Igone Zabala Unzalu
Noizean behin ohartzen naiz nire eskuetara heltzen diren testuetan, hitzaldietan eta irratiko elkarrizketetan ugaldu egiten direla zalantzagarriak iruditzen zaizkidan hitz edo hitz-konbinazio batzuk. Ez dakit bolada kontua den, edo besterik gabe lehenago oharkabean pasatu zaizkidan esamoldeekin ohartzen naizen bat-batean. Gaur hona ekarriko dudana ez dut uste Itziar Diez de Ultzurrunek aurreko postetan hizpide izan dituenen moduko “espezie inbaditzaileak” direnik. Euskararen barruko prozesuen ondorio izan liteke agian.
Areagotu aditza ederra iruditzen zait, baina maiz izen desegokiekin konbinatuta ikusten edo entzuten dut. Zenbaitetan autoan noala irratian entzuten ditut atentzioa ematen didaten horrelako konbinazioak baina, ondoren, zail egiten zait adibide zehatza gogoratzea. Hortaz, hiztegi eta corpusez baliatuko naiz hemen hasierako analisia egiteko.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren definizioa nire kontzeptualizazioaren ildotik doala esango nuke, alegia, areagotu aditzak zerbaiten nolakotasunaren goranzko joera adierazten duela.
| areagotu, areago/areagotu, areagotzen da/du ad. Gehitu, batez ere nolakotasunean. Zorigaitza areagotu zitzaionean. Horrek ondoeza areagotu zion. Ez zituen hortik zetozen gaitzak deuseztatu, areagotu baino. Ezin dugu esan auziak eta istiluak saihestu ditugunik: gehitu eta areagotu egin ditugu aitzitik. |
Dabilena corpusera jo dut gailentzen diren konbinazioen bila eta, maiztasun handiko konbinazioen zerrenda oso luzea bada ere, izen hauek gailentzen direla ikus daiteke: erabilera (1182), presentzia (548), arrisku (471), ezagutza (260), tentsio (251), gaitasun (276), arazo (262), presio (233), kopuru (244), joera (212), kontrol (191)…
Hona hemen adibide batzuk:
| Bagerak, euskararen erabilera areagotzen eta sendotzen jarraituko duela adierazi du. Hedabideetan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko hedabideak bultzatzea… Errauskailuek minbiziaz hiltzeko arriskua areagotzen dutela dio zientzialari espainiarren ikerketa batek. Ideiak trukatzeko eta ezagutza areagotzeko gune bat eskaintzea du helburu biltzar honek. Palestinako bi alderdi nagusien arteko tentsioa areagotzea eragin du operazioak. Bainuetxeetan airea beti hezea da eta horrek mikroorganismoen bizitzeko gaitasuna areagotzen du. Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren. Txinaren aurkako presioa areagotu egin dute AEBek. Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripu kopurua areagotu dela nabarmendu du LABek. Iraganari bestela begiratu eta bertsio ofizialak kolokan jartzeko joera areagotu da. Gasteizko Alde Zaharrean kontrol soziala areagotzen ari dela salatu dute. |
Kasu gehienetan, egoki iruditzen zait areagotu aditza izen horiekin konbinatuta, handitu aditza ere egokia izan litekeela iruditzen bazait ere. Kopuru izenaren kasuan, aldiz, ez dut uste areagotu aditza egokia denik. Izan ere, kopuru izen arina zenbakarriak edo neurgarriak diren izenekin konbinatzen da gehienbat, eta lortzen den esanahia ez dagokio nolakotasunari zenbatekoari baizik. Hortaz, bi adibide hauetan, handitu edo gora egin moduko aditzak erabiltzea egokiagoa litzatekeela uste dut. Zenbait kasutan, kopurua handitu edo kopuruak gora egin konbinazioen ordez, ugaritu aditza erabiltzea ere egoki izan liteke.
| Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripu kopurua areagotu dela nabarmendu du LABek. Donostiako Orfeoiak, abesbatzako ahotsen kopurua areagotzeko asmoz, bertako kide izateko deialdia egin du. |
Arrisku eta arazo izenen jokaera desberdina da numeroaren arabera. Arrisku izena singularrean erabilita ageri da gehienbat eta, arazo izena, aldiz, pluralean ageri da adibide gehienetan. Izen horiek singularrean erabiltzen direnean, nolakotasunaren goranzko joera adierazten da beti eta, beraz, egokitzat har daiteke areagotu aditza.
