Iraganeko garai oro hobea omen zen

Amaia Lasheras Perez

Hirugarren aldia da gai berak blogerako hizpide ematen didana (eta iduritzen zait ez dela azkena izanen). Aitzinekoetan aipatu bezala, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Irakurmena hobetzeko planean hartu nuen parte lehengo urtean, ikasle, eta, aurten, berriz, planeko tutorea naiz Nafarroako zenbait ikastetxetan. Aitzineko ikasturtean, eszeptizismo handiz joan nintzen ikastarora. “Irakurketa-plana” izena bakarrik ailegatu zitzaidan, eta orduan pentsatu nuen dena asmatua zegoela irakurzaletasuna sustatzeari dagokionez. Tira, gero, sorpresa hartu nuen ikusi nuenean ikasleek irakurtzen zutenaren ulermena hobetzeko asmoa zuela planak eta tresna eraginkorrak ematen zizkidala. Alde batetik, egia zen dena asmatua zegoela, eta ohartu nintzen tresna horietako batzuk aplikatzen genituela irakasleok, baina planak egituratuta eta ongi oinarrituta ematen zizkigun. Zenbait estrategia sistematizatzea proposatzen zitzaigun, eta, testu bati heldu behar genion bakoitzean, horiek aktibatu behar genituela gogorarazi. Hasieran, irakasleak paratuko ditu martxan estrategiak, baina espero izatekoa da hortik aitzinera ikasleek, irakaslea eredu hartuta, horiek barneratu eta modu autonomoan eta automatikoan erabiliko dituztela, ia gure laguntzarik gabe. Hala, mundura ateratzen direnean, oharkabean estrategiak aktibatu eta irakurle “trebeak” izanen dira.

Zaletasuna bertze kontu bat da, jakina. Baina irakurle trebeak ez bagara eta leitzen ari garena ongi ulertzeko lanak baditugu, nola izanen gara, bada, irakurzaleak? Nola disfrutatuko dugu testu batez, ahalegin ikaragarria egin behar badugu hariari segitzeko? Sufrikario hutsa litzateke, noski. Hala gertatzen zaie gure ikasleei anitzetan. Alferrik tematzen gara haientzat liburu interesgarriak eta erakargarriak bilatzen. Testua bere osotasunean ulertzeko gai ez denak ezin izanen du bere burua istorioan murgildu, protagonistekin gozatu, sufritu… Nahiko lan izanen du guti goiti-beheiti zer gertatzen den ulertzen, eta ez da ailegatuko kontakizun on batek sentiarazten duen horretara. Beraz, ongi etorriak izan daitezela horrelako planak eta estrategiak, gutienez egunerokoan irakurri beharko dituzten testuak uler ditzaten: fakturak, oharrak, jarraibideak, produktuen osagaiak, administrazioen jakinarazpenak, kartelak, idatzizko publizitatea… Testuez inguratuta gaude gehienok. Gure gazteek horiek menperatzea izan behar genuke helburua.

Irakasleok, gure artean, asaldatuta aipatzen dugu, behin eta berriz, gure ikasleek ez dutela irakurtzen ikastetxetik kanpo. Horren harira, lehengoan, denboran gibelera egin, eta pentsatzen hasi nintzen ea egoera oso desberdina ote zen nik nire ikasleen adina nuenean. Nire iduriz, gauzak ez dira horrenbertze aldatu. Oinarrizko Hezkuntzan nintzenean, klasekide gehienek ez zuten agindutako liburuez haratago irakurtzen; eta orduan ere ez zen “guai” irakurtzea, “arraro”en kuadrillan ez bazinen, behinik behin (gero ondorioztatu dut hori zela nire kasua). Batxilergoa ikasi nuenez (orduko BUP hura), ikastetxeak aginduta, anitz leitu behar izaten genuen, eta letretako batxilergoa hartuta, zer erranik ez. Etxeko apalategian ditut gaztelaniazko literaturako klasiko gehienak, garai haietan erosiak eta irakurriak. Zailtasun handiko testuak ziren horietako batzuk, On Kixote, errate baterako, eta pentsatzen dut horrek lagundu zigula irakurle trebeagoak izaten. Hala ere, kontrako eztarritik joan zitzaidan bakarren bat (On Kixote bera), ez uste. Egun, lan horien egokitzapen aski politak eskaintzen dizkiegu ikastetxean, baina guk, ikasleei brometan erraten diedan bezala, “anestesia”rik gabe irakurri behar izaten genituen.

