Iya guriak egin du: hitanoa arnasestuka

Xabier Olarra

Horixe da Badihardugu elkarteak egindako inkesta batetik atera duten ondorioa. 4.000 herritarrek baino gehiagok erantzun dute inkesta, eta inkestaren egileek diotenez, argazkia ez da ona:

“Gehienek nahiko egoera eskasean ikusten dute”. “Herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean”.

Transmisioari dagokionez, jasotako erantzunen arabera, ondorio hau atera dute: “gehienek etxean, familian edo lagunartean ikasi dutela diote, eta gutxiengoa dira eskolan, euskaltegietan edo ikastaroetan ikasi dutenak”.

Demografia aurka dugu

Bada arnasgune deitzen ditugun herri txiki horietako bat, non baserri batean baziren 9 seme-alaba. Guztiek beren artean beti hika egiten zuten. Haien seme-alabak guztira 18 izan ziren. Baserri horretan maiorazko geldituak bi seme-alaba izan zituen. Baserrian gelditu zen semeak ez zuen umerik izan. Baserria hutsik dago. Hori guztia 1910 ingurutik 2010era gertatu da.

Gaur egun, Euskal Herriko familietan batez bestekoa bi ume (edo gutxiago) izatea baldin bada, ez da oso zorrotza izan behar ohartzeko transmisioa ez dagoela bermatua. Teorian bermatua litzateke neurri batean, baldin eta seme-alabek gurasoei hika entzungo baliete, baina hori anatema izan da XX. mendean.

Gainera, zerbaitegatik 9 horietatik batzuek ez zieten seme-alabei hika egiten. Haien familietan gaur egun hika baino gehiago entzuten da zuka.

Eskola eta telebista

Aipatutako hutsune hori betetzeko eskolak eta telebistak beharko lukete beren lekua. Baten batek esango dit nahiko lan dutela bestela ere irakasleek ume eta nerabeei euskaraz eginarazten, horrelako filigranatan hasteko. Eta egia da. Irakasleek badute bestela ere nahiko lan. Eta pozik egon beharko genuke gaur egungo ume eta nerabeak edozeri buruz lauzpabost esaldi segidan taxuz esan edo idazteko gauza direla aterako balira bigarren hezkuntzatik. Baina ez dakit hori ere ez ote den gehiegitxo eskatzea.

Telebistari dagokionez, gogoan dut ETBren hasierako marrazki bizidunetan hitanoak bazuela bere lekua. Ez dakit hala gertatzen den gaur egungoetan. Telebista gutxitxo ikusten dut, iritzi bat izateko. Baina horretaz arduratzen direnek kontuan izan beharko luketela iruditzen zait. Eta berdin telesailetan. Uste dut Goenkale eredugarria izan zela horretan.

Egokia iruditzen zait eztabaida-saioak, teleberriak eta oro har telebistako jarduna erregistro neutroan izatea, are pilota-partiden emanaldietako esatarien jarduna, jende guztiari zuzendua denean. Baina zergatik ez esatari biren arteko elkarrizketak hika? Uste dut horrela izaten zirela Euzkitzeren eta Tolosaren artekoak, eta ez dut uste inori belarrian minik ematen ziotenik, “eongoatxik” hura salbu. Baina, jakina, doktoreak ditu Eliza Ama Santak nik baino gehiago dakitenak.

Literaturaren salbabidea

Poztu egin naiz George Orwellen Lur jota Parisen eta Londresen, Igelaren (oraingoz) azkenekoan, itzultzaileak arrazoi literarioak kontuan izanik hitanoa erabiltzea erabaki duela jakitean. Hori ageri da Amaia Jimenez Larreak liburuaren aurkezpenari buruz egindako kronikan, hitanoa aniztasunerako atalean:

Askotariko ostatu, lan eta tokietan ibilitakoa izanik, jende askorekin topo egin zuen bizialdian Orwellek: asiarrekin, errusiarrekin, irlandarrekin… Eta pertsonaien arteko hizketaldiak kaleko hizkeran idatzi zituen egileak jatorrizko bertsioan. Baina, nola ekarri haiek euskarara? Hitanoa erabili du horretarako Santxitz-Muxikak. «Sorterri bakoitzerako hitano mota bat erabili dut. Hibrido samar geratu da», garatu du azalpena. Adibidez, pertsona irlandar batek Debagoiena eskualdeko hitanoa erabiltzen du; frantses batek, berriz, lapurteraren antzekoa den beste bat. Kalean bizi den jendeak hika hitz egiten du; gainerakoek, ordea, zuka. Horrela, protagonisten arteko arrakala adierazi nahi izan du itzultzaileak.

Baina, bestalde, ez da batere pozgarria jakitea liburu hori Itxaropena Argitaldariak inprimatu duen azkena dela. Gandiagaren poema hura ekarri beharko gogora:

Esperantzari leiho bat
zabaldu omen diote
bizi ahal ote den
ikusteko ere.

Baina apenas
ikusi duten esperantzarik.
Desilusio usai bat
erten omen da leihotik.

Bai, iya guriak egin du. Baina iya besterik ez.

Paperaren alde

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Gaur egun, ezinezkoa irudituko litzaiguke hizkuntza-baliabide digitalik gabe itzultzea. Funtsezkoak bilakatu zaizkigu, gure lana hobeki eta azkarrago egiten laguntzen digute eta. Niri, nola ez, zoragarria iruditzen zait Euskalbarrek dituen baliabideak oro klik batean izatea eskura. Zoragarria, OLI tresnak erabiltzea, eta corpusetara eta itzultzaile neuronaletara jo ahal izatea… eta, halere, noizbehinka, paperaren hutsa sumatzen dut, oso gogoko baititut eskuztatzen eta tolesten, azpimarratzen eta zirriborratzen ahal diren baliabideak. Adin kontua ote?

