Gure euskararen esentziak

Asier Larrinaga Larrazabal

Lehengo azaroan, Alfontso Mujikaren argitalpena irakurtzen ari nintzela, kontzeptu bat gorpuztuz joan zitzaidan gogamenean: jatorrismoa. Jatorrismoa gaitz bat da, hizkuntzaren esentziak jagoteko ardurak eragiten duena. Berez, arreta hori ez da gauza txarra, baina, ‘hizkuntzaren esentziak’, ‘jagon’ edo ‘ardura’ okerretara hartzen ditugunean, jatorrismoan jausten gara. Gerta liteke ondorioak arinak izatea, adibidez, hizkuntza-mailak nahastea, albiste-testuetan ‘baleko’ edo ‘eskarmentu’ erabiltzen direnean bezala. Larriagoa da ideiak nahastea, esate baterako ‘dependentzia’ (Espainiako 36/2009 legeko adieran) eta ‘mendekotasun’ parekatuz, edo ‘kate’ eta ‘kanal’ kontzeptuekin morokil bat eginez (ez, Euskaltzaindiaren Hiztegia ere ez dago gaitz honetatik salbu). Eta zer esan Alfontsok blogera ekarritako itzulpenaz eta hura bezalako beste askoz? Euskara barregarri uzten dutela. Hona beste bat: ‘Donostiako Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotzigoa’, gaztelaniaz ‘Concejalía de Economía y Empleo Local de San Sebastián’. Harrigarri samar egin zitzaidan ‘local’-en ordaintzat batzuk ‘tokiko’ bultzatzen hasi zirenean, baina “irentsi” nuen. Ez dakit ‘bertako’ irentsi ahal izango dudan; ekonomia eta enplegua besarkatzen ez dituen artean, behintzat, ez.

Esan dezadan, edozelan ere, ardura apur bat handiagoa ipini beharko genukeela euskararen esentziak jagoten, guztiz antzaldatuta sentitzen baitut gure hizkuntza aspalditik publikoarentzat prestatzen diren testuetan. Ni triste ipintzen naiz etxeko txikiak aipatzeko ‘txikienak’ entzuten dudanean (cf. gazt. ‘los más pequeños’). Tristea da, bai, beti gaztelaniaren morrontzan ibiltzea. Hitz ederra zabaldu zen euskaraz Internet gure artera heldu zen garaian, ‘webgune’, ingelesezko ‘website’-ren ordain ezin egokiagoa, baina, egun, ‘web-orrialde’ zentzugabea lehiakide gogorra du, gaztelaniazko ‘página web’ inprobableak aupatuta. Apurka-apurka, hitz eta esamolde berriekin, gure mundu-ikuskera bera aldatuz doa. Orain, gure umeek ez dute lagun kutunik, edo lagun minik, edo, beste barik, lagun onik. Orain, gure umea eta auzokoarena lagun hoberenak dira, ingelesez ‘best friends’ direlako, inoiz bizipen edo esperientzia sakonik partekatu ez badute ere. «I love you» esaldiak berdin-berdin kolonizatu gaitu. Bikoizketan, garai batean, horren ordaintzat «musu bat» jartzeko gomendatzen zen, esate baterako, ama-semeen telefonozko elkarrizketa baten amaieran.

Antzaldatzea esan dut, baina. Ez da gehiegikeria. Orain, testuak ‘jada’-z beteta aurkitzen ditut: «Surfaren munduan girotua egotea jada berrikuntza bat da euskal fikzioaren panoraman». Esaldi hori zegoen testuak 286 hitz zituen, eta lau ‘jada’. Orain ez dago zortzietan hasten den partidarik, kontzerturik edo programarik. Orain, denak hasten dira zortzietatik aurrera. Orain ez du inork politikaz hitz egiten, ezta politikari buruz edo politikaren gainean ere. Orain, mundu guztia mintzo da politikaren inguruan. Batzuek hizkuntzaren eboluzio-joera naturalaren agerbidetzat hartuko dituzte halako berrikuntzak. Ez horixe. Euskaran izandako eboluzio horietan ez dago berezko bilakaerarik, baizik gaztelaniaren eragina; zehatzago esanda, denbora guztian, baita ustez euskaraz sortzen diren testuetan ere, gaztelaniatik itzultzen aritzeak eragiten duen kutsatzea. Kutsaketa horietako batzuek, gainera, gure hizkuntza barren-barrenetik ukitzen eta iraultzen dute, esate baterako, ‘izena1 de izena2-pl’ erako egituren euskarazko ordainei dagokiena. Hona adibide batzuk: día de puertas abiertas, banco de alimentos, periodismo de datos, comunidad de espectadores… Euskaraz, honela emanda aurkitu ditut: ate irekien eguna, elikagaien bankua, datuen kazetaritza, ikusleen komunitatea… Izugarria da. Dirudienez, pluralak hain du pisu handia ezen ahantzarazi baitigu euskaraz izen-elkarketa existitzen dela: elikagai-bankua, datu-kazetaritza, ikusle-komunitatea… Eta, harako hark esango lukeen bezala, -KO ez dela (inolaz ere) -EN: ate irekiko eguna.

