Bezperako koplak sinesmenari

Amaia Astobiza Uriarte

Kandelario lario
hatxari ura dario
errotari uruna
hauxe da guk behar duguna

[Ahaztu barik: Leiho Morea ireki dugu Elhuyarren, eta hortxe gaude, zuen begira.]

Irudipena dut aspaldi ez dudala hona etxeko konturik ekarri, eta horrexekin hasiko ditut Santa Ageda bezperako nire koplak, zeren gabon-tximurrean (ikus OEH), urte berriaren egunerokoari indarrez ekiteko azken jatordutxoa jada eginak ginela, semeak Batxi1-eko Euskararako idatzitako testu bat egokitu zitzaidan parean. Ez nuen harekin aparteko ezer egin behar, nire telefonotik inprimagailura bidali eta ja, baina horretan igaro nituen segundo gutxietan itzulpen automatikoaren usaina hartu nien ia nahigabean begiztatu nituen bizpahiru lerroei. Itzulpenarena, edo are okerrago: AA-gailuren batek sortutako testuarena (eta «are okerrago» diot ez itzulpen automatikoaren erabilera oro gaitzesten dudalako ―ez baitut― edo AA-tresnen guztiz kontrakoa naizelako ―ez bainaiz―, baizik eta irakasleak ―diñot nik― testua berak eta euskaraz sortzeko eskatu ziolako). Amatasunaz arduratzen den neurona saldoa atoan martxan jarri zen, eta guztiak bat etorri ziren: semeak oporrak jaten, lotan, marrazten eta gitarra jotzen igaro zituen, etxerako lanak guztiz alde batera utzita, eta orain, azken orduan, ezin denera iritsi. Beraz, horixe aipatu nion, konplizitatea erakutsi nahian edo, «Zer, zezenak harrapatu zaitu, ezta?».Esan banion, esan nion! Hitz bat edo beste Elhuyarren begiratu zuela (txalo-txalo) baina gainerakoan osorik berak sortutako testua zela eta beharbada nik uste dudana baino hobeto idazten duela eta zin dagizut zure bizitzagatik nik egin dudala!

[Ene badatxue. Semearen hormona gazteek talka egin dute zure hormona xahar apurrekin udagoieneko araldian basoan topeka dabilen orein adar zabal parearen antzera, ez soilik azpimarra gorriek itsututa, baizik eta baita zure bizitzak harentzat nerabezaro gorri honetan zer balio gutxi duen ohartuta.]

Enpin, oraindik ere jarraitzen duela zin egiten eta hori berak idatzi duela berresten. Eta hara, beharbada egia da eta ni naiz errealitatea ikusi nahi ez duena; alegia, agian nik uste baino maila handiagoan ―eta duda barik AHTaren erabateko ezarpena baino askoz lasterrago― ari dira gure burmuinak AAren sorkuntza bitxietara egokitzen eta nominalizazio-segida amaigabe horiek berezkotasunez sortzeko eta irensteko gaitasuna garatzen (arazoa ez baita soilik lexikoaren galera), ez beharbada nirea lako garun zahartzen hasietan eta zaharxeagoetan, jada oliorik-eta birjinenak ere nekez leunduko dituenetan, baina bai, bistan-edo da, neska-mutil kintopekoen neurona-sare bizi-bizietan. Zeren ez, ez da semea halako idazkeraren aurrean muturra okertzen ez duen bakarra; batetik eta bestetik iristen zaizkigun albiste, komunikatu eta jakinarazpen kolore orotako eta askotarikoetan ere gero eta sarriago irakurtzen ditugu antzekoak, eta hemen ― ez du inork ― zirkinik egiten.

Eta azken horrek etxetik apur bat ateratzeko eta bigarren koplara jauzi egiteko bidea eman dit. Nire inguruko herri-mugimenduetan, oraintsu arte pertsona bat edo bi arduratzen ziren besteek idatzitako testuak txukuntzeaz edo denen artean mahai gainean jarritako ideiekin idatzi polit bat taxutzeaz. Oso denbora gutxian, baina, aurretik testugintzari jaramonik egin ez dion jendea ere idatziak sortzen-edo hasi da (honaino bikain), hau da, handik eta hemendik bildutako gaztelaniazko testu-zatiak elkarren ondoan jartzen eta gero botoi honi edo hari emanda automatikoki itzultzen eta azken emaitza hori taldera bidaltzen eta esaten «Hau idatzi dut, begiratu nahi baduzu ere». Begiratu nahi baduzue ere. Begiratu. Nahi baduzue. E!