Hau ez da XX. mendera itzultzeko minaz idatziriko ariketa nostalgikoa, baina bada, ordea, digitalizazioak aldarazi dizkigun lan-moduez mintzatzeko saioa. Gure itzulpen atalean, adibidez, zuzenketak ere pantailetan egiten ditugu orain. Itzulpena bukatutakoan, zuzentzaileari igortzen diogu, formatu digitalean, eta hark oharrekin eta zuzenketekin itzultzen guri. Bukatu dira garai batean maiz izaten genituen binakako “bilera” haiek, zeinetan zuzentzaileak, itzultzailearen ondoan jarrita, banan-banan azaltzen zion bere zuzenketen eta proposamenen funtsa. Paperen hutsaz gain, elkarrizketa haien hutsa ere sumatzen dut noizbehinka, haien bidez ikasi baitut itzultzeaz dakidantxoaren gehiena, nik baino aunitzez gehiago zekiten lankide eskarmentu handikoengandik ikasi ere.

Nire sentimendu horri oinarri serioago eta sendoagoren bat eman nahian, sarean ibili naiz paperen onuren alde hausnartzen lagunduko didaten baliabide digitalen bila (ene!) eta, halako batean, webgune batean irakurri dut ezen, ikerketa batzuen arabera, paperean irakurtzen dugunean errazago ulertzen dugula, batik bat arreta handiagoz irakurri beharreko testuak badira edo azkar irakurri beharra badugu. Ez dakit zer iruditzen zaizuen zuei, baina niri ez zait argudio txarra iruditzen gure egunerokoan paperari toki gehixeago egiten hasteko berriz…

Bestalde, uste dut batzuetan ahantzi egiten zaigula baliabide digitalak, zein ere diren zoragarriak, baliabideak baizik ez direla, bitarteko hutsak, eta hizkuntza-baliabide guzti-guztiak ere ez daudela Interneten. Uste dut sarean ez dauden material horietan ere badugula zer ikasia, gure hizkuntza-baliabideen sorta ugaritzen lagun diezagukeela idazle on baten liburua plazer hutsez eta patxadaz irakurtzeak ere: itzultzaileok gero eta hobeak izan beharko baitugu, itzultzaile neuronalek eta adimen artifizialeko beste aplikazioek baino gehiago jakin beharko dugu, haiek proposatuko dizkiguten emaitzak egokiak (edo egokienak) diren bereizteko.

Hala, bada, testu hau bukatu eta ordenagailua itzali bezain laster, udaberriko egun paregabe hau probestuko dut Takonerako lorategietara joateko, bizpahiru txandrio goxo ―ez Uxue Reyk aipaturiko horietarik, baizik Beatriz edota Donezar gozotegietan egiten dituztenetarik― eta liburu on bat hartuta, arratsalde-pasa egiteko han, itzalpean, hostoen azpian eta orriak eskuetan.

Corpusen paradisua

Josu Barambones Zubiria

Euskal itzultzaileok pozik egoteko eta zoriontsu bizitzeko hamaika arrazoi ditugu. Horietako bat corpusen lurraldean jaiotzea fortunatzea da, izan ere gurean beste inon baino corpus gehiago aurkituko ditu bidaiariak. Gauza jakina da ez litzatekeela itzultzailerik existituko corpusik ez balego.

Euskaldunok corpusekiko dugun zaletasuna agorrezina da, halako moduan non lurralde malkartsu honetan paroxismoaren gailurra jo baitu. Edozein gai edo arlo dela ere, beti egingo zaio txoko bat corpusen lurraldean. Tajuz, tentuz eta zentzuz itzultzeko ez ezik, hizkuntza teknologiak garatzeko ere baitezpadakoak omen dira. Eta batek pentsa dezake dagoeneko euskara teknologikoki oso aurreratua egongo dela eskura dauden corpusen tamainari bistadizo bat ematen badio.

Euskalbarren corpus hauek ageri dira: orokorrak (12 zenbatu ditut), eleaniztunak (4) eta espezializatuak (5). Eta ez daude guztiak: Goenkale corpusa, kasu, ez dago (Egungo Testuen Corpusaren barruan dago, halere). Baina horrekin konformatu ez, eta hara non beste corpus bat sortzeko eta garatzeko proiektua aurkeztu duten orain dela gutxi: Euskorpora, euskal corpusetan corpusena izango omen dena (beharbada zantzu bat baino ez da, baina ia aldi berean jakin dut Euskorporaren jaiotzaren berri eta euskal kulturaren sinbolo bat izan den Itxaropena argitaldariaren heriotzarena). Eta zertarako sortzen da Euskorpora? Euskokorporako webgunean hau irakur daiteke: “Baliabide linguistikoak ondo dituzten eta ez dituzten hizkuntzen arteko aldea murrizteko”. Baina ez al da nahikoa dagoeneko eskura dugun Egungo Testuen Corpusarekin, 21. mendeko ereduzko corpusarekin? Guztira 430,7 milioi testu-hitzez osatua eta 3.584.978 hitz desberdinez. Euskorporak bost milioi bider, milioi bat bider hobetuko du?

Itxaro Bordak Berriako maiatzaren 18ko artikuluan zioen bezala, badirudi euskararen etorkizuna segurtatzeko behar ditugun hiru gauzen artean “dirua ausarki uztea” dela horietako bat. Izan ere, Euskorpora behar bezala doitu eta garatzeko, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren bidez, 5,55 milioi euroko zuzkidura bideratuko da (“zuzkidura”, zer hitz polita, durunditsua). 2025erako bi milioi euro esleitu zaizkio eta hurrengo urterako beste hiru milioi euro. Hori gutxi ez, eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak beste 550.000 euroko ekarpena egingo du hasieran, berotzen hasteko.

5,55 milioi euro, harrapa ezak/n. Gutxi? Askotxo? Ez dakit, baina corpusek ere jan behar izaten dute, eta zer jaten du corpus batek? Testuak, bai, testuez elikatzen dira, orotariko testuez: kalitate exkaxeko testuez eta kalitate oneko testuez, eta jakintza arlo guztietakoez. Eta bitxia begitantzen zait, besteak beste, testu literarioak sortzea eta itzultzea xedetzat dituzten elkarteek zenbat diru jasotzen duten. Gure Elkarteak, EIZIEk, 90.000 euro jasoko ditu 2025ean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzatik elkarteko ekintzak garatu eta Literatura Unibertsala bilduma eta berrargitalpen-plana sustatzeko. Hau da, urtean literatura unibertsaleko hiruzpalau liburu argitaratzeko beste, gordin esanda. Literatura unibertsaleko liburuekin jai dute corpusek, gosez hilko baitira. Euskal Idazleen Elkarteak 62.000 euro literatura-sektorea sustatzeko eta Euskal Editoreen Elkarteak 85.000 euro liburugintza-sektorea laguntzeko. Gutxi? Askotxo? Ez dakit, baina lehentasunak non dauden jarrita argi dago.

