Martxoak 3: mailuak eta heldulekuak

Garazi Goldarazena Sanchez eta Leire Lakasta Mugeta

Gaurkoan ere, gure lehen artikuluan egin bezala, efemeride bati eskaini nahi diogu blogean sarrera. Izan ere, bihar 50 urte beteko dira Gasteizko martxoaren 3ko sarraskitik. Urteurren garrantzitsuz beteriko ikasturtea dugu hau, eta artikulurako zer idatzi pentsatzen ibili ginenean ezinbestean martxoaren 3ari buruz mintzatu behar ginela ondorioztatu genuen. Izan ere, Gasteizen gradua ikasten eta ostera bertan bizita, guk ere urtez urte bizi izan dugu 1976 hartan gertatutakoaren memoria eta borroka.

Izan ere, 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Trantsizioko agintaritzen eskutik, Zaramaga auzoko eliza batean hainbat hilabetetan izandako borroka prozesuaren harira bilduta zeuden milaka langileren kontra jo zuen Espainiako Poliziak, eta ehunka behargin zauritu eta haietako bost tiroz erail zituzten: Bienvenido Pereda Moral, Francisco Aznar Clemente, Jose Castillo Garcia, Pedro Maria Martinez Ocio eta Romualdo Barroso Chaparro.

Jakin badakigu literatura, kantagintza ―finean, artea― bitarteko ezin aproposagoak direla memoria egiteko, borroka egiteko. Are, gurera ekarrita, itzulpengintzak ere ekarpena egin dezakeela uste dugu. Bestela esanda, poesia mailu bada, mailu horrekin kolpatu ahal izateko helduleku da itzulpengintza gure ustez.

1976az geroztik, gertakariok oinarri hartuta hamarnaka kantu sortu dituzte han eta hemengo artistek. Lehena Lluís Llachek idatzi zuen egun horren amaieran bertan: Campanades a morts ezaguna. Geroztik hamaika izan dira martxoaren 3ari eskainitako edo gertakariaz hitz egiten duten kantuak. Aurten bertan, 50. urteurrenaren harira, Martxoak 3 elkarteak horiekin bilduma bat osatu du, baita kantu berri bat egin ere: aM3ts berriak. Karmele Jaiok jarri dizkio hitzak; Idoia Asurmendik, ahotsa, musika eta pianoa.

Bilduma oparoa bada ere, guk bi itzulpen bota ditugu faltan zerrendan. Hain justu, azken urteotan bi kantu itzuli dira euskarara martxoaren 3aren karietara, Ekidaren eskutik. Lehenik, 2023an, aipatu Lluís Llachek 1976an hildakoen omenez egin zuen kantua euskaratu zuten, eta Hil kanpaiak izenarekin kaleratu. Bigarrenik, berriki, iragan otsailaren 24an, sarraskiaren 50. urteurrenaren harira, Chicho Sánchez Ferlosioren Paloma de la paz kantuaren euskarazko moldaketa kaleratu zuten, Bakearen uso, Berun taldearekin batera.

Hemen dituzue bi kantuen euskarazko itzulpenak. Segi dezagun itzulpengintzaren bidez ere memoria eta borroka egiten; mailuak eta heldulekuak sortzen; euskaraz egiten eta euskarara ekartzen.

Hil kanpaiak:

Hil-kanpaiak joka
gerrarako oihuka
hiru seme hilentzat
hiru kanpai beltzak.
 
Biltzen da herria
arrangura da hurbil;
hiru pena gehiago
memorian eramateko.
 
Nork ito malkotan
daudenen arrazoia
altxor bakar duten
gorputz gazte arnasa?
 
Hil-kanpaiak joka
gerrarako oihuka
hiru seme hilentzat
hiru kanpai beltzak
 
Zabal ene tripa
haien deskantsurako,
ene baratzetik
ekar lore onenak.
 
Gizon hauentzat
zula nazazue sakon
ene gorputzean
zizelka haien izenak.
 
