Egieza

Asier Larrinaga Larrazabal

Nire azken liburuan, bada kontzeptu bat euskaraz izendatzeko ikerketa interesgarri batera eraman ninduena. Kontzeptu horri, teknikoki, desinformazioa esaten zaio, eta, modu arruntagoan, bulo (esp.) / infox (fr.) / fake news (ing.). Liburuan azaltzen dudanez, desinformazioa informazio faltsua eta asmo makurrekoa da, gauza biak aldi berean.

Euskaraz, desinformazio terminoaren ondoan, hitz arrunt bat nahi nuen, baina gezur baino modulatuagoa. Hiztegietan arakatuz, egiez aurkitu nuen, Larramendik asmatu bide zuen berba bat, eta hor hasi zen nire esplorazioa.

Larramendiri beti aitortu zaio euskararen sustapenean izan zuen garrantzia, eta beraren gramatika ere goraipatua izan da. Larramendiren hiztegi hirukoitza, ostera, ez da lar serio hartu, zeinda kanpokoen kritikak isilarazteko eta euskaraz ere hiztegi potolo bat bazegoela erakusteko asmoz osatu izan balu bezala. Nik ideia hori nerabilen buruan egiez hitza “ebaluatzen” ari nintzenean, harik eta, nirea baino iritzi hobeen bila nenbilela, Blanca Urgellen testu bat aurkitu nuen arte.

Euskararen historia (2018) obra handian, 7. kapituluan, Urgell lehen euskara modernoaz ari da, eta atal luze bat (573-582. or.) Larramendiren itzalari eskaintzen dio. Irakurri, eta ez nuen zalantzarik izan. Egiez egokia iruditu zitzaidan nire libururako, eta, harrezkero, ETBn ere erabilgarri izan zaigu Larramendik eraturiko hitz hau.