ETBrentzako eredua

Asier Larrinaga Larrazabal

Oso-oso kezkatuta utzi ninduen Deiak 2012.12.09an argitaratu zuen analisiak. EiTBra etortzekoa den zuzendaritza berriak analisian jasotzen diren bezalako ideiak badakartza, euskarazko ikus-entzunezko komunikazioak etorkizun iluna du (lehenengotan «euskarazko ikus-entzunezko komunikazioa amaitutzat eman dezakegu» idatzi dut, baina tremendismoak ez dit ondo funtzionatzen). Badakit lehenago ere plazaratu direla EiTBrentzako proposamenak, gogoetak eta iritziak, baina nik muinagora jo nahi nuke (hori horrela esaterik badago).

Ahalik eta eskematikoen izango naiz, eta ETBz baino ez naiz arituko, hortxe baitago iltzea.

Abiapuntua: Ekimen pribatuaren interesik ezaren aurrean, administrazio publikoak hartu behar du bere gain euskarazko ikus-entzunezko eskaintza.

Nire iritziz, eskaintza horrek lau zutabe izan behar ditu.

1. ETB izango da aginte publikoek euskarazko ikus-entzunezkoen alorrean egotzi zaien erantzukizuna kudeatzeko erabiliko duten bitarteko edo tresna. Oso positiboa litzateke beste bitarteko batzuk ere egotea (Zinema euskaraz egitaraua, telebista lokalak…), baina koordinazioa ETBk egin beharko luke.

2. Euskarazko eskaintza euskaraz eskaini behar da. Telebista euskaraz ikusteko hautua egiten duenarentzat, onartezina eta ernegagarria da ETB1en hainbeste gaztelania entzutea.

3. ETBren euskarazko programazioak orotarikoa izan behar du, genero guztiak eta publiko guztiak biltzen dituena.

4. ETBren euskarazko programazioak ohiturak sortzera jo behar du: ordutegi aldetik, egonkorra izango da; kirolari ez zaio utziko parrilla osoa mendean erabiltzen, eta abar.

Programazio orotariko eta egonkor hori honela osatu behar da, nire iritziz.

1. ETB2ren lekua ukatu barik, gaztelaniazko emisioak ez du euskarazko emisioaren aurrekontua bahituko.

2. ETB2 ez da ETB1en lehiakide izango entretenimenduan.

3. Uko egingo zaie emisio-eskubideetan dirutzak xahutzen dituzten kirol-ekitaldiei: Txapeldunen Liga, Europako liga guztiak, ACB liga, Tourra, Vuelta…

4. Behar-beharrezkoak ditugu zuzeneko magazinak (“Horrelakoa da bizitza”, “Arratsaldero”). Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da programok aurrekonturik gabe egitea, eta berauen emisioa errekortariek, Danborrada Txikiak edo beste edozein huskeriak baldintzatzea.

5. Behar-beharrezkoak ditugu analisi-programak (“Firin Faran”, “Azpimarra”). Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da programok betegarri modura erabiltzea.

6. Behar-beharrezkoak dira kalitatezko dokumentalak. Euskarazko telebista bat nahi dugunontzat, gutxiespen eta umiliazio handia da dokumentalen eskaintza erdaldun siestagileengan pentsatuta osatzea.

7. Behar-beharrezkoa da nerabeei zuzendutako eskaintza, berariazko albistegi bat barne. Sektore honentzako programazioa Interneten osatu beharko litzateke.

8. Umeek fikzioa ere nahi dute, marrazki bizidunak bakarrik ez; Disney Channelen arrakasta lekuko.

9. Helduok ere, fikzioa nahi dugu. Barne-produkzioari uko egin barik, fikzioaren eskaintza bikoizketaren bidez osatu beharko litzateke nagusiki.

a) Elkorra da bikoizketa eta azpidazketa kontrajartzen dituen debatea. Biak kontsumitzeko aukera nahi dugu.

b) Bikoizten diren produktuei ahalik eta etekin handiena atera behar zaie. Puntu honetan, gainerakoetan baino garrantzitsuago da lehen aipaturiko koordinazioa. Ez da ulertzen Donostiako Zinemaldirako azpidazten diren filmak ez iristea Zinemaldia bera baino harago. Ez da ulertzen ETBrentzat bikoiztutako produkzioak ez iristea telebista lokaletara. Ez da ulertzen Zinema euskaraz egitarauak argitaratzen dituen DVDak ez egotea bideo-klubetan edo Durangoko Azokan. Bide batez esanda, noizko Filmografia Unibertsala bilduma?

c) Lehenago edo geroago, bikoiztutako produktuek Internetera egingo dute jauzi, eta kontsumo gehiena Internet bitartez gertatuko da; ez telebistan, ez zinemetan. Horrek esan nahi du diru publikoaren inbertsioa ez dela audientzia-datuetan islatuko. Dena dela, badirudi Euskadiko aginte publikoentzat ez litzatekeela oso gauza dramatikoa izango, eitb nahieran lekuko.

d) Euskaldunok fikzio bikoiztua kontsumitzen segituko dugu; euskaraz ez bada, erdaraz. Arlo honetan erdararantz egiten dugun urrats bakoitzak gutxienez urrats bat urruntzen gaitu euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohituratik.

10. Euskal gizarteko ekitaldi bereziak (Kontxako bandera, Lau t’erdiko txapelketa, Danborrada, Euskal Herriko itzulia, errekortariak…), orain arte bezala, euskarazko kanal batean nahi ditugu. Garrantzitsuenak, eta programazioa hipotekatzen ez duten heinean, ETB1en; gainerakoak, ETBK-Saten.

Beriain (I): «Batere añaditu edo gendu bage»

Iñigo Roque Eguzkitza

Utergaeliza2Joan Beriain, ezagun denez, batez ere dialektologoei gertatu zaie ohargarri eta intereseko, Hegoaldeko goi-nafarreraren lekukotasun idatzi bakanetako batzuk utzi zizkigulako. Itzulpenaren inguruan ari garenontzat ere, hain ezagun izan ez arren, zenbait lezio ditu gordeak Utergako erretoreak.