| Bilbon eta Donostian uholde arriskua areagotuko da. Egia da urtetik urtera arazoa areagotzen ari dela, baina airearen kutsadura mundua bezain kontu zaharra da. |
Izena plurala denean, aldiz, bi interpretazio egon daitezke. Bi adibide hauetan, aurretik mugatuta dauden arrisku edo arazoez ari garela ulertzen da eta, beraz, horien nolakotasunaren intentsitateaz ari garela onar daiteke.
| Ebakuntza horren arriskuak areagotu edo arintzen dute hainbat faktorek: ardura espezialista on baten eskuetan uztea, toki egoki batean egitea, behar bezainbesteko denbora hartuta, presarik gabe, etc. Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren. |
Hurrengo adibideak aldiz, bi interpretazio izan ditzake. Adierazi nahi dena baldin bada aldez aurretik dauden jarreren, istripuen eta osasun-arazoen intentsitatea handitzen dela, areagotu aditza erabil daiteke baina, horiek guztiak kopuruz handitzen direla adierazi nahi badugu, ugaritu aditza erabiltzea askoz ere egokiagoa litzateke.
| Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak areagotu egiten dira. Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak ugaritu egiten dira. |
Bukatzeko, kontuan hartu behar da izen batzuk komunikazio orokorrean zenbakaitzak eta neurgaitzak badira ere komunikazio espezializatuan hartzen duten esanahia neurgarria den magnitude batena dela. Hori gertatzen da, adibidez, presio eta tentsio izenen kasuan.
| Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioa areagotzen ari da joan den igandeko gertakarien ondoren. Siria inbaditzeko presioa areagotu dute Turkiak eta Saudi Arabiak. |
Garaterm corpus akademikoan areagotu aditzaren konbinazioen kontsulta eginda, ikus dezakegu ez dela ageri konbinatuta presio eta tentsio izenekin. Presio eta tentsio izenak magnitude izenak dira ia beti zientziazko testuetan, eta handitu eta igo aditzekin konbinatuta ageri dira horien balioaren goranzko joera adierazi nahi denean.
| Azken ekuazio horren arabera, bolumen molarrak positiboak direnez, Gibbs-en energia molarra handitzen (∆Gm > 0) da presioa handitzen denean (∆p > 0). Normalean, fusio-kurbak malda positiboa izaten du presioa igotzen dugunean. Energia elektrikoaren sorgailuen irteeran tentsioa igo eta intentsitatea murrizten duten transformadoreak erabiltzen dira. Transformadorearen sekundarioan edo primarioan zirkuitulaburra egingo da, eta 0 V-etik hasita, apurka-apurka, aplikatzen den tentsioa handituko da, transformadorearen hariletan zehar intentsitate izendatua igarotzea lortu arte. |
Nolanahi ere, esan beharra dago presioa handitu kolokazioa gailentzen dela presioa igo kolokazioaren aldean. Tentsio izenaren kasuan, aldiz, tentsioa igo kolokazioa gailentzen da tentsioa handitu kolokazioaren aldean, maiztasunak antzekoak badira ere.
Egindako azaleko analisitik hiru ondorio atera daitezke:
- Zalantzagarritzat har daitezkeen konbinazioak areagotu aditzaren semantikaren gutxi gorabeherako ezagutzaren edo erabileraren ondorio izan daitezke, besteak beste, kopurua areagotu konbinazioan.
- Areagotu aditzaren semantikaren gaineko kontrol ona izateak aukera ematen digu zehatzagoak diren esaldiak osatzeko, adibidez, osasun-arazoak areagotu vs osasun-arazoak ugaritu bereizteko.
- Zenbait izenek komunikazio espezializatuan aktibatzen dituzten esanahi espezializatuek eragina dute aditzekin osatzen dituzten kolokazioetan. Hori erakutsi dugu presio eta tentsio izenen kolokazioen kasuan.

