Isabel Etxeberria Ramírez
Ez nuen Edorta Matauko ezagutu, baina, haren Gizadiaren oren gorenak itzulpena irakurri nuenetik, noizbait ezagutu nahiko nituzkeen pertsonen nire zerrenda imajinarioan zegoen. Haren heriotzaren berri izan, eta itzulpen hura gainbegiratzen aritu naiz egunotan; miraz, lehen aldiz irakurri nuenean bezala, eta arretatsu, Matauko nire begietan eredugarri zerk bilakatu zuen zehaztu nahian.
Mataukok berak gauza gutxi azaldu zuen Stefan Zweigen liburuaren itzulpen-prozesuaz, edo gutxi dira behintzat komunikabideetan jaso zirenak; aurkezpen-egunean aipatutako hiruzpalau zertzelada baino ez, baina garrantzia zeri ematen zion antzemateko lain. Lehenengo eta behin, asmo-adierazpen orokor bat, Ortzadar gehigarriko elkarrizketa batean Andoni Lopez kazetariari kontatua:
| Nik hasieratik neukan garbi. Liburu hau liburu jasoa zen, hizkera jasoa zeukan, eta horri ezin zaio iskin egin itzulpen batean, hizkera jaso hori, prosa kultua itzuli egin behar da. Hori ez dago errazterik… Euskal itzulpengintzak ere badu maila bat edozein hizkuntzaren prosa, prosa jasoa ere, itzultzeko, zalantzarik gabe. Azken mende erdian izugarrizko aurrerapenak eman dira. |
Eta Zweigen hizkera kultua itzultzeko bide horretan, bi makulu baliatu zituen Mataukok: lexiko hautaketa oso zaindua eta era berean askea, batetik, eta hitzen soinuarekin jolasteko gustua, bestetik. Lehenengoari dagokionez, honela jaso zuen Xalba Ramirezek Irutxuloko Hitza agerkarian Mataukok liburuaren aurkezpenean esandakoa: “Modu ‘eklektikoan’ aritu dela onartu du itzultzaileak, eta euskara batuak onartzen dituen sinonimo kopuruetan libreki mugitu dela, bere estilo propioa garatuz”. Hitzen soinuari ematen zion garrantziaren erakusgarri, Berria egunkarian Amaia Jimenez Larrea kazetariak jasotako Mataukoren hitz hauek: “Begiez gain, belarriak ere erabili behar dira itzultzeko orduan, hitzak hotsak baitira”.
Modu eklektikoan eta euskara batuaren sinonimoetan libre mugituz aritu zela zioen Mataukok. Bada, haren liburua edozein orrialdetan ireki, eta erraz topatuko ditugu jokamolde horren erakusgarriak. Kontzeptu bat izendatzeko gehienoi burura etorriko litzaigukeen lehen proposamenarekin konformatu ez, eta euskararen ondarean arakatuta bestelako aukerak berreskuratzen eta proposatzen ditu maiz: iturri edo iturburu adierazteko, iturbegi (17. or.); gorroto edo ezinikusi adierazteko, gibelmin (17. or.); pisu edo zama adierazteko, hazta (42. or.); talde adierazteko, aralde (45. or.); olatu adierazteko, baga (102. or.); oturuntza adierazteko, tripa-festa (102. or.); maitasun adierazteko, maitazarre (103. or.); askatzaile adierazteko, jaregile (144. or.)…
“Euskara batuak onartzen dituen sinonimoak” zioenean, gainera, euskara batu orohartzaile bat bide zuen buruan. Ekialdean orain, mendebaldean gero, Mataukok handik eta hemendik aukeratzen ditu hitzak, dena da batua premisapean. Hiztegietan iparraldeko marka duten utzietsi (16. or.), erroteria (19. or.), oraino (20. or.), nehoiz (102. or.), lotseria (103. or.), kausitu (144. or.) eta beste hainbat baliatzen ditu, esate baterako, baina baita bizkaiera markadun maraztasun (16. or.), gura (19. or.) eta beilegi (140. or.) ere, adibidez. Dotore, oparo, orekatu.