Ezein ekaitzek
ez dezala nahasi
burua tenteturik
hildakoen loa.
Campanades a morts
fan un crit per la guerra
dels tres fills que han perdut
les tres campanes negres.
 
I el poble es recull
quan el lament s’acosta,
ja són tres penes més
que hem de dur a la memòria.
 
Campanades a morts
per les tres boques closes,
ai d’aquell trobador
que oblidés les tres notes!
 
Qui ha tallat tot l’alè
d’aquests cossos tan joves,
sense cap més tresor
que la raó dels que ploren?
 
Assassins de raons, de vides,
que mai no tingueu repòs en cap dels vostres dies
i que en la mort us persegueixin les nostres memòries.
 
Campanades a morts
fan un crit per la guerra
dels tres fills que han perdut
les tres campanes negres.
 
Obriu-me el ventre
pel seu repòs,
dels meus jardins
porteu les millors flors.
 
Per aquests homes
caveu-me fons,
i en el meu cos
hi graveu el seu nom.
 
Que cap oratge
desvetllí el son
d’aquells que han mort
sense tenir el cap cot.

Bakearen uso:

Gazte arrunta naiz ni
Lanaz nazkatua
Lanerako bizi naiz, maitia
Gaizki pagatua
Legeak egin dira
Nagusien alde
Herriarentzat, baina, maitia
Sekula ez daude
 
Ezetz, uso zuria, ez
Nik ez dut lan egingo, ez
Ezetz, uso zuri hori, ezetz
Nik ez dut lan egingo ez
 
Lan egin beharraz gain
Ez omen dut ezer
Beharraz dihardute, maitia
Eta eskubideak zer?
 
Baina lanaren kontra
Elkartuko gara
Jendearen indarra, maitia
Elkartasuna da
 
Ezetz, uso zuria, ez
Nik ez dut lan egingo, ez
Ezetz, uso zuri hori, ezetz
Nik ez dut lan egingo ez
 
Bakearen kontura
Egiten da tiro
Askatasun osoa, maitia
Eskatu aldiro
 
Bakea, aldiz, zu zara
Zintzo eta oso
Egin hegan gurekin, maitia
Bakearen uso
Langileena zara, maitia
Bakearen uso
 
Ezetz, uso zuria, ez
Nik ez dut lan egingo, ez
Ezetz, uso zuri hori, ezetz
Nik ez dut lan egingo ez
Soy un hombre del pueblo
Harto de trabajar
Mi vida es el trabajo, paloma
Pero me pagan mal
Las leyes están hechas
A favor del patrón;
La ley no escucha al pueblo, paloma
Aunque tenga razón
 
Que no, que no, paloma, no
Que así que no trabajo yo
Que no, que no, palomita, que no
Que así que no trabajo yo
 
El deber del trabajo
Dicen que tengo yo
De mis deberes hablan, paloma
De mis derechos no
 
Pero nos uniremos
Contra la explotación;
La fuerza de los hombres, paloma
Siempre será la unión
 
Que no, que no, paloma, no
Que así que no trabajo yo
Que no, que no, palomita, que no
Que así que no trabajo yo
 
Nos juzgan y condenan
En nombre de la paz
Cada vez que pedimos, paloma
Justicia y libertad
 
Pero la paz tú eres
Y con ellos no estás
Que vuelas con nosotros, paloma
Paloma de la paz
 
Que no, que no, paloma, no
Que así que no trabajo yo
Que no, que no, palomita, que no
Que así que no trabajo yo

Hausnarketa bat Euskararen Egunaren harira

Garazi Goldarazena Sanchez eta Leire Lakasta Mugeta

50 urte bete berri dira Franco hil zenetik. Ohean hil zen diktadorea, dena lotuta eta ongi lotuta utzi zuela. Hain zuzen ere, 78ko erregimenak eta ustezko trantsizioak ez zuten frankismoarekin erabateko hausturarik ekarri, eta horren adibide dugu Euskal Herriko langileriaren autodeterminaziorako eskubidearen ukatzea, baita berekin dakarren euskararen kontrako oldarraldia ere. Horrekin lotura estuan, hamaika dira azkenaldian indartzen ari den gorakada erreakzionarioaren adibideak, eta ezin dugu ahaztu halakoek, beste gauza askoren artean, euskara bera ere jopuntuan jartzen dutela.

