Babel: aniztasunaren ala elebakartasunaren aldeko mitoa?

Kike Amonarriz Gorria

Joan-Lluís Lluís idazlearen Balla amb Babel. Contra labsolutisme lingüístic liburuaren irakurketak Babelgo mitoaren inguruan izan diren interpretazio antagonikoei buruz hausnartzera eraman nau, airean zintzilik uzten duen galdera honetatik tiraka:

“Gaur egun, hizkuntzen aurkako beligerantzia gutxiago izango al litzateke mito hau imajinatu, azaldu eta idatzi ez balitz, edo galdu izan balitz?”.

Interesgarria iruditu zait Bibliaren mito hau aztertzea, beren burua kristautzat hartu eta kristau zibilizazioaren defentsa sutsua eta irmoa egiten duten eskuin muturreko eta era guztietako inperialismoen buruzagiak (Trump eta Putin barne) eta haien jarraitzaileak aniztasunaren aurka zabaltzen ari diren diskurtsoak ezbaian jartzeko eta berauei aurre egiterakoan beste argudio bat izateko.

Historian zehar Babelgo dorrearen mitoaz egin den irakurketarik zabalduenaren arabera, hizkuntza aniztasuna Jainkoak gizakien harrokeria eta botere-gosea zigortzeko ezarritako madarikazio gisa ulertu beharko genuke. Arrazoibide hau politika linguizidak gauzatzeko eta hizkuntzen (eta nazio eta komunitateen) arteko hierarkia markatzeko argudio gisa erabili izan da. Lluísek azaltzen duen bezala, hierarkia honen gailurrean hiru hizkuntza leudeke: hebraiera, Adamen, Abrahamen eta Itun Zaharraren hizkuntza zelako (sinesmen honetan datza sionismoaren oinarrietako bat); grekera, Itun Berriaren eta Aristoteles bezalako filosofoena zelako; eta latina, Elizarena eta Bibliaren itzulpen kanonikoarena zelako. Gure ingurune hurbilari dagokionez, latinaren oinordeko diren gaztelania eta frantsesa ere gailur horretatik gertu edo gailurrean bertan kokatu izan dituzte espainiar eta frantziar nazionalismoek.

Bestalde, mitoa erreferentzia ideologiko-diskurtsibo bezala erabili izan da “beste” hizkuntzak gutxiesteko, zapaltzeko edo, Gregoire abadeak 1794an Konbentzio Nazionalean aurkeztutako Rapport sur la Nécessité et les Moyens danéantir les Patois et duniversaliser lUsage de la Langue française txostenean proposatu zuen bezala, suntsitzen saiatzeko.

Gogoan dudala, gurean, irakurketa honen guztiz bestelakoa egin zuen lehena José María Sánchez Carrión “Txepetx” izan zen, Lengua y pueblo liburu ederraren “Lo que pasó en Babel” artikuluan. Bere ustez, Babelgo dorrearen bidez, gizakiak boterea eta handikeria materiala lortu eta erakutsi nahi izan zituen. Yahveren erabakia, baina, ez da zigor bat, zentzurik gabeko ekintza bat ekiditeko neurri terapeutikoa baizik. Ikuspegi linguistikotik, bestalde, hizkuntzak biderkatzea ez da zigorra, poliglotismoaren beharraren justifikazioa baizik. Txepetxek dioenez, argi dago dorrea eraikitzen hasi zirenean Sinaarreko gizon-emakumeek hizkuntza bakarra zutela, Boterearen hizkuntza beti bat eta bera delako. Eta arrisku horretatik babesteko (Bibliako testuaz egiten duen irakurketaren arabera), Yahvek gizakioi hizkuntza aniztasuna eman zigun, gizakien arteko elkartasunera eta batasunera ez delako iristen boteretik (Sinaartarren hizkuntzatik), askatasunetik baizik, hau da, elkarren arteko desberdintasunak onartzetik.

Pentsatzen dut ikuspegi hau edo antzekoa izango zuela gogoan Patxi Baztarrikak bere liburuari Babeli gorazarre izenburu iradokitzailea jarri zionean. Halaxe baitio bertan:

“Auzi honen gakoa, finean, Babel madarikaziotzat hartu ordez bedeinkaziotzat hartzea da, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi elkarren artean ulertzeko bidea ematen diguna. Hizkuntza aniztasuna gizarte modernoen osagai den neurrian, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa bihurtu da gizarte demokratikoen osasunaren neurgailu funtsezkoenetako bat”.

Mendebaldeko kulturaren oinarrian dagoen Biblian bertan, ordea, badira hizkuntza aniztasunaren aldeko irakurketa indartzen eta arrazoitzen duten pasarteak. Gogora dezagun, esate baterako, Itun Berriak dioenez, apostoluei hizkuntzen dohaina eman zitzaiela:

“Denak Izpiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Izpirituak eragiten zion eran”. (Eg. 2,4)

Edo Paulok korintoarrei esandako hitz hauek:

“Hainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzua”. (1 Ko. 14,10)

Babelgo dorrearen mitoak, eta Bibliak berak, beraz, hizkuntzen ugaritasuna defendatzen dute. Eta aintzat harturik beren burua kristautzat hartzen duten mugimendu eta buruzagi askok hizkuntza gutxituen aurka zabaltzen ari diren mezuak eta aurrera daramatzaten politikak, oso egokia iruditu zait Lluísek ironia puntu dotore batez planteatzen duen galdera hau: “Hizkuntza aniztasuna jazartzen halako grina jarri izan duten, eta oraindik jartzen duten, Espainiako nazionalkatolizismoaren heroiek, azken batean, ez al dute Jainkoa samintzen? Eta karia horretara, ez lukete mende gehiago pasa beharko purgatorioan, edo zuzenean infernura joango lirateke? Aitortu behar dut, hala balitz, interesgarriagoa irudituko litzaidakeela beste mundu baten ikuspegi kristaua”.

Pentsamenduen eta ohituren uniformitatearen aurkako borrokan, eta gizakien arteko harreman berdinzaleak garatze bidean, hizkuntza aniztasunaren aldeko jarrera hori praktikara eramaterakoan, itzulpengintza eta itzultzaileak funtsezkoak eta ezinbestekoak bihurtzen dira. Haien lana, zentzu honetan, bada elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko eta supremazismoen aurkako lana. Izan ere, Souleymane Bachir Diagnek De langue à langue. L’hospitalité de la traduction liburuan dioen bezala, “Itzulpen lana hizkuntza menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako bat da”.

Babelgo dorrearen mitoa, beraz, hizkuntza gutxituen alde, aniztasunaren defentsan eta itzultzaileen lanaren aintzatespena indartzeko erabil genezake.