Lokalizatzaileak eta community managerrak

Esti Lizaso

Hitzak, hizkuntzak bezala, izaki bizidunak direla esaten da: jaio, hazi, elikatu, estimuluen aurrean erreakzionatu, ugaldu eta hil egiten dira (bizitzaren definizio hori ikasi genuen ikastolan). Baina, azken urteotan, Internetek eta sare sozialek izugarrizko bultzada eman diote bizitza horien bilakaerari. Hitzak barra-barra sortzen dira, eta segituan zabaltzen dira hizkuntza arrotzetara.

Lehengo astean bertan pil-pilean izan genuen adibide garbi bat: selfie. Autoerretratuaren (edo autorretratuaren, darabilzuen hiztegiaren arabera) lehengusu moderno hau iaz jaio zen, baina mundu osoan zabaldu da hilabete gutxitan, zer esanik ez Oscar sarien ondoren:

1_irudia_selfie

Grafikoa zertxobait aldatzen da, ordea, mundu globalizatuak beretzat hartzen dituen hitzen jatorria ingelesa ez denean; beste behin, globalizazioan hizkuntza eragile nagusia ingelesa dela erakusteko besterik ez bada ere. Japoniar jatorriko “emoji” hitzarekin egin dut proba. Mezularitza-zerbitzuetan aurpegierez gain askotariko ikonoak gehitu zituztenean, “emotikono” herren geratu zela iruditu zitzaien ingelesei, eta hara zer gertatu zen japoniarrei hitz hau hartu zietenean:

2_irudia_emoji

Grafikoko D puntua emoji, phablet, selfie eta twerk Oxford hiztegian gehitu ziren uneari dagokio.

Aldiz, lehendik baziren hitzei erreparatzen badiegu, ingelesaren nagusitasunaren ordez, edo harekin batera, Interneten eta sare sozialen boterea da ageri-agerian geratzen dena. Joerak ia globalak bilakatu dira. Hona hemen “cupcake”ren grafikoa horren erakusgarri:

3_irudia_cupcake

Lokalizazioa ere azken multzo horretan sartuko litzateke. “Lokalizazio” hitza ez da berria, “kokatu” adiera orokorrarekin erabili izan da, eta zientzia alorrean ere erabilera espezializatu bat baino gehiago ditu. Guri hurbilagoak zaizkigun “globalizazio” eta, horrenbestez, “lokalizazio” kontzeptuak, berriz, 1990eko hamarkadan hasi ziren zabaltzen eta, hasiera batean, ekonomiari lotuta zeuden. Adiera berri haren loraldia ikusteko urte batzuk atzera egin behar denez gero, ez dugu horrelako gorakada ikusgarririk aurkituko haren erabilera-grafikoan, garai hartan sare sozialik ez zelako. Hala ere, jo zuen gailurra, eta itzulpengintza-prozesua izendatzeko “lokalizazio” hitza erabiltzearen egokitasunari buruzko eztabaida ere mundu osora zabaldu zen. Aspaldion, ordea, hitzaren eta prozesuaren adiera berriak ondo errotuta geratu dira, eta haiekiko interesak behera egin du:

4_irudia_localization

Kontuak kontu, hizkuntza hartzaileak abiada itogarri horri eutsi ezinik dabiltzala iruditzen zait batzuetan. Atzean geratu gabe komunikatu behar horretan, ez dutela maileguak hausnartzeko tarterik hartzen, eta gaizki irentsita hasten direla agertzen hizkuntza berrietan.

Lokalizazioaren kasuan ere izan dut kezka hori. Izan ere, lokalizazioa prozesu orokor bat da, produktuak (edozein motatakoak) tokian tokiko hizkuntza, kolore, forma, kultura, ohitura eta abarretara moldatzean datzana. Produktuak inolako testurik badu, itzultzaileak ere “lokalizatzaile” lana egingo du testu hura xede-hizkuntzara ekartzen, baina ez da irudi berriak sortuko dituena edo testuaren kolorea aldatuko duena baino lokalizatzaileago izango.

