Gidor Bilbao Telletxea
Jean Duvoisinen (Ainhoa, 1810 – Ziburu, 1891) itzulpen-lan jakin baten bila hasi eta berehala konturatu naiz zein gutxi dakigun Mitxelenaren esanetan “euskal itzultzaileen buruzagi eta errege” dukegunaz (Mitxelena 1986 [Berrargit. OC 10, 577]).
Pierra Hariztoi abadeak 1892an “Le Capitaine Duvoisin et ses travaux” artikuluan Ezpeletan hobiraturik dagoen idazlearen lanak aski zehazki aipatu zituenetik, beste inork ez du eskaini Jean Duvoisin idazle emankorraren lan guztien berri zehatzagorik, eta, euskal itzulpengintzaren historiaren ikuspegitik, bereziki larria iruditzen zait 2026. urtean ez edukitzea Duvoisinen itzulpen-lanen zerrenda fidagarririk. Aitortuko dut nire idatzi honen lehenengo asmoan hain zuzen hori eskaintzea zegoela, baina lanaren tamainak oraingoan ere gainditu nauela. Beste nonbait argitaratu nahi nuke, Demostenes Duvoisinek euskaratuaren edizioarekin batera, Duvoisinen itzulpen-lanen errebisio bibliografiko eguneratua, eta hemen, bitartean, Duvoisinen itzulpen-lan txiki bat hartuko dut, ikusteko zenbat alderditatik izan daitekeen interesgarri haren lanen azterketa.
Har dezagun Urruñan 1858an Anton Abadiaren babespean antolaturiko Koplarien Guduetan banaturiko hamalau aipamen-sarietako bat lortu zuen “Super flumina Babylonis” itzulpena. “Oihancelhay” ezizenarekin aurkeztu zen idazlea, baina badakigu Jean Duvoisinen eskuz idatzia dela Anton Abadiaren paperen artean gorde den eskuizkribua (BnF Celtique et basque 164, 151.-152. fotogramak). Euskaraz sorturiko lanak aurkeztea zen ohikoena koplari-gudu horietan, baina latinezko izenburuak erakusten du Duvoisinek ez zuela ezkutatu nahi berak bidalitako lana itzulpena zela. Sarituen zerrendan ere hala agertzen da, “Mentions honorables” sailean: “traduction en vers du psaume Super flumina Babylonis” (BnF Celtique et basque 164, 230. fotograma). Izan ere 137. salmo ezagunaren itzulpena da (Vulgatako 136.a) hemen grafia eta puntuazioa gaurko erara egokiturik emango duguna:
| 1 Super flumina Babylonis, illic sedimus et flevimus, cum recordaremur Sion. 2 In salicibus in medio eius suspendimus citharas nostras. 3 Quia illic rogaverunt nos, qui captivos duxerunt nos, verba cantionum, et, qui affligebant nos, laetitiam: “Cantate nobis de canticis Sion”. 4 Quomodo cantabimus canticum Domini in terra aliena? 5 Si oblitus fuero tui, Ierusalem, oblivioni detur dextera mea; 6 adhaereat lingua mea faucibus meis, si non meminero tui, si non praeposuero Ierusalem in capite laetitiae meae. 7 Memor esto, Domine, adversus filios Edom diei Ierusalem; qui dicebant: “Exinanite, exinanite usque ad fundamentum in ea”. 