Beste gauza izugarri bat hau da: «San Tomas Azoka 2023». Ez beti esaldi hori zehatz-mehatz: «Araba Euskaraz 2020», «Itzulia 2019», «Aste Santua 2005»… Gure inguruko hizkuntzetan, sintaxiak bide ematen die halako egiturei («Semana Santa (de) 2005»), baina euskarak beste ordena bat ezartzen du: «2005eko Aste Santua». Erabaki beharra dago: edo amore eman, edo euskararen berezkotasuna, jatortasuna zaindu. Nik garbi daukat, eta, beraz, sutara bidaltzen ditut «Korrika 2019», «Arte Ederren Bilbao Museoa», «Metro Bilbao» eta abar luze bat (bat edo suak ondo hartzeko behar beste).

Sigla lexikalizatuak

Asier Larrinaga Larrazabal

Zorabiozko abiaduran doan mundu honetan, hitzak ere luuuze egiten zaizkigu. Hedabideetan, are arrazoi handiagoarekin, espazio falta baita arazo handienetako bat. Idatzietako esturetarako, oso mesedegarriak izaten zaizkigu laburtzapenak, eta inoiz bitxiak iruditu zaizkigunak ere naturalizatu egin dira: M (milioi), haut. (hautagaia), M8 (martxoaren 8a), cc (zentimetro kubiko), MWh (megawatt ordua)… Siglak, zehazki, beren-beregikoak dira: EB (Europar Batasuna), EJ (Eusko Jaurlaritza), AEB (Ameriketako Estatu Batuak), BN (batzar nagusiak)…

Idatziz ez ezik, ahoz ere oso baliagarriak dira siglak testua laburtzeko, eta, kazetarien hizkeran, erabiliaren erabiliaz, sigla horietako asko guztiz lexikalizatu dira. Gaztelaniazko batzuk aipatuko ditut: ERE (expediente de regulación de empleo), OTA (ordenación del tráfico y aparcamiento), RGI (renta de garantía de ingresos), ELA (esclerosis lateral amiotrófica), OPA (oferta pública de acciones)… Lexikalizazioa egiaztatzen duten ezaugarriak bat baino gehiago izan daitezke: letra xeheko grafia (‘dana’, ‘pyme’…), numero-mozioa (‘un ERE’, ‘dos EREs’…), zabalkuntza semantikoa («nuestro edificio ya ha pasado la ITV», ITV: inspección técnica de vehículos), eratorpena (‘otero’ < OTA, ‘sidoso’ < SIDA, ‘opar’ < OPA…).

Gaztelaniazko adibideetatik hasi naiz, euskaraz arazoa dugulako. Euskaraz, zail baino zailago egiten zaigu lexikalizazio-maila horretara heltzea, adibide bat edo beste badugun arren. Beharbada, sendoena ‘hies’ da, hartutako immunoeskasiaren sindromeari dagokiona, eratorri bat ere baduena: ‘hiesdun’. TAO (trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua) siglak ere badu eratorria, ‘taozain’, baina euskaldunen aho-lumetan lehiakide gogorrak dira OTA eta ‘otazain’. KPI (kontsumorako prezioen indizea) oraintsu hasi da lexikalizatzen EITBko kazetarien albiste-testuetan.

Hortik aurrera, oso beltz ageri zaigu panorama. Hasteko, gaztelaniazko sigla “ahoskagarri”en ondoan, euskaraz, mordoiloak sortzen zaizkigu askotan: ERE vs LEE (lan-erregulazioko espedientea), ERTE vs ABLEE (aldi baterako lan-erregulazioko espedientea), RGI vs DSBE (diru-sarrerak bermatzeko errenta), ELA vs AEA (alboko esklerosi amiotrofikoa), dana vs GGDI (goi geruzetako depresio isolatua), pyme vs ETEE (enpresa txiki eta ertain(ak))… EITBn, sigla baztertzeko eta siglaren azpian dagoen hitz-katea soiltzeko gomendioa ematen diegu kazetariei: LEE > erregulazioa, DSBE > gutxieneko errenta, GGDI > goialdeko depresioa…

Ahoskeraren arazoaz gainera, ezarpenarena dago. Euskarazko hedabideok ez gara gaztelaniazkoak bezain ugari eta indartsuak sigla bat hamaika mila bider errepikatuz hiztunen burmuinetan txertatzeko. Are txarrago, euskarazko komunikazio-eremuan “etxekalte” ari denik ere bada, kezka handirik gabe erabiliz ERE, ERTE, pyme, ELA (ez, hain zuzen, euskal sindikatua), OPA… Arazo hau saihesteko, batzuetan ingelesaren olatura igotzeko estrategia erabili dugu euskaraz: NATO (> ‘natozale’), covid, RNA… Nik horri beste estrategia bat gehituko nioke, interesgarriagoa, beharrezkoagoa. Hedabideetan dabilen erdal sigla baten euskarazko ordaina sortzeko unean, presak alde batera utzi beharko genituzke inplikazio guztiak aintzat hartu eta irtenbiderik egokiena ondo pentsatzeko.