Inguru euskaldunetan “lokalizazio” hitzak sarrera isil samarra egin du eta, batez ere, nahiko berantiarra. Hala ere, badirudi geroz eta jende gehiagok erabiltzen duela gure artean. Horregatik, berandu gabiltzanez gero, berritasunak itsututa aise antzera erabiltzen hasi aurretik, hausnartzeko tartetxo bat hartu beharko genukeela iruditzen zait.

Euskaraz ikusi dudan gehienetan “lokalizazio” terminoa “software-itzulpenarekin” ordez zitekeen sinonimo ia oso gisa. Egia da itzulpengintzan lokalizazioa aipatzen denean webgune, software eta bideo-jokoei egiten zaiela batez ere erreferentzia. Baina, ez nuke esan gabe utzi nahi Euskal Herritik edo Espainiatik kanpo “lokalizazioan” diharduzuela edo “lokalizatzaileak” zaretela esaten baduzue, inor gutxik ulertuko dizuela itzultzaileak zaretela.

Lokalizazioa aipatzen edo irakurtzen duzuen hurrengoan, beraz, hartu tartetxo bat zertaz ari zareten aztertzeko: itzulpengintzaz ala globalizazio-prozesuaz.

Izan ere, itzultzaileok, beste hizkuntzetatik datozen hitzak erabiltzen lehenetakoak garen heinean, badugu mailegu zuzen, eratorpen eta neologismo horien hautuan nolabaiteko ardura.

Aukera guztiak zilegi direla uste dut, bere helburua betetzen badute. Baina aukera zergatik egin dugun edo hitza nondik datorren jakitea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Begira, bestela, community managerrei. Denok dakigu zer diren: erakunde baten komunikabideak eta haietako edukia kudeatzeaz arduratzen diren pertsonak. Bada, gure artean bolo-bolo dabilen termino hau, horren moderno eta amerikarra dirudiena, gure bizilagunen asmakizuna da. Espainolarengatik ez balitz, ez zen ia community managerrik izango:

5_irudia_communitymanager

Adi, beraz, inoiz community manager batentzat lokalizatzaile gisa aritu behar baduzue 😉

Software-itzulpenak eta Gozilla. Size does matter.

Esti Lizaso

Unibertsitatean izan nuen irakasle batek askotan esaten zigun oso garrantzitsua zela bizitzako alor guztietan berak “faktore exotiko” deitzen zion zerako zera hori gehitzea. Ezinbestekoa omen zen atzerrira edo, zehatzagoak izateko, herrialde “bitxietara” (Portugalek ez du Japoniak adina “janzten”) bidaiatzea, eta hango jendea, janaria, hizkuntza, literatura, musika, zinema… ezagutzea; baina, ezagutzea baino gehiago, ezagutzen zenituela erakustea eta zoraaaagarriak zirela esatea omen zen garrantzitsua.

Ozpinkeria gorabehera, arrazoirik ez zitzaion falta: exotismoa beti egon da modan. Eta agian horrexegatik iruditu izan zait euskaldunok beti erakutsi dugula halako harrotasun punttu bat gure hizkuntzaren arroztasunaz hitz egitean. Itzultzaileen arteko elkarrizketetan ere askotan entzuten dira euskarara egindako itzulpenetan esaldiari buelta eman behar izaten diogula, emaitza luzeagoa izaten dela, preposizio eta artikulurik ez duenez hitz gutxiago izaten dituela eta halakoak (batez ere orri, hitz edo karaktere kopuruaren arabera kobratzen dugunok izaten ditugu horrelakoak hizpide).

Kontuak kontu, sorburu-hizkuntzarekiko urruntasun hori, kasurako, euskarak ingelesaren alboan duen “faktore exotiko” hori, xarma guztiz galdu eta buruhauste bilakatzen zaigu maiz softwarea itzultzerakoan.