8 Filia Babylonis devastans, beatus, qui retribuet tibi retributionem tuam, quam retribuisti nobis; 9 beatus, qui tenebit et allidet parvulos tuos ad petram. | Babiloniako uren bazterrean, minez gare jarri iphuru gainean. Eta han, oi Zion, zutaz orhoitzean, oro eman gare nigar uharretan. Gure arrabitak zumeliketarik dilindan hor daude… Beude hor ixilik! Ilkhi gaituztenek gure herritarik galdetzen daukute gure kantetarik. Hunat gaituztenek ekharri gathibu entzun nahi dute hango zenbait kantu. Oi bainan guk nola… zer himno sakratu atze-herri hunetan kanta dezakegu? Ahanzten bazaitut, Zion onhetsia, hemen ihar bekit eskuin alderdia! Orhoitzen ez banaiz zutaz, oi herria, aho-gainari loth daidala mihia! Zutaz, bethi, zutaz nere asmuetan… zurekin gogoa… bihotza zu baithan…! Zutaz kanpo banu irri bat hortzetan, nihon bozten banaiz, hil benedi bertan! Orhoit zaite, Jauna, Edomen semeaz, Zion herrausteko egun gogor hartaz, Edom nola zagon izkola-marrumaz: “Xahu! Xahu dena, burdin eta suaz!” Babilondar andre gaixtagina, hiri, neri egin gaitza bekian itzuli! Haurra bekiaten bota harriari! Ez hazala nihork izan urrikari! |
Esan dugu 1858ko Urruñako Bestarako aurkeztu zuela itzulpen hori Jean Duvoisinek, eta, hurrengo urtean hasita, 1859-1865 tartean inprimatu zen Londresen Bible Saindua, edo Testament Zahar eta Berria, Duvoisin Kapitainak latinezko Bulgatatik lehembiziko aldiko Laphurdiko eskarara itzulia; Luis-Luziano Bonaparte printzeak argitara emana. Itzulpen-proiektu horretan ere badago, jakina, 137(136). salmoaren bertsioa, Duvoisinek Bonaparterentzat apailatua (hemen ere grafia eta puntuazioa gaurkotu ditugu):
| 1. […] Babilonako hibaien bazterretan, han jarri gare eta nigarrari eman, Sionez orhoitzean. 2. Haren erdian sahatsetarik dilindan ezarri ditugu gure musikako tresnak, 3. zeren han, gu gathibu eraman gaituztenek galdegin baitarozkigute gure kantuetako hitzak. Eta gu erakharri gaituztenek erran darokute: kanta dizaguzue Siongo kantiketarik himno bat. 4. Lur atzean nola kantatuko dugu Jaunaren kantika? 5. Ahanzten bazaitut, oi Jerusaleme, ene eskuina ahantzia izan bedi. 6. Ene mihia ene aho-gainari josia geldi bedi, zutaz ez banaiz orhoitzen, ez balin badut Jerusaleme ezartzen ene bozkarioaren hastapentzat. 7. Orhoit zaite, Jauna, Edomen semeez, Jerusalemen xahutzeko egunean. Hekiek zioten: “Ezezta, ezezta zazue hortan azken asenturaino”. 8. Babilonako alaba zorigaixtokoa, dohatsu hiri bihurturen dainana hik guri egin gaizkiak! 9. Dohatsu hartuko dituena hire haur xeheak eta harriaren gainean phorroskatuko dituena! |
Bistan da latinezko jatorrizkoari lotuagoa dela bigarrena, baina badirudi koplari-guduetakoa hamabi silabako (sei gehi sei) bertso-lerro errimadunetan sartu beharrak eragin dituela diferentzia nagusiak, “lapurtera hertsia” versus “eredu supradialektala” binomioak (Kepa Altonagak 2018ko Duvoisin kapitainaren malura liburuan baliaturiko hitzak erabilita) ez baititu azaltzen musikako tresnak / arrabitak, sahatsak / zumelikak, semeez / semeaz… alternantziak. Demostenes Duvoisinek euskaratua editatu dezagunean, ordea, ahaleginduko gara erakusten Altonagaren proposamenak ondo azaltzen duela Bonapartek ezarritako baldintzek zelan kamustu zuten “Duvoisin kapitainaren literatur ezpataren ahalmena” (Altonaga, 2018: 17).