Hirugarren kopla, eta honekin despedidea. Sinesten hasita nago sinesmen-kontua dela. Alegia, sinetsi egin nahi dugula botoi dontsu horrek mirariak egingo dituela eta lehen arazotzat jotzen ez genituen kontuak ere berak konponduko dizkigula (eta ez da arraroa, hedabideak ere mezu hori zabaltzen ari baitira lau haizeetara, dela aurretik kontatutako izugarrikerien ondoren ikus-entzuleen arimak nolabait goxatzeko, dela sareetan beita-xerkan gabiltzan tripazorritsuon gosea asetzeko). Arestian ez zuen inork zalantzan jartzen testuak norbaitek txukundu behar zituela (ez begiratu, baizik eta zuzendu, orraztu, apaindu), eta zeregin hori ez zen arazo bat, ezpada ―beti arineketan eta azken orduan― egin beharreko urrats bat. Orain, ordea, ba omen dugu lehen arazo ez zen zera hori konponduko digun botoitxo bat, eta, beraz, denok aitortzen diogu geure buruari itzulpenak egiteko gaitasun berezkoa. Etxean punta-puntako labe bat jartzeak automatikoki okin edo gozogile edo chef aparteko bihurtuko bagintu bezala. Eta bai, beharbada hasieran horixe pentsatuko dugu, «ze ondo, aurrerantzean ogi egin berria gosalduko dut eta opil gluten bako samurrak prestatuko ditut», baina gero zer, zenbat irauten digu poz horrek, sinesmen horrek? Alabaina, kontua da jatekoa geuk ahoratzen dugula eta berehala ohartzen garela argazkiko opil bi dimentsiokoaren zaporea eta gure hirukoarena ez direla berdinak eta hobe dugula pizzak beharbada bai gerok egitea baina gozo-kontuak adituen esku uztea edo gutxienik ere haien babespean egitea, eta guk itzulitakoa, berriz, besteek sufritzen dutela, non eta ez dugun jendaurrean irakurri behar, eta ai-ai-ai, orduan komeriak zenbanahi.

[Maitemintzea bezala ere bada pixka bat, ezta? Maitemin ero hori, badakizue, hormona guztiak dantzan eta neurona bizkorrenak ere lotan jartzen dituena. Zu artean ere ondo bizi zinen, ez zeneukan inorekin maitemintzeko beharrik, baina hara, beste hori parean azaldu zaizu eta matx egin duzue eta orain ez duzu bera bako bizitzarik irudikatzen; are gehiago, nola bizi ote zinen zu lehen bera gabe, orain hain ezinbesteko eta hain zeurezko sentitzen duzun huraxe gabe? Dena du ona, guztiz da akatsik gabea. Eta bakarren batek aitzakiaren bat seinalatuta ere, horixe eta ez besterik da zure egia, zure sinestea; mauka ederra aurkitu duzula, alegia.]

Badator azken eupada, Santa Agedako kopla-kantuan ohikoa den legez. Lehengoan Kike Amonarrizek azaldu zigunez, Souleymane Bachir Diagne filosofo senegaldarrak dio «Itzulpen-lana hizkuntza-menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako bat» dela. Bada, automatizazio gaizki erabilia dela-eta «itzulpen-lana [emaitza] hizkuntza-menpekotasunaren ondorio DA» esan behar genuke orain maiz, eta nahiz eta guk gure borroketan «elkarbizitzaren eta aniztasunaren alde eta supremazismoen aurka» erabili nahi dugun, susmoa dut ez ote dugun dena txarto ulertu ―edo esplikatu― eta ez ote garen ari lehenaren aurka eta bigarrenaren alde erabiltzen.

Eup!

Argudioa eta isuria

Manu López Gaseni

Zientzietako diziplinetan duela mende batzuk egin zen bezala, hizkuntzen inguruko ikerketa eta jardunetan ere aspaldi samarrekoa da metodologia zientifikoa-edo aplikatzeko erabakia, gertakari objektibagarri eta neurgarriak jaso eta handik deskribapenak, teoriak eta abar eraikitzeko.

Gurera etorriz, lexikografiaren alorrean, esaterako, Azkuek, bere hiztegia osatzeko, idatzizko 150 bat iturriz gainera, objektibagarriak eta neurgarriak ez ziren prozedura batzuk erabili zituen, hala nola hainbat hiztuni galdetu eta haiengandik ahozko lekukotasunak jasotzea. Azkuek berak kontatu zuen hiztegiaren atarikoan (frantsesez ere, irakurgai): “promoví [en Bilbao] reuniones dominicales de honrados artesanos, bizkainos y guipuzkoanos en su mayoría, con algún nabarro que otro (…) Más tarde pasé dos temporadas de verano en San Sebastián (…) Pasé luego corta temporada en Otsagabia (…) Promoví a continuación tres nuevas reuniones: una en Bilbao [un baztanés, un markinés, un mondragonés]. La segunda la formé en Ligi [dos hablantes de suletino, dos del labortano, uno del roncalés, un salacenco]. La tercera y última fue la constituida en Bilbao por cinco personas: una anciana guernikesa, una roncalesa, un guipuzkoano, un labortano y un octogenario del valle de Orozko”. Gaur eguneko ikuspuntutik, Azkueren jardunbide eta borondate ona gorabehera, prozeduran berean zein hiztunen hautaketan nolabaiteko sesgo edo isuria egon zela esango genuke.