Gaurkoan, Dotrina kristioarena euskaras (1626) liburuan jasotako bat ekarriko dizuegu, beste era bateko gogoeta batzuk datorren urterako utzirik. Liburua euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, Beriainen guztiak bezala, eta komeniko litzateke, gure aztergai honetarako, jakitea zer bertsio idatzi zuen aurrena (egingo nuke erdarazkoa izan zela). Ez dakigu, beraz, zenbateraino izan zen euskal itzultzailea. Nolanahi ere, gutxi-asko, garaiko liburu katoliko gehienetan ugaria zen itzulpena.

Gure liburuxkan, aurren-aurrena, «Gure Aita»ren testua ematen digu Beriainek.

Aita gurea, zeruetan zaudena, santifika bedi zure izena, etorri bedi zure Erreñua, guregana egin bedi zure borondatea, zeruan bezala lurrean ere, gure egun orosko ogia eman drazaguzu egun, eta barka drazkiguzu gure zorrak, guk barkazen dizkiotegun bezala geuren zordunei, eta ezkaizazula utzi tentazioan erortera aitzetik libra gaizazu gaizetik, Ala dela.

Eta, hurrena, herriaren ahotan otoitz hori esatean egin ohi den huts bat zuzentzen du. Honela:

Erranen du agian zein baitek eztela erran bear orazio onetan libra gaizazu gaizetik baizik gaiz guzietatik, nola aunizek erraten baitu bada, da gauza ziertoa eta klaro dena eztela erran bear gaizetatik, bai gaizetik, eta arrazioa da zeren orazio hau bear da erran edo zein lenguaje motan Kristo gure Iaunak ordenatu zuen sentidoan berean itzik batere añaditu, eta jendu bage, eta ala erraten draugu Eliza ama sanduak. Bada Latines erraten dugunean dio, Sed libera nos a malo, eta ez a malis, eta Erdaras erraten dugunean dio, Mas libranos de mal, eta ez de males ala bada Euskaras erran bear dugu gaizetik, eta ez gaizetatik, alaber berze orazioetan Ioanem naiz erranes itzik baterere añaditu, eta gendu bage al dagidan guzias Elizak erraten dizkigun sentidoan berean.

Argi uzten du jatorrizkoari hitzez hitz (ad litteram) segitzen saiatu dela, deus ere gehitu edo kendu gabe, Eliza Amari men eginda.

Dakizuenez, Trentoko Kontzilioaz geroztik (1545-1563), herri-hizkuntzak sartzen hasi ziren Elizaren bizitzan, Erreformari buru egiteko asmoz, nahiz kontzilioak, oraindik ere, San Jeronimoren Vulgata proposatu zuen oinarrizko testu gisa (hura Espiritu Santua tarteko mamitu baitzen). Utz ditzagun hurrengorako, ordea, Erreformako eta Kontrarreformako itzultzaileen joera eta moldeen arteko konparantzak.

Joan_BeriainDeigarria da mailegu lexikoen ugaritasuna testuotan. Ez dakit horretan eraginik izan ote zuen muturrerainoko fideltasunaren beharrak, edo Hegoaldeko goi-nafarreraren ezaugarri zen ordurako, edo idazlearen aurretiko ikasketen ondorio zen, edo testuen elebitasunak zerikusirik duen horretan. Mitxelenak ere agertu zigun kezka hori:

Nafarroan, zoritxarrez, eta arrazoi bila hasi beharko dugu noizpait, ez ikasien arimen probetxuari begira zegoenik izan arren, ez zutez, halaz guztiz, hizkuntza jasotzeko lehia sutsurik agertu: ikus, adibidez, Beriain, Elizalde, argitaratuak zeuden eta argitaratzen ari ziren dotrinak… (Mitxelena: «Mendiburu eta Larramendi», 1982)

Ez daitezela sinonimo izan noizbait eta inoiz ez. Hala biz edo, Beriainek zioenez, hala dela.

Dagokionari

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Orain dela zenbait aste, Itziar Otegik blog honetan hiztegiak irakurtzeari buruz idatzitako gogoeta ederra irakurtzen ari nintzela, garai batean oso gustura eta sarri samar irakurtzen nuen hiztegi bat etorri zitzaidan gogora. Gaur egun, eguneroko langintzan oso bakanetan erabiltzen dudan arren, lantokiaz kanpoko itzulpenetan ari naizela beti eskura izan behar dudan hiztegia da oraindik, ireki ez arren beti aldamenean nahi dudana, hitzen edo esamolderen batekin trabatzen banaiz ere; ordain egokia ezin aurkituz nabilenean, eskua luzatu, hura zabaldu eta haren barren jorian aurrera eta atzera ibiltzeko aukera badudala jakite hutsak segurtasuna ematen dit, lanerako kutun gisako bat balitz bezala ia.

Ziurrenik zuetako askok honezkero asmatuko zenutenez, Plazido Mujika Berrondoren Diccionario castellano-vasco handiaz ari naiz, orain dela 40-30 urte, gure etxera euskaraz argitaratzen zen guztia edo ia guztia iristen zen garai hartan, gure aitak altxor handitzat zituen bi hiztegietako batez, alegia. Hiztegi horren 1. edizioaz ari naiz zehazki, etxean oraindik ere mujika zaharra deitzen dugun hiztegi agortuaz (1965. urtekoa), eta ez ondotik 1973an eta 1987an argitaratu ziren edizio laburtuez: 1. edizioa, besteak beste, potoloegia eta erabilgaitza bide zelako laburrarazi omen zioten, eta beharrik oso erabilerraza ez zen, argitaraldiko ale guztiak —8.000 baino gehiago— saldu ziren-eta!

Hasieran nioenez, bada, Itziar Otegiren testu hura irakurtzearekin batera, hiztegi horretaz gogoratu, eta beste behin ere galdera hau etorri zitzaidan burura: nolatan ez dugu oraindik hiztegi aberats hori sarean? Nola liteke 60. eta 70. hamarkadetan euskaraz idazten zuten gehienen eskuetan zebilen hiztegi mardul hura, guztiendako erreferentzia nagusia izan zena eta askok erabileraren erabileraz maiztu, ertzak belztu, orriren bat urratu eta are azalgabetu zutena, Interneten ezin kontsultatzea?

