Xabier Olarra
Gai honetaz argi bila jotzen badugu Euskaltzaindiaren Hiztegira, honako definizio hauek aurkituko ditugu:
| zur 1 iz. Zuhaitz eta zuhaixken enbor, adar eta sustraiak osatzen dituen gai izpitsu eta trinkoa, bereziki lantzeko eta gauzakiak egiteko erabiltzen dena. (-r- bakunarekin). Pago horren gerriak badu hamar metro kubo zur, buruak hamar tona egur. Gereziak ere zur ederra du. Setingo zur iraunkorrez egina. Zur landuz egindako jainko irudiak. Urteetan urpean egonda ere, zerratokian zur ona ematen omen du. Zuraren giharra eta gizena. Zur lana. Zur-lantzailea. 2 iz. Zur puska. Zur baten gainean etzanik. | |
| egur 1 iz. Zuhaitzaren enbor edo adar zati handia; bereziki, multzokari gisa, su egiteko erabiltzen dena. Ezaguna da “egurra” ez dela “zura”. Egur birekin eginiko gurutzea. Egur batzuk surtan, eta egurren artean baba eltzea. Haritzak azala, zura, ezkurra, egurra, guztiak oso onak ditu. Pagoaren egurra, nahiz ikatza nahiz sua egiteko, onenetakoa. Egur mehe guztia maizterrarentzat. Elur-melur, ez nauk hire beldur: etxean baditiat arto eta egur. Egur zama bat. Hiru gurdi egur. Basoan egur biltzen. Egur hezearen kea. 2 iz. Zura. Zuhaitz honen egurra gogorra da eta zuria. |
Ikusten denez, “egurra” bigarren adiera batean “zura” ere bada. Dena dela, bagara batzuk (hainbat lekutan zaharkitua gelditzen ari den) bereizketa hori egiten dugunak: beraz, batzuontzat, zura “gai izpitsu eta trinko” hori da, eta egurra, berriz, sutarako erabiltzen den zura.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasera begiratuta, ikusten da mendebalderantz jo ahala egurrak hartu duela zuraren lekua. Hala ere, badira adibideak adierazten dutenak “zurezko” Ezkioraino iristen zela, bizkaieraren mugatik hurbil, beraz.
Esan liteke gehiagotan entzun daitezkeela Nafarroan (edo Iparraldean) “zur”, “zurezko” edo “zuraje” hitzak Gipuzkoan baino. Gure etxean (Tolosan) sutarako egurra edo ikatza erabiltzen zen, baina bazen sukaldean koilara “berezi” bat “zurezko kutxarea” esaten zitzaiona. Horregatik egiten zait hain arrotza gaur egun irakurtzea “egurrezko koilara” eta gisakoak, eta horregatik egiten dut, egokitzen zaidanean, aipatu dudan bereizketa hori.
Antzeko zerbait aurkitu dut atlas horretan egur/zur erabilerari dagokionez Elduainen: nik umetan bezala, “zurezko” erabiltzen dute kutxarearen kasuan, baina ez armairuak edo aulkiak egiteko materiala aipatzean.
Ereduzko prosan ere begiratu dut, eta denetik aurkitu dut, jakina. Badira idazle eta itzultzaileak bereizketa zentzuz egiten dutenak, badira “zur” sekula erabiltzen ez dutenak, eta badira bata zein bestea “nahasian” erabiltzen dutenak: liburu batean “zurezko”, beste batean gauza bera esateko “egurrezko”: “zurezko hanka” orain, eta beste liburu batean “egurrezko hanka”.
Dena dela, ikusi dut Elizen Arteko Biblian oso ondo egiten dutela bereizketa. Kasu bakarra da itzultzaileren bati eskapatu zaiona: “Arotza eta egurrezko idoloak” (Jkd 13,10 tit). Beraz, liburu horretan Jainkoaren hitza omen dagoenez, jarrai dezagun bide zuzenetik, eta utzi alde batera “egurrezko idoloak”.
Ulertzeko gauza denak uler beza (Mt, 11- 15).
Halabiz.


Eskerrik asko, Xabier, bereizketa hori mahaigainera ekartzeagatik. Zenbat belarrietako min pasa ditudan “egurrezko” desegoki horiekin!
Eta beste elementu bat gehituko dut: altzariak egiteko lanbidearen izenari dagokionez, Nafarroan “zurgin” esaten zaio: zurgin, zurgindegi, zurgintza. “Egurgin” eta “egurgile”, berriz, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, hauxe dira: “Egur egitea ogibide duen langilea” (Orotarikoan begiratzen baditugu, ikusiko dugu horiek “leñador” direla, eta ez “carpintero”).
Atsegin dutAtsegin dut
Alaitzek jada egin duen oharra egitera sartu, eta horra hortxe. Tira, bada: segi “zura ematen” 3zur ar(r)otzei. Egur t’erdi
Atsegin dutAtsegin dut
Kaixo, Xabier! Bada, bere euskalki edo hizkeran bereizketa hori betidanik egin duenak segi dezala egiten eta bejondeiola, eta sekula egin ez duenak ere jarrai dezala egin barik eta bien euskara izango da berdin dotorea. Bereizketa asko daude hizkera ets euskalkietan, egiten dituztenei oso beharrezkoak eta politak iruditu arren, egiten ez dituztenei bitxiak edo hutsalak iruditu ahal zaizkienak, «bertan/berton»,»behatzak/atzamarrak», kasurako. Beraz, zur/egur bereizketari nik neuk ez diot beste horiei baino balio bibliko handiagorik ikusten, eskritura sainduaren itzultzaileen hobespenaz harago, karkar
Atsegin dutAtsegin dut
Eskerrik asko, Xabier.
Gure etxean ere beti bereiztu izan da hori. Kutxeta bat, mahai bat, ate bat… zurezkoak izan zitezkeen, ez egurrezkoak.
Horretaz gain, nik dakidan Nafarroako euskaran, zurarekin lan egiten duenari “zurgina” deitu izan zaio (gure osaba bat halakoa zen), eta “arotza” burdinarekin, metalekin egiten duenari. Gipuzkoan, agi denez, gure zurginari “arotza” deitzen diote.
Orotarikoan bilaketa bat eginik, ‘zur’ orokortzat ematen du eta Landucciren eta Mikoletaren adibideak ematen ditu, mendebalde urrutian. Baina, zuk diozun bezala, irudi du leku batzuetan hitza erabat galdu dela.
‘egur’ 2. adieran (‘zuraren’ sinonimoa) adibideak mendebaldekoak dira eta “XX. mendea baino lehenago ez dago agerpen ziurrik”.
Beraz, pentsa daiteke bereizketa orokorra izan dela euskara osoan eta azken mendean mendebaldean galdu egin dela.
Atsegin dutAtsegin dut
Aupa, Xabier, aspaldiko,
“Zur”aren isoglosa Ezkiotik mendebalderago ere ekar daiteke. Orozko euskararen mendebalderik kasik mendebaldeenean dago, eta gure amak ere “zulezko kollarea” esaten zuen; nik dakidala, zeuk aipatu duzun erabilera horretantxe baino ez gurean ere, koilararenean. Eta elez ahoskatuta, zulezko. Halantxe darabilt neuk ere gure etxean gaur egun.
Zehaztasun izpi bat gehiago euskararentzat. Biba!
Atsegin dutAtsegin dut