Arestian erran dudanez, orduan ere gutiengo ginen irakurzaleak nerabezaroan. Gure auzoa kanpotik etorritako langileen auzoa zen; oroitzen naiz klasekide baten baino gehiagoren aita edo ama orduan ari zela irakurtzen ikasten. Auzoko ikastetxe publikoan, eskola-porrotaren proportzio handia zegoen eta, horregatik, ikastetxe kontzertatu batera eraman ninduten gurasoek. Han, egoera hobexea zen, baina, handik, oso kopuru ttikia ailegatu zen goi-mailako ikasketak egitera. Batzuk, 8. maila bukatuta, lanean hasten ziren zuzenean; mutil gehienak lanbide heziketa egitera joaten ziren. Gure anaiak, adibidez, justu-justu lortu zuen Oinarrizko Hezkuntzaren titulua eta ez zuen inoiz lanbide heziketa bukatu; ohikoak ziren horrelako egoerak 80ko hamarkadaren bukaeran eta 90ekoaren hasieran gure auzoan. Denbora haietan ez nuen anaia behin ere ikusi liburu bat irakurtzen. Beti iduritzen zaigu aurreko garaiak hobeak izan zirela, baina kasu honetan ez nago ados. Egia da oraingo gaztetxo gehienek ez dutela irakurtzea maite, baina orain dela 30-35 urtekoek, ere ez.

Hala ere, itxaropenerako arrazoiak badaude, ikerketei begiratzen badiegu. Euskal Herrian % 70 inguruk irakurtzen omen dugu gure aisialdian (datua nik ateratakoa da EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko ehunekoak elkartuta); ez da kopuru makala. Eta badirudi gora egin duela portzentaje horrek aurreko urteen aldean. Ikerketa horietan aipatzen da 14-25 urte bitarteko taldeak irakurtzen duela guttien, baina, gure garaian ere, hala izanen zen, eta datuek diote orain nire adineko gehienok irakurtzen dugula gure aisialdian (anaiak ere dezente irakurtzen du egun). Beraz, beharbada, nerabezaroari dagokion errebelde izateko beharra gainditzen dutenean, leitzea eskolan inposatzen den gauza bat izateari uzten dionean, batzuk liburuetara hurbilduko dira beren borondatez. Egia da gaur egun badagoela faktore bat orain dela 30 urte ez zegoena: sare sozialak, eta 24 orduz sailak eta filmak eskaintzen dituzten plataformak eta telebista kateak. Nik, dena den, ez dut esperantza galdu nahi.

“Mari bideetako”: beste adiera bat abiarazteko gonbita

Itziar Otegi Aranburu

Oinez ibiltzea gauza sinplea da, arrunta, oharkabean egin ohi dugun zerbait, baina harrigarria da zenbat liburu idatzi diren ―eta idazten diren― ibiltzeaz. “Ibiltzearen inguruko literatura azpigenero bat da kasik”, irakurri dut Euskal Idazleen Elkartearen Hegats aldizkarian. 60. zenbakia oso-osorik gai horri eskainia da, Oier Gillanen zuzendaritzapean. Zerrenda luzea egin liteke ibiltzearen gaiari zuzenean edo zeharka heltzen dioten liburuak biltzen hasita. Nire gustukoenen artean, Frédéric Gross-en Marcher: une philosophie, eta Rebeca Solnit-en Wanderlust: A History of Walking. Bietan ere, ibiltzearen eta idaztearen artean dagoen harremana aztertzen da, eta ibiltari handi izandako filosofo eta idazle ugari aipatzen dira, gizonezkoak gehienak. Baudelaire izan omen zen aitzindari, ibiltzeko modu berri bat abiarazi baitzuen, industrializazio garaian zabaldutako hiri handietan barrena alderrai, eskuak poltsikoetan, inguruari beha. Harekin sortu zen flâneur ibiltaria. Gero etorriko ziren surrealistak, dadaistak, situazionistak, deribaren teoria eta abar. Eta, beranduago, flâneuse hitza, Lauren Elkin-ek bultzatuta, baina ez aurreko kontzeptuaren femenino simetriko gisa, beste zerbait bezala baizik, Irati Majuelok Hiria gure oinetan liburuan azaltzen duen bezala. Generoak hori ere baldintzatzen baitu, nola, zergatik eta zertarako korritzen ditugun kaleak, eta bideak.