Horregatik dagokionar —ez baitakit nori dagokion edo are norbaiti dagokion ere—, hiztegia sareratzea eskatzeaz gain, lehen edizioa —edo lehen edizioa ere— sareratzeko eskatu nahiko nioke hemendik. Batetik, lehen argitaraldi hartan euskalkien erreferentziak agertzen zirelako, 2. eta 3. edizioetan ez bezala. Eta, bestetik, euskalkien markak baino zerbait gehiago galdu zelako bidean, adibide xume batekin erraz ikusten denez:

LLORON (1. edizioa), quejumbroso, quejicoso, quejoso = erkale (c), mainuntzi (c), marrakari (c), minbera (c), minberakor (c), negargille (c), negar-iturri (c), negar-ontzi (ce), negarti (c), negartsu (c), nigarti (c), aigura B, alaari B, alatsu, arrangura-ontzi, arrangurati, arranguratsu L, arrankura-ontzi AN, arrankuratsu, arranpalo G, arrenkuratsu L, arrumakari, borroti B, bupera B, deskeila B, ekaikari AN, ekaitsu, ekaiuntzi AN, ekaizu AN, erostari B, espati, espatsu, illetari B izkolari, kerementa BNL, kexati, kexu AN, maskin AN, mika B, minberati, minberor S, mindulin, mindurikari L, minduru, minkorti L, minkun BNL, minkurti S, miñ-ontzi, nauna L, negar-samur BG, negar-gale, nigar-gale S, negardun B, negar-jario G, nigarkari, nigarkoi, nigarroi S, nigarzu, pupera B, puperati B, puperatsu B, sinkulin L, sinkulin-minkulin L, ubel S, zingulin A, zinkulin L, zinkuri ANBN; zinkurin, zinkurinati, zinkurinatsu, zinkuru-zale R, begibera BG, begi-bella R, begi-txatxu G, dena-nigar.

LLORON (2. edizioa), quejumbroso = erkale, maiñuntzi, marrakari, minbera, minberakor, negargille, negar-iturri, negar-ontzi, negarti, negartsu, erostari, illetari, mindulin, mindurikari, minkorti, negar-samur, negardun, negar-jario, zinkulin, zinkuri, negar-zulo.

Eta gaurko hiztegi segur aski erabilienekin alderatuz gero:

Elhuyar

llorón, -ona adj./s.

1. negarti, negarrontzi, mainontzi, mainati; 2. negarti, kexati, zinkurin

llorona adj./s.f (usualmente pl.) plañidera

2. negar-kantari, hiletari, erostari, auhendari, adiagile

Zehazki

llorón adj negarti, negarrontzi, mainontzi adkor, lantu-jotzaile

llorona 2 (plañidera) erostari

Ohartzen gara aldaera ugari galdu zaizkigula bidean, ezinbesteko galbahearen ondorioz, noski: negar-samur, minkun, negar-gale, borroti, negar-jario, nigarkoi, miñ-ontzi, zinkurinati…

Badakit, jakina, galtzea esatea askotxo dela, hitzok Orotarikoan-eta jasota dauzkagulako, baina Mujikaren hiztegia itzultzaileon tresna nagusia zen garai hartan baino bide luzeagoa egin behar izaten du itzultzaileak gaur haietara iristeko. Bidegileak bildumako liburuxkak dioen moduan, urte luzez «etekin polita atera zioten hiztegi hari itzultzaileek, irakasleek, idazleek eta, nola ez, ondoren etorritako hiztegigileek ere». Horrexegatik nahi nuke, hain zuzen, hiztegia sarean, Elhuyar, Zehazki, Hiztegi Batua, Orotarikoa eta Interneten ditugun gainerako hiztegi, corpus eta abarretara jotzea bezain erraz izan dakigun hiztegi horretako mami aberatsa kontsultatzea, iruditzen baitzait ezen, sarean izanez gero, aiseago eta maizago erabiliko genukeela, gure idatzi eta itzulpenen koloreen onerako.

Bukatzeko, hiztegiari buruzko beste xehetasun bat aipatu nahi nuke: egileak, bere lan bikaina —ahalik eta merkeen— argitaratu ahal izateko, laguntzaile asko izan zituen: harpide eske ibili ziren euskaltzaleak, harpideak berak (jende asko egin zen harpide, eta batzuek aldez aurretik ordaindu nahi izan zuten hiztegia), baita dohaintza egileak ere. Horretan ere aitzindari eta eredugarria, galdetu bestela egunotan Virginia Woolfen A room of one’s own euskaratu ahal izateko Interneten crowdfunding baten bidez diru ekarpenen bila dabiltzan Consonni-ko kideei. Ana Morales adiskide eta itzultzaileari Etxepare parafraseatuz esatea gustatzen zaion moduan, asmo bera orduko eta gaurko bi ekimen horietan, baita nire eskaera honetan ere: euskaldunok basa izateari utzi eta abil, animos eta jentilago bihurtzea. 😉

Ispiluaz, senaz eta itzulpenaren mugez

Irantzu Epelde Zendoia

Jatorrizko testuarekiko leialtasuna omen du itzulpen onak ezaugarri. Hormako argi islatuaren pare, errainuarekin eta ispiluarekin irudikatu izan da, sarri, itzulpena. Aipamen zerrenda polita dakar, esate baterako, Jean Delisle-k bere La Traduction en citations lanean [1]. Horietako bat, hauxe:

Le traducteur excellent obéit au poète comme le miroir obéit à la lumière, en vous renvoyant l’éblouissement [2].

IMG_1195

Hizkuntza batean esaten den guztia dago beste batean esatea, noski, baina ez beti, ez guztiz, ez erabat berdin. Itzultzaileek badakite ondo asko. Senak izugarri laguntzen diola esan zidan behin alemaniera-euskara itzulpenetan aritzen den adiskide batek, baina halere ihesik egin gabe ibiltzeak lanak ematen dizkiola. Eta ez gutxi. Hala-hala mintzo zaigu Lourdes Oñederra Euskaltzaindian sartu zeneko sarrera hitzaldirako aukeratu zuen ingelesezko izenburuaz (Drift):