Software-itzulpenetan lan egiteko erak oso desberdinak izaten dira produktuaren edo jatorrizko bezeroen arabera (lan-fluxuaren ezaugarriak, bezeroaren eskakizunak, baliabideak, prozesuak…). Gaurkoan, ordea, eragozpen askoz ere praktikoago batez aritu nahi dut; hain zuzen ere, softwarea erakutsiko duen pantailak ezartzen digun uztarriaz, hazbete eta pixelen tiraniaz.

Ingeniari informatikoak arduratu ohi dira softwarea itzultzeko prestatzeaz. Hala, haien egitekoetako bat izaten da itzuli beharreko botoi, mezu, ohar edo testu bakoitzean (teknikoki “kate” esaten diogu itzuli beharreko “lerro” bakoitzari) karaktere-mugak ezartzea, idazten duguna pantailan osorik agertuko dela ziurtatzeko.

Argiago ikusteko, adibideetara joko dut. Demagun telefono bat dela eskuartean duguna, eta kontaktuen ataleko menu hau itzuli behar dugula:

esti1

Zorionez (itzultzaileontzat, behinik behin), gaur egun telefonoen pantailak geroz eta handiagoak dira. Hortaz, luzera-arazorik izango ez bagenu, menuak euskarara itzuli ondoren horrelako zerbait esango luke:

esti2

Testua osorik sartzen ez denean, ordea, laburdurak erabiltzeko eskatzen dute batzuek, eta horrelako menuak ikusi izan ditugu:

esti3

Baina, telefonoak adimendunak izan ala ez, bi pezeta baino gehiago balio izaten dituzte, eta ordaindutakoa ordaindu eta gero, ez da gehiegi eskertzen telefonoa bera izatea gure adimenarekin horrela jolasten hasten dena. Horregatik, lokalizazio-gidalerroetan kate bakoitzeko laburdura bakarra erabiltzea eta gure eguneroko mezuetan erabiltzen ditugun laburduretara (“2dali, etab.) ez jotzea eskatzen da. Horrela geratuko litzateke, beraz, menua konpondu eta gero:

esti4

Konponketa horrekin nahikoa ez eta, batzuetan, zailxeago jartzen dizkigute gauzak: mugatzat pantaila edo eremu jakin horrek izan dezakeen gehienezko tamaina hartu beharrean, jatorrizko testuaren karaktere kopurura hurbiltzea eskatzen digute. Arrazoia, horretarako ere, praktikoa izan ohi da: softwarea ingelesez idatzita egoten da jatorrian eta produktuak amaieran izango duen itxura egiaztatuta izan ohi dute itzultzen hasterako. Horregatik, badakite jatorrizko karaktere kopurua erabiliz gero testua osorik sartuko dela pantailan, eta, horrenbestez, diru eta denbora asko aurrezten dute merkaturatu aurretik produktuak hizkuntza bakoitzean zer itxura izango duen egiaztatu beharrik gabe. Ondorioz, itzultzaileek are gehiago moldatu behar izaten dute itzulpena honelako emaitzaren batera iritsi arte:

esti5

Prozesu horren guztiaren berririk izan gabe telefonoa eskuetan hartuz gero, euskarazko bertsioak jatorrizkoaren aldean zerbait galdu dela pentsa daiteke, “SMS” eta “IM” bezalako akronimoak horren ulergarriak ez direla ere bai, edo “idatzi” bakarrik erabiltzeak anbiguotasun handiak sortzen dituela… Eta bai, halaxe da, baina askotan moldaketok inposatuak izaten dira, eta dauzkagun baliabideak ahal bezain ongi erabiltzea beste erremediorik ez dugu izaten.

Erronka horiei aurre egitea da software-itzulpena zirraragarri egiten duen gauzetako bat, estilo-gida, terminologia eta esaldi-egitura hermetiko horien gainetik akrobazia sintaktikoak eginez emaitza onargarri batera iristeko bidea aurkitzea, alegia.

“Gogoeta-tren” honetan gustura etorri bazarete, hurrengo batean bigarren mailan jolastera gonbidatuko zaituztet. Ez kezkatu, hitz bat bakarrik gehituko dugu. Buelta pare bat eman nahi dizkionarentzat, hona hemen pista:

esti6