Esate baterako, IA (inteligencia artificial / intelligence artificielle) / AI (artificial intelligence) hedabideetako albiste-tarteak betetzen hasita dago. Euskaraz, ‘adimen artifizial’ terminoa dabil nagusiki, baina horrek AA sigla ematen du, berriro ere ahoz erabiltzeko gauza eskas bat. ‘Inteligentzia’ erabiltzeko eragozpenik ez dagoenez gero, ez al litzateke praktikoagoa izango ‘inteligentzia artifizial’aren alde egin eta, horrenbestez, IA sigla bultzatzea, gure auzo erdaretan bezala? Sasoiz gaude komenigarriena zer den pentsatzeko.

Zarata handiegia, mami mehatzegia

Asier Larrinaga Larrazabal

Euskara orain deritzon liburutxo mediatikoak “eraginkortasuna helburu” goiburua du azpititulutzat. Nik komunikazioaren eraginkortasunaren kezka partekatzen dut egileekin, baina askoz gehiago ez. Erabiltzen dituzten argudioak, behintzat, ez. Labur-labur azalduta, Jesús Rubiok euskararen SOV ordena dauka arazo guztien sorburutzat: «Estruktura burulehena ez da soilik efizienteagoa ze bere kide buruazkena, baizik ere, eta are inportanteagoa dena, efektiboagoa» (58. or.). Mendizabalek, Lamarcak eta Amurizak gogoeta lauso asko egiten dituzte, baina nik ez dut aurkitu mamizko argudiorik. Orobat, hiruron ataletan ez dut aurkitu euskararen eraginkortasun komunikatiboa emendatzeko proposamen esplizitu askorik. Bakan batzuk badira, inoperatibo samarrak ia denak. Beharbada, Amurizak lexikoaz dioena aipatuko nuke, nahiz ezin esan Amerika deskubritu duenik: «Gure inguruko hizkuntza nagusien ondare kultural komuna asko gehiago (baina asko gehiago!) baliatu beharko litzateke» (129. or.). Rubiok, bere aldetik, euskara iruntzitara jartzea proposatzen du, alegia, SVO hizkuntza bihurtzea: «Garabidean, lehen pausua litzateké normaltasunez ahalbidetzea aukerako SVO ordena» (88. or.). Perpaus-osagaien ordena iraultzea aldeztearekin batera, Rubiok euskara preposizioz hornitzeko bide bat jorratzen du.

Halako abentura linguistiko batez ez dago ezer esan beharrik, begi bistakoa baita erabateko haustura lekarkeela euskara biziarekin. Merezi du, baina, iruzkin batzuk egitea liburutxoan jasotzen diren beste zenbait ideiaz, eraginkortasunari buruzko balizko debate batek oinarri hobeak izan litzan.

 «Euskararen arazo nagusietako bat aditza da. Garbi esanda, galga nagusietako bat. […] Gure aditza sinplifikatu ezik, euskarak etorkizun zaila dauka». (127. or.) Amurizak ez dio zelan sinplifikatu. Datiboko komunztadura kenduz? Pluraleko komunztadura ere bai? Laguntzaileak eurak? Mendizabalek ahalera osoa ezabatuko luke. Blog honetan bertan, zalantza egin da zatzaizkit adizkiaz. Nik, ikuspegien erlatibotasuna ilustratzeko, “Goenkale”ko esaldi batzuk aldatuko ditut hona, hizkera naturalaren eredutzat eduki izan baita: «Hi, aizan, nik nahi dudana eginzezakeanat. Ni adinez heldua naun». «Nik ez zaituztet zuek utzi, Alazne. Ez zintuzketet sekula abandonatuko, hori ezinezkoa da». «Barkamena eskatzen ari gatzaizkik. Pertsonak barkatzen jakin behar dik».

 «Askotan ofizialki zuzenak ez diren formak errazenak edo praktikoenak izan ohi dira» (17. or.) «Zergatik ez ditu barneratzen euskara normatiboak […] gazteen euskara-aldaera berriak, sinpleagoak eta ez oso “zuzenak” badira ere?» (137. or.) Ez dut ulertzen zein adieratan erabiltzen duen Lamarcak ‘zuzen’ adjektiboa. Zuzentasuna gramatika-arauak betetzea da, baina esango nuke beste zerbaitetaz ari dela, ez baitut uste honelakoak barneratzeaz ari denik: «Ni ez daukat inprimagailua». «Baina eske da guztia oso teorikoa». «Joaten naiz, andereño?». «Zertarako kontatu, si ez da inoiz agertzen». «Kontuz, min egingo zarela!». [Esaldiok Orreaga Ibarraren Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa (2011) liburutik atera ditut.] Halakoei igaro-baimena emateaz ez, baina Lamarca egokitasunaz, euskararen errepertorioa aberasteaz eta, zehazkiago, euskara kolokiala sustatzeaz ari bada, eskertzekoa litzateke ildo horretan zer landu den ezagutuko balu.