Baina ya esta. Euskarak behar zuen panazea hemen dago. Euskorpusari esker, gailu digitalak euskaraz jarduteko gai izango dira. Horrela, esaterako, Sirirekin edota Alexarekin euskaraz aritzeko aukera izango dut (Zergatik ez erabili horien ordez euskal izenak, esate baterako, Antton eta Arantzazu?), haiek ere euskalduntzea lortuko dugulako (agur euskaltegiei). Dagoeneko batek ikus ditzake inbertsio horren emaitzak Euskorporaren berri ematen duen Eusko Jaurlaritzako webgunean bertan: “Inbertsio horrekin, gainera, adimen artifizialaren eta datuaren kudeaketaren euskal ekosistema ere dinamizatuko da”. Zer ote da euskal ekosistema dinamizatzea? Nik jakin ez eta robot horietako bati galdetzea otu zait. Hona erantzuna:

Euskal ekosistema dinamizatzea, zure galderari erantzunez, ekosistema hori biziberritzeko, sustatzeko eta hazkundean laguntzeko lanak egitea da. Hau da, ekosistema hori osatzen duten enpresa, startup, ikerketa zentro, erakunde eta profesionalen arteko loturak eta lankidetza indartzea eta bultzada ematea da helburua.

Horrela, berrikuntza, enplegua eta garapena sustatzen dira, eta ingurune eraginkorragoa eta sortzaileagoa sortzen da. Euskal ekosistema dinamizatzea, beraz, ekintza, topaketak, sareak eta proiektu berritzaileak bultzatzea da, tokiko eta nazioarteko eragileekin elkarlanean arituz.

Laburbilduz, euskal ekosistema dinamizatzea ekintza eta estrategia multzoa da, Euskal Herriko ekonomiaren eta berrikuntzaren garapena laguntzeko asmoarekin.

Erantzunaren borobila ikusita, hemendik aurrera bakarrik robotekin hitz egiteko deliberamendua hartu dut.

“Areagotu” aditza

Igone Zabala Unzalu

Noizean behin ohartzen naiz nire eskuetara heltzen diren testuetan, hitzaldietan eta irratiko elkarrizketetan ugaldu egiten direla zalantzagarriak iruditzen zaizkidan hitz edo hitz-konbinazio batzuk. Ez dakit bolada kontua den, edo besterik gabe lehenago oharkabean pasatu zaizkidan esamoldeekin ohartzen naizen bat-batean. Gaur hona ekarriko dudana ez dut uste Itziar Diez de Ultzurrunek aurreko postetan hizpide izan dituenen moduko “espezie inbaditzaileak” direnik. Euskararen barruko prozesuen ondorio izan liteke agian.

Areagotu aditza ederra iruditzen zait, baina maiz izen desegokiekin konbinatuta ikusten edo entzuten dut. Zenbaitetan autoan noala irratian entzuten ditut atentzioa ematen didaten horrelako konbinazioak baina, ondoren, zail egiten zait adibide zehatza gogoratzea. Hortaz, hiztegi eta corpusez baliatuko naiz hemen hasierako analisia egiteko.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren definizioa nire kontzeptualizazioaren ildotik doala esango nuke, alegia, areagotu aditzak zerbaiten nolakotasunaren goranzko joera adierazten duela.

areagotu, areago/areagotu, areagotzen
da/du ad. Gehitu, batez ere nolakotasunean. Zorigaitza areagotu zitzaioneanHorrek ondoeza areagotu zionEz zituen hortik zetozen gaitzak deuseztatu, areagotu bainoEzin dugu esan auziak eta istiluak saihestu ditugunik: gehitu eta areagotu egin ditugu aitzitik.

Dabilena corpusera jo dut gailentzen diren konbinazioen bila eta, maiztasun handiko konbinazioen zerrenda oso luzea bada ere, izen hauek gailentzen direla ikus daiteke: erabilera (1182), presentzia (548), arrisku (471), ezagutza (260), tentsio (251), gaitasun (276), arazo (262), presio (233), kopuru (244), joera (212), kontrol (191)

Hona hemen adibide batzuk:

Bagerak, euskararen erabilera areagotzen eta sendotzen jarraituko duela adierazi du.

Hedabideetan euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko hedabideak bultzatzea…

Errauskailuek minbiziaz hiltzeko arriskua areagotzen dutela dio zientzialari espainiarren ikerketa batek.

Ideiak trukatzeko eta ezagutza areagotzeko gune bat eskaintzea du helburu biltzar honek.

Palestinako bi alderdi nagusien arteko tentsioa areagotzea eragin du operazioak.
Bainuetxeetan airea beti hezea da eta horrek mikroorganismoen bizitzeko gaitasuna areagotzen du.

Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren.
Txinaren aurkako presioa areagotu egin dute AEBek.

Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripu kopurua areagotu dela nabarmendu du LABek.

Iraganari bestela begiratu eta bertsio ofizialak kolokan jartzeko joera areagotu da.

Gasteizko Alde Zaharrean kontrol soziala areagotzen ari dela salatu dute.

Kasu gehienetan, egoki iruditzen zait areagotu aditza izen horiekin konbinatuta, handitu aditza ere egokia izan litekeela iruditzen bazait ere. Kopuru izenaren kasuan, aldiz, ez dut uste areagotu aditza egokia denik. Izan ere, kopuru izen arina zenbakarriak edo neurgarriak diren izenekin konbinatzen da gehienbat, eta lortzen den esanahia ez dagokio nolakotasunari zenbatekoari baizik. Hortaz, bi adibide hauetan, handitu edo gora egin moduko aditzak erabiltzea egokiagoa litzatekeela uste dut. Zenbait kasutan, kopurua handitu edo kopuruak gora egin konbinazioen ordez, ugaritu aditza erabiltzea ere egoki izan liteke.

