Zurezko edo egurrezko

Xabier Olarra

Gai honetaz argi bila jotzen badugu Euskaltzaindiaren Hiztegira, honako definizio hauek aurkituko ditugu:

zur
1 iz. Zuhaitz eta zuhaixken enbor, adar eta sustraiak osatzen dituen gai izpitsu eta trinkoa, bereziki lantzeko eta gauzakiak egiteko erabiltzen dena. (-r- bakunarekin). Pago horren gerriak badu hamar metro kubo zur, buruak hamar tona egur. Gereziak ere zur ederra du. Setingo zur iraunkorrez egina. Zur landuz egindako jainko irudiak. Urteetan urpean egonda ere, zerratokian zur ona ematen omen du. Zuraren giharra eta gizena. Zur lana. Zur-lantzailea.
2 iz. Zur puska. Zur baten gainean etzanik.
egur
1 iz. Zuhaitzaren enbor edo adar zati handia; bereziki, multzokari gisa, su egiteko erabiltzen dena. Ezaguna da “egurra” ez dela “zura”. Egur birekin eginiko gurutzea. Egur batzuk surtan, eta egurren artean baba eltzea. Haritzak azala, zura, ezkurra, egurra, guztiak oso onak ditu. Pagoaren egurra, nahiz ikatza nahiz sua egiteko, onenetakoa. Egur mehe guztia maizterrarentzat. Elur-melur, ez nauk hire beldur: etxean baditiat arto eta egur. Egur zama bat. Hiru gurdi egur. Basoan egur biltzen. Egur hezearen kea.
2 iz. Zura. Zuhaitz honen egurra gogorra da eta zuria.

Ikusten denez, “egurra” bigarren adiera batean “zura” ere bada. Dena dela, bagara batzuk (hainbat lekutan zaharkitua gelditzen ari den) bereizketa hori egiten dugunak: beraz, batzuontzat, zura “gai izpitsu eta trinko” hori da, eta egurra, berriz, sutarako erabiltzen den zura.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasera begiratuta, ikusten da mendebalderantz jo ahala egurrak hartu duela zuraren lekua. Hala ere, badira adibideak adierazten dutenak “zurezko” Ezkioraino iristen zela, bizkaieraren mugatik hurbil, beraz.

Esan liteke gehiagotan entzun daitezkeela Nafarroan (edo Iparraldean) “zur”, “zurezko” edo “zuraje” hitzak Gipuzkoan baino. Gure etxean (Tolosan) sutarako egurra edo ikatza erabiltzen zen, baina bazen sukaldean koilara “berezi” bat “zurezko kutxarea” esaten zitzaiona. Horregatik egiten zait hain arrotza gaur egun irakurtzea “egurrezko koilara” eta gisakoak, eta horregatik egiten dut, egokitzen zaidanean, aipatu dudan bereizketa hori.

Antzeko zerbait aurkitu dut atlas horretan egur/zur erabilerari dagokionez Elduainen: nik umetan bezala, “zurezko” erabiltzen dute kutxarearen kasuan, baina ez armairuak edo aulkiak egiteko materiala aipatzean.

Ereduzko prosan ere begiratu dut, eta denetik aurkitu dut, jakina. Badira idazle eta itzultzaileak bereizketa zentzuz egiten dutenak, badira “zur” sekula erabiltzen ez dutenak, eta badira bata zein bestea “nahasian” erabiltzen dutenak: liburu batean “zurezko”, beste batean gauza bera esateko “egurrezko”: “zurezko hanka” orain, eta beste liburu batean “egurrezko hanka”.

Dena dela, ikusi dut Elizen Arteko Biblian oso ondo egiten dutela bereizketa. Kasu bakarra da itzultzaileren bati eskapatu zaiona: “Arotza eta egurrezko idoloak” (Jkd 13,10 tit). Beraz, liburu horretan Jainkoaren hitza omen dagoenez, jarrai dezagun bide zuzenetik, eta utzi alde batera “egurrezko idoloak”.

Ulertzeko gauza denak uler beza (Mt, 11- 15).

Halabiz.