 «H. Bichakjianen arabera, hizkuntzek eboluzionatzeko joera naturala dute, berez lortzen dute apurka-apurka hitz orden eraginkorrago bat, morfologia xinpleago bat edota lehenesten dituzte aiseago ahoskatzen diren fonemak» (14. or). Mendizabalen eta Rubioren atalak Bichkjianen ideiez blaituta daude. Berari irakurri diote hizkuntzen bilakabide naturalean SOV primitiboagoa dela, eta SVO, eraginkorragoa, eboluzionatuagoa. Nik ez dakit eboluzioa noranzko horretan doan, baina garbi daukadana da sinpleagorako joerarena ez dela egia. Hizkuntzek ezaugarri batzuetan sinpleagora jotzen dute, eta beste batzuetan, konplexuagora.

 «Sintaxi buruazkenetan gure entendimenduak (gure prozesatzaile linguistikoak) itxaron beharko du artio ezagutu (azken) buru sintaktiko relevanteak arrén ongi uztártu sintaktikoki buru horien aurreko elementu dependenteak» (59. or.). Ideia honek –berau ere Bichkjiani ikasia– hizkuntza prozesatzea broxeta bat jatea bezala irudikatzen du. Mokadu bakoitzean, zapore berri bat ahoan. Euskaran eta hizkuntza buruazkenetan, baina, badirudi zati zaporetsu bakoitzaren aurretik patata asko aurkitzen dugula, eta hainbat haginkada behar ditugula dastamen-papilak alaitzeko. Errealitatea da, ordea, burmuinak ez duela halako modu linealean prozesatzen hizkuntza. Mintza-katea, bai, linealki sartzen zaigu belarritik, baina orduan burmuinak hainbat prozesu paralelo aktibatzen ditu, batzuk kate (perpaus) osoa urkuldu arte irauten dutenak. Hizkuntza-tipologia edozein dela ere, burumuinak ez dio hartzen zentzu osoa esaldiari amaiera arte. Egia da badirela estrategiak burmuinaren lana arin dezaketenak, eta, horretan, euskara ez da atzean geratu. SOV hizkuntza izateari utzi beharrik gabe, perpaus hasierako menderagailuak ez dira gutxi, esate baterako.

 «Egitura sintaktikoki koherentea geldituko dá sistematikoki irekia ki jarraitu zehazten gure osagarriak aiseki, sortuz egitura bat funtzionalki rekursiboa, erraztuz espresio aberatsa eta matizatua, eta, finean, zabalduz ateak i fluitate eroso, potente eta efektiboa» (61. or.) Ideia horren “alderdi mekanikoa” egia da, hizkuntza burulehenetan infinituraino katea baitaitezke perpausak, baina –testu administratiboen itzultzaileek esperientziaz dakiten bezala– ez da egia emaitza beti denik espresio eroso, potente eta efektiboa, eta bai, sarri, mordoilo korapilatsu, trakets eta antikomunikatiboa.

Azken batean, testuen eraginkortasuna ez datza hizkuntzaren ezaugarrietan, baizik hiztunaren dohainetan. Hiztun batzuk trebeago dira testu komunikatiboagoak (prozesatzen errazagoak) ekoizten, eta beste batzuk baldarragoak. Baldarrago garenok asko eskertzen ditugu eraginkortasun komunikatiboari buruz egiten diren ikerketak eta, batez ere, lantzen diren jarraibideak eta gidak. Mundu anglosaxoian urrats handiak egin dira plain English deritzon ereduan. Berari jarraituta, EITBk hizkera laua erabiltzeko gida bat dauka aspalditik.

Aditz aurreratzeak

Asier Larrinaga Larrazabal

Pantoneren kartako ehunka koloreetatik, beltza aukeratu dut post hauetarako. Akatsak, okerrak, hutsegiteak, gaitzak eta makurrak izango dira nire arretaguneak, eta asaldatzea eta ernegatzea izango da nire jarrera. 🙂 Beharbada, eta hau serio diot, frustrazioak partekatuz, apur bat arinduko zait euskaldun gisa eta euskalgintzako profesional gisa (ia) egunero sortzen zaidan kezka eta ezinegona.

Has nadin, ba, barrua asaskatzen. «Aditza aurreratu egin behar duzu». Horixe da C2 egiaztagiria prestatzen ari diren EITBko kazetariei irakasleek gehien errepikatzen dieten zuzenketa. «Gehiagoko azalpenik gabe?», galdetzen diet nik. Antza, mezua hori baino ez da. Aditza aurreratu egin behar dela. Ematen du oso zabal dabilela mezu hori, denbora asko ez dela antzekoa kontatu baitzidan EITBn praktikak egiten ari zen lankide batek. Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko irakasle batek esaten omen zien subjektuaren eta aditzaren artean hamar hitz baino gehiago egonez gero aditza aurreratu egin behar zela.

Ederrak gaude! Ez dakit zertarako hartu duen Euskaltzaindiak hitz-ordenari buruz 40 orrialde lantzeko nekea Euskararen Gramatikan (2021). Etorkizuneko itzultzaileak prestatu behar dituen irakasle horrek ba omen du korapilo guztiak askatzeko formula magikoa. Zertarako aipatu ikasleei perpausaren informazio-egitura? Zertarako azaldu zer diren ordena kanonikoa eta ordena markatua? Zertarako hitz egin galdegaiaren kokaguneaz? Euskaltegietan C2 maila ematen duten irakasleek ere ez bide dute beharrezkotzat ikusten kazetari euskaldunak gramatikeriekin gogaitaraztea.

