Santi Leoné
Euskaldunok ez dugu Erdi Arorik. Edo bai, nondik begiratzen zaion. Ez, ez naiz kontua ongi azaltzen ari; has dezagun berriz artikulua. Euskaldunok badugu Erdi Aro historikoa, bere errege-erreginekin, bere oinaztar eta ganboarrekin, agramontar eta beaumontarrekin, bere garaipen epikoekin ―Orreagakoa, kasu― eta bere porrot gogoangarriekin ―Amaiurkoa, konparazio baterako―. Badugu, dudarik gabe, irudimenaren Erdi Aro historiko bat, zein aspalditik borrokagune bihurtu baitzen ―nafartasun-espainiartasun esentzialaren jatorria ote, edota euskal estatuaren oinarri atzendu gabea―, baina euskaldunok, Textos arcaicos vascosen baimenarekin, salbatu eta guregana ailegatu diren zati eta pasarteei zor zaien begirune guziarekin, ez dugu Erdi Aro literariorik.
Izan dugu sona handiko faltsifikazio bat ―Altabizkarko kantua―, baditugu nobela historiko batzuk ―hala nola Anjel Lertxundiren Otto Pette―, baita Arturoren legendaren berrinterpretazioren bat ere Joseba Sarrionandiaren eskutik. Baina Euskal Herrian ez dugu izan ez Chaucerrik, ez Boccacciorik, ez Chrétien de Troyesik. Baina makurrena da inor guti saiatu dela eskasia horri konponbidea ematen. Edo, saiatzekotan, ttanttaka, dekamerone ttipika.
Borgesek erran zuen behin ezen, hungarieraz ―edo txekiera zen?― ez bazekien ere, segur zela hungarierak bazuela behar adina lan edonoren literaturzaletasuna asetzeko. Gauza bera erran liteke euskarari buruz? Ez dakit, bada. Bertzeak bertze, Erdi Aroa dugu falta, eta, norbait hutsune hori konpontzen saiatu zelarik, Garay de Monglavek Altabizkarko kantuarekin egin zuen bezala, zer eta genero aspergarrienera jo zuen, epikara alegia.
Aspaldi honetan, noiz ekarri dute azken aldiz euskara 19. mendekoa baino lehenagoko egile baten liburu bat, salbuespen homeriko-egeriarrak salbuespen? Noiz, ordea, bart arratsean publikaturiko eta ez dakit non arrakasta handia erdietsitako liburu bat?
Euskal Herrian ez dugu legenda arturikorik izan; ez dugu ez trobadorerik, ez Minnesängerrik izan; ez dugu sagarik izan; are larriagoa, Euskal Herrian ez dugu herensugerik izan. Bi izan dira ―J.R.R. Tolkien dixit― Ipar Europako literaturaren dragoiak, Fafnir ―volsungarren sagakoa― eta Beowulfena. Bietariko edozein ezagutu nahi izatera, euskara ez bertze hizkuntza batera jo beharko dugu, hutsune horrek antza inori ez baitio minik ematen. Antzinako mapetan, esploratu gabeko eremu ustez arriskutsuetan, hic sunt dracones idazten omen zen; gure literaturaren eremu zabal batean, berriz, hic non sunt dracones paratu beharko dugu.