Lan baldintzak okertu direlako gaixotasun eta istripu kopurua areagotu dela nabarmendu du LABek.

Donostiako Orfeoiak, abesbatzako ahotsen kopurua areagotzeko asmoz, bertako kide izateko deialdia egin du.

Arrisku eta arazo izenen jokaera desberdina da numeroaren arabera. Arrisku izena singularrean erabilita ageri da gehienbat eta, arazo izena, aldiz, pluralean ageri da adibide gehienetan. Izen horiek singularrean erabiltzen direnean, nolakotasunaren goranzko joera adierazten da beti eta, beraz, egokitzat har daiteke areagotu aditza.

Bilbon eta Donostian uholde arriskua areagotuko da.

Egia da urtetik urtera arazoa areagotzen ari dela, baina airearen kutsadura mundua bezain kontu zaharra da.

Izena plurala denean, aldiz, bi interpretazio egon daitezke. Bi adibide hauetan, aurretik mugatuta dauden arrisku edo arazoez ari garela ulertzen da eta, beraz, horien nolakotasunaren intentsitateaz ari garela onar daiteke.

Ebakuntza horren arriskuak areagotu edo arintzen dute hainbat faktorek: ardura espezialista on baten eskuetan uztea, toki egoki batean egitea, behar bezainbesteko denbora hartuta, presarik gabe, etc.

Mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren.

Hurrengo adibideak aldiz, bi interpretazio izan ditzake. Adierazi nahi dena baldin bada aldez aurretik dauden jarreren, istripuen eta osasun-arazoen intentsitatea handitzen dela, areagotu aditza erabil daiteke baina, horiek guztiak kopuruz handitzen direla adierazi nahi badugu, ugaritu aditza erabiltzea askoz ere egokiagoa litzateke.

Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak areagotu egiten dira.

Sailburuaren arabera, alkoholaren ondorioz indarkeria jarrerak, trafiko istripuak eta osasun arazoak ugaritu egiten dira.

Bukatzeko, kontuan hartu behar da izen batzuk komunikazio orokorrean zenbakaitzak eta neurgaitzak badira ere komunikazio espezializatuan hartzen duten esanahia neurgarria den magnitude batena dela. Hori gertatzen da, adibidez, presio eta tentsio izenen kasuan.

Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioa areagotzen ari da joan den igandeko gertakarien ondoren.

Siria inbaditzeko presioa areagotu dute Turkiak eta Saudi Arabiak.

Garaterm corpus akademikoan areagotu aditzaren konbinazioen kontsulta eginda, ikus dezakegu ez dela ageri konbinatuta presio eta tentsio izenekin. Presio eta tentsio izenak magnitude izenak dira ia beti zientziazko testuetan, eta handitu eta igo aditzekin konbinatuta ageri dira horien balioaren goranzko joera adierazi nahi denean.

Azken ekuazio horren arabera, bolumen molarrak positiboak direnez, Gibbs-en energia molarra handitzen (∆Gm > 0) da presioa handitzen denean (∆p > 0).

Normalean, fusio-kurbak malda positiboa izaten du presioa igotzen dugunean.

Energia elektrikoaren sorgailuen irteeran tentsioa igo eta intentsitatea murrizten duten transformadoreak erabiltzen dira.

Transformadorearen sekundarioan edo primarioan zirkuitulaburra egingo da, eta 0 V-etik hasita, apurka-apurka, aplikatzen den tentsioa handituko da, transformadorearen hariletan zehar intentsitate izendatua igarotzea lortu arte.

Nolanahi ere, esan beharra dago presioa handitu kolokazioa gailentzen dela presioa igo kolokazioaren aldean. Tentsio izenaren kasuan, aldiz, tentsioa igo kolokazioa gailentzen da tentsioa handitu kolokazioaren aldean, maiztasunak antzekoak badira ere.

Egindako azaleko analisitik hiru ondorio atera daitezke:

  • Zalantzagarritzat har daitezkeen konbinazioak areagotu aditzaren semantikaren gutxi gorabeherako ezagutzaren edo erabileraren ondorio izan daitezke, besteak beste, kopurua areagotu konbinazioan.
  • Areagotu aditzaren semantikaren gaineko kontrol ona izateak aukera ematen digu zehatzagoak diren esaldiak osatzeko, adibidez, osasun-arazoak areagotu vs osasun-arazoak ugaritu bereizteko.
  • Zenbait izenek komunikazio espezializatuan aktibatzen dituzten esanahi espezializatuek eragina dute aditzekin osatzen dituzten kolokazioetan. Hori erakutsi dugu presio eta tentsio izenen kolokazioen kasuan.

Interpreteak hitzaldietan: Iparraldean beti, Hegoaldean ia inoiz ez

Kike Amonarriz Gorria

Askotan galdetu diot nire buruari. Zergatik? Azken urteotan Iparraldean eman ditudan hitzaldi guztietan egon da interpretazio-zerbitzua euskaraz ulertzen ez zuten edo ongi moldatzen ez ziren entzuleentzat. Hegoaldean eman ditudanetan, aldiz, nazioarteko partaideak zituzten batzarretatik, uda-ikastaroetatik edo oso kasu bereziren batetik aparte, inoiz ez. Zergatik horren funtzionamendu desberdinak mugaren bi aldeetara?

Bistan da Iparraldeko eta Hegoaldeko, bereziki EAEko, euskararen egoerak arras desberdinak direla, bi estatu desberdinetan bizi garela eta bizimoduetan ere aldeak nabarmenak direla. Ondorioz, euskalgintzaren egin moldeetan eta ohiko jardunbideetan ere badira aldeak, eta ohitura desberdinak. Alor honetan hain jokaera desberdinak eragiteraino, ordea?

Ez dut ikerketa berezirik egin gaiaren inguruan, baina, Iparraldeko eta Hegoaldeko adiskide batzuekin gaiari buruz hitz eginda, interesgarriak izan daitezkeen pista batzuk topatu ditut.

