Euskal Herri mediterraneoa

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà

Herri ederra, zinez. Iruñerritik Estellerrirako bidean Arga bazterrean eraikia. Zubi ikusgarria du, erromanikoa, XI. mendean harriz egina, sei begi handiz osatua, 100 m-tik gorakoa luzeran, Orreagatik eta Somportetik Santiagora zihoazen eta doazen erromesek gurutzatua, alde zaharreko karrika mehar harriztatuak alderik alde ere igarotzen zituzten eta dituzten bezala. Mendiak zelaitzen hasten diren inguruan dago Gares kokatua, Izarbeibarren. Inguruko alorretan, galsoroak, ardantzak eta olibadiak dira nagusi, hau da, garia, ardoa eta olioa, erran nahi baita, XIX. mendearen bigarren erditik aitzina euskara galtzen hasitako fruituak. Garai hartan hasi baitzen Euskal Herriari buruzko iruditeria jakin bat zabaltzen eta irudi hartatik bazter gelditu zen Gares; bazter ere Izarbeibar, bazter ere Nafarroako Erdialdea eta, are, baita Iruñerria ere. Lurralde horiek ez baitzetozen bat Euskal Herriari buruz harat-honat hedatutako irudiarekin: mendi berdeak, belazeak, baserri zuriak, euria, lainoa… Halakoetarik guti dago Gares aldean, bertzelakoa baita paisaia, bertzelakoa lurra, bertzelakoa klima, bertzelakoa eguraldia, bertzelakoa nekazaritza, eta zoritxarrez, bertzelakoa ere hizkuntza. Izan ere, XX. mendearen hasieran itzali zen (aldi baterako) garestarrek mendez mende erabilitako mintzoa. Euskara Garesko eta inguruko hizkuntza nagusia zelarik, euskarak bertzelako pasaia, lurra, klima, eguraldia, nekazaritza… zituen, hots, bertzelako koloreak, Mediterraneo aldekoak. Bada, Mediterraneo aldeko haurrek ere zigorrak jaso zituzten… euskaldunak izateagatik.  Honatx, bertzela, Garesko maisu nagusiari 1823an emaniko agindua: “Irakasle nagusi horrek eta haren laguntzaileek orok kontu berezia izan beharko dute haurrek euskararik erabil ez dezaten eskolan dauden bitartean, eta ahalegina egin beharko dute (errieta eginez), erdaraz hitz egin dezaten, bai eskolan, bai eskolatik kanpo”. Non eta Garesen, duela berrehun urte, haur garestarrak euskaraz karrikan, bai eta eskolan berean ere. Irakasleek gogotik egin zuten lana, hortik aitzina euskara gainbehera hasi baitzen gure alde mediterraneoko puska handi batean. Horrenbertzez, bada Euskararen Herriaz dugun irudia aldatzeko tenorea; bertzela erranik, bada Euskal Herri mediterraneoa aintzat hartzeko garaia.

Utzi iruzkina