Adimen artifizialari galdezka

Xabier Olarra

Itzultzailearentzat baliabide ona izan daitekeelakoan, hasi naiz tresna ditxosozkoa eguneroko lanean erabiltzen, itsu-itsuan uko egin beharrean ―itzultzaileoi lana kenduko omen digulako, besteak beste―, zertarako izan daitekeen erabilgarria ikasi nahian.

Gehiegi ez luzatzeko, esango dut Iruñeko Udalak eta EIZIEk egindako hitzarmenaren ondorioz Minaberri bekaren mentoretzan ari naizela, Leire Errandonea itzultzen ari den Sauveur et fils liburuaren gainbegirale gisa edo.

Eta hona hemen itzulpen horrek dituen hainbat kosketan itzultzaileari agertu zitzaion esaldi bat, eta ondorioz emandako hainbat jirabuelta.

Hauek dira jatorrizko testua eta itzultzaileak emandako ordaina:

Ce lundi matin, Sauveur reçut une jeune femme anorexique. Éliane, au nom prédestiné, ne venait pas consulter pour ce problème alimentaire qu’elle paraissait ignorer.
Astelehen goiz hartan, Sauveurrek emakume gazte bat hartu zuen kontsultan, anorexikoa. Éliane zuen izena ―izen predestinatua―, eta ez zen elikadura-arazo horregatik joana kontsultara, itxuraz bederen ez baitzekien bazuenik ere.

Itzultzailea ez zen konformatu itzulpen soila ematearekin (erabat zuzena izanda ere), eta arrazoien bila hasi zen, azalpen garbirik gabeko tarteki hori zergatik ote zegoen hor argitu nahian Eliane izenetik abiatuta.

Wiktionaryk bi hauek eman zizkon Élianeren etimologiatzat:

– Latinezko Aelianatik eratorria, Aelius (plebeia gens) izenaren eratorri femeninotik alegia
– Baliteke zerikusia izatea honako honekin: hebreerazko Eli’Anah (אֶלִיעַנָה)rekin, literalki, ene jainkoak erantzun dit.

Bazirudien etimologiak ez zuela ezer asko laguntzen. Predestinazioak badu zerikusia Jainkoarekin, batez ere kalbinistenarekin. Baina amatasunarekin, eta anorexiarekin?

Bide horrek ezer askorik laguntzen ez zuela-eta, goiko itzulgai hori emanda, galdera hau egin nion ChatGPTri gaztelaniaz:

¿Por qué la autora hace alusión a la “predestinación a la anorexia” basándose en el nombre de Eliane?

Eta orojakilearen erantzuna:

En el documento, la autora menciona que Eliane tiene un “nombre predestinado” en relación con su anorexia. Esto se debe a que el nombre “Eliane” contiene la palabra “liane”, que en francés significa “liana”, una planta delgada y alargada. (¡!!!) La autora utiliza esta asociación para hacer un juego de palabras que conecta el nombre de Eliane con su condición de delgadez extrema debido a la anorexia. Es una forma literaria de resaltar la relación entre el nombre y el estado físico de la paciente.

Ama Maria santisima!!!!! Nork esan du AAk ez duela irudimenik eta sormenik? Sobran ere baduela dirudi.

Hortik ezer askorik ez zegoela ateratzerik etsita, bide zaharrera jo nuen, eta galdera egin nion Googleri: Eliane + anorexia + embarazo (ez dakit zehazki nola galdetu nion).

Eta hona aurkitu nuen azalpen-tankera zeukan erantzuna:

Éliane Krtolitza
Quand manger fait souffrir(2018) liburuko artikulu baten izenburuan hau agertzen da:Accompagnement à la maternité d’une jeune femme anorexique/boulimique, Eliane Krtoliza eta Ouriel Rosenblum.

Éliane Krtolitza Psikologo-eme klinikoa da, neonatologiako eta haurgintzako psikoterapeuta, Bourgogne-Franche-Comté Unibertsitatean doktoretza egina.

Iruditzen zait erantzun hori askoz hobea dela. Nire nabigazio ilustragarri honen berri eman nion itzultzaileari, baina aholku garbirik eman gabe “predestinatua” hitza agertu izanaren ondorioz egin zezakeenaz: oin-oharra jarri edo testuan disimuluan integratu. Edo emandako itzulpena halaxe utzi eta irakurlearen bizkarrera bota azalpenak bilatzearen zama.

Eta gaur goizean, ea gaztelaniaz duela hilabete pare bat egindako galderari Chat GPTk zer erantzun ematen zion ikusi nahian, hona zer erantzun didan aurrekoan egindako galdera hura bera euskaraz eginda:

Idazleak ez du literalki esan nahi Éliane “anorexiarako jaioa” dagoela. “Au nom prédestiné” esamoldea ironikoa eta sinbolikoa da.
Éliane izenak hainbat konnotazio ditu frantsesez eta tradizio erlijiosoan:
Élie / Elias-etik dator, eta lotura du zeruarekin, espiritualtasunarekin, gorantz joatearekin.
– Sonoritatez arina eta “aingeruzkoa” da, ia gorputzetik askatua dirudien zerbait iradokitzen duena.
Anorexiak, maiz, gorputza ukatzea, arintasuna, desmaterializazioa eta perfekzio ideal bat bilatzea dakar. Horregatik, idazleak iradokitzen du izenak baduela nolabaiteko “destino sinboliko” bat: Élianeren izenak iradokitzen duen espiritualtasun eta arintasun idealak bat egiten du anorexiaren logikarekin (gorputza ahalik eta gehien murriztea, “arintzea”).
Beraz:
– Ez da predestinazio teologikoa.
– Baizik eta ironia literarioa: izenak eta gaixotasunak duten esanahi sinbolikoaren arteko lotura azpimarratzea.

Chat GPTk lehengo lepotik burua: gure adiskide orojakilea Txorierrin barrena aingeruen, goiaingeruen eta abarren erreinura joan dela iruditzen zait.

Ondorioak:

1.- AAri ez zaio gustatzen tontotzat hartua izatea, eta amorrazioz bilatuko du erantzunen bat, zuzena, okerra edo erdipurdikoa.

2.- Erabilgarria izan liteke, oso, segun eta zertarako. Baina kontuz ibili beharra dago jasotzen diren erantzunekin.

3.- Esan didate AA galdetzailearekiko enpatiarako entrenatua dagoela, eta hark entzun nahi lukeenari traza hartuta ematen dituela erantzunak. (Ez dakit niri zer traza hartu didan. Seguru aski Arantzazuko mendi santuan denbora puska bat egina izatearena).

Eta gaurkoz hemen utziko dugu. Ez naiz hasiko pontifikatzen, hasiberriaren kategoriara ere iristen ez naizen erabiltzailea izanda.

P. D. Orain beste proba bat egingo dut, Espainiako epaileek galdeketetan erabiltzen duten estiloan: “¿Y no es más cierto que…? “Baina ez al da zuzenagoa beste hau?”, Googlek emandako erantzuna ez ote den zuzenagoa galdetuz. Emaitzak hurrengoan.

Utzi iruzkina