Baina zergatik hautatu zuen Duvoisinek “Super flumina Babylonis” salmoa poesia-lehiaketarako? Erbestea eta erbesteratzeak sorturiko herrimina gai bizi-biziak zirelako urte haietako Ipar Euskal Herrian, eta hain zuzen 137(136). salmoa zelako erbesteak sorturiko nahigabearen kantu paradigmatiko ospetsuenetarikoa, mendebalde osoko poeten (San Juan de la Cruz, Lord Byron…) eta garai guztietako musika-sortzaileen (Giovanni P. da Palestrina, Boney M…) inspirazio iturri. Izan ere, Israelgo herriak Babilonian pairaturiko erbestealdi eta gatibualdia dago salmoaren oinarrian, herriminez eta zigor eske.
Urruñako 1853ko Koplarien Guduaren oinarriak egunkarietan argitaratu zirenez, badakigu gai bakarraren inguruan aurkeztu behar zirela bertsoak: “Les regrets d’un Basque en partance pour Montevideo ‘Montevideora doan euskaldunaren nahigabea’” (Le Mémorial des Pyrénées, 1853-06-11). Izan ere, 19. mendean, eta gehienbat 1835etik aurrera, milaka gazte joan ziren Euskal Herritik Ameriketara, bereziki Uruguaira eta Argentinara, eta bertso sail aberatsa sortu zen emigrazioaren gaiaren inguruan (ikusi, adibidez, Antonio Zavalak Ameriketako bertsoak liburuan eginiko bilduma). Anton Abadiaren babespean antolaturiko lehiaketetan ere urtero aurkeztu ziren gai horren ingurukoak, Angel Goikoetxea Markaidak (1998) “Montebideoko kantuak” etiketarekin aurkeztu dituenak.
1858ko Koplarien Guduan, Duvoisinen idazlanarekin batera aurkezturiko bertso-sortetako beste bik ere erbesteratuen herri-mina dute mintzagai. Ahapaldi bat baino ez dut hona ekarriko, Joseph Palassie ezpeletarrak aurkezturiko “Montevideoko eskaldunen dolamenak” sortatik hautatua (gero, 1884-11-16ko Le Pays Basque. Organe catholique et conservateur aldizkarian argitaratua, Jean Duvoisinen kantu-kaieretako baten bidez ezagutzen dugun frantsesezko itzulpenarekin), ondo erakusten duelako “super flumina” salmoaren paradigmatikotasuna erbesteratuaren samina eta herrimina iradokitzeko:
| Bethi auhenka, oi, hau dolore samina! Urthua nago, dena hezur egina. Bortz aldiz egin dut zina, kantatuz super flumina, sekulan ez ahanzteko Eskal Herriko mina. |
Baina saminaren eta herriminaren ondoren, salmoko azken bi bertsikuluek zigorraren eta mendekuaren gogoa ere agertzen dute:
| Babilondar andre gaixtagina, hiri, neri egin gaitza bekian itzuli! Haurra bekiaten bota harriari! Ez hazala nihork izan urrikari! |
Seguruenik errazago ulertzen da Bible Sainduan prosan emaniko bertsioa:
| 8. Babilonako alaba zorigaixtokoa, dohatsu hiri bihurturen dainana hik guri egin gaizkiak! 9. Dohatsu hartuko dituena hire haur xeheak eta harriaren gainean phorroskatuko dituena! |
Joel M. LeMon ikertzailearen 2016ko “Violence against children and girls in the reception history of Psam 137” artikuluan irakurri dugu interpretazio askotan bukaera hori mozorrotu dutela, edo are kendu (halaxe kantatzen da gaur Ipar Euskal Herriko elizetan, B zikloko urteetan, garizumako laugarren igandean, Jean Marie Diharce “Iratzeder” itzultzaile eta poeta bikainaren bertsio neurtu eta errimatua, azken lauko biak kenduta), salmoaren mezua samurtzeko, baina irakurri dugu orobat, beste muturrean, salmo hau erabili dela neska gazteen aurkako indarkeria zilegitzat aurkezteko ere, “Babiloniako alaba zorigaiztokoa” neskatila ororen irudi legez hartuta.
Niri, nahi gabe, atsekabez eta ezintasunez, Israelgo armadak 21. mendean Gazan porroskatu, xehatu eta leherrarazitako etxeen eta haurren irudiak datozkit burura.

