zure lana adimen artifiziala elikatzeko denean

Eider Beobide Urkizar

Supermerkatura sartu eta AArekin egindako abestiak.
Donostiako edozein kaletan paseatu eta AArekin egindako poster erraldoiak autobus paradetan.
Pisukidea eta kuadrillakoak, psikologora joan ordez, “Txati”-ri galdetzen bai mila kontu, bai maitasun gomendioak, beren informazio pertsonal GUZTIA oparitzen.
Neba eta adinekoak uniko lan denak harekin egiten, baina baita nire adinekoak eta helduagoak lana harekin egiten ere. Irakasle batzuk haiek zuzentzen ere hala ari dira.
Aita baratzerako galderekin hasi da udaberri honetan.
Amonak ere AArekin egindako bideo bat bidali du gaur whatsapp taldera.
Eta ni, kezkatuta, azkenaldian iristen ari zaizkidan lanak ―susmoa dut― euskal AA berri bat elikatzeko baitira.

Aldi berean, Marta G. Franco adituarekin hitz egin eta interneten kontu itsusienak aditu.
AAren ordenagailuak hozteko indigenei lapurtzen dieten uraz irakurri.
Eta Instagramen datu lapurretaz, bakar batzuen diru metaketaz eta jaisten ari zaigun arreta-tarteaz bideoak ikusi eta bideoak ikusi eta bideoak ikusi eta ikusi eta ni ere harrapatuta nago sare sozialen sorgin-gurpilean.

Eta bitartean, kezkatuta, azkenaldian iristen ari zaizkidan lanak euskal AA berri bat elikatzeko baitira, ziur nago.

Non dago muga eta nola egin banaketa erabat moralista izan gabe.
Zer egin eta zer ez.
Non topatu oreka, bidea, fedea.
zer da lana eta zer zurea
nahi ote dugun
euskarazko adimen artifiziala
euskarazko polizia
nahi duten moduan
eta lana behar badut
ordaintzeko etxeko alokairua
eta euskaraz oso ondo egiten du,
eta guk ere beharko dugu ba!
eta zertan ari zarela? AArentzako? ze guay!
eta probatu dituzu itzultzaile automatikoak?
eta ziur makinaren batek egin dezakeela zure lana…
eta ni hemen, makina hori euskaraz elikatzen.

Bat-batean hor topatu duzu zeure burua,
zertarako den oso argi ez duzun horri gure altxortxoa irakasten
nola eta nondik iritsi zaren hara jakin gabe
ondo ari zaren ulertu gabe
ondo zer den ere oso argi eduki gabe.
Inor oso ondo ezer defendatzera ausartzen ez den gudu zelai honetan
bandoa hautaturik
bandorik zegoela jakin aurretik ia

Gaur ez nator ezer irakastera,
            ez datuak plazaratzera,
                        hausnarketak adieraztera ere ez,
                                                                       hori ere ez.

Adimen artifizialari begira dagoen arraintxo txiki bakartu bat sentitzen naizela aitortzera besterik ez, ozeano erraldoiari begira, erdi itota.