Eider Beobide Urkizar
Aipatu izan dut aurreko testuren batean, Donostiako Iraqueerle taldeko kide naiz. Hiriko eta inguruetako sexu-genero disidentziak elkartu eta hilabetero LGTBIQ+ komunitatearen inguruko liburu bat irakurri eta eztabaidatzen dugu. Oso parada garrantzitsua da ez soilik elkartzen garen taldeagatik, hain heterogeneoa eta hain irekia, baita komunitateko kideok elkartzeko, elkar ulertzeko eta saretzeko dugun beharragatik ere, bai xamurtasunaren alde bai faxismoaren kontra.
«Irakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelak». Hala deskribatu zituen, aurreko urtearen hasieran, Iñigo Satrustegik blog honetan bertan irakurle taldeak, eta erabat ados nago ni.
Ehgam Gipuzkoatik formakuntza eta sozializazio bide gisa sortu zen Iraqueerle, eta bertaratzen garen guztiok oso beharrezkotzat jotzen dugu hilabeteroko saio hori, gaur egun ere, laugarren urte honetan. Eztabaidak sortu, liburua barnetik txikitu eta modu mardulagoan aztertzeko, lehen irakurraldian harrapatu ez ditugun kontuak ulertzeko, ikuspegi eta ulerkera ezberdinak ere izan ditzakegula konturatzeko. Horrez gain, eta artikulu honi apur bat haria bilatuz, itzulpenak balioan jartzeko ere balio du; irakurtzen diren liburuen erdiak itzulpenak dira eta haiek erostera[1] (edo liburutegietan hartzera) eta atzerriko liburu bikainak euskaraz irakurtzearen gozamena izatera bultzatzen gaitu. Itzulpenak ere liburu ederrak izan daitezkeela ikustera, alegia.
Aurreko astean izan genuen urtarrileko saioa eta Rafia Zakariaren Feminismo zuriaren aurka (Amaia Apalauzaren itzulpena) irakurri eta komentatu genuen; benetan aberasgarria izan zen. Hurrengo egunean, Zakariak berak zera igo zuen Instagrameko istorio batera: «Wow, Against White Feminism in Euskara!», zioen harrituta. Guk geuk ere harrituta irakurri genituen haren lerroak, ikasteke asko dugu beti.
Asteartean izan zen hori, eta asteburuan, ―nahiko― ohiko lez, asteburutxo kulturala izan nuen. San Telmo Museoko Amazoniak. Antzinako etorkizuna erakusketaren bisita gidatura joan ginen larunbat goizean bikotekidea eta biok, eta hara sorpresa gidak biok bakarrik izena eman genuela esan zigunean. VIP bisita, beraz. Kuriositatez, gaztelaniazkoan zenbat zeuden galdetu nion eta bete-beteta zegoela aitortu zidan, 25 bat pertsona, ordutegi hobea zela eta espainolezkoetara kulturazale gehiago gerturatzen zela. Bertan lan egindako lagun batek ere komentatu izan zidan euskarazkoetan jende gutxiago gerturatzen zela, pena apur bat ere ematen zuela. Badago zer hausnartu euskaldunon aldetik, noski, baina programatzaileek euskara balioan jartzea ere ez legoke gaizki, ordutegiak txandakatuz edo aukera eskuragarriagoak eskainiz esaterako. Gu, halere, gustura aritu ginen gida entzuten eta ostean erakusketa berrikusten. Brasilen izan gara udan eta interes handia pizten digu Amazoniak, erakusketa gomendagarria den arren edonorentzat eta alde guztietatik, ongi kokatua eta puntu harrigarri askorekin. Tarterik baduzue, ez galdu. Egon zen, alabaina, amorru apur bat sortu zidanik ere. Hormetako testuak bikain zeuden euskaratuak eta nabari zen ahalegina eta profesionaltasuna, pozik nenbilen irakurtzen harik eta bideoekin topo egin nuen arte. Azpitituluetan akats larriak zituzten bideoak ziren, eta ez naiz punttalakurlo jartzen ari, haien arazoa ez baitzen azpitituluei buruz finkatuta dauden arauei ez jarraitzea; haratago zihoazen. Apur bat zapuztu ninduen.
Igandean, aldiz, antzerki bat ikustera joan nintzen Hiriburura. Geuretik Sortuak bekaren karietara sortutako etxebizitzaren inguruko obra bat zen (Amahiru konpainiaren Etxea); lehen minututik barre eginarazi zidan. Gero, bueltaka izan nuen aktoreetako batek estreinaldi osteko luntxean botatakoa, Udalbiltzaren dirulaguntza hori oso duina zela, agerian utziz ez direla asko horrelakoak eta, oro har, ez dagoela asko ere. Gertutik dakit horrelako obrak sortzeak dakartzan buruhausteak, zentzuzko dirulaguntza kopurua jasoaz, asko jaisten direla. Euskaraz idatzitako edo euskarara ekarritako obra, liburu, erakusketa batek kalitatezkoa behar du izan kontsumitzeko interesgarria eta erakargarria izango bada. Eta kalitatezkoa izateko, bai, denbora eta dirua jarri behar dira mahai gainean.
Noizbait ohartuko gara (edo dira, kasu gehienetan) zeinen garrantzitsua den eduki ona euskaraz ondo egotea? Euskaraz atzerriko liburu interesgarriak irakurri nahi ditugu, bazterretakoak eta iraultzaileak, euskaraz erakusketa aberasgarriak ikusi nahi ditugu, euskaraz pelikula entretenigarriak entzun eta irakurri nahi ditugu… Itzulpena behar dugu gure hizkuntzan edonolako edukia irakurri, ikusi eta entzun nahi badugu, eta itzulpen horrek kalitatezkoa eta eskuragarria behar du izan.
[1] Tristuraz irakurri berri dut Donostiako Hontza liburu dendak behin betiko itxiko dituela ateak laster… Bertan erosi ohi ditugu kideok liburuak, eta Idoia Santamariak duela urtebete azaldu zuen kezka bera dut nik ere, Hontza bezalako liburu dendak ixtearen ondorioz kultura kontsumitzeko sortuko diren ohiturak zein izango ote diren. «Jada ez dugu hainbeste hitz egiten liburuak irakurtzeaz, kultura kontsumitzeaz baizik» zioen, eta izugarri kezkagarria deritzot.

