektronikoan nazioarte mailan sari ugari ditu.

Nazioarte mailako harreman gehiago behar dituzte gure unibertsitateek.

 

Zailago ikusten dut, ordea, azaltzea zergatik ageri den diziplinarteko lotuta idatzita Hiztegi Batuan eta berdin, Elhuyar hiztegietan, diziplinarteko, jakintza-alorrarteko, ez baitago #diziplinarte edo #jakintza-alorrarte moduko izenik. (Ikus abenduko posta) Egia da, nolanahi ere, diziplinartekotasun izena egoteak zerikusia izan lezakeela lotuta idazteko joerarekin. Lexikoaren Behatokiaren Corpusean 17 agerraldi ditu diziplinarteko formak eta 16 agerraldi, aldiz, diziplina arteko. Ereduzko Prosa Gaur corpusean 2 agerraldi diziplinarteko formak eta 10 agerraldi diziplina arteko formak. ETC corpusean 150 agerraldi diziplinarteko forma trinkoak eta 190 diziplina arteko bereiz idatzitakoak. Beraz, ez dirudi egituraren analisiak ez eta erabilerak lotuta idaztearen alde egiten dutenik.

Eromenarekin

Iñaki Segurola

Jende xeheak asmatua da hizkuntza. Hau behin eta berriro esan beharra dago, zeren maiz atzentzen baitzaie kulturako eta letrakuntzako gizabanakoei. Jende xeheak asmatua, eta haurrek etengabe berrasmatzen dutena.

Jende xehea eta haurrak ez dago honaino ekartzerik, eta hargatik dakart berriro ere gizabanako xehatu edo umetu baten mintzoa. Ez da gauza bera, baina baliteke xehatuak xehearen kutsu bat izatea.

Eromenetik idatzi nuen hementxe bertan, agertu nahirik Peru Iztueta Otamendi ero deklaratuak[1] euskara gurearekin dituen hainbat gorabehera. Ordutik hona, Iztueta bertatik ezagutzeko egokiera izan dut. Gesalibar edo Santagedako Etxetxoko seme Balen Tramon lagunaren bitartekaritzari esker, abenduaren 14an bildu ginen Arrasateko ostatu batean Tramon, Iztueta eta hirurok. Gesalibarko zoroetxetik “jai” izaten du Iztuetak larunbat eguerditik igande iluntzera bitartean, eta ordu eta erdian egon ginen berriketan[2]. Nere asmoa zen lehendik idatziak osatzea Iztuetari berari aditutakoarekin.

Iztuetaren aurreneko hitzak: “Segurola: erakutsiko diat ez naizela zoroa” (batuan egiten dit, eta ez dakit den ezinez edo hobe beharrez). Nere erantzuna: “ba agian nik erakutsiko diat zoroa naizela” (ez batuan). Ederki hasi gara.

Zoroetxe barruko bizimoduaz, psikiatriaren eta psikodrogen bortizkeriaz, lehengo eta oraingo gizarteaz eta beste zenbait abarrez jardun zaigu luze bezain zabal. Esplikatu digu guardozobillari aizkorarekin erasotzea kartzelara joateagatik egin zuela, eta halaxe egon zen urte mordoxka batean Fontcalent-eko zorogaizto-etxe edo kartzela-psikiatrikoan. Lau telebista puskatzera iritsi zen etxean, eta gurasoek ganbarara bidali zuten bizitzera. Bere herrian eskale ez izateagatik aukeratu omen zuen kartzelan preso egotea, baina bai ederki damutu ere, Fontcalent-en pasatakoak pasa eta gero.

Bere etorkizuneko proiektuen berri ere eman digu. A.T.A.M.I. izeneko erakundea sortu nahi luke: Aisialdi Teknologikoaren Aurkako Mugimendu Iraultzailea. Telebistako erratariak eta telebista bera desagerrarazteko estrategia oso landua dauka, baina ez da komeni hemen argitasun gehiegi ematea.

Diagnostiko ofiziala zein duen galdetu, eta “eskizofrenia” dela esan digu. Hizkuntzaren barrutira arrimatuz, psikiatra batek honako hauxe esan omen zion hitzez hitz, eta hiru bider esan ere: tú estás en psiquiatría [= zoroetxean] por hablar en euskera a los castellanos. Eta eroak legeari heltzen dio bere buruari laguntzeko, zuhurki eta arrazoi onez heldu ere, esanez mundu orok duela euskaraz mintzatzeko eskubide legezkoa, eta nola legeak ez duen zehazten zeini mintza dakiokeen euskaraz eta zeini ez, orduan ulertu behar da bat edonori mintza dakiokeela euskaraz.

Hala ere, Iztueta ez zaio mintzatzen edonori euskaraz “kalean”, baina zoroetxean eta espetxean bai, “lau horma daudelako”. Arrasaten egindako grabazioa dut letraratzen:

Lau hormek estutu egiten naute, eta larritasuna sortzen didate. Eta medikaziorik ez dudanean [gorputzean?], beharra, behar arraro bat dut euskaraz egiteko erdaldunei. Eta liberatu egiten naiz, eta hobeto sentitzen naiz. Bai, lau hormen artean nagoenean, erdaldunen artean larritasuna sortzen zait. Gauza arraro bat da, euskaltzaleek ulertzen ez dutena, baina neri gertatzen zait. Orduan, euskaraz egiten diedanean erdaldunei, lasaitu egiten naiz, eta barre egiten dut.

Estutzen dutenean, beraz, euskarak askatzen du. Erdarak larritasuna areagotzen dio, baina euskarak lasaitasuna eta barrea ekartzen dizkio.

Indizio bidezko psikodrogak, ordea, euskara kentzen dio ezpainetatik. Edonori euskaraz egiteko behar hori ezin bihurtzen da psikodrogaren egitez.

Fontcalent-eko espetxean, presoekin ez nuen arazorik, kartzeleroekin ez nuen arazorik, erizainekin ez nuen arazorik, baina psikiatrak indizioa sartzen zidan hamabost segundoan. Kontsultan sartu, eta euskaraz egiteko beharra nuen; euskaraz egin eta minutu batean erabakitzen zuten indizioa sartzea. Eta hasten nintzen erdaraz egiten indizioarekin, ze indizioarekin ezin nion eutsi euskarari. Indizioarekin ezin diot egin erdaldun bati euskaraz.

Fontcalent-eko zoropresoek “ilusioz hartzen zuten ni euskaraz entzutea. Esaten zuten: hau zoroetxe bat da, cada loco con su tema, honek euskaraz egiten digu; ba hor konpon!” Haientzat ere askatzeko edo lasaitzeko modu bat ote zen euskara?

Arrasateko eta ia nonahiko beste asko bezala, mutikoskor eta gaxte denbora erdaraz pasatakoa da Iztueta, eta hemezortzi urterekin hasi omen zen “berriro” euskaraz egiten.

Hamazortzi urte bitartean erdaraz egiten nuen gehiena. Hamazortzi urterekin korrika egien hasi nintzen, tabakoa laga nuen. Hasi nintzen hobeto sentitzen euskaraz egiten banuen.

Zergatik lotzen zaio bat berriro euskarari gizondu edo emakumetu ondoren? Zer da Iztuetak dioen hobeto sentitze hori? Dakienak erantzun beza.

Iztuetaren zuhurtzia ero edo eromen zuhur horren kontraispiluak beharbada laguntzen ahal digu ikusten zein diren gure beharrak eta nondik datozen gure ezinak; zein diren gure “behar arraroak” eta ze indizio klasek ezintzen gaituen, besteak beste.

[1] Editorearen oharra: Izena asmatua da; izan ere, protagonistak berak eskatuta kendu dugu benetako izena testutik, 2024ko azaroaren 18an.

[2] Gure harremanari jarraipena eman nahi lioke Iztuetak, kartaz entenditzeko elkarren berriak. Eskuz idazten du berak. Tramoni nere helbide fisikoa eskatua dio, eta badirudi Iztuetak aspaldiko partez jarriko nauela gutun idazten.