Euskaraz genero femeninoa adierazteko erabiltzen diren hitzen artean, badago mari(-) osagaiaren bidez eraikitako sail bat. Duela gutxi Isabel Etxebarriak blog honetan aipatu zituen, Galletagileak, kondesak eta mari-lotsagabeak artikuluan, eta zehaztu zuen sail horretako hitzek emakumea kalifikatzea dutela helburu.

mari
Zenbait izenen edo izenondoren aurrean ezarririk, emakumezkoak erdeinuz izendatzeko erabiltzen den hitza. Saila.

Hitz horietako bat hartu nahi nuke hizpide sarrera honetan: mari(-)bideetako, eta, analogiaz, mari(-)kaleetako. Euskaltzaindiaren hiztegian ez da jasotzen, baina bai beste batzuetan, gaur egun erabilera bizirik dagoen seinale, nahiz eta ez egon oso hedatuta.

Orotarikoan:

mari-bideetako, maria bideetako
iz. “Mujer pública, ramera (FSeg)”

Egungo Euskararen Hiztegian:

mari-bideetako (corpusean maribideetako eta maria-bideetako soilik) izond adkor prostituta.

Orain dela urte batzuk, bai Euskaldunon Egunkaria-n eta bai Berria-ren aurreneko hilabeteetan, sarriago irakur zitekeen, lepazuri, maribideetako, neska txiki eta antzeko samur-xanoak baztertuta, puta eta prostituta maileguen aldean euskaldun zitzaigun emagaldu. Iñigo Aranbarri

Mari, erabilera gaiztoetarako bide da ia beti: mari-zikin, mari-mutil, mari-maistra, mari-ttarttala, maria-bideetako… eta baita mari-matraka ere. Iñigo Aranbarri

Jijau hiztegian:

iz. prostituta (errepide bazterrean dabilena). Mari-bideetakoa auto batean sartu ta, geroztik inork ez du ikusi.
en streetwalker.

Beatriz Fernandezek Ariadnaren haria liburuan azaltzen du prostituta tabu hitza saihesteko eufemismo gisa erabiltzen dela mari(-)bideetako.

Mari bideetako Arratiako Berbategian ere jasotzen da, baina beste adiera batekin:

iz. Batera eta bestera, bueltaka, sarritan ibilten dan andrazkoa. (J. Undagoitiak jasoa)

Ez du loturarik egiten prostituta hitzarekin, nahiz bai emakumearen “ibilerarekin”, hitzaren bi adieretan, eta irudi luke apur bat hurbilago dagoela hasieran hizpide hartu dugun flâneuse kontzeptutik.

Flâneur zein flâneuse kontzeptuetan bada funtsezkoa den alderdi bat: begiradarena. Flâneur-a begiratzen duen norbait da, behatzen duen horren kronista, eta, beraz, subjektu. Hain zuzen, hortxe dago koxka, begiradaren subjektu izate horretan, eta ez objektu. Hegats aldizkarian Fiona Songel-en Leer las calles liburuko aipu esanguratsu bat jasotzen da:

Flaneria praktikatzeko betekizunetako bat “ikusezina” izatea da, eta emakumea, bidegabeki bada ere, jendaurrean “ikusi egiten da” kronista gisa diharduen gizon behatzailearen begietan. Ez da emakumea bere burua erakusten duena, baina jendaurrean bakarrik ez da oharkabean pasatzen. Are, esan liteke flâneura bera dela flâneusearen existentzia eragozten duena, emakumeari bere praktikan sartzea eragozten baitio behaketa objektutzat hartzean eta bere burua subjektu behatzaile gisa eraikitzean.

Behatzaile izan ahal izateko, emakumea oharkabean pasatu behar da; adibidez, “koartadaren bat” duelako. Street Haunting: A London Adventure testuan, kasu, Londreseko kaleetan barrena dabilela ikusitakoa kontatzen du Virginia Woolf-ek, arkatzarentzako minarik gabe geratu izanaren aitzakiaz etxetik atera eta Strandeko saltoki batera doala. Beste aukera bat da begirada hegemoniko kalifikatzaile horretatik at egotea, hark “bazterrekotzat” irizten diolako, edo, bestela, interesik gabea, Olga Tokarczuk-en Kairós ipuineko emakumezko protagonista bezala, zeinak ikusezintasuna eskuratzen baitu adin-ertaineko-emakume bihurtzean.

Karmele Jaiok bere Harrizko Bihotza taupaden alfabetoan sarrera bat eskaini dio flâneur hitzari. “Azkenaldian asko begiratzen dut zerura”, dio; baina nahi baino gutxiago, ez dezaten zorotzat hartu: “Batzuentzat zoroen kontua da espaloiaren erdian zeruari begira geratzea, baina agian erresistentzia modu bat da zoraturik dagoen mundu honi aurre egiteko”.