Nire lankideen hitzaz fidatuta, asaldazio eta espantu handiak egin ditut post honetan. Baldin gertatuko balitz, telefono matxuratuaren jokoan bezala, nire belarrietaraino heldu den informazioa desitxuratuta eta distortsionatuta egotea, eta baldin egiatan gertatzen dena balitz nire lankideek ez dituztela ondo barneratu irakasleen azalpenak, dela unibertsitatean, dela euskaltegian, orduan… orduan oso kezkatuta sentitzen jarraituko nuke, ez garelako gai, kasua bata zein bestea izan, ezta maila altuko hiztunei ere hizkuntzaren oinarriak ulertarazteko.

Iribas, zuretzat (IV)

Asier Larrinaga Larrazabal

Serie honi ekin nionean, orain hil batzuk, Nafarroako gobernuan zirenek jarrera guztiz pasiboa ―areriozkoa ez esatearren― zeukaten euskararen sustapenarekiko, Nafarroako agintariek 1979tik 2015eko maiatzera arte eduki duten bezala. Jarrerak berak kezka handia eragiten zidan, baina handiagoa jarrera horri eusteko argudioek. Hil hauetan, kontrargudio batzuk eskaini ditut ―hau, hau eta beste hau―, eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilari izan dena egin dut nire mezuen hartzaile.

Ez dut aurreikusten halako mezu gehiagoren beharrik, Nafarroak lehen aldiz lehendakari euskalduna izan behar baitu, baina ez dut gogoeta hau itxi nahi Iribasen orain dela hil batzuetako esanak gogoratu barik. Iribasen arabera, nafar bat ez da nafar hobea euskaraz jakiteagatik, ez espainiar bat espainiar hobea flamenkoa dantzatzen jakiteagatik. Hitzen mamia garrantzitsua da, baina garrantzitsuena, intentzioa: euskara gutxiestea, huskeria baten pare uztea.

Gehienetan, halako argudioak darabiltzatenek errespetu-koloreko berniz batekin estaltzen dituzte euren hitz umiliagarriak. Errespetu handiz hartzen dute batek euskara ikasi nahi izatea, baina errespetu bera nahi dute arku-tiroa ikasi nahi dutenentzat. Ez dute trabarik jartzen euskara-eskolak antola daitezen, baina erraztasun berdina nahi dute makrame-ikastaroak antolatzeko.

Euskararen balioa ezdeuskerien mailara jaitsiz, euren ezjakin-mailara jaitsi nahi gaituzte elebidun garenok, kultura bi ditugunok, munduan ibiltzeko komunikazio-baliabide bat baino gehiago erabil dezakegunok.

Eraso-argudioa: Batzuek euskara ikasi nahi dute; beste batzuek dantza flamenkoa, eta hori ere errespetagarria da.
Defentsa-argudioa: Ez nauzu zure ezjakin-mailara jaitsiko.

Euskara jakiteak hizkutza bat jakiteak duen balioa du, inondik inora ere konparatu ezin dena flamenkoa dantzatzen, makramea egiten edo musean jokatzen jakiteak duen balioarekin. Euskarak, ordea, ez du kosturik halako ondasunaren jabe egin nahi duenarentzat. Euskaldunok, gainera, doan eta atseginez partekatzen dugu, euskara zenbat eta banatuago aberatsago sentitzen garelako. Iribasek eta konpainiak, partekatu beharrean, euskarari uko egin diezaiogun nahi dute, ezin baitezakete eraman hain hizkuntza apal batek agerian uztea zein ezgauza eta zein ezjakin diren.

Nafarroan, garai berri bat hastekoa da, eta euskara sustatzearen aurkako argudio ergelak itzaliz joango dira. Beraz, gauza bat baino ez diet esan nahi Nafarroako legebiltzar eta gobernu berriei: nafar gaztetxoek ETB1eko “Gu ta Gutarrak” ikusi beharra dutela, une honetan gure pantailetan 12-16 urtekoentzat dagoen programarik onena da eta.

Iribas, zuretzat (III)

Asier Larrinaga Larrazabal

EZARTZEA

Javier Esparza, Nafarroako presidente izan nahi zuen upntarra, ez zen txikikerietan ibili hauteskunde-kanpainan. Nafarroako hezkuntza-sistema estatuko onena zela bota zuen eta, hori nahikoa ez balitz bezala, hobetzen jarraitzea agindu zuen. Berak irabaziz gero, ikasle guztiek ingelesa menperatuko zutela ikasketak amaitutakoan. Euskaraz, hitz erditxo bat ere ez. Euskara, nonbait, eragozgarri baino ez zaio estatuko hezkuntza-sistemarik onenari. Ez da gauza berria eta, dagoeneko, behin barik, birritan ahalegindu naiz ikuspegi horren kontrako argudioak eskaintzen.

Euskararen sustapena alde batera uzteko, oso argudio ezaguna da —hauteskunde-sasoian batez ere— herritarren benetako kezkak beste batzuk direla esatea. «Herritarrak benetan kezkatzen dituena lana da». «Herritarrak benetan kezkatzen dituena politikagintzako gardentasuna da». Eta hala. Ez dut nik ukatuko lana, gardentasuna, bizikidetza, osasuna eta beste mila problema kezkatzeko modukoak direla, baina konbentzimendu berarekin esan behar dut identitatea egiazko kezka dela edonorentzat.