Lexiko hautaketa aberats hori, dena den, ez da apeta berekoi eta bakarzale batek bultzatua. Mataukok oso gogoan du irakurlea, eta ondo neurtzen du zer non sartu, ulermenari traba ez egiteko moduan. Titakatu eta guda-oin hitzak, adibidez, ezezagun samarrak izango zaizkigu askori bakarturik irakurriz gero, baina ez dira batere eragozpen pasarte honetan:
| Baso ilunezko olatu eztietan, muinoek titakatzen dute landa zabala. Iturbegiei pol-polka darien oihartzun zilarra hedatzen da gelditasun bakartuan. Pentsalari sortzaileari, urte horietan guztietan azokan, foroan, guda-oineko kanpadenda barruan edo hainbat bidaiatan ibili eta gero, azkenik arima zabal-zabal egin zaio hemen. (17. or.) |
Batzuetan irudimen handiz zukutzen du hizkuntza, mezua oso modu bisualean helarazteko. Zer da hots-tutua? Eta zer eskuak uztaitzea? Bada, begira zeinen erraz irudikatzen dugun hemen nola ari den sultana eskuak jartzen bere gudariei oihu egiten dien bitartean:
| [Sultana], bere paxaek inguratua, zaldi gainean ur sakonean sartu, tunika busti egin, eta, hots-tutu moduan eskuak uztaiturik, ahots suminean oihuka agindu die beretarrei kristauen itsasontziak kosta ahala kosta hartzeko. (45. or.) |
Hiztegi joria ez ezik, hitzen soinua ere garrantzi handikotzat jotzen zuela adierazi zuen Mataukok, gorago ikusi dugun bezala. Itzulpenaren aurkezpen-egunean kontatu zuen ezen, liburuaren izenburua hitzez hitz itzuli izan balu, Gizadiaren izar uneak aterako zitzaiola. Jatorrizko alemanezkoak hoskidetasun bat gordetzen omen du, ordea, eta berak ere gauza bera bilatu nahi izan omen zuen euskarazkoan: Gizadiaren oren gorenak. Izenburuan bakarrik ez; liburuan barna askotan igartzen zaio hitzen soinuarekin jolasteko asmoa. Hemen zerrendatzen ditudan bikote hauek kasualitatearen ondorio izan litezke, noski, baina Mataukoren iritzia ezagututa, litekeena da berariaz bilatutakoak izatea:
| Beraz, kanoi sendoagoak lortu behar! Luzeagoak, helmen eta ahalmen handiagokoak, orain arte gerra-lanetan ezaguturikoak baino. (41. or.) | |
| Astiro, temaz, baina eutsi ezinekoak, alimaleko kanoiek birrin eta irin egiten dituzte ñirñirazko hozkadekin Bizantzioko harresiak. (42. or.) | |
| Egia da gauean setiatuek zulo horiek adabatzen dituztela gero eta beharrezkoagoak diren oholesiz eta mihise-kanaz, baina, hala ere, ez da gehiago lehengo harresi sendo, ukigabea. (42.-43. or.) |
Pasarte honetan, bestalde, nabarmena da r-aren aliterazioa, zer eta kanoi baten probaldia deskribatzen duenean:
| Izugarrizko burrunba-hotsez su-orratzak gorrituriko ahoak tu egin duenean harrizko bola ahaltsua eta murrua porrokatu tiro-proba bakar batez, Mehmedek manua eman du laster artilleria oso bat egiteko neurri erraldoi horietan. (41. or.) |
Ortzadar gehigarriko elkarrizketan, Mataukok esan zuen euskal itzulpengintzak bazuela edozein hizkuntzaren prosa jasoa emateko maila. Ados nago. Eta horren adibide ezin hobea Matauko bera da. Imajina ezazue itsas borroka indartsu bat, film bateko eszena zirraragarri bat, euskara bizi, zehatz eta adierazkorrean deskribatua. Orain, irakurri eta gozatu:
| Orduan zerbait ikaragarria gertatu da. Haizea behingoan gelditu da. Iman batek atxikiak iduri, lau belaontziak guztiz hilik geratu dira itsasoaren erdian, salbabide duketen kaitik harrikada pare batera, eta, bozkariozko basa-garrasi batean, etsaien arraunontzi aldra guztiak erasoari ekin dio lau galeoi herbalduen gainera, lau dorreren antzera higige baitaude uraren gainean iltzatuta. Orein batekin ankerrak izaten diren artzain-txakurrak nola, ontzi txikiak abordatze-kakoez zintzilikatu dira handien alboetan, zurerian aizkora-ukaldi zorrotzak emanez hondorarazteko, talde beti berrituekin katuka igoz aingura-kateetatik, haize-oihalen aurka zuziak eta ilintiak jaurtikiz, irazekitzeko asmoz. Armada turkoaren kapitainak, bipil, beraren bandera-ontzia aurrerarazi du garraio-ontziaren kontra, erasoan hartzeko; dagoeneko bi itsasontziak bata bestearen barruan ahokaturik daude eraztunen gisan. Genoar marinelak, euren karelaren garaiak eta kota-mailek babestuta, hasieran oraindik atzera botatzen ahal dituzte gorantz igotzen direnak, oraindik oldartzaileak uxatzen dituzte kako eta harriekin eta su grekoaz. Baina laster hesialdiari amaiera eman behar zaio. Gehiegi dira gutxi-gutxi batzuen aurka. Genoar itsasontziak galduta daude. (44. or.) |
Berandu bada ere, bihoakio hemendik Edorta Mataukori nire miresmenaren aitortza.