«Edward Sapir handiak 1921ean argitaratu zuen Language liburuan hizkuntzaren aldaketa historikoari dagokion VII. kapituluaren azpititulua da drift hitza. Mexikoko Fondo de Cultura Económica argitaletxeak 1954 urtean argitaratutako espainolezko itzulpena egin zutenek ez zuten nonbait jakin nola itzuli eta, besterik gabe, kendu egin zuten kapituluaren azpititulua. Alberto Gabikagojeaskoaren euskarazko itzulpenean «eraldaketa korrontea» agertzen da drift hitzaren ordain VII. kapitulu horren idazburuan. Zintzotasunez ez da azpititulua kendu. Itzuli egin da nolabait, edukiaren ondorioa azaldu zaigu, hizkuntzaren azterketari zuzenean dagokion esanahiaren zatia. Ezinbestean metafora hautsi da, agian sinekdokearen bekatua eginaz. Itzulpenaren mugak azaldu zaizkigu; hizkuntza batean esaten den oro esan daiteke beste batean, noski, baina ez beti, ez guztiz, ez erabat berdin. Itzultzaileak ahalik eta ongien moldatu du euskarara hitz zail hori, drift, aipatu kapituluan eta hurrengoan batez ere, baina liburu osoan zehar aski maiz agertzen dena; horrela, dituen adiera eta kategoria desberdinetan puskatuta agertzen da ingelesez aditz zein izen izan daitekeen drift hitzaren eremua: joera, korrontea, norabidea, xedea, eta abar.» [3]

Itzulgaia nola itzuli asmatu ezinik ibili izan gara maiz ofizio honetakoak ez garenok; ogibidea itzulpena duenak nolako buruhauste eta buru-nekeak erabiliko ote ditu bere eguneroko jardunean, frangotan seguru buru-nekagarri, eta inoiz akaso ernegagarri…


[1] Jean Delisle, 2007, La Traduction en citations, Les Presses de l’Université d’Ottawa.
[2] Victor Hugo, William Shakespeare, 1973, Flammarion, Paris.
[3] Lourdes Oñederra, 2010, “Drift”, Euskera 55-1 (23-24.or.).

Sortze-askatasunak ez du mugarik

Juan Kruz Igerabide Sarasola

Jakina, nola ez ba. Hizkuntza erabiltzean, bat sortzaile eta herrikoi edo kultu edo espezializatu edo artista jartzen denean, ez dago mugarik. Hori besterik ez genuen behar. Zeinek debekatuko dit edonondik jarri beharrean eonondik jartzea? Ez dago itxurarik bataren eta bestearen artean; eonondik askoz ere musikalagoa da, eta, herrikoiagoa, natualagoa. Eta eronondik ironikoa zer? Ez noski eroren oihartzuna duelako, baizik eta zenbait eskualdetako jende mota baten hizkera musikamotzari keinu ironiko gaizto sortzailea egiten diolako.

Beraz, hizkuntzarekin sortzen eta sortzen ari garenean, hizkuntza asmatzen eta asmatzen ari garenean, mugarik ez mesedez, arau irentzailerik ez. Horri ez dago kontra egiterik, kitto. Dena dela, sortzaile amorratuak eskaintzen dituen emaitza guztiak aitzakiarik gabe onartzea besterik ote den nago; asmatzen eta asmatzen ari denak zer esan nahi duen asmatu behar dugunok tartean arautxoren bat beharko ote litzatekeen pentsatzen hasten gara. Besteok ere, irensleok ere, zer esana ba ote dugun edo.

Hau esan beharrik ez zegoen, baina esan beharra neukan, hara. Inori zuzenean, ez; geroni, izatekotan.

Literatur itzultzaile baten egunkaria (I)

Itziar Otegi Aranburu

20../X/Y

Ezusteko bikain bat izan dut gaur. G-ek deitu dit, proposamen bat egiteko: ea nahi dudan Nmjfd Holkgfkjgn Kcdw euskaratu. Nahiko ez dut ba! Baietz esan diot, noski. Hau da poza!

(Beharbada tarifaz eta epeaz galdetu behar nion, baietz esan aurretik?)

20../X/Y+15

Gaur iritsi zait jatorrizkoa. Sekulako emozioarekin ireki dut artxiboa, eta orri zuri-beltz ederrei lehen begiratua bota. Gero, lanari lehenbailehen ekiteko gogoz, taxuz eta fundamentuz, kronograma bat eginez hastea erabaki dut. Aurrena, jatorrizkoa pisatu behar dut. Wordeko tresnetara jo eta hitzak kontatzeko agindu diot. Hauxe erantzun dit:

Orrialdeak:                                      382
Hitzak:                                             206 446
Letra-guneak (zuriunerik gabe):        1 073 534
Letra-guneak (zuriuneak barne):       1 272 822
Paragrafoak:                                     5 274
Lerroak:                                              18 052

Ondoezak hartu nau. Ordenagailua itzali eta ohera sartu naiz, eguna ere lehenbailehen itzaltzera. Lo hartu ezinean nenbilela, idazleekin akordatu naiz: orri hutsak izutzen omen du idazlea; itzultzailea, berriz, orri beteak izutzen du.

Nola zen poema hura?

Ithakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,
egizu otoitz bidea luze izan dadin,
menturez betea, ezagutzez betea…[1]

Apur bat lasaitu naiz, eta loak hartu nau.

20../X+1/Y

Gaur, azkenean, bildu dut itzulpenari ekiteko adorea. Hasi naiz, esaldiz esaldi, beldurti, dorpe, burura datozkidan ordain trakets gozakaitz askiezak gorrotatuz, baina hoberik aurkitu ezinik. Badakit hala izaten dela beti hasieran, ezinbestean aurrera egin behar dela, eta, halako batean, aurkituko dudala testuari dagokion tonua, ahotsa, erritmoa, eta jarioa hobetzen eta ugaritzen hasiko dela, garunera azaleratzen hasiko direla hitz, esamolde, esaldi egokiak. Horretarako, ordea, letra-gune mordo bat bota beharko dun, errodaje modura, motorrak eta giharrak berotzeko, jatorrizkoari traza hartzeko, eta gero berriz atzera itzuli beharko dun, eta egindakoa hobetu. Sintaxia kostatuko zain gehien, beti bezala. Nola zunan aipu hura, itzultzaileak jatorri-hizkuntzarekin baino xede-hizkuntzarekin arazo gehiago izaten dituela zioen hura? Maurice Blanchot batek esana…

Le traducteur est un homme étrange, nostalgique, qui ressent, à titre de manque, dans sa propre langue, tout ce que l’œuvre originale (qu’il ne peut du reste tout à fait atteindre, puisqu’il n’est pas à demeure en elle, éternel invité qui ne l’habite pas) lui promet d’affirmations présentes. De là qu’au témoignage des spécialistes, il soit toujours, traduisant, plus en difficulté dans la langue à qui il appartient qu’embarrassé par celle qu’il ne possède pas. C’est qu’il ne voit pas seulement tout ce qui manque au français pour rejoindre tel texte étranger dominateur, mais ce qu’il possède désormais ce langage français sur un mode privatif et riche cependant de cette privation qu’il lui faut combler par les ressources d’une autre langue, elle même rendue autre en l’œuvre unique où elle se rassemble momentanément.[2]