Oso modu sinplean esatearren, identitatea sentimendu bat da, talde bateko kide izateko sentimendua. Normalean, talde edo komunitate bat baino gehiagotako kidetzat daukagu geure burua, pertsonaren nortasunak hainbat alderdi dituelako. Budista izateak kidetasun-sentimendu jakin bat ernarazten dit. Begoñako elizatean jaioa izateak, beste bat. Txistulari izateak, beste bat. Diabetikoa izateak, beste bat. EiTBn lan egiteak, beste bat. Eta, jakina, euskalduna izateak, beste bat. Sentimendu horietako batzuk konkomitanteak izan daitezke, eta beste batzuk, frikismoak. Sentimendu horietako batzuk kili-kili bat baino arin eta azalekoagoak izan daitezke, eta beste batzuk, transzendentalak. Hizkuntzak eragiten dituen sentimendu identitarioak sendo eta erabakigarrienetakoak izaten dira.

Pertsona batzuek larruazal kontrako larruazalaren berotasunean baino ezin dute sentitu taldekoak direla. Beste batzuk ezin erosoago sentitzen dira komunitate birtualetan. Baina babesa behar dugunean, elkartasuna, amultsutasuna, atxikimendua, aterpea, begikotasuna, urgazpena… badakigu nora jo: gure taldera, gure komunitatera. Zeren solidaritate-sareak identitateak ehuntzen ditu, ez bestek. Mozolo batek baino ezin dezake esan identitatea ez dela herritarren benetako kezka.

Eraso-argudioa: Herritarren benetako kezka gazteen enplegua da / osasuna da / haurren hezkuntza da / kaleko segurtasuna da.
Defentsa-argudioa: Identitatea lehen mailako kezka da edonorentzat.

Oso erraz igartzen dira kezka hori ahantzarazteko edo alde batera utzarazteko ahaleginak, batez ere ingelesaren bandera airean datozenean. Egia da mundu globalizatu honetan ingelesa ez dakienak ez duela gauza handirik egingo, baina hortik atera behar den ondorioa ez da ingelesa lehenetsi behar dugunik euskararen aurretik. Egungo munduan ingelesa euskara baino garrantzitsuagoa eta baliagarriagoa dela esatea argudio ustel bat da gure hezkuntzaren testuinguruan. Argudio ustela, bera darabilenak jakintzat ematen duelako gaztelania / frantsesa ez dela zalantzan jartzen. Argudio ustela eta maltzurra, bera darabilenak ondo dakielako hizkuntza faktore identitario berebizikoa dela.

Egunokaz, oso gogoeta interesgarriak irakurri ditut ingelesaren gai honek unibertsitatean eragiten duen problematikari buruz. Lehena, Igone Zabalak plazaratu zuen foro honetan bertan eta, asteon, Estitxu Garaik datu oso interesgarriak ekarri dizkigu. Jakin aldizkariaren 207. alean, bestalde, lan bi agertu dira gaiarekin lotuta. Bata Ane Larrinagak eta Mila Amurriok atera dute, eta bestea Karmele Artetxek.

Nik ideia bi baino ez ditut erantsi nahi. Lehena, aniztasuna balioesten ikasten / irakasten ez badugu etorkizuna amerikanizazioa dela. Nik miresmenez maite ditut Estatu Batuak, baina zer espiritu-pobrezia handia jasango lukeen gizateriak denok trokel bereko piezak izango bagina! Pena handiz irakurtzen ditut honelako albisteak, argi erakusten digutelako baliagarritasunaren logikak uniformizaziora garamatzala.

Bigarren ideia da ez dugula geure burua beste batzuek ezarritako mugimenduaren inertzian jausten utzi behar. Geure estrategiak behar ditugu.

Unibertsitatearen gaiari berriro helduta, ingelesa sartu behar den ala ez pentsatzen hasi aurretik, zer unibertsitate behar dugun pentsatu beharko da. Zalantza barik, gizarteak behar dituen profesionalak prestatzen dituena: gure inguruneko estandarren arabera formatuak eta ―engainatuta ez banago― euskaldunak.

Horraino bat etorriz gero, hurrengo, estrategiak datoz. Esan bezalako formazioa eskaini behar duten irakasle eta ikertzaileak ezin daitezke euren unibertsitateko txokoan jesarrita egon, jakina, baizik beste unibertsitate batzuekin eta beste jakintza-gune batzuekin etengabeko harremanean. Euren lanak eta emaitzak nazioartean zabaldu behar dituzte. Eduki dezagun, bada, gure unibertsitateetan itzulpen-zerbitzu on bat. Eta bidal ditzagun gure irakasle eta ikertzaileak beste unibertsitate batzuetako ikerketa eta proiektuetan lan egitera, mundu zabaleko mintegi eta sinposioetan parte hartzera, hemengo zein kanpoko enpresetan kolaboratzera.

