Kabinako konfidentziak

Maitane Uriarte Atxikallende

Blog honetan idazten hasi nintzenetik, argi neukan ez nuela interpretazio-lana ikuspegi akademikotik landu nahi, horren inguruko txosten eta azterlan asko baitaude jada. Nik gure egunerokotasuna erakutsi nahi dut, ikusten dena zein ikusten ez dena, eta baita gure beldurrak eta kezkak plazaratu ere. Izan ere, jendeak gure lanbidea hobeto ezagutzen badu, gehiago baloratuko duela pentsatu izan dut beti. Tira, horren itxaropena behintzat ez dut galduko.

Besteak beste, interpretazioaren munduan egindako hastapenez, tarifen aferaz, dokumentazioa lortzeko egin beharreko maratoiez, emozioak transmititzeaz eta oro har lanbide honek merezi duen duintasunaz hitz egin dut jada, baina oraindik ez dizuet interpretazio-lanaren kalitatea baldintzatzen duen beste faktore garrantzitsu batez hitz egin, hots, kabinakideez. Hortxe daude beti, bai, baina jendeak ez daki kabinakide onak izateak gure lana zenbateraino baldintzatzen duen.

Dakizuenez, gure lantokia kabina ―edo antzeko zerbait― da, oso toki txikia, eta banaka edo bikoteka egiten dugu lan, saioaren iraupenaren arabera. Bikoteka lan egitea tokatzen zaigunean, oso garrantzitsua da elkarrekin gustura egotea eta elkarri babesa ematea, eta ez bakarrik lanaren aldetik, alde emozionaletik ere bai. Talde lanean ari garenean, elkarri laguntzen diogu apunteekin, erreleboekin… baina norbera gaizki pasatzen ari denean edo haur txikiak izateagatik zoroen pare dabilenean, kabinakideak hori ulertzeak eta ahal duen neurrian babesa emateak ere baldintzatzen du hari-harian dabilen interpretearen lana.

Euskal interpreteon profila aztertzen aritu ginenean, gehienak emakumezkoak ginela ikusi genuen, eta beharbada horrek azalduko luke gure arteko ahizpatasuna. Adin tarte desberdinetan mugitzen gara, baina lehenago edo beranduago guztioi tokatzen zaigu bizitzako momentu zehatz batzuetatik igarotzea, eta beharbada horregatik enpatizatzen dugu kabinan ondoan dugun pertsonarekin. Laguntza jasotzen duenaren partetik, kabinakidearen babesa ezinbestekoa da, baina laguntza ematen duenaren partetik ere ezinbestekoa da kabinakidea gustura sentiaraztea, lana behar bezala egiteko bi kabinakideak ehuneko ehunean egotea beharrezkoa delako. Horrek dakar, azken finean, emaitzarik politena.

Tibetarrak ez zeuden oker, ez, atsotitz hau asmatu zutenean, eta horrekin bukatu nahi dut artikulu hau: “lagun hurkoari mendian gora laguntzen diogunean, berarekin batera gu geu ere heltzen gara tontorreraino”.

Utzi iruzkina