Euskararen ofizialtasunik eza litzateke lehen faktorea. Euskararen erabilera publiko formala oso murritza izan da Iparraldean. Frantsesa izan da nagusi, erabat. Egoera honen aurrean, Euskararen Erakunde Publikoaren deliberamendua izan omen zen interpretazio-lana egin ahal izateko tresnak eta material teknikoa eskuratzea eta berauen erabilera demokratizatzea eta erraztea, euskararen erabilera publikoa emendatzeko eta esparru gehiagotara iritsi ahal izateko. Horrekin batera, jende bat formatu egin zen lan horretan aritzeko. Konstatazio bat da “kaskoen” erabilerak aukera berriak zabaldu dizkiola euskararen erabilerari Iparraldean. Oso urte gutxitan, asko hedatu da interpretarien presentzia ekitaldi publikoetan, hitzaldiak barne.

Interpretazio-lanetan ari direnek aipatzen duten beste faktorea militantismoa da. Euskarak Iparraldean bizi duen egoera aintzat harturik, baldintza tekniko-ekonomikoak ere apaldu egin ohi dituzte, haien lana jende eta egokiera gehiagotara iristeko. Aintzat hartu behar da, bestalde, zenbait kasutan, tresnen erabilerarako aukeraz baliatuz, hitzaldien antolatzaileak berak jarduten direla interpretazio-lana egiten (oinarrizko prestakuntza duten pertsonak, gehienetan), bestela, arrazoi ekonomikoak tarteko, ezingo luketelako zerbitzu hau eskaini. Hegoaldean ere, “maletak” dituzten hainbat udalek doan uzten dituzte eta erakunde eskatzaileen esku geratzen da nola egin interpretazio-lana. Eskoletan, konparazio batera, gero eta gehiago erabiltzen dira material horiek, eta interpretazioa, askotan, eskoletako irakasleek edo gurasoek egin izan dute.

Erdaldunengana iristeko nahia litzateke beste arrazoi bat. Iparraldean erdaldun euskaltzale asko dagoela nabarmentzen dute, eta oso garrantzitsua dela gure diskurtsoak haiengana ere iristea. Eta aitortu behar dut, nire esperientziaren arabera, hitzaldietara beti hurbildu direla euskaltzale erdaldunak edo hizkuntzarekiko jarrera irekia dutenak, euskara-ikasleak, haurrak euskarazko irakaskuntzan dituzten guraso erdaldunak, hizkuntza erdi galdua duten pertsonak, etab.

Horiek jakinda, hitzaldi ugari antolatzen dituzten euskalgintzako hiru laguni galdetu diet, beraien ustez, Hegoaldean zergatik ez den interpretazio-zerbitzua gehiagotan erabiltzen, eta jasotako erantzunak hauek izan dira:

– Inoiz ez delako planteatu. Aukera hori ez da inoiz aipatu ere egin euskarazko hitzaldiak antolatzen dituzten entitate askotan.
– Antolatzen diren euskarazko hitzaldien hartzailetzat herritar euskaldunak hartzen direlako bakarrik, eta badugulako euskaraz ulertzen duen masa handi bat. Interpreteak bakarrik erabili dira hartzaile erdaldunengana (ere) heltzeko helburu zehatza izan duten ekitaldietan.
– Arazo teknikoak; batez ere, ondo prestatutako interpreteen falta.
– Kostua.

Arrazoi gehiago ere izango dira, seguruenik, baina honaino jasotakoak.

Horiek horrela, iruditzen zait gehiagotan planteatu beharko geniokeela gure buruari interpretazioa erabili ala ez hitzaldi nahiz ekitaldietan. Are gehiago, teknologia horretarako aukera errazten ari zaigun garaiotan.

Euskarak behar dituen elkarrizketak

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Inpresioa dut gero eta ohikoagoa dela baieztatzea euskararen eta, beraz, euskal hiztunon «garaiko erronka» teknologia berrietan gure hizkuntzaren presentzia bermatzea dela. Hots, euskararen «etorkizuna» eremu digitalaren zelaian jokatzen dela, eta, beraz, gure indarrak hara bideratu behar ditugula, euskararen heriotza ekidin nahi badugu. Horren «izar mediatikoa» bihurtu da Adimen Artifiziala, eta, zehazki, hizkuntza teknologia adimendunak, Patricia Barroni hitzak lapurtuz[1].

Izan ere, zenbat elkarrizketa eskaini zaio euskaraz Adimen Artifizialari azken urteotan? Zenbat pentsamendu eskaini dizkiogu euskaldunok, zenbat klik egin dugu hura erabiltzeko, zenbat diru bideratzen ari da horretara? Zenbat jardunaldi, hitzaldi, mahai-inguru, albiste, formakuntza, hitzarmen, ikerketa, tabernako tertulia? Zer etorkizun hurbil ari gara irudikatzen ―eta eraikitzen― elkarrizketa eta praktika horietako bakoitzarekin?

Hara nire iritzia: euskararen eta, beraz, euskal hiztunon etorkizunaren diagnostiko horri erpin asko eta inportanteak falta zaizkio, eta nago urgentzia horra bideratzeak interes jakin batzuei erantzun ahal diela. Gaur gaurkoz eremu digitalean euskararen presentzia bermatzea garrantzitsua da, nor bere burutik hasita[2]. Baina zer eremu digitali? Etorkizunaz eta begirada estrategikoaz ari bagara, AA lehentasuna izatea zalantzagarria iruditzen zait.

Hasteko, planetak muga biofisikoak dituelako. Jabetzen al gara Adimen Artifizialak behar duen ordenagailutzar batek zenbateko energia eta ur kontsumitzen duen Chatgptri galdera bat egin eta bere entrenamenduan gure aletxoa jartzen dugun bakoitzean? Badakigu energia eta ur horiek nondik ateratzen diren eta nola dauden erregai fosilen erreserbak eta urtegiak?

Petrolio eta gas naturalaren estrakzioa gero eta zailagoa da, geroz eta gutxiago dagoelako, dagoena gero eta kalitate txarragokoa delako, eta maiz estrakzio-kostuek etekinak gainditzen dituztelako, hortaz, ez dute lehen bezainbeste hornitzen; berriztagarriak, era berean, ez dira gai egungo energia-kontsumo maila sostengatzeko[3]. Eta inportanteena: planetaren bizigarritasuna bermatzen dituzten bederatzi muga fisikoak zeharkatzeko norabidean goaz, arazoa ez baita klima-aldaketara mugatzen, badira beste zortzi eremu kritiko ere[4]. Horrek esan nahi du mundu-mailako energiaren kontsumoa mugatu egin beharra dagoela planeta bizigarria izateko. Energia zertara bideratzea erabakiko dugu: adimen artifizialera guk egiten dakigun gauzetarako, ala soilik lehentasunezkoak diren erabileretarako, adibidez, helburu terapeutikoetarako[5]?