Orotariko Euskal Hiztegia, aldiz, idatzizko 300etik gora lekukotasun idatzitan oinarritzen da, hau da, goian aipatutako ezaugarriak dituzten iturrietan. Hitzaurrean esaten denez: “Este Diccionario trata, asimismo, de recopilar todas las palabras que han sido utilizadas en la tradición escrita o recogidas por los lexicógrafos”. Beraz, autoritatearen irizpidea nagusitzen da. Eta, orotariko hiztegi hura oinarri hartuta, hiztegi arauemaileak osatu dira, hala nola Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Eta, hala ere, “recogidas por los lexicógrafos” horren bidez, ez digu ihes egin behar Azkuek eta aurreko lexikografoek egindako sesgo/isuriak ere berritzen dituela).

Metodologia “berria” gurean ere aski errotua dagoelakoan, harrigarria egiten zait oraindik ikustea nola, argudio sendoaren ondoan, isuri motaren bat erabiltzen den zenbait eztabaidatan. Haietako bat aipatuko dut euskal isuri oso zabaldu baten adibidetzat, oraindik orain blog honetan berean agertua, hain zuzen ere zur/egur banaketari buruzkoa. Sarreraren egilea uste osokoa izan eta argudiaketa ona egin arren, une jakin batean isurian erortzen da (ete berdin egiten du erantzunetako baten egileak ere). Laburbilduta eta orokortuta hauxe da isuria: “Nire herrian halako edo halako esan izan da betidanik”, argudiorik pisuzkoen, ia lege balitz bezala.

Niri behintzat gogaikarria egiten zait, lerratua izateaz gain, askotan entzun behar izan dudalako (bereziki, oso gogoan dut Euskal Herri mailako elkarte bateko kideen arteko bazkalondoetan sarritan entzun izana, askotan bezala elkartzen gintuen zeregin nagusia albo batera utzi eta hizkuntza kontuak hizpide hartzen hasten direnean). Halako baieztapenak autoritate- eta berrespen-isurien artean kokatzen dira, eta, gure artean duen ezaugarriei erreparatuta, behin-behinean, jatortasunaren isuri izendatuko dut.

Ni neu ere ez nago libre, eta gerta daiteke nire hau ere isuri bat izatea (eta bidenabar txistezaleren bati ateraldi errazerako bidea ematea). Beste gai askorekin gertatzen zaidan bezala, nire argudioak indar askoz handiagoa izango luke argudiaketaren parte interesatua ez banintz, edo beste parte interesatuko batek aldeztuko balu (zuzenbide-terminologian ez naiz oso iaioa, Andres). Izan ere, jaiotzetiko-euskalkirik-gabeko-euskaldun horietako bat naiz ni eta, horrenbestez, ezinezkoa litzaidake “nire herrian betidanik…” esaka hastea.

Beharra, edo errealitatea bera, gidari erabiliz, ni nagoen egoera berean zenbat hiztun dauden bila hasi naiz, eta esaldi bitxi bat aurkitu dut: “Gaur egun, euskaldunen % 36,3 euskaldun berriak dira, eta horrek eragina du euskaraz egiteko erraztasunean”. Eta galdera batzuk sortu zaizkit: Horietako bat naiz ni, orduan? Baiezkoan, euskaldun berria betiko da euskaldun berri? Ezezkoan, zenbat urte behar dira euskaldun berria euskaldun huts bilakatzeko? (Soziolinguistikan ere ez naiz oso iaioa, Iñaki).

Euskal familietako hibridazioa ez da kontu berria, baina gaur egun inoiz baino hizkuntza-hibridazioaren eredu gehiago ditugu. Hipotesi gisa, eta daturik gabe, esango nuke euskara ikasi (behar izan) dutenek kontzientzia metalinguistiko handiagoa dutela, oro har, euskaldun zahar, jator eta petoek baino (eta horren adibide asko emango nituzke, indukzioz betiere). Eta erakunde guztiak halakoz beteta daude: teknikariak, itzultzaile eta interpreteak, zientzialariak, idazleak, kazetariak, irakasleak, euskaltzainak, osasun arloko langileak… herririk gabe, haiek ere hizkuntza egiten.