50 urte dira, halaber, Gabriel Aresti hil zela. Horren karietara, hainbat ekimen antolatu dira urtean zehar. Guk gaurkoan Arteka aldizkariak Gabriel Arestiren omenez egindako alean argitaratutako artikulu bat ekarri nahiko genuke, Aitor Bizkarraren “Bakeak euskarari kalte egiten baitio”[1], hain zuzen ere. Bertan, euskararen auziaz ondutako zenbait ideia aurkeztu zituen, eta ideia horietako batzuk ekarriko ditugu lerrootara, hark azaldutako hainbat kezka konpartitzen baititugu geuk ere.

Hori esanda, hasieratik argi utzi nahiko genuke ez garela ez soziolinguistak, ezta hizkuntzalariak ere. Finean, ez gara gaian adituak. Jarraian idatzitakoa hausnarketa xume eta zintzo baten emaitza besterik ez da, bizi dugun garaian euskararen alde egiteko eskuartean izan dezakegun horretatik tiraka. Kulturgintzan, itzulpengintzan jarduten dugu guk (nolabait), baina argi dugu euskararen auzia politikoki pentsatzea ere dagokigula, gure esparrutik ere ekarpena egitea. Hain zuzen ere, gaur Euskararen Eguna dugunez, euskararen auziari heltzea erabaki dugu gure lehen artikuluan.

Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren aipu ezagunenetarikoa da euskararen misterioa ez dela haren jatorria, haren iraupena baizik. Bizkarrak abiapuntu egokitzat jo zuen, askoz interesgarriagoa baitzaio jatorri historikoa baino gehiago arrazoi historikoa bilatzea, euskarak iraun izanaren kausak eta hura biziberritzearen posibilitate baldintzak aztertu nahi badira behintzat.

Ekologia linguistikoaren ikuspegitik, hizkuntzen balioa ez da soilik komunikazio-tresnak izatera mugatzen, badago hizkuntzetan zerbait baliotsua dena berez. Euskal Herriaren kasuan, euskara hizkuntza gutxitua dugu, ofizialtasun- eta sustraitze-gradu aldakorrekoa eta diglosia-egoeran dagoena. Bizkarraren hitzetan, baina, euskara ere bada elementu zentrala giza talde oso esanguratsu baten identifikazio-prozesu soziokultural eta, are, politikoetan; hau da, ez da komunikazio-tresna soila, nortasun kultural eta politiko kolektiboen osagai garrantzitsua ere bada. Hizkuntza-komunitate horren partaideak askotarikoak dira, hau da, hiztunak izateaz gain, beste determinazio batzuek ere ezaugarritzen dituzte: klase-kondizioak, esaterako. Ildo beretik, Bizkarrak dio hizkuntza-komunitate horretako langile-sektoreak izan direla Euskal Herriko aktore politiko eta sozial dinamikoena eta hala izaten jarraitzen dutela, bizitasun hori apaldu bada ere.

Iñaki Iurrebaso soziolinguistak ere ziklo linguistikoen periodizazioari buruz idatzi zuen[2], eta ordezkapen-, biziberritze- eta geldotze-aroak zerrendatu zituen. Geldotze aroan gauden honetan, azken bi hamarkadetan, hain zuzen ere, 1960tik aurrera izandako hazkundea moteltzen ari da, eta zenbait arlotan atzera egiten. Alegia, indarberritzea gelditu da, eta ez aurrera ez atzera gaude. Bizkarrak, bere aldetik, Iurrebasok proposatutako ziklo linguistikoek ziklo politiko, ekonomiko eta kulturalekin lotura dutela iradokitzen du, eta Euskal Herriaren eta euskararen bilakaera historikoaren errepasoa egiten du ikuspegi hori aintzat hartuta. Guk, luzera mugak tarteko, ez dugu horretan sakonduko, baina esanguratsua iruditzen zaigu euskararen aldeko borroka askatasunaren aldeko borrokarekin lotu izana.