20../X+1/Y+15

Hasi dira lehen oztopoak azaltzen…

male túngara frogs of Central America
the male red-collared widowbird
King of Saxony Bird of Paradise
the pileated woodpecker

Agortu ditut Euskalterm, Elhuyar ZT, Aranzadirenean aurkituriko lan batzuk, hizkuntza guztietako Wikipediak, euskarazko bilatzaileak… eta deus ez. Arraioa! Baina nire aurretik norbaitek izendatuko zituen bada piztia horiek guztiak, ezta? IOC World Bird List webgunean sartu naiz. Sekulako informazio pila, baina euskal ordainik ez. Ezkerraldean, hau jartzen du: «Wisdom begins with putting the right name on a thing» (Old Chinese Proverb). Bai. Ados. Baina esatea errazagoa da, egitea baino.

Batzuetan Amundsen bezala sentitzen naiz, poloko izotzetan bakar-bakarrik galduta… [3]

Neu ere bai, Nerea. Neu ere bai.

20../X+2/Y

Gaur, hasteko, pare bat aldiz irakurri ditut lerro hauek, neure burua adoretzeko, mantra bat balira bezala:

Lestrygonei eta Zyklopeei,
eta Poseidon hiratuari ez iezaiezu beldur izan,
horrelakorik ez duzu zeure bidean inoiz aurkituko,
zure pentsamenduak gora badirau, baldin eta zirrara
fin batek zure izpiritua eta zure gorputza ukitzen baditu.

Lestrygonak, Zyklopeak,
Poseidon hiratua ez dituzu aurpegiratuko,
zeure ariman ez badiezu abaro ematen,
zure arimak ez baditu jartzen zure aurrean.

Gaur, gainera, askoz ere testu arinagoa eta errazagoa daukan esku artean. Ipuin sinple bat, umore-tonuan idatzia. Mutil batek neska bat ezagutzen din jatetxe batean, biharamunerako elkarri zita ematen zioten, mutilak inora garaiz iristea galarazten dion gaixotasunaren aurka borrokatzen din, zita duten lekura iristen dun, baina, luze itxaron arren, neska ez dun agertzen. Tipoa etxera itzultzen dun, plantoak bihotza eta korrikaldiak gorputza minduta, baina Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidari printzipiodunak, keinu solidario batez, nahigabea arintzen zion.

Zailtasun berezirik ez. Aski dun testuari darion ironia fina gordetzea, eta erritmoa antzeratzen saiatzea. Hitz bat ez dakin nola eman, ordea: Dolphinarium. Hantxe elkartzeko gelditu ditun pertsonaiak. Delfinarioa? Ez. Izurdetegia? Bai zera. Tira, ondo itzuli ahal izateko, zehazki zer den jakin behar. Ea Googlek zer dioen: Tel Aviv Dolphinarium idatzi dun leihatilan.

Lehen sarreretako batek atentzioa eman din:

… Dolphinarium discotheque suicide bombing …terrorist attack … June 1, 2001 … 21 teenagers killed and 132 injured…

Barruak pixka bat nahastuta, hurrengo sarrerara igaro haiz:

Tel Aviv postpones demolition of abandoned Dolphinarium

Eta argazki bat ikusten dun: The Dolphinarium as it looks today. Itxura modernoko eraikin baten hondakinak, itsas bazterreko pasealeku batean.

Pentsakor gelditu haiz. Noiz idatzi ote zuen autoreak istorioa, 2001 aurretik, ala ondoren? Asko aldatzen baitira gauzak. Zein ote da istorio itxuraz xume horren eszenatokia? Itsas bazterreko eraikin moderno batean kokaturiko diskoteka bizi-bizia? Ala tragedia baten ondoren abandonaturik utzi eta gainbeheran etorritako eraikin-hondakin bat? Ezin jakin: hire bilduman hainbat garaitako istorioak zeuden, baina hik susmoa dun 2001 ondorengoa dela. Eta, egia esan, berdin zaion: autoreak bilatua izan edo ez, egun horrela dun irakurketa. Bat-batean, ipuinak beste esanahi-geruza bat hartu din: hondakinez zipriztindutako décor batean, beren bizitza xumeetan aurrera egiten ahalegintzen ditun pertsonaiak. Harrapatuko al du irakurleak beste geruza hori? Oin-oharrik ezin jarri, esku-hartze barkaezina litzateke, umorez bernizaturiko testu soila izan nahi duen batean. Arazo pragmatikoa, etorri zain burura. Soluziorik gabeko arazoa.

Etsita, bahoa ohera, berriz ere eguna itzaltzera.


[1] Ithaka, K.P. Kavafis-ena, Andolin Eguzkitza eta Olga Omatos-en itzulpenean.

[2] Maurice Blanchot-en aipu bat, Yves Gilonnek jasoa, “Y a-t-il lieu de traduire?” artikuluan. Nottingham French Studies, Vol 49, No.2, Summer 2010. Internetetik hartua (2012/12/12)

[3] Amundsen titaniozko eremuetan, Nerea Virto. Senez 32 (2007)

Nola bereizi euskaraz sortutako eleberri bat eta euskarara itzulitako bat

Angel Erro

Irakurleak ez ohi du arazorik izan eskuartean duen eleberria zuzenean euskaraz sortutakoa den ala beste hizkuntza batetik euskarara itzulia izan den jakiteko. Datu hori ez ohi da ezkutatu eta azkar identifika daiteke. Itzulpena zeinek egin duen, liburuko azalean ez bada, barneko datu bibliografikoekin batera agertzen da. Baina orrialde hori erauzia izan balitz, esaterako, ahaztu eta desagerrarazi beharreko eskaintza eskuidatzi bat, egileak berak egina ala liburuaren jabeetako batek, jasangaitz iritzita, norbaitek hala egin duelako, irakurleak oraindik jatorrizko hizkuntza egilearen jatorritik erator lezake. Baina hori ere ez baleki, izenburua ere ukatuko balitzaio, euskarazko testu luze bat (eleberri bat izateko adina behintzat), barruan fikziozko istorio bat duena, topatuko balu, eta jakin-minagatik edo bestelako beharrengatik (epaiketa batean aditu baten azterlan batean, esaterako) ebatzi nahiko balu euskaraz sortutako eleberri baten ala euskarazko itzulpen baten aurrean ote gauden, nik uste dut testuari bakarrik erreparatuta badagoela hori ebazterik.