Galdera ez da «energia-desazkundea bai ala ez», Ama Lurra oihuka ari zaigu ezin duela arpilatze maila hau sostengatu. Galdera da aldaketa hau nola egingo dugun ahalik eta justuena. Behar ez dugun energia-kontsumoari desazkundea aplikatuz, bai: gerrei, aberatsen gehiegikeriei, arropei, plastikoari, jaki prozesatuei, auto pribatuari, AAren erabilerei[6]… Eta behar ditugun alderdi horiei guztiei hazkundea aplikatuz: zaintzari, osasunari, kulturari, sormenari, erritmoa moteltzeari, garraio publikoari, bizikletari, sakon arnasteari, etab. Seguru blog hau irakurtzen duten askok bizitza erabat bizigarria ezagutu dutela azken urteotako energia-kontsumo basati hau gabe ere.

Horrez gain, ezaugarri problematiko asko ditu egungo AA ereduak. Dakigunez, sektore askori eragiten die, itzultzaileei, noski, baina baita artistei, bikoizleei, etab.[7]. Pentsatzen dut badirela euskarazko AA auzolanean eta kode-irekian eraikitzeko zenbait proposamen, baina, horietatik kanpo, gauzak oso bestelakoak dira[8]. Ez ditut hemen zerrendatuko aurreko blog-sarrera askotan eztabaidatu diren gainerako auziak, baina gaiak sortzen duen zalapartak erakusten du, nire ustez, kezkak handiak eta zilegiak direla.

Azkenik, nire iritziz euskarak hiztunak izango ditu adimen artifizialik gabe ere, bizitza publikoa non gertatzen den komunitateak erabakitzen duelako, bere praktiken bidez. Energia-kontsumoari muga jartzen badiogu, agian ez dugu pantailarik izango 24 orduetan begiratzeko, eta beste zerbaitetara bideratuko ditugu gure praktikak. Horietan euskaraz egitea da gakoa, hots, betikoa: erabilera. Erabilerak bermatzen du etorkizuna, nire iritziz ez dago beste formularik. Horri oraintxe bertan ekin ahal diogu. Etorkizunari begira bagaude, datorren astean hasiko den Euskaraldia serio hartzeak, nire ustez, zimendu askoz sendoagoak jartzen ditu ezein AAk baino. Uste dut ezin dugula ahaztu Adimen Artifiziala, fisikoki, elektrizitate-korrontetik desentxufatu orduko hondakin bilakatzen den ordenagailu multzoa baizik ez dela, eta entrenatzen dituen giza-daturik gabe adimengabea dela.

Euskarak behar du mingainetan eta gorputzetan egon, ospitale eta eskoletan, elkartasun ekintza orotan, bizia erdigunean jartzeko oinarrizkoak diren lanbide guztien artikulazioan. Zenbat eta lehenago hasi halako elkarrizketak biderkatzen, orduan eta hobeto erantzungo diogu komunitate gisa egoerari, eta orduan eta bermatuago izango dugu «euskararen etorkizuna». Ez dakit euskara batua sortu zenean hil ala bizikoa zen kontua, baina orain nahiko argi dut baietz, hizkuntza-aniztasuna, bioaniztasuna bezalaxe, maldan behera doa-eta.

Euskarak behar du bere sostengu materiala bermatzeaz hitz egiten duen hiztun komunitate sendo bat. Prozesu hori egiteko zer aliantza eta zer adostasun bilatuko duen eztabaidatzen ari dena. Elikadura-burujabetza helburu duena eta agroekologian trebatzen dena, lur emankorrak dituena. Kontsumitzen duen energia nondik lortzen duen dakien hiztun komunitatea behar du. Zeren euskarak ez baitu hiztunik ez badute jatekorik edo beharrizanak betetzeko energiarik, eta hamaika modu dago gaurtik hasita bide hori euskaraz eraikitzeko.

Zergatik ari gara Adimen Artifizialaz hainbeste hitz egiten? Noren poltsikoak betetzeko? Noren pare egoteko? Zein da «garaiko erronka»?


[1] Adimen Artifiziala eta euskara, Patricia Barron Berria egunkarian.

[2] https://www.lehenhitza.eus/

[3] Energiaren sektorea omen da egun mundu-mailan isuri gehien eragiten dituena. Antonio Turiel itzalaldia dela-eta elkarrizketatu dute azkenaldian, eta euskaratuta dugu haren Petrokalipsia liburua.

[4] https://eu.wikipedia.org/wiki/Muga_planetarioak

[5] Minbiziaren diagnostikoa errazteko, kasu.

[6] AAren erabilera askoren kostu ekologikoa erabat aurreztu liteke, eta algoritmoak entrenatzeaz aparte ez dago argi zein den haien funtzioa.

[7] https://ace-traductores.org/manifiesto-de-la-cultura-ante-la-ia/

[8] Kontrastatzea lortu ez dudan adibide bat ematearren, mihigaiztoek diote besteak beste Teslaren jabe ernegagarria aberasteko entrenatzen ibili garela AA urteetan, Googleko captcha delakoetan trafiko-seinaleak identifikatu ditugun bakoitzean.

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz III

Irati Bakaikoa García

Aurreko artikuluan, aipatu nuen badirela lupaz begiratzea merezi duten adibideak, itzulpenaren eta transfeminismoaren arteko elkarreraginari erreparatzeko. Ikusi genuen nola Leslie Feinbergek emakumetasuna ―beste gauza askoren artean― zalantzan jarri zuen Mari-mutil handi baten bluesa eleberrian, eta zeinen ekarpen handia jaso genuen haren euskarazko itzulpenarekin. Gaurkoan, fokua pixka bat goratuta, itzulpen prozesu horren haritik tiraka jarraitu nahiko nuke.