Joera demografikoek, halaber, eragin handia izan dezakete hizkuntzen bilakaeran. Azken datuek alarma piztu dute, joera horiek zedarritutako geroa akaso meharregia izan daitekeelako euskararen etorkizunarentzat. Ikerketa batzuen arabera[3], 2036rako euskal hiztunak zaharragoak izanen dira, inguru erdaldunagoa izanen dute gehienek, etxean nagusiki gero eta gutxiagok erabiliko dute euskara, ezagutza maila apalagoa izanen dute, eta erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko dira.

Datuen arabera, Euskal Herriko zenbait tokitan euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera altuagoa da euskararena baino; eta datozen urteetan, atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen eginen du gora. Bistan denez, horrek eragina izanen du egoera soziolinguistikoan.

Aldaketa demografiko horrekin batera, migratzaileen kontrako diskurtso erreakzionarioak hedatzen hasiak dira, baita zenbait euskaldunen artean ere. Baina, izanen duen eragina eta ekarriko dituen erronkak errealak izanagatik ere, Bizkarraren iritziz, ustez euskara babestu nahian, euskararen diglosia-egoera indartu baizik ez du egiten jarrera atzerakoi horrek. Iurrebasoren ziklo linguistikoen periodizazioari jarraikiz, argigarria da arestian aipatutako biziberritze aroa hain justu Euskal Herriak sekula jaso duen immigrazio olaturik handienaren ondoren etorri zela. Bizkarrak argi dio, ez dira migratuak euskararen aurkako mehatxua, haiek bigarren mailako subjektu izatera kondenatzen dituen dinamika soziala baizik. Areago, immigrazioa eta euskararen ordezkapena korrelatiboak izan litezke baldintza jakinetan, baina ezin dugu ondorioztatu bataren eta bestearen artean kausa-efektu erlazio erabatekoa dagoenik; eta egiazki, Bizkarraren ustez, immigrazioa eta hizkuntz ordezkapena korrelatibo egiten dituen faktoreetako bat izan daiteke, hain justu, diskurtso erreakzionarioa, langile euskaldunen eta migratuen arteko segregazio soziala, politikoa eta kulturala indartzen baititu. Beraz, uste dugu ideia erreakzionarioak baztertu eta euskararen auzia politikoki pentsatu beharra dugula, zehatzago esateko, klase ikuspegi batetik.

Horiek horrela, eta artikuluari bukaera emateko, berriro argitu nahi dugu kezka eta intuizio zintzo batzuetatik abiatutako hausnarketa dela honakoa. Euskararen erabilerari buruz hitz egiteko blog honetara ekarri nahi izan ditugu ideiok, uste baitugu itzulpengintzan eta, orokorrago, kulturgintzan dihardugunok ere badugula zer pentsatua euskararen aldeko borrokari ekarpena egiteko. Gure ustez, borroka horrek askapenaren aldeko mugimendu batekin lotuta egon behar du.


[1] Bizkarra, Aitor (2025). “Bakeak euskarari kalte egiten baitio”. Arteka, (61), 31-45.

[2] Iurrebaso, Iñaki (2023). Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. [Doktore-tesia] UPV/EHU.

[3] Siadeco eta UEMA (2025). Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa. https://www.2022.uema.eus/wp-content/uploads/2025/07/Norantz-doa-euskara_Hego-Euskal-Herria-2036-proiekzio-demolinguistikoa_202…artxoa.pdf