Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Azken urteotan euskaraz idatzitako testuetan ugaltzen ari diren hiru joeraz arituko naiz gaur: alferreko erlatiboen ugaritze neurrigabeaz, moduzko adberbioak eratzeko derrigor -ki atzizkia erabiltzeaz eta, hein batean gaztelaniaz landutako hizkera ez-sexistaren proposamenen ondorioz, euskaraz ere erruz zabaldu den pertsonamaniaz. Ezer deabrutzeko asmorik ez nik, perpausak arintzen dituzten aukera batzuk oroitarazi beste asmorik ez dut eta.
EBEk berak alferreko erlatiboaz ohartarazten digu, eta hauxe adierazten: “Erlatiboaren bidez emanikoa ere zuzena da berez, baina galdegai-sistema arruntaz baliatzeak perpausa asko arintzen du”.
Ikus dezagun adibideren bat horren erakusgarri:
Esaldi hau zuzena da:
- Palestinarren lurrak lapurtzea kolono israeldarren artean ohikoa den praktika bihurtu da.
Baina beste hau, askoz arinagoa (formaz, jakina):
- Kolono israeldarren artean ohiko bihurtu da palestinarren lurrak lapurtzea.
-ki atzizkiak[1] ere badu sarrera EBEn, baina ez da zuzenean aipatzen hona ekarri nahi dudan kontua. Nire kezka da ezen, gure ondoko (gaineko?) erdaretan adberbio batek -ment / -mente atzizkia daramala ikusiz gero, hura itzultzeko euskaraz ere -ki duen adberbio bat erabili nahi izaten dugula, eta maiz ahantzi egiten dugula -ki gabeko adberbio asko ditugula (zigorgabe, harrigarri, zeken, larri, gogor, irmo, bidegabe, sakon, trakets, garratz…)[2].
Hona hemen adibide bat:
- Trumpek zakarki eta gordinki adierazi duena da sudur puntan jartzen zaionean etengo dituela erasoak.
- Trumpek zakar eta gordin adierazi du sudur puntan jartzen zaionean etengo dituela erasoak.
Pertsona izenaren loraldia dela eta, iruditzen zait, Hegoaldean bederen, pertsona hitzaren erabilera asko zabaldu dela, batetik, esan bezala, gaztelaniaz hizkera ez-sexista erabiltzeko baliabide aproposa delako; eta, bestetik, kolektibo jakin batzuen eskariz, kondizio jakin bat dutenak aipatzean azpimarra norbanakoarengan jartzearren eta ez haren berezitasun jakin batean (adib.: “itsutasuna duen pertsona” eta gisakoetan).
Baina kezka bera etortzen zait: pertsona erabiltzearen erabiltzeaz ez ote zaigun ahantziko lagun eta norbanako aukerak ere baditugula, edo “algunas personas dicen” euskaraz “batzuek diote” itzultzen ahal dugula)[3].
Honatx azken adibidea:
- Pertsona batzuek irmoki salatu nahi dutena da badirela pertsona batzuk euskara inposizioaren bidez zabaldu nahi dutenak, eta, horregatik, XXX pertsonez osatutako WhatsApp talde batean…
- Batzuek irmo salatu nahi dute badela jendea euskara inposizioaren bidez zabaldu nahi duena, eta, horregatik, XXX lagunez osatutako WhatsApp talde batean…
Oraingoan ere, hasieran esan bezala, artikulu honen helburu behinena euskaraz idaztean ditugun aukerez gogoetatzea besterik ez da, hau ez baita plaza egokia adibideetan ageri diren aferez mintzatzeko. Edo agian bai.
[1] EBEk hau dio (kontuan hartzekoa, zinez):
“Adberbioetan, moduzkoak eratzeko erabiltzen da: (…) Halakoetan, kontuan izan behar da batzuetan badirela bestelako aukera batzuk ere, eta egokiagoak zenbaitetan: legalki (> legez), teorikoki (> teorian), ekonomikoki (> ekonomian), (nik) pertsonalki (> nik neuk), tradizionalki (> tradizioz)…”
[2] Oso aintzat hartzekoak iruditzen zaizkit, orobat, Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak libururako Patxi Petrirenak hautatu adibideak (“7.1.2. Ez alferrik erabili -ki atzizkia”).
[3] Itzulpenetan pertsona itzultzeko lagun hitza ere kontuan hartzeari buruzko gogoeta interesgarria dator Lamia Filali-Mouncef Lazkanok 2022ko Senezerako idatzi artikulu honetan: “Itzultzaileak eragile soziokultural gisa Euskal Herrian”