Nik ere erresistentzia modu bat proposatu nahi dut, hitz eder bati esanahi zatar bat erauzi eta adiera berri batez janzteko, alfabeto eta hiztegietan sar dadin:

mari(-)bideetako, maria bideetako
iz. Inoren begiradatik aske bideak eta kaleak nahieran korritzen dituen emakume beregaina, inguruan duenari so.
Sarrera erlazionatuak:
mari(-)kaleetako, mari(-)munduko

Feminismoari loturiko kontzeptuen bila

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Pasa den astean Amaia Astorbizak blog honetan jakinarazi zigun moduan, Leiho Morea sortu berri du Elhuyarrek. Usurbilen egin zuten tresna berriaren aurkezpena, urtarrilean, eta ordutik aukera dugu erabiltzaileok hiztegi bilaketak egiteko edo testu-bilduma kontsultatzeko. Feminismoari buruzko testuak biltzen ditu corpusak, askotariko iturrietan argitaratuak eta molde ezberdinetakoak: konparazio batera, saiakerak, gidak, erakundeek argitaraturiko protokolo eta txostenak, egunkari eta aldizkarietan argitaraturiko edukiak, podcastak eta jardunaldietan sorturiko materiala.

Terminoen definizioak eta kontzeptuak argitzen lagunduko digu tresna berriak, bai eta erabilera-eremuari begiratzeko ere. Azken urteetan feminismoari buruzko edukia ugaritu zaigun honetan, zer formatan eta zein euskarritan, noren eskutik etorri zaigun begiratzeko ere balio du Leiho Moreak. Nik neronek kronologiari erreparatu nahi izan diot. Hitz jakin batzuen bila aritu naiz ikusteko zer-nolako garapena izan ote duten denboran zehar, erabilera kronologikoa bistaratzeko modua ematen baitu grafiko baten bitartez.

Bilatutako hitzen artean sarrien erabili dena feminista hitza da, 9534 aldiz: 1997tik aurrerako testuetan ageri da, eta 2016tik aurrera nabarmen egin du urteko agerpen kopuruak gora. Gauza bera gertatu da feminismo hitzarekin ere (3987).

Patriarkal hitza dator segidan, 1565 aldiz: 1993-2015 bitartean, gehienez ere 20 agerraldi ditu urteko, eta gorantz egin zuen ordutik aurrera: 2018an, esaterako, 400 agerpenetik gora izan zituen. Sexismo hitza ere sarritan erabili da (603): 1993tik aurrera etengabeko erabilera izan du.

Androzentrismo hitza 88 aldiz zenbatu dut: 1988tik 1996ra, 20 aldiz ageri da, eta 2014tik aurrera, berriz, nabarmen igo da agerpen kopurua.

Ahizpatasun hitzak 127 agerraldi izan ditu: lehenengoa 1999an izan bazuen ere, gainerako guztiak 2016tik aurrerakoak izan dira. Genero-arrakala kontzeptuak 145 agerpen izan ditu, guztiak ere 2009tik aurrerakoak.

Corpusak erakusten du nola 2015etik aurrerako testuetan nabarmen igo den hainbat terminoren presentzia, hala nola queer (269 agerpen), intersekzionalitate (229), feminizidio (29), heteroarau (135), heteronormatibo (42), heteropatriarkatu (50) eta zisgenero (20). Ahalduntzea eta genero bitartasuna kontzeptuak berriagoak ditugu, 2020tik aurrerako testuetan ageri dira eta.

Testu motaren araberako erabilera ere ikus liteke. Esaterako, kontziliazio hitza 189 aldiz ageri da corpusean, eta horietatik hiru laurden Emakundek argitaraturiko dokumentazioan ageri dira.

Sinonimoak bilatuta ere emaitza interesgarriak ikus litezke. Esaterako, lesbiana hitzak 760 agerpen izan ditu eta bollera/bollerok, aldiz, 415. 1998an ageri da lesbiana lehenengoz, eta erabilera jarrai samarra du 2000ko eta 2010eko hamarkadetan. 2016tik aurrera gorantz egin du nabarmen. Bolleraren kasuan, berriz, 2002koa da lehen agerpena, baina hurrengo agerpena 2016koa da, eta ordutik aurrera erabili da, 2021etik aurrera batez ere.

