Itzultzaileen bekatu nagusia

Angel Erro

Itzultzaile lanean ibiltzen garen edo inoiz ibili garen hiru lagunek topo egin genuen nolabaiteko adiskideen bilera zabalago batean. Sexu kontuez mintzatzen hasteko atariko galdera molde hau atera zen noizbait: “Eta zein izanen litzateke, orduan, itzultzaileon bekatu kapital nagusia?”. Zazpiak atera genituen hizpide, izen-abizenak emanez kasu batzuetan, eta adibideren bat ere bai, taldeko besteak aspertu arte. Beranduago, etxerako bidean, eta agian hemengorako artikulu posible baten asmo lausoa buruan, hausnarrean hasi nintzen guztietan zein izan zitekeen gurean larriena: bekaizkeria, abarizia, hantustea, nagia, asekeria… Ez dut gogoan ondorio argi batera iritsi izana.

Orain, denbora dezente igaro dela, eta entrega eguna gainean dudala, argixeago daukat zein joko nukeen nik itzultzaileen bekatu nagusitzat, ez hainbeste hari zer izen eman. Buruirizkeria? Alferkeria? Duela gutxi ikusi dut halako kasu bat. Argentinako egile batek idatzitako “salida de baño” hartu eta “bainutik irtetea” eman duenarena. Eta, horrek testuinguruan zentzu handirik ez zuen arren, hala utzi zuzentzaileak eta editoreak. Nik ez nuen inoiz espresioa entzunda, baina atzera-bilaketa bat eta Google Images aski izan ziren idazle argentinarrak euskaraz “txabusina” esan nahi zuela asmatzeko.

Natalia Ginzburgek bi tokitan kontatzen du ―poetak dioenez, muntako gauza batzuk bitan esan beharra dagoelako― aurrenekoz liburu bat itzultzen hasi zenean Leone senarrak emandako aholkua, nire iritziz inoiz itzultzaile bati eman zaion zorrotzena, ia sadikoa, baina emazteak hitzez hitz bete omen zuena: hitz guzti-guztiak bilatzeko hiztegian, are ezagunak zituenak ere, are etxe ere[1].

Hiztegi mendekotasun gehiegizkoa ere bekatu larria izan daiteke ―hortaz ez bide zion ohartarazi Leone Ginzburgek Nataliari, bere kasa ikasiko zuen berak―, baina argi dago ezen hobekien dakizula uste duzun hizkuntzan ere ez dakizkizunen eremua potentzialki infinitua dela susmatzea bertute handia dela, hain zuzen, hiztegian bilatuta ere, izendatzen asmatzen ez dudan bekatu kapitalaren ifrentzuzkoa.


[1] “Leone mi aveva detto che dovevo cercare tutte le parole nel vocabolario: anche quelle di cui sapevo il significato. Era sempre possibile trovare un termine più preciso e migliore. Questa frase la presi alla lettera e cercavo proprio ogni parola, anche maison. (Postfazione, in Marcel Proust, La strada di Swann, 560. or. (Einaudi, 1990). “Quando ebbi finito di tradurre le prime quattro pagine, le diedi da vedere a mio marito, Leone Ginzburg, il quale mi disse che erano tradotte assai male. Allora, lentamente, ricominciai. Mio marito m’aveva spiegato che dovevo cercare ogni parola nel vocabolario, ogni parola, anche quelle di cui sapevo benissimo il significato, perché poteva, il vocabolario, suggerire una parola più precisa e migliore”. (Come ho tradotto Proust, in «La Stampa», Torino, 1963ko abenduaren 11, 7. or.).

Utzi iruzkina