Iraganeko garai oro hobea omen zen

Amaia Lasheras Perez

Hirugarren aldia da gai berak blogerako hizpide ematen didana (eta iduritzen zait ez dela azkena izanen). Aitzinekoetan aipatu bezala, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Irakurmena hobetzeko planean hartu nuen parte lehengo urtean, ikasle, eta, aurten, berriz, planeko tutorea naiz Nafarroako zenbait ikastetxetan. Aitzineko ikasturtean, eszeptizismo handiz joan nintzen ikastarora. “Irakurketa-plana” izena bakarrik ailegatu zitzaidan, eta orduan pentsatu nuen dena asmatua zegoela irakurzaletasuna sustatzeari dagokionez. Tira, gero, sorpresa hartu nuen ikusi nuenean ikasleek irakurtzen zutenaren ulermena hobetzeko asmoa zuela planak eta tresna eraginkorrak ematen zizkidala. Alde batetik, egia zen dena asmatua zegoela, eta ohartu nintzen tresna horietako batzuk aplikatzen genituela irakasleok, baina planak egituratuta eta ongi oinarrituta ematen zizkigun. Zenbait estrategia sistematizatzea proposatzen zitzaigun, eta, testu bati heldu behar genion bakoitzean, horiek aktibatu behar genituela gogorarazi. Hasieran, irakasleak paratuko ditu martxan estrategiak, baina espero izatekoa da hortik aitzinera ikasleek, irakaslea eredu hartuta, horiek barneratu eta modu autonomoan eta automatikoan erabiliko dituztela, ia gure laguntzarik gabe. Hala, mundura ateratzen direnean, oharkabean estrategiak aktibatu eta irakurle “trebeak” izanen dira.

Zaletasuna bertze kontu bat da, jakina. Baina irakurle trebeak ez bagara eta leitzen ari garena ongi ulertzeko lanak baditugu, nola izanen gara, bada, irakurzaleak? Nola disfrutatuko dugu testu batez, ahalegin ikaragarria egin behar badugu hariari segitzeko? Sufrikario hutsa litzateke, noski. Hala gertatzen zaie gure ikasleei anitzetan. Alferrik tematzen gara haientzat liburu interesgarriak eta erakargarriak bilatzen. Testua bere osotasunean ulertzeko gai ez denak ezin izanen du bere burua istorioan murgildu, protagonistekin gozatu, sufritu… Nahiko lan izanen du guti goiti-beheiti zer gertatzen den ulertzen, eta ez da ailegatuko kontakizun on batek sentiarazten duen horretara. Beraz, ongi etorriak izan daitezela horrelako planak eta estrategiak, gutienez egunerokoan irakurri beharko dituzten testuak uler ditzaten: fakturak, oharrak, jarraibideak, produktuen osagaiak, administrazioen jakinarazpenak, kartelak, idatzizko publizitatea… Testuez inguratuta gaude gehienok. Gure gazteek horiek menperatzea izan behar genuke helburua.

Irakasleok, gure artean, asaldatuta aipatzen dugu, behin eta berriz, gure ikasleek ez dutela irakurtzen ikastetxetik kanpo. Horren harira, lehengoan, denboran gibelera egin, eta pentsatzen hasi nintzen ea egoera oso desberdina ote zen nik nire ikasleen adina nuenean. Nire iduriz, gauzak ez dira horrenbertze aldatu. Oinarrizko Hezkuntzan nintzenean, klasekide gehienek ez zuten agindutako liburuez haratago irakurtzen; eta orduan ere ez zen “guai” irakurtzea, “arraro”en kuadrillan ez bazinen, behinik behin (gero ondorioztatu dut hori zela nire kasua). Batxilergoa ikasi nuenez (orduko BUP hura), ikastetxeak aginduta, anitz leitu behar izaten genuen, eta letretako batxilergoa hartuta, zer erranik ez. Etxeko apalategian ditut gaztelaniazko literaturako klasiko gehienak, garai haietan erosiak eta irakurriak. Zailtasun handiko testuak ziren horietako batzuk, On Kixote, errate baterako, eta pentsatzen dut horrek lagundu zigula irakurle trebeagoak izaten. Hala ere, kontrako eztarritik joan zitzaidan bakarren bat (On Kixote bera), ez uste. Egun, lan horien egokitzapen aski politak eskaintzen dizkiegu ikastetxean, baina guk, ikasleei brometan erraten diedan bezala, “anestesia”rik gabe irakurri behar izaten genituen.

Arestian erran dudanez, orduan ere gutiengo ginen irakurzaleak nerabezaroan. Gure auzoa kanpotik etorritako langileen auzoa zen; oroitzen naiz klasekide baten baino gehiagoren aita edo ama orduan ari zela irakurtzen ikasten. Auzoko ikastetxe publikoan, eskola-porrotaren proportzio handia zegoen eta, horregatik, ikastetxe kontzertatu batera eraman ninduten gurasoek. Han, egoera hobexea zen, baina, handik, oso kopuru ttikia ailegatu zen goi-mailako ikasketak egitera. Batzuk, 8. maila bukatuta, lanean hasten ziren zuzenean; mutil gehienak lanbide heziketa egitera joaten ziren. Gure anaiak, adibidez, justu-justu lortu zuen Oinarrizko Hezkuntzaren titulua eta ez zuen inoiz lanbide heziketa bukatu; ohikoak ziren horrelako egoerak 80ko hamarkadaren bukaeran eta 90ekoaren hasieran gure auzoan. Denbora haietan ez nuen anaia behin ere ikusi liburu bat irakurtzen. Beti iduritzen zaigu aurreko garaiak hobeak izan zirela, baina kasu honetan ez nago ados. Egia da oraingo gaztetxo gehienek ez dutela irakurtzea maite, baina orain dela 30-35 urtekoek, ere ez.

Hala ere, itxaropenerako arrazoiak badaude, ikerketei begiratzen badiegu. Euskal Herrian % 70 inguruk irakurtzen omen dugu gure aisialdian (datua nik ateratakoa da EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko ehunekoak elkartuta); ez da kopuru makala. Eta badirudi gora egin duela portzentaje horrek aurreko urteen aldean. Ikerketa horietan aipatzen da 14-25 urte bitarteko taldeak irakurtzen duela guttien, baina, gure garaian ere, hala izanen zen, eta datuek diote orain nire adineko gehienok irakurtzen dugula gure aisialdian (anaiak ere dezente irakurtzen du egun). Beraz, beharbada, nerabezaroari dagokion errebelde izateko beharra gainditzen dutenean, leitzea eskolan inposatzen den gauza bat izateari uzten dionean, batzuk liburuetara hurbilduko dira beren borondatez. Egia da gaur egun badagoela faktore bat orain dela 30 urte ez zegoena: sare sozialak, eta 24 orduz sailak eta filmak eskaintzen dituzten plataformak eta telebista kateak. Nik, dena den, ez dut esperantza galdu nahi.