Ahalegin horietaz gainera gure unibertsitateetako klaseetan ingelesa sartu behar dela aldarrikatzen denean, nik euskarari lekua kentzeko azpijokoa sumatzen dut, eta ez gure gizartearen interesen aldeko estrategia. «Euskarazko klaseek ez dute nazioarteko ikaslerik erakartzen». «Euskarazko adarrei eustearren, beste inon mailarik emango ez luketen irakasleak kontratatzen dira unibertsitatean». «Euskal unibertsitarioek mestizajea bizi behar dute». «Euskarazko talde askotan, pertsona bat edo bi baino ez dira batzen». Askok halakoak botatzen dituzte, inferentziarik egin gabe, baina ondorioa garbi baino garbiago utzita: lau abertzaluko menditarri atsegin emateagatik, eragozpenak, xahubidea eta kalitate-galera besterik ez zaio ekartzen unibertsitate-sistema osoari.

Lehengo bera diot: bide horrek amerikanizaziora garamatza halabeharrez. Tamalgarria da eramus askoren esperientzia entzutea. Egon diren lekuan egon direla, ingelesez bizi izan dira, ingelesez ikasi dute, eta pizzak eta burgerrak jan dituzte nagusiki. Euskaldunok ez dugu burbuila baten barruan egon behar, baina ez dugu gure identitatearen defentsan amore eman behar. Zein da EHUra erasmusak erakartzeko prezioa? Euskarari eta euskal kulturari ―gure identitateari― gero eta leku txikiagoa egitea? Doazela, orduan, etorri diren lekutik!

Iribas, zuretzat (II)

Asier Larrinaga Larrazabal

Laster datoz hauteskundeak EAEn eta Nafarroan, eta hainbat alderdik euskararen gaia atera dute giroa asaldatu eta hedabideetan lerroburuak irabazteko asmoz. Gordinki jotzen dute euskararen sustapenaren aurka, betiko argudio sinple eta sinesten errazak erabiliz, baina euskaltzaleak hasi dira behar bezala erantzuten. Zoragarria iruditu zitzaidan Estitxu Garaik orain egun batzuk esandakoa. Nik neuk, serie bat hasi nuen aurrekoan, sinplekeriak gezurtatzeko eta kontrargudioak eskaintzeko.

Lehengoan, Iribasek botatako hitzekin hasi nintzen. Handik egun batzuetara, Idoia Mendiarenak entzun genituen eta, geroago, De Andres eta Oyarzabalenak. Gaurko post hau, dena dela, Joseba Arregiri zuzendu behar nioke, berea baita azken hiruron ideien gurasotasuna.

Arregik «Consideraciones sobre las bases de la política lingüística» atera zuen 2008an La política lingüística vasca a debate tituluko liburuan. Euskarazko bertsioa ere badago Interneten. Ez nuke inor aspertu nahi, baina uste dut interesgarria dela Arregiren artikulua laburbiltzea. Sei puntuko eskema bat baino ez da izango.

1. Ardanzaren koalizio-gobernuaren garaian, eskola eta administrazioa euskalduntzeko adostasuna lortu zen Euskal Autonomia Erkidegoan.

2. Adostasun horretan, erdaldun elebakarrek oso eskuzabal jokatu zuten, euskaren aldeko keinuak gizartearen integrazio politikorako eta biolentziaren arazoaren konponketarako balioko zuelakoan.

3. Ibarretxeren garaian, elebakarrekiko adostasuna hautsita, ezker abertzalearen gogoko jarrerak bultzatu ziren; funtsean, euskara hizkuntza nagusi modura ezartzea administrazioan eta hezkuntzan.

4. Politika hori guztiz bidegabea da, erdaldun elebakarrak administrazioko lanposturik onenetatik kanpo uzten baititu.

5. Bidezkoagoa litzateke EAEko administrazio publikoa gaztelaniaz bakarrik mintzatuko balitz. Hala ez lirateke erdaldun elebakarren eskubideak urratuko, ezta euskaldun elebidunonak ere, gaztelaniaz jarduteko gaitasuna ere badugu eta.

6. Azken batean, ameskeria hutsa —«postmodernismoaren ezaugarria»— da arazo guztiak konpon daitezkeela sinestea. Hizkuntza-eskubideen gatazka konponezina da, % 100 baino handiagoa baita euskaldun elebidunon eskubideak eta erdaldun elebakarren eskubideak gehitzeak ematen duen batura.

Oso erraz erantzun dakioke argudiaketa horri.

Eraso-argudioa: Eskubide-gatazka dagoenean, ez da bidezkoa euskaldun elebidunen  eskubideak erdaldun elebakarrenen gainetik ezartzea.
Kontrargudioa: Ez dago inongo gatazkarik. Legeak zehazten du zein diren eskubideak,  eta eskubideak denontzat dira.

Oso garbi dago kontua. Administrazioarekin euskaraz aritzea eskubide bat da EAEko herritar guztientzat, Euskararen Normalizaziorako Legean jasoa. Funtzionario izatea ez da eskubidea inorentzat, ez EAEn, ez Chinchonen. Funtzionario izan nahi duenak gizartea ondo zerbitzatzeko gaitasunak eta ezagutzak badituela frogatu beharko du.