Amaitzeko, adierazgarria da ikustea lesbofobia (28) eta transfobia (63) hitzak baino askoz ere lehenagotik erabiltzen dela homofobia hitza (133): lehenengo biak 2017tik aurrera ageri dira corpusean, eta hirugarrena, berriz, 2002tik aurrera.

Lagin txiki bat besterik ez dut ekarri hona, baina nahikoa da ikusteko hitz edo kontzeptu konkretuok noiz jarri diren boladan, zenbateko iraupena izan duen haien erabilerak eta zenbateko presentzia duten hausnarketa feministaren eremuan. Hautatutako hitz solte horiei erreparatuta ikus liteke, halaber, feminismoari buruzko testuak batez ere 2016tik aurrera argitaratu direla euskaraz. Sarritan, gainera, itzulpenen bitartez txertatu edota hedatu dira horiek gurean. Itzulpenak hausnarketa feministari loturiko terminologia zabaltzen izan duen eragina aztertzea, baina, beste baterako helburua izango da.

Interpreteon anekdota-bilduma II

Maitane Uriarte Atxikallende

Aurreko artikuluan adierazi bezala, interpreteok ezin konta ahala anekdota ditugu, eta oraingo honetan ere horietako batzuk zuekin partekatzera nator. Goazen, ba!

  1. Udaletako osoko bilkuretan lan egitea tokatzen zaigunean, edozer gerta daiteke. Behin, bilkura horietako batera herritarrak joan ziren, haserre bizian, eta izugarrizko iskanbila sortu zen. Ertzainak eta udaltzainak sartu behar izan ziren bilkura-aretora, herritarrek aretotik joan nahi ez zutelako, edo hobeto esanda, eserlekutik altxatu ere egin nahi ez zutelako. Azkenean, ertzain banak eserlekua muturretatik heldu eta eserleku eta guzti atera behar izan zituzten aretotik. Interpreteak ez zeuden aretoan bertan, beste gela batean baizik, pantailatik dena ikusten. Eskerrak…
  1. Osoko bilkuretan interpretatzeaz ari garela, batzuetan oso “kabina” bitxietan interpretatzea tokatzen zaigu: trastelekuetan, korridoreetan, zinegotziren baten bulegoan… Kableak bertaraino bota eta kitto. Behin, trasteleku horietako batetik interpretatzea tokatu zitzaidanean, harrituta geratu nintzen nik erabili beharreko mahai ondoan indaba-lapiko bat, aste osorako erosketak eta kalabaza pare bat ikusi nituenean.
  1. Batzuetan, hizlariei mikroa piztea ahazten zaien bezalaxe, itzaltzea ere ahazten zaie. Hala, interpreteok gauzatxo asko entzuten ditugu entzungailuetatik, nahi gabe. Sarritan entzuten dizkiegu komentario deserosoak, txisteak, irainak… Deserosoa izan daiteke baina barreak ere egiten ditugu.
  1. Pandemia garaian, interpretazio-saioak online egiten hasi ginen, interpreteak zein hizlariak. Behin, % 100ean online egingo zen bilera batean interpretatzea tokatu zitzaidan, eta parte-hartzaileetako bat autotik konektatu zen, gidatzen zihoala. Zer esan ez nekiela geratu nintzen, baina, kontatu didatenez, konexio arraroagoak ikusi dituzten interpreteak daude.
  1. Logikaz, hizkuntza desberdinetan egingo den kongresu bat antolatzeko orduan, interpretazio-zerbitzua izaten da kontratatzen den gauzetako bat. Horrela beharko luke, baina behin baino gehiagotan jaso izan dugu antolatzailearen edo bitartekariaren deia, interpretazio-zerbitzua kontratatzea ahaztu zaiela eta ziztu bizian bertara joateko eskatuz. Eta “ziztu bizian” diodanean, “momentu horretan bertan” esan nahi dut. Noizbait pijaman harrapatu naute.

Eta oraindik geratzen zaiguna. Kabinan hamaika ikusteko jaioak gara!

    Bezperako koplak sinesmenari

    Amaia Astobiza Uriarte

    Kandelario lario
    hatxari ura dario
    errotari uruna
    hauxe da guk behar duguna

    [Ahaztu barik: Leiho Morea ireki dugu Elhuyarren, eta hortxe gaude, zuen begira.]