1993an, Feinbergek zapalkuntza guztien aurka idatzi zuen jatorrizko Stone Butch Blues; hasiera-hasieratik, eleberriak izandako ibilbideak gorde izan ditu Feinbergen pentsamendu antikapitalista eta transfeminista. Argitalpenetik hogei urtera, Feinbergek, lagun talde baten laguntzaz, Stone Butch Bluesen azken edizioan (2014) aipatzeko moduko hainbat ohar utzi zizkigun, eleberriko kapituluez gain. Horiek, noski, itzulpenean gordetzeko beharra zegoen, oharrek osatutako aparatu horretan guztian badirelako itzultzaileak kontuan eduki beharrekoak:

Sailkapen bitar eta klasikoei aurre egiteko nahia esplizitua da, bai generoari dagozkion emakume/gizon kategoria bitar eta klasikokoen aldetik, baita eleberrien sailkapenaren aldetik ere; izan ere, bere buruari galdetzen dio Stone Butch Blues liburu-dendetako zein apaletan egongo ote den… eleberri historikoa, LGTBIQ+ feminista edo autobiografikoa? Azken horri dagokionez, bere ibilbidearekin antzekotasun asko eduki arren, hainbatetan aipatu zuen ez zela inolaz ere eleberri autobiografikoa.

Bizitzako azken urteetan, gaixoaldiak hizkuntzaren inguruko eztabaidetatik urrun utzi zuen arren, hizkuntzaren erabileraren inguruan hausnartzeko tartea eduki zuen oharrotan. Batetik, “transexual” hitzaren bilakaeraz mintzo da, eta aipatu, hegazkinek, trenek eta autoek egiten duten moduan, hormonak eta kirurgia diren ibilgailu teknologikoek hamaika lekutara eramaten dituztela pertsonak. Bestetik, izenordainen inguruan ere mintzatu zen, eta adierazi norberaren identitatearen alderdi oso garrantzitsua direla eta haien erabilera konplexua dela, hainbat zapalkuntza gainjarri daitezkeelako.

Hala, itzultzaileei baino ez zien baimenik eman eleberriaren bestelako edizioetan oharrak egiteko, eta ez zuen hitzaurrerik onartzen. Haren esanetan, historikoki, generoaz eta sexu-orientazioaz psikiatriaren eta psikologiaren arlotik idazten zen gehienbat, eta zapalduaren hitzak, ordea, adituen hitzekin bat etorri behar zuten gaixoaren hitzak baino ez zirela. Zentzu horretan, bere eleberriak ahots propioa du; horregatik, ez du irakurlearekin bitartekaritzarik nahi, eta hitzaurrerik ez egiteko eskatu zuen. Esan bezala, soilik itzultzaileei uzten zien prozesuan sortutako hizkuntzarekin lotutako zailtasunak azaltzeko tartea.

Are gehiago, itzulpenetarako hitzarmen bat utzi zuen idatzita, bost baldintza nagusirekin. Lehenik, itzulpenak baimentzen zituen soilik 2014ko edizio hura jatorrizkotzat hartuta. Bigarrenik, xede-argitaletxe orok argi eta garbi adierazi behar du itzulpena argitaratzen ari direla, eta Feinberg dela jatorrizkoaren autorea. Hirugarrenik, itzulpena irabazi asmorik gabe egin behar da ezinbestean, eta inprimatutako bertsioaren prezioa ekoizpen-gastuak estaltzeko ezarri behar da. Laugarrenik eta aipatu bezala, ezin da hitzaurrerik egin, itzultzaileek hizkuntzari dagokionez hartutako erabakiak baino ezin dira aipatu. Azkenik, itzulpena edo haren zati esanguratsu bat bere webgunean publikatzeko eskubidea gordetzen du, doako sarbidea bermatzeko.

Fermintxo Zabaltzak, euskal itzultzaileak, Feinbergek idatzitakoa ezagutu eta gero, denbora librean ekin zion Mari-mutil handi baten bluesa itzultzeari, euskal literatur sisteman eduki horien faltak bultzatuta, baita euskararen aldeko borrokak eta borroka transbollomarikak ere. Eta itzulpen horren ondorio da xede-hizkuntza, kultur sistema eta identitate disidenteen errealitateak aberastu izana.

Musika euskal-nafarra eta postedizioa

Fernando Rey Escalera

Otsailaren 9an, igandearekin, Iruñeko Gayarre antzokira joan nintzen La Pamplonesak eman behar zuen kontzertu batera.

Sarreran orri bana eman ziguten, kontzertuaren programa zehazten zuena beste zenbait daturekin batera. Orria elebidun, behar den bezala. Kasu honetan, alde batetik gaztelaniaz eta bestetik euskaraz: duin, letra tamaina berarekin, espazio berdina emanez bi hizkuntzei. Eta, nire ohiturari jarraikiz, euskarazkoa irakurri nuen lehenbizi, nahiz eta jakin nire deformazio profesionalak zuzentzaile-lana egitera naramala maiz.

Testua euskara on samarrean egonagatik, begi-kolpea sentitu nuen berehalaxe, lehenbiziko paragrafoan hauxe irakurri bainuen:

La Pamplonesaren helburuetako bat egungo musika hedatzea da. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak musika euskal-nafarra sustatzen du.

Harri eta zur gelditu nintzen, ezin sinetsiz, eta, askotan bezala, pentsatu nuen berriz: “beharrik badakidan gaztelaniaz; bestela…”. Eta buelta eman nion orriari, nire susmoa betetzen ote zen jakin nahian.

Eta asmatu. Bai, “música vasco-navarra”. Honela zioen testuak:

Entre los objetivos de La Pamplonesa está la divulgación de la música actual. Por su parte, la Asociación de Compositores Musikagileak promociona la música vasco-navarra.

Harrigarria. Ederki dakit “vasco-navarro” adjektibo konposatua egon badagoela eta zenbait elkartek halako izena eman diotela beren buruari. Oso ongi. Baina, halakoetan, errealitate kulturalari kasu eginez, eta irakurketa politiko oro bazter utzirik, “Euskal Herriko” erabili izan da. Horren erakusgarri argia da COAVN: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro / Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala. Iruditzen zait itzultzaileok hala jokatu izan dugula, “vasco-navarro” horren gaineko iritzia edozein delarik ere.