Konforme ez dagoena parlamentuan ahalegin daiteke gauzak aldatzen. PSOEk eta PPk 43 hiletan izan zuten gehiengoa Eusko Legebiltzarrean eta, hala eta guzti, ez zuten debate linguistikoa sustatu. Pentsa liteke, agian, errentagarriago zaiela euskararen gaia hauteskunde-kanpaina guztietan ateratzea betiko konpontzea baino. Nik nahiago dut pentsatu Nafarroako kasuak ikaskizuna eman digula denoi: herritarren nahia eta borondatea euskarari heltzea bada, alferrik da legebiltzar bateko zenbakiekin jokatzea edo gobernu baten jarrera pasibo-agresiboarekin boikotatzea.

Iribas, zuretzat (I)

Asier Larrinaga Larrazabal

Nafarroako parlamentuak Euskararen legea aldatu du otsailean, nafar guztiek izan dezaten, eremu-bereizketaren gainetik, euskaraz ikasteko eskubidea. Parlamentuko debateetan, Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak betiko argudioetara jo du euskara ez sustatzeko jarreratik legea bere horretan utz dadin defendatzeko. Mila bider entzundako argudioak dira, sinpleak, sinesten errazak eta, batez ere, gutxitan gezurtatuak. Nik kontrargudio batzuk eskaini nahi nituzke post honetan eta hurrengoetan.

Euskararen sustapena baztertzeko argudio klasikoak gai delikatu bat ukitzen du, gure osasuna. Iribasek, jakina, erabili zuen Nafarroako parlamentuko debatean.

Eraso-argudioa: Nahiago dut mediku ona, mediku euskalduna baino.

Kontrargudioa: Mediku guztiek dakite medikuntza. Nik nahiago dut pazientea behar bezala artatzen dakiena.

Medikuaren argudio hori darabiltenek sinetsarazi nahi digute Osakidetzak edozein mozolo jarriko digula anbulatorioan euskara jakite hutsagatik. Ez izan horren beldurrik. Ezinezkoa da medikurako oposizioak gainditzea medikuntza jakin barik, eta niri oposizioak gainditzen dituen edozein medikuk balio dit. Aukeran, baina, nahiago dut euskalduna, arta hobea eskainiko dit eta.

Gauzak zer diren! Baliteke, gainera, mediku euskalduna eskatuz gero Espainiar estatuko sendagilerik onenetakoa tokatzea. Izan ere, 2015eko MIR azterketa notarik handienekin gainditu zutenetatik, herenek euskaraz ikasi zuten medikuntza, Euskal Herriko Unibertsitatean. Egundokoa!

The number one

Asier Larrinaga Larrazabal

Niri kezka handia sortzen dit euskara hizkuntza homologatua izateak. Horrek esan nahi du «zelan esan daiteke euskaraz XXX?» galdetzen digutenean erantzuna ez izatea «ez dago modurik hori esateko». Denbora luzez, ez dut erantzun hoberik izan neure buruari egiten nion galdera baterako.

Zelan esan daiteke euskaraz «soy el número uno / je suis le numéro un / I am the number one»? Orain arte izan dudan erantzun bakarrak, lasaitzeko barik, gehiago kezkatzeko balio izan dit. Izan ere, EIMAren Kalko okerrak eskuliburuan honela dio:

«Lehen
Badira adjektiboaren kokagunearekin zerikusirik ez duten beste erabilera kalkatu batzuk ere. Horietako bat erruz ari zaigu sartzen, gainera, publizitatetik-eta bereziki, azken urteotan: lehen hitza nagusi, gailen, salduen, onen, lidernumber one zentzuan erabiltzea, kasurako. Eta ez dirudi jokamolde egokia, bestelako esapideak aukeran ditugula» (39. or.).

Ez zait iruditzen oso gomendio lasaigarria. «Ni lider» esan behar al dut hemendik aurrera? «Ni gailen»? «Ni nagusi ―edo bestela muturrak hausi»? Eta esaldia zenbakiz aurkitzen badut, zelan itzuliko dut? Zelan emango dut «I’am (the) No. 1»? «I’m (the) #1»?

Orain badaukat erantzuna. Ordain polit bat otu zitzaidan lehengoan: «Serieko lehena naiz». Egoki-egokia. Gainera, grafikoki ere eman daiteke ―kamisetetan eta―: «#1 naiz». Irakur bedi # ikurra ‘serieko’, alegia, «serieko lehena naiz». 🙂

Bartzelona vs Bilbo

Asier Larrinaga Larrazabal

 

Gorrotagarria da konparatzea

BCN

1a

BIO

1b

BCN

2a

BIO

2b

BCN

3a

BIO

3b

BCN

4a

BIO

4b

 

Esperantzari leiho bat

5c

 

6c

 

7c

 

8c

 

Azken hitza

Zeri begira daude Bilbon tabernetako ugazabak eta ugazabandreak? Gure tabernetako hizkuntza-paisaiagatik balitz, batek pentsatuko luke Zazpi Kaleetan barik Leongo “auzo hezean” dabilela, edo Indautxun barik, Lavapiesen. Bada ordua Bilboko ostalaritza azelerazio-erreian sar dadin.