    Irudipena dut aspaldi ez dudala hona etxeko konturik ekarri, eta horrexekin hasiko ditut Santa Ageda bezperako nire koplak, zeren gabon-tximurrean (ikus OEH), urte berriaren egunerokoari indarrez ekiteko azken jatordutxoa jada eginak ginela, semeak Batxi1-eko Euskararako idatzitako testu bat egokitu zitzaidan parean. Ez nuen harekin aparteko ezer egin behar, nire telefonotik inprimagailura bidali eta ja, baina horretan igaro nituen segundo gutxietan itzulpen automatikoaren usaina hartu nien ia nahigabean begiztatu nituen bizpahiru lerroei. Itzulpenarena, edo are okerrago: AA-gailuren batek sortutako testuarena (eta «are okerrago» diot ez itzulpen automatikoaren erabilera oro gaitzesten dudalako ―ez baitut― edo AA-tresnen guztiz kontrakoa naizelako ―ez bainaiz―, baizik eta irakasleak ―diñot nik― testua berak eta euskaraz sortzeko eskatu ziolako). Amatasunaz arduratzen den neurona saldoa atoan martxan jarri zen, eta guztiak bat etorri ziren: semeak oporrak jaten, lotan, marrazten eta gitarra jotzen igaro zituen, etxerako lanak guztiz alde batera utzita, eta orain, azken orduan, ezin denera iritsi. Beraz, horixe aipatu nion, konplizitatea erakutsi nahian edo, «Zer, zezenak harrapatu zaitu, ezta?».Esan banion, esan nion! Hitz bat edo beste Elhuyarren begiratu zuela (txalo-txalo) baina gainerakoan osorik berak sortutako testua zela eta beharbada nik uste dudana baino hobeto idazten duela eta zin dagizut zure bizitzagatik nik egin dudala!

    [Ene badatxue. Semearen hormona gazteek talka egin dute zure hormona xahar apurrekin udagoieneko araldian basoan topeka dabilen orein adar zabal parearen antzera, ez soilik azpimarra gorriek itsututa, baizik eta baita zure bizitzak harentzat nerabezaro gorri honetan zer balio gutxi duen ohartuta.]

    Enpin, oraindik ere jarraitzen duela zin egiten eta hori berak idatzi duela berresten. Eta hara, beharbada egia da eta ni naiz errealitatea ikusi nahi ez duena; alegia, agian nik uste baino maila handiagoan ―eta duda barik AHTaren erabateko ezarpena baino askoz lasterrago― ari dira gure burmuinak AAren sorkuntza bitxietara egokitzen eta nominalizazio-segida amaigabe horiek berezkotasunez sortzeko eta irensteko gaitasuna garatzen (arazoa ez baita soilik lexikoaren galera), ez beharbada nirea lako garun zahartzen hasietan eta zaharxeagoetan, jada oliorik-eta birjinenak ere nekez leunduko dituenetan, baina bai, bistan-edo da, neska-mutil kintopekoen neurona-sare bizi-bizietan. Zeren ez, ez da semea halako idazkeraren aurrean muturra okertzen ez duen bakarra; batetik eta bestetik iristen zaizkigun albiste, komunikatu eta jakinarazpen kolore orotako eta askotarikoetan ere gero eta sarriago irakurtzen ditugu antzekoak, eta hemen ― ez du inork ― zirkinik egiten.

    Eta azken horrek etxetik apur bat ateratzeko eta bigarren koplara jauzi egiteko bidea eman dit. Nire inguruko herri-mugimenduetan, oraintsu arte pertsona bat edo bi arduratzen ziren besteek idatzitako testuak txukuntzeaz edo denen artean mahai gainean jarritako ideiekin idatzi polit bat taxutzeaz. Oso denbora gutxian, baina, aurretik testugintzari jaramonik egin ez dion jendea ere idatziak sortzen-edo hasi da (honaino bikain), hau da, handik eta hemendik bildutako gaztelaniazko testu-zatiak elkarren ondoan jartzen eta gero botoi honi edo hari emanda automatikoki itzultzen eta azken emaitza hori taldera bidaltzen eta esaten «Hau idatzi dut, begiratu nahi baduzu ere». Begiratu nahi baduzue ere. Begiratu. Nahi baduzue. E!