Euskal-nafarra hori munstro txiki bat iruditzen zait, ikuspuntu askotatik gaizki sortua.

Baina nolatan agertu zen ditxosozko adjektibo hori txukun antzean zegoen itzulpen horretan?

Etxera ailegatu, eta intuizioak itzultzaile automatikoetara eraman ninduen.

Honela egiten dute esaldia gaur egungo itzultzaile automatiko neuronal erabilienetako batzuek:

Itzuli itzultzaile neuronala:
La Pamplonesaren helburuen artean, gaur egungo musikaren dibulgazioa dago. Bestalde, Musikagileak Konpositoreen Elkarteak euskal-nafar musika sustatzen du.
Elia:
La Pamplonesaren helburuen artean dago gaur egungo musika zabaltzea. Bestalde, Musikagileak Musikagileen Elkarteak Euskal Herriko musika sustatzen du.
Googleren traslator:
La Pamplonesaren helburuen artean musika garaikidearen zabalkundea dago. Musikagileak Konpositoreen Elkarteak bere aldetik euskal-nafar musika sustatzen du.

Hiru horietatik bik “euskal-nafarra”. Adierazgarria.

Berretsi zen, bada, nire errezeloa. Itzultzaile automatiko batek egin zuen itzulpena, eta itzultzaileak edo testuaz arduratu zenak, segur aski, ez zion behar bezalako errepasoa egin itzulpenari, ez zuen behar bezain zorrotz zuzendu testua. Postedizio lana esaten diogu gaur egun, ezta?

Luze hitz egin genezake orain itzultzaile neuronalez, haien alde on eta txarrez. Nik orain, ur sakonetan sartu gabe, lau hitz esanen ditut: iruditzen zait zilegi dela erabiltzea, errazten ahal digutela lana, gero eta hobeki funtzionatzen dutela, eta ez dugula zertan lotsatu haietaz baliatzeagatik, baina, jakina, halakoren bat erabiliz gero, zorrotz, oso zorrotz, zuzendu behar dugu gero. Ez da aski axaleko zuzenketa bat, oso ongi zaindu behar dugu ez dadila egon kalko desegokiz tantotua. Haiek erabili ondoko presakako zuzenketa arrisku handikoa izan daiteke baldin eta euskarazko testu ona egitea baldin bada helburua. Euskarazko hitzez mozorrotutako erdal testu bat sortzen ahal dugu, euskarazko senik gabeko lexikoa, sintaxia edo bestelako alderdiak dituena.

58 segundo

Eider Beobide Urkizar

Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrena da gaur. Behingoagatik egun batzuk lehenago hasi naiz artikulua idazten. Behingoagatik Italiari kontuak eskatu dizkiogu. Edo behintzat saiatu gara.

Egia esan, azken aldian ez dut ia idazten, mantso nabil itzulpenetan eta ez dut gogorik pozik nagoela antzezteko. Irakurtzen behintzat banabil, horrek salbatzen nau. Askotan ez dakit «zer moduz» galderari ere nola erantzun eta korapilatu egiten zaizkit ondo ez nagoela ezkutatzeko aitzakiak.

Gaur ere, ez nuke jakingo zeri buruz idatzi ez balitz Poemas de y por Palestina fanzinea berrirakurri ez banu (esker mila Isabeli Senezerako artikulurako gonbita botatzeagatik). Besteak beste, nire nekea genozidioari ere baitagokio: inpotentziari, sumindurari, haserreari, lur jota dauden (literalki) haur, gaztetxo eta heldu palestinar guztieri.

Gaiaz irakurri eta hitz egin, manifestatu, berriak partekatu, Rifqaren emanaldiren bat egin, palestinarren mezua zabaldu… ez zait aski iruditzen. Amaia Astobizak blog honetan bertan zioen «Eta ezin diot utzi mina sentitzeari, […] baina begietan gainezka egiten dizuten malkoek ez dute fosforo zuriaren surik itzaltzen». Horrenbestez, itzultzea denez nire lan eta pasioa, zer beste egin nezake nik ez bada palestinar poeta eta itzultzaile baten hitzak blog honetara ekarri? Beraz, hona hemen Lena Khalaf Tuffaha-ren poema bikain bat:

Iheserako aginduak

Orain deitu egiten digute,
bonbak bota baino lehen.
Telefonoak jo egin du
eta nire izena dakien norbaitek
deitu eta arabiera perfektuan dio
«David naiz».
Eta oraindik buruan burrunbaka ditudan
eztanda sonikoen eta beira hautsien sinfonien nire harridurarekin
pentsatu dut, Ezagutzen al dut Davidik Gazan?
Orain deitu egiten digute esateko
Egin korri.
58 segundo dituzu mezu hau amaitzen denetik.
Hurrengoa zure etxea da.
Gerra-garaiko kortesia
moduko zerbait dela uste dute.
Ez du axola
ez egoteak nora korri egin.
Ez dio ardurarik mugak itxita egoteak
eta zure paperak ezdeusak izateak
eta soilik biziarteko kartzela-zigorrera kondenatzeak
itsasoaren alboko kartzela honetan
eta kalezuloak estuak dira
eta giza bizitza gehiago dago
bata bestearen gainean zanpatuta
munduko edonon baino
Soilik egin korri.
Ez gara zu hiltzen saiatzen ari.
Ez du axola
ezin diguzula deia itzuli esateko
bilatzen gabiltzala diogun jendea ez dagoela zure etxean
ez dagoela inor bertan
zu eta zure haurrak besterik ez
zeinak Argentina animatzen ari diren
aste honetako azken ogi-barra partekatzen
geratzen diren kandelak kontatzen argia joaten bada.
Ez du axola haurrak dituzun.
Leku okerrean bizi zara
eta orain zure txanda da korri egiteko
ezerezerantz.
Ez du axola
58 segundo ez izatea nahikoa denbora
zure ezkontza-albuma aurkitzeko
edo zure semearen manta gogokoena
edo zure alabaren unibertsitateko eskaera-orri ia amaitua
edo zure zapatak
edo denak elkartzeko etxean.
Ez du axola zer zenuen planifikatuta.
Ez du axola nor zaren.
Erakutsi gizakia zarela.
Erakutsi bi hankatan mantentzen zarela.
Egin korri.