Hau ez da kontu hutsala, azpi-azpian idazleen eta itzultzaileen artean idazmoldeen ezberdintasuna suma baitaiteke, gu, lehen hurbilpen honetan, horren barnera iritsiko ez bagara ere. Bi irizpide baino ez ditugu aipatuko.

Bereizteko modu bat onomastikak eman diezaguke. Pertsona izenak aspaldian ez dira itzultzen. Eta itzulpena izan ala ez, bere horretan iraun ohi dute. Baina hainbat motiborengatik fidagarritasun gutxiko metodoa da. Euskal izen batzuk arrakasta handia lortzen ari dira hemendik kanpo. Gurean ere, erdaldun elebakarren artean euskal izenak barra-barra ibiltzen dira. Ia edonon kokatutako erdal nobela batek izan zitzakeen euskal izendun pertsonaiak. Eta, alderantziz ere, euskarazko nobela batean ez da batere ezohikoa erdal kutsuko izenak baliatzea, kanpoko merkatuan pentsatuz beharbada.

Hori baino modu seguruagoa deritzot, horri buruzko informazioa ematen denean, pertsonaien jatorri geografikoari. Norabide bakarrean erabili badaiteke ere. Pertsonaia guztiak, gehienak edo bakar bat Euskal Herrikoak izateak ez du bermatzen eleberria euskaraz sortu izana, baina haietako batek ere Euskal Herriarekin lotura minimo bat ez izateak bai demostra lezake eleberri hori ez dela euskaraz idatzia izan; nik orain gogoan dudala, Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian da arau hau apurtuko lukeen salbuespen bakarra (hau idazten dut bakarra hitza erabiltzearen arrisku gertua nire gain hartuz), seguruenik euskal eleberrigileak euskal irakurleari zuzenean norekin identifikatu emateko beharra sentitzen baitu oraindik.

Beste modu bat inkrustazio metodoa dei genezakeena da. Lexiko teknikoa saihesteko euskal idazleak erakusten duen joera, euskal itzultzaile batek ezin duena beti saihestu. Itzultzaile batek un arcón con incrustaciones aurkituz gero, «kutxa inkrustazioduna» emango du, Zehazki hiztegiak bezala (edo, Zehazkiren beste adibidea ematearren, «en un arcón con incrustaciones de nácar, nakarrezko inkrustazioak dituen kutxa batean»; Elhuyar hiztegiak ere: «un anillo con incrustaciones de oro, urrezko inkrustazioak dituen eraztuna»).

Egia da inkrustazio ez dela egunero erabiltzeko moduko hitza. Baina, Ereduzko Prosa Gaur bilatzailean arakatuz gero, euskaraz bost aldiz eta beti itzulpenetan erabili da (eta, bost hizkuntza ezberdinetatik euskaratuta, bost eleberritan erabili duten lau pertsonak itzultzaileak izan dira). Honek ez du esan nahi ez denik jatorriz euskaraz sortutako testu batean inoiz erabili, baina esanahitsua bai iruditzen zait.

Inkrustazio metodoa deitu dut baina susmoa dut holako beste hitz asko daudela (alferrik eta nekosoa litzateke zerrenda bat osatzen ahalegintzea).

‘Joan’ eta ‘etorri’

Beñat Oihartzabal

Mugaz alde bateko eta besteko euskaldunek ez ditugu arras manera berean erabiltzen joan eta etorri aditzak (edo Iparraldean azken honen orde erabil daitezkeen aditz baliokideak: jin eta heldu).

Laburzki erran nezake Hegoaldekoek joan aditza erabiltzen dutela Iparraldekoek etorri aditza edo haren baliokideak baliatzen ohi dituzten zenbait testuingurutan. Kasu adierazgarria da ondoko hau: toki desberdinetan diren bi solaskide elkarrekin telefonoz ari dira, eta batak bestea gomitatzen du ondoko hilabetean dagoen lekura: «Etorriko zara?». Erantzuna nola emanen du solaskideak: «Bai joango naiz» erantzunez, edo «Bai, etorriko naiz» ihardetsiz? Horretan ageriko dira batzuen eta besteen jokabideak: Hegoaldeko askok (ustez) joan erabiliko dute solaskidearenganako hurbiltzea adierazteko, eta Iparraldekoek, berriz, etorri (edo honen tokiko aditz baliokidea).

Desberdintasun mota hori ezaguna da, hizkuntza guziak ez baitira berdin jokatzen aipatu mugimendu aditz horien parametro deiktikoak finkatzerakoan. Japonieraz, adibidez, nahitaez iku (joan) erabiltzen omen da holako egoera batean, eta mandarin-txineraz, berriz, (joan) eta lái (etorri), biak. Ingelesez, itxura guzien arabera, come nahiago dute.

Euskaldunak, nik uste, auzoko hizkuntzei garraizkie: gaztelerazko erantzunean, oker ez banago, ir aditza baliatzen da aipatu egoeran, Hegoaldeko euskaldunek joan erabiliz egiten duten bezala; frantsesezkoan, aitzitik, venir aditza agertuko da, erran nahi baitu Iparraldekoek baliatzen dituzten etorri edo jin aditzen baliokidea.

Ez da hau tokia aditz horien erabilera zedarriztatzen duten parametroen ikerketa egiteko. Xehetasunetan doi bat sartzen bada, franko kontu korapilatsua da, eta, ene jakinean bederen, euskaran aditz horien deiktikotasuna ez da deskribatua izan. Bi hitz, halere, gogoeta baten abiapuntu gisa menturaz balia daitezkeenak.

Lehenik derragun oinarrizko erabileretan era berean baliatzen ditugula denek joan eta etorri aditzak. Alabaina, haien arteko aurkaritza zorrozki agerrarazten duen ondoko  egoeran, oro berdin jokatzen gara: solasaren unean solasgilea dagoen tokiari badagokio mugimenduaren helmuga, orduan denek obligatuzki etorri erabiltzen dugu, eta joan, alderantziz, ezin erabilizkoa dugu (mugimenduaren egilea, edonor izanik):

Han  bazkalduko naiz eta *joango / etorriko naiz hona

Han  bazkalduko zara eta *joango / etorriko zara hona

Han  bazkalduko da  eta *joango / etorriko da hona

Kontuan hartu behar da, haatik, hizkuntza anitzetan 1. pertsonatik 2. pertsonara (eta 3.era ere) hedatzen ahal dela etorri aditzak eskatzen duen erreferentzia deiktikoa. Lerratze hori haizu denean, joan eta etorri lehian izaten dira, eta biak erabil daitezke. Edo beste parametro batzuek ekartzen dute bataren edo bestearen hobespena. Ene iduria da gure arteko jokabide desberdinak hortik sortuak direla. Hegoaldean anitzek erreferentzia deiktikoaren lerratzea ez baitute aise onartzen. Ondorioz, joan hobesten dute mugimenduaren helmuga solasgilea dagoen tokiari, edo haren ohiko egoitzari, ez badagokio. Ondoko adibidea test gisa balia daiteke jakiteko nola jokatzen garen, hots, etorri aditza holako adibide batean errazki onartzen dugun edo ez ikusteko (argi izan bedi solasgilea Ameriketan dela eta haren solaskidea Europan):

Ez zait gustatzen, ni orain Ameriketan izanik, haiek zuregana diru eske joatea/etortzea.

Horrelako testuinguruen bila testu zaharretan ibilirik, ondoko bi adibideak aurkitu ditut, oraingo jokabide bitasuna berria ez datekeela erakustera ematen dutenak. Bietan, solaskidea da mugimenduaren helmuga (solasgilea beste nonbait izanki), eta hirugarren pertsona plurala mugimenduaren egilea. Lehenbiziko adibidean, Etxepare garaztarrak jin erabiltzen du, eta bigarrenean Lazarraga arabarrak joan:

Jainkoak egin zinduzen [Maria sainduari ari zaio]… miserikordiaren refugio zinaden
nola berak justizian ezin salba litzake [bekatoreak]
zure miserikordiaz remedia litezen
Balinetan egiazki zugana jin balite

(Etxepare, Amorosen gaztiguia)

oi zuetara
joan joazen orduan  [=joan ohi ziren orduan (beharrean zirenak)]
limosna eske
Jaungoikoaren kontuan

(Lazarraga, Inbocación a la madre de Dios)

Idazteko moduez

Elixabete Perez Gaztelu

Sumatzen hasiak gara, eskualde batzuetan behinik behin, jendaurreko komunikazio idatzian (euskal hedabide batzuetan, kaleko karteletan…) hitz-egin-bezala-idazteko, hobeki esan, itzeinbezela eskribitzeko joera (zaharberritua?). Ez da samurra kontua, eta baditu orain hemen jasoko ez ditudan hamaika ate-leihatila, baina txoko honetan zeharka-meharka gaia atera denez gero, heldu nahi izan diot, besteak beste, jakiteko ea inguruan ikusten dudana (Oiartzualdean batez ere) beste leku batzuetan ere gertatzen ari  ote den.

Kalean ikusitako adibide bat dakart erakusgarri. Kartel batean hauxe zegoen eskuz idatzia:

Paellada 2011. Izen ematia ta erabakiyak hartzeko AZKEN bilera.

– Izena ematekuan ordaindu in berko da.

– Zapiya ber dunak 18 ta bestik 17 euro. JUXTUA EKARRI.

– Izena emateko azken eguna izango da, asi ke muttu ta geo ez torri negarrez.

– Ta azaldu ez in bazu norbatti pasa zure datuk ta dirua.

Beharbada (edo beharbadarik gabe) dugun adinagatik eta euskaraz kode idatzi estandar, batua sortu eta bideratzeak zenbat neke eta ahalegin eskatu zituen (eskatzen dituen) oraindik ere bizirik dugulako, harrigarria egiten zaigu idazteko modu hori.

Beste komunikazio-egoeraren batean bestela pentsa bagenezakeen ere, idazteko modu horrek ez garamatza entzuten eta esaten duena hala moduz ispilatzen duen testugile ia letragabeengana; euskaldun alfabetatuak dira testugileak eta jakinaren gainean deliberatu dira fonetismoa lehenestera.

Hizketa-komunitate baten —herri bateko gazte euskaldun alfabetatuen— idatziz komunikatzeko soziolektoaren adierazletzat jo daiteke adibidea. Badirudi gazteok lagunarteko erregistroa idatziz ispilatzeko, nahiz kartela kalean jendaurrean egon, idazteko modu egokientzat hitz egin bezala idaztea dutela. Datu gehiegi gabe ere, irudipena daukat gazte euskaldunen artean zabaltzen ari dela idazteko modu hau.

Agi danean, kode estandarra komunikazio-egoera formaletan darabilte (unibertsitatean, batxilergoan ikusten dugu kode hori ere erabiltzen badakitela), baina murritz, estu egiten zaie, giro akademiko, formalarekin lotuegia ikusten dutelako, apika? Eta horretatik bereizteko modua ez dute, demagun, aukera lexikoan bakarrik ikusten eta ortografia ere bere komunikazio-premiak adierazteko egokitu beharra ikusten dute? Igone Zabalak abenduaren batean aipatzen zuen hiztunon errepertorioko baliabideak zabaltzeko bitartekotzat jotzekoa al litzateke?

Alde batera behintzat, bitxia egiten da kontua, nekezagoa baita horrela aritzea. Samurragoa dirudi finkatua dagoen kodea erabiltzea ezer asmatzen hastea baino. Idazleari lan gehiago eskatzen dio “bere gisara” idazteak: aldian-aldian erabaki beharko du nola letraldatu soinu hau eta bestea, etenak non egin… Horren adibideak dira jaso dugun testuko batura bitxi samarrak: fonetismoa eta hiztunen inguru horretan esaten ez den “h” ere idaztea. Eta irakurleari ere, mezu horien norentzakoa euskaraz alfabetatua baitago, deskodetzeko ahalegin handiagoa eskatzen bide dio.

Itxura batean, pentsa ere daiteke hiztun horien aukeraren eta ahaleginaren atzean besterik ere badela: “nirea”, “berezia”, “jatorra”, “naturala”, “gainerako euskaldunena ez bezalakoa”… azpimarratu nahia?, “nire hizketa-komunitate bakarrarekin” aritu nahi izatearen ageriko uztarria? Eta gazteok idatziz komunikatzeko, lagunarteko erregistro idatzia (ia) soilik IKTen bidez egiteak ere zerikusia ote?

Ez dakit urriaren 17an Asier Larrinagak ekarri zuen mikronizazioaren adartzat jo daitekeen aurkeztu dudana. Baina auziak badu sokarik eta ondorio kontuan hartzekorik: bide horri ekinda, kode estandar batua bakarrik maila jaso edo komunikazio-egoera formaletara murriztuko litzateke, eta komunikazio-egoera ez-formaletan kode batu falta edo aniztasuna? Eta nola uztartu deskribatu dugun jokamoldea Beñat Oihartzabalek aspaldixko hain argi aurkeztu zituen gogoetekin?

Euskara batuari dagokion berezko eremua euskalkien mugen gainetik dagoena da; euskalkiei eta tokiko hizkerei dagokiena, berriz, herriaren edo herrialdearen mailako eremuari dagokiona. Baina, eremu geografikoarekin batean, eremu soziala ere aipatzekoa da, bestea bezain garrantzitsua, garrantzitsuago gisa batez.[…] Erregistro herrikoia doakie maiz horrelako lanei, ez, ordean, baitezpada hemengo edo horko euskalkia. Sortu behar da, orduan, dialektalki markatuegi ez den mintzamolde herrikoia, aski irekia ahal bezain euskaldun gutik izan dezan bazterrean uzten delako iduripena. “Euskara batua eta euskalkiak” (Euskera, 1996).

Bereizkuntzak bereizkuntza, eta kezkabideak kezkabide, hizketa-gai izan dugun auziaz aritu ahal izateak erakusten du badagoela euskaraz (era berritzailean?) komunikatu nahi duen gazteen hizketa-komunitatea. Eta pozgarria ere bada, batez ere aldi berean gisa honetako berriak plazaratzen ari badira: «Euskara ez dute ebaluatu ere egingo DBH eta Batxilergo amaierako azterketetan» (berria.info, euskararen egunaren biharamunean).

1000 hitzeko euskara edo Humpty Dumpty metodoa

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Noizbait entzuna edo ikusia izango duzue iragarkia: «El método del profesor Maurer: El inglés en mil palabras». Hortik atera dut blog-sarrera honen izenburu edo gaia. Sentsazioa baitut mila hitzeko (edo gutxiagoko) euskara batekin konformatzen garela askotan (edo konformatzen direla asko), euskararen garbitasunaren izenean, eta egokitasun edo zehaztasunaren axolarik gabe; horretarako, noski, garbi-garbiak diren hitzei nahi ditugun adiera guztiak ematen zaizkie, Wonderland-en Humpty Dumptyk esaten zuen bezala: «Hitz bat erabiltzen dudanean, nahi dudan esanahia du». Berdin da zehatzak diren, edo erregistro aldetik egokiak; ardura bakarra, euskal hitz garbiak izatea da.

Hori etorri zait burura, blog honetako aurreko sarrera batzuetan desahucio hitzaren itzulpenaz esandakoak irakurtzean; baina baita egunero inguruetan ikusten diren beste hainbat adibideren eskutik ere: labur beharrez, bi ekarriko ditut hona.

Gatozen, lehenago, desahucio malapartatuarekin. Euskal kazetariek eta beste askok kaleratu aditzarekin jokatu dute orain arte, eta hiztegietan ere halaxe jasota dago (Zehazki eta Elhuyar); badirudi orain, Iratxe Goikoetxea Langarika blogkideak dioen bezala, etxegabetu jarriko dela erabilbidean. Berez, zuzenak dira, esango nuke, testuinguru gehienetan; zalantza handiagoa dut, ordea, Justiziaren testu kanoniko batean egon beharko luketenik; edo, bestela esanda, ez dut uste epaile euskaldun batek aditz hori (edo horiek) erabiliko lukeenik (lituzkeenik), idatzizko erregistro formalean emandako auto batean adibidez: «Urlia jauna etxetik kaleratzea (edo etxegabetzea) erabaki dut». Epaile baten prosa iruditzen zaigu?

Lepoa egingo nuke gehiago makurtuko litzatekeela Euskaltermek dakarren substantiboa erabiltzera: utzarazpen, alegia. Honen egokitasunaz ere erabat ziur ez nagoen arren (besteak beste ez bainaiz lexikologoa ezta legean aditua ere), ez naiz esaten ari besteak egokiak ez direnik: testuinguruaren eta erabilera-maila edo erregistroaren arabera doala esaten ari naiz. Hots, bakoitzak bere erregistroa eduki beharko lukeela.

Kaleratu aditza hiztegian begiratuta, bestalde, hara nolako adiera eta erregistro desberdinak topatzen ditugun nahasian: «despedir», «expulsar», «despachar de casa», «poner a alguien de patitas en la calle» eta, gainera, «salir a la calle», «salir a la luz» eta «publicar» (Elhuyar). Laburtuz, hitz berberak erregistro guztiak, inolako bereizketarik gabe.

Eta, orain, egunotan bidenabar topatu ditudan beste adibide batzuk, euskal lexiko garbiari dagokion Humpty Dumpty metodoaz:

Ikea dendako erakusleihoan «Relájate» zioen kartel bat ikusi nuen itsatsita lehengo batean, egongela bateko sofa eroso itxurako baten argazkiaren ondoan; eta, euskaraz, «Lasaitu». Ez dut uste suediarrek urduriegi ikusten ote gaituzten euskaldunok, baina esango nuke beren sofa bat erosi eta erlaxatzera gonbidatu nahi gaituztela. Baina, ai!, erlaxatu aditzak arrotz usaina du, lasaitu aditzak ez bezala.

Egun berean, Euskadi Irratian hara non aipatzen duten «Bilboko berreginen museoa» (bide batez, museoaren weborrian bertan ere «Bilboko Artelan Berreginen Museoa» erabiltzen dute, eta beste orri batzuetan «Arte Berreginen Museoa»), eta ez eduki zalantzarik, erreprodukzioak dira leku horretan ikusgai daudenak, eta ez, apurtu direlako edo auskalo zergatik, norbaitek berregin dituen arte-lanak. (Eta, bidenabar esanda, hemen, begiratu ditudan euskal hiztegiek ez dute inolako errurik). Baina, esan bezala, berregin euskara garbia da. Ez dut uste ingelesezko bertsioan «Bilbao Remake Museum» jarri diotenik. Batek daki, agian Humpty Dumptyk bai!