    Hirugarren kopla, eta honekin despedidea. Sinesten hasita nago sinesmen-kontua dela. Alegia, sinetsi egin nahi dugula botoi dontsu horrek mirariak egingo dituela eta lehen arazotzat jotzen ez genituen kontuak ere berak konponduko dizkigula (eta ez da arraroa, hedabideak ere mezu hori zabaltzen ari baitira lau haizeetara, dela aurretik kontatutako izugarrikerien ondoren ikus-entzuleen arimak nolabait goxatzeko, dela sareetan beita-xerkan gabiltzan tripazorritsuon gosea asetzeko). Arestian ez zuen inork zalantzan jartzen testuak norbaitek txukundu behar zituela (ez begiratu, baizik eta zuzendu, orraztu, apaindu), eta zeregin hori ez zen arazo bat, ezpada ―beti arineketan eta azken orduan― egin beharreko urrats bat. Orain, ordea, ba omen dugu lehen arazo ez zen zera hori konponduko digun botoitxo bat, eta, beraz, denok aitortzen diogu geure buruari itzulpenak egiteko gaitasun berezkoa. Etxean punta-puntako labe bat jartzeak automatikoki okin edo gozogile edo chef aparteko bihurtuko bagintu bezala. Eta bai, beharbada hasieran horixe pentsatuko dugu, «ze ondo, aurrerantzean ogi egin berria gosalduko dut eta opil gluten bako samurrak prestatuko ditut», baina gero zer, zenbat irauten digu poz horrek, sinesmen horrek? Alabaina, kontua da jatekoa geuk ahoratzen dugula eta berehala ohartzen garela argazkiko opil bi dimentsiokoaren zaporea eta gure hirukoarena ez direla berdinak eta hobe dugula pizzak beharbada bai gerok egitea baina gozo-kontuak adituen esku uztea edo gutxienik ere haien babespean egitea, eta guk itzulitakoa, berriz, besteek sufritzen dutela, non eta ez dugun jendaurrean irakurri behar, eta ai-ai-ai, orduan komeriak zenbanahi.

    [Maitemintzea bezala ere bada pixka bat, ezta? Maitemin ero hori, badakizue, hormona guztiak dantzan eta neurona bizkorrenak ere lotan jartzen dituena. Zu artean ere ondo bizi zinen, ez zeneukan inorekin maitemintzeko beharrik, baina hara, beste hori parean azaldu zaizu eta matx egin duzue eta orain ez duzu bera bako bizitzarik irudikatzen; are gehiago, nola bizi ote zinen zu lehen bera gabe, orain hain ezinbesteko eta hain zeurezko sentitzen duzun huraxe gabe? Dena du ona, guztiz da akatsik gabea. Eta bakarren batek aitzakiaren bat seinalatuta ere, horixe eta ez besterik da zure egia, zure sinestea; mauka ederra aurkitu duzula, alegia.]

    Badator azken eupada, Santa Agedako kopla-kantuan ohikoa den legez. Lehengoan Kike Amonarrizek azaldu zigunez, Souleymane Bachir Diagne filosofo senegaldarrak dio «Itzulpen-lana hizkuntza-menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako bat» dela. Bada, automatizazio gaizki erabilia dela-eta «itzulpen-lana [emaitza] hizkuntza-menpekotasunaren ondorio DA» esan behar genuke orain maiz, eta nahiz eta guk gure borroketan «elkarbizitzaren eta aniztasunaren alde eta supremazismoen aurka» erabili nahi dugun, susmoa dut ez ote dugun dena txarto ulertu ―edo esplikatu― eta ez ote garen ari lehenaren aurka eta bigarrenaren alde erabiltzen.

    Eup!

    Argudioa eta isuria

    Manu López Gaseni

    Zientzietako diziplinetan duela mende batzuk egin zen bezala, hizkuntzen inguruko ikerketa eta jardunetan ere aspaldi samarrekoa da metodologia zientifikoa-edo aplikatzeko erabakia, gertakari objektibagarri eta neurgarriak jaso eta handik deskribapenak, teoriak eta abar eraikitzeko.

    Gurera etorriz, lexikografiaren alorrean, esaterako, Azkuek, bere hiztegia osatzeko, idatzizko 150 bat iturriz gainera, objektibagarriak eta neurgarriak ez ziren prozedura batzuk erabili zituen, hala nola hainbat hiztuni galdetu eta haiengandik ahozko lekukotasunak jasotzea. Azkuek berak kontatu zuen hiztegiaren atarikoan (frantsesez ere, irakurgai): “promoví [en Bilbao] reuniones dominicales de honrados artesanos, bizkainos y guipuzkoanos en su mayoría, con algún nabarro que otro (…) Más tarde pasé dos temporadas de verano en San Sebastián (…) Pasé luego corta temporada en Otsagabia (…) Promoví a continuación tres nuevas reuniones: una en Bilbao [un baztanés, un markinés, un mondragonés]. La segunda la formé en Ligi [dos hablantes de suletino, dos del labortano, uno del roncalés, un salacenco]. La tercera y última fue la constituida en Bilbao por cinco personas: una anciana guernikesa, una roncalesa, un guipuzkoano, un labortano y un octogenario del valle de Orozko”. Gaur eguneko ikuspuntutik, Azkueren jardunbide eta borondate ona gorabehera, prozeduran berean zein hiztunen hautaketan nolabaiteko sesgo edo isuria egon zela esango genuke.

    Orotariko Euskal Hiztegia, aldiz, idatzizko 300etik gora lekukotasun idatzitan oinarritzen da, hau da, goian aipatutako ezaugarriak dituzten iturrietan. Hitzaurrean esaten denez: “Este Diccionario trata, asimismo, de recopilar todas las palabras que han sido utilizadas en la tradición escrita o recogidas por los lexicógrafos”. Beraz, autoritatearen irizpidea nagusitzen da. Eta, orotariko hiztegi hura oinarri hartuta, hiztegi arauemaileak osatu dira, hala nola Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Eta, hala ere, “recogidas por los lexicógrafos” horren bidez, ez digu ihes egin behar Azkuek eta aurreko lexikografoek egindako sesgo/isuriak ere berritzen dituela).

    Metodologia “berria” gurean ere aski errotua dagoelakoan, harrigarria egiten zait oraindik ikustea nola, argudio sendoaren ondoan, isuri motaren bat erabiltzen den zenbait eztabaidatan. Haietako bat aipatuko dut euskal isuri oso zabaldu baten adibidetzat, oraindik orain blog honetan berean agertua, hain zuzen ere zur/egur banaketari buruzkoa. Sarreraren egilea uste osokoa izan eta argudiaketa ona egin arren, une jakin batean isurian erortzen da (ete berdin egiten du erantzunetako baten egileak ere). Laburbilduta eta orokortuta hauxe da isuria: “Nire herrian halako edo halako esan izan da betidanik”, argudiorik pisuzkoen, ia lege balitz bezala.

    Niri behintzat gogaikarria egiten zait, lerratua izateaz gain, askotan entzun behar izan dudalako (bereziki, oso gogoan dut Euskal Herri mailako elkarte bateko kideen arteko bazkalondoetan sarritan entzun izana, askotan bezala elkartzen gintuen zeregin nagusia albo batera utzi eta hizkuntza kontuak hizpide hartzen hasten direnean). Halako baieztapenak autoritate- eta berrespen-isurien artean kokatzen dira, eta, gure artean duen ezaugarriei erreparatuta, behin-behinean, jatortasunaren isuri izendatuko dut.

    Ni neu ere ez nago libre, eta gerta daiteke nire hau ere isuri bat izatea (eta bidenabar txistezaleren bati ateraldi errazerako bidea ematea). Beste gai askorekin gertatzen zaidan bezala, nire argudioak indar askoz handiagoa izango luke argudiaketaren parte interesatua ez banintz, edo beste parte interesatuko batek aldeztuko balu (zuzenbide-terminologian ez naiz oso iaioa, Andres). Izan ere, jaiotzetiko-euskalkirik-gabeko-euskaldun horietako bat naiz ni eta, horrenbestez, ezinezkoa litzaidake “nire herrian betidanik…” esaka hastea.

    Beharra, edo errealitatea bera, gidari erabiliz, ni nagoen egoera berean zenbat hiztun dauden bila hasi naiz, eta esaldi bitxi bat aurkitu dut: “Gaur egun, euskaldunen % 36,3 euskaldun berriak dira, eta horrek eragina du euskaraz egiteko erraztasunean”. Eta galdera batzuk sortu zaizkit: Horietako bat naiz ni, orduan? Baiezkoan, euskaldun berria betiko da euskaldun berri? Ezezkoan, zenbat urte behar dira euskaldun berria euskaldun huts bilakatzeko? (Soziolinguistikan ere ez naiz oso iaioa, Iñaki).

    Euskal familietako hibridazioa ez da kontu berria, baina gaur egun inoiz baino hizkuntza-hibridazioaren eredu gehiago ditugu. Hipotesi gisa, eta daturik gabe, esango nuke euskara ikasi (behar izan) dutenek kontzientzia metalinguistiko handiagoa dutela, oro har, euskaldun zahar, jator eta petoek baino (eta horren adibide asko emango nituzke, indukzioz betiere). Eta erakunde guztiak halakoz beteta daude: teknikariak, itzultzaile eta interpreteak, zientzialariak, idazleak, kazetariak, irakasleak, euskaltzainak, osasun arloko langileak… herririk gabe, haiek